Anti-adina

Garbine Ubeda
Garbine UbedaDani Blanco
Michelle Pfeiffer-ek “50 urte bete ditudanez geroztik, inoiz baino hobeto sentitzen naiz” dio Mujer hoy aldizkarian. Beltzez jantzita, sofa gorri batean eserita ageri da, zeharka begira, postura sentsualean. Zirujauek eta Photoshop espezialistak berregindako gorputz perfektua aurpegiratzen digu, adin horretan lurtarren artean existitzen ez den larruazal orbaingabea, zetaren leuntasuna. Egin berri duen filma ikusteko amua baino, kosmetika industriaren ikur bilakatzen da bere irudia. Sharon Stone eta bere tankerakoena bezala. “Gaur, hogei urte nituenean baino ederrago!” dio Basic Instincteko ilehoriak, asteburuetako beste aldizkari-eranskin horietako batean. One Essential, zelulen birsortzaile trinkoa. Adinari aurre egiteko oinarrizko lehen keinua, 70 eurotik gorako pototan. Kaka zaharra.

Puntako teknologiari heltzen dio lotsagabeki gaurko kosmetikak, etengabeko berrikuntzaz armatuta egiten du karga, adinean gora doan emakumeari, guri, niri, zuri, tiro egiteko. Pro-xylane, kolagenoa edo azido hialuronikoa bezalako hitzak jariatzen dizkigute, soluzio abangoardistak eta super serumak, betegarri biologikoak, zimurren konponketa eta elastizitatearen berregituratzea bezalako kontzeptuak zaparradan botatzen. Bai. Horixe baitira zimurrak, kosta ala kosta zuzendu beharreko akatsak. Bihoakie oharra, denborak utzitako arrastoak direla uste dutenei. Eta horixe bera baitira zimurtuak, izaki hondatuak, konponketa premia dutenak. Bihoakie oharra, krisiak krisi milaka milioi euroko dirutzak mugitzen dituen industrian justukoa besterik uzten ez dutenei.
Etxe ondoko farmaziako erakusleihoa osorik betetzen zuen iragarki erasokorrak DNA bidezko atzerabidea agintzen zuen krema, Age Killer nabarmentzen zuela. Hori bai terrorismoa.

Teknologia baina batez ere berrikuntza dira egungo hitz ponposoak. Nonahi eta noiznahi erabilita, halako usain arnegarria barreiatzen dute. Espainiako ministrari Cristina Garmendia sansebastiandu zenetik, bazterrotan uxatu ezinik dabilena bezalakoxea.

Serum kosmetikoa da Berrikuntza baskoen presidentearentzat, eta Europako agintariak Zapateroren alde limurtzeko apologia, Garmendia anderearentzat. Profesore handien antzean heldu zitzaigun poliziek setiatutako hirira, arrotz eta harro, bere gisako ministrariak bizkartzain zituela, hemengo enpresei, zentro teknologikoei, baita Patxi Lopezi ere, lezioak ematera. Eta zer erakutsi behar ote dio Espainiak Euskal Autonomia Erkidegoari, batak berrikuntzara esleitzen duen kopurua bestearena baino dezente txikiagoa denean?

Itxura zaintzeko produktu bat gehiago ipini diguzue mahai gainean. Gezurrez eta zikinez kamuflatutako likits erdipurdiko eta garestia, laborategi independenteek testatua omen dena, hipoalergenikoa. Eta ezer ez duenari bezala saldu diguzue, aho bete hortz eta espantuka, ezertarako lotzen ez duen agiri batek liluratuko gaituzuen segurtasunez. Apaltasun pixka bat, mesedez.
Artean ikusi gabekoa edota gizarteari aurrepausoa ekarriko diona baldin bada Berrikuntza, goi bilera triste horren karira, afaria prestatzera heldutako sukaldarietatik bakar batek, Hilario Arbelaitzek, eraman beharko luke halakorik egin izanaren saria. ETB2n –gaztenaliazko Teleberrin–, ministroei platerean jarri behar zizkieten plater ikusgarrien azalpenak euskara hutsean emateagatik. Berrikuntza euskaraz ere egiten dela ozen agertzeagatik.

ASTEKARIA
2010ko otsailaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude