George Friedman hungariarra da sortzez, baina umetan bere familia juduarekin AEBetara ihes egina. Urte asko eman ondoren armadako buruei eta kadeteei lezioak irakasten, duela hamabost urte sortu zuen Stratfor institutua: Strategic Forecasting (Aurreikuspen Estrategikoa) kontzeptuaren laburdura da. Haren buletina jasotzen omen du munduko indar nagusien arteko tirabira eta orekez jakin nahi duen eta informazio pribilegiatua pagatzeko aski diru daukan buruzagi bakan orok.
Friedmanen azken liburua The Next 100 Years: A forecast for the 21st Century (Ondorengo 100 urteak: XXI. menderako aurreikuspena) deitzen da. Mexikoko Nexos hilabetekariak publikatu du liburuaren aitzin solasa, eta gureganaino Courrier International astekari frantsesaren iragazkitik pasata iritsi da, honek 1.000. zenbaki ikusgarrian sartu baitu.
Friedmanek XXI. mendea aurreikusten du Amerikako Estatu Batuen eta bigarren mailako potentzia batzuen arteko gerraz hornitua. Potentzia txikiagook gogor estutuko nahiko lituzkete AEB, eta aldiz amerikanoak ahalegintzen dira txikiago horiek elkartu ez daitezen.
Horrela ulertu behar omen da mende hasiera honetan AEBen eta Atlantikotik Itsaso Bareraino kaliferri islamiarra ezarri nahiko luketen taldeen artean: indar islamiarrok AEBei eraso egiten ei diete potentzia nagusia gerrara erakartzeko, ondorioz mundu osoko musulmanak oldartuko direlakoan. Erantzun gisa, AEBek inbaditu egin dituzte herrialde musulmanak, baina ez garaipenaren itxaropenez baizik eta mundu islamiarra desegonkortzeko.
Garaipena ez da, nonbait, yankien helburua. “Estatu Batuek ez daukate gerrarik irabazi beharrik –idatzi du George Friedmanek– aski dute mundu islamiarra desegonkortu eta elkarren arteko liskarra piztearekin”. Edonola ere AEBen eta islamiarren arteko gudua ari omen da amaierara iristen eta hurrengo gatazkarako prestatu beharra dago.
Errusiaren espantsionismoari begiratzen diote orain AEBek. Amerikarrak OTANeko kide direnez, bi blokeek Baltikoan –Estonia, Letonia, Lituania– eta Polonian eginen dute talka, hor ikusi behar omen ditugu tirabirarik beroenak amerikarren eta islamiarren arteko gerra bukatutakoan.
Azkenean, Friedmanen aburuz, bigarren Gerra Hotz hau ere Errusiaren porrotarekin amaituko da, barne arazoei aurre egiteko gauza izango ez delako. Nagusiki bi arazo nozitzen dituzte errusiarrek: beherakada demografikoa eta azpiegituren ahuldadea.
Eta txinatarrak zer? Asko hitz egin eta idatzi da AEBen eta Txinaren arteko etsaigoaz, baina Friedmanek ez du uste hau hain gogorra izango denik. Hasteko, mapan ondo begiratzen bazaio, Txina oso herrialde isolatua da: Siberia iparretik, Himalaia eta oihanak hegotik, biztanleriaren gehiengoa ekialdean pilatua... Gainera aspaldi da Txinak indarra galdu zuela itsasoan.
Barruan omen darama kontraesan nagusia Txinak: aurrerapena itsas hegian biltzen du beti eta barruko aldeko nekazariak txiro bizitzen segitzen dute. Ziklikoki behar du pertsonalitate handi bat egonkortasuna berreskuratuko diona, ondasunen banaketa orekatuz. Ondoko hamarkadan egokitzen zaio berriro, Fiedmanen kalkuluetan, horrelako fase nahasia Txinari eta AEBak ahaleginduko dira hango agintariei laguntzen, Errusiaren aurrean oreka egiten laguntzen dielakoan.
Gaur gezurra dirudien arren, eta beti Friedmanen aurreikuspenetan, Japonia, Turkia eta Polonia izango dira Errusia bigarrenez erori ondoren AEBekin gerra egingo dutenak, XXI. mende erdi aldean. Ikusi banan bana.
Japonia da munduko bigarren ekonomia indartsuena eta makal dabil. Hazkunde demografikoa lur jota dauka eta etorkinak ekarri beharko ditu. Historian zehar egin izan duen legez, berriro militarismora joko du Japoniak.
Turkia izango da, beti bezala, musulmanen indarra bilduko duen herrialde nagusia. Oso egonkorra da alboan dituen Balkan, Kaukaso eta Ekialde Hurbileko herrialdeekin alderatuta; ondoko hamarkadetan sendotuko du jadanik gaur indartsu dauzkan ekonomia eta armada.
Poloniak, berriz, Alemaniaren ahultzea erabiliko du potentzia bilakatzeko eta AEBek Errusiari aurre egiteko poloniarrez edukiko duten beharra ere bai.
Ez digu esaten George Friedmanek nor aterako den garaile XXI. mende erdialdeko mundu gerra horretatik, baina bai aurreikusten du gudu horietan mamituko dela XXI. mendearen bigarren erdian nagusi izango den energi iturria. Eguzkiaren indarrarekin lotuta dakusa berak, eta espazioan sortu ondoren lurrera mikrouhinetan ekartzeko sistema garatuko dela. Gerrak balio lezake gaur aipatzen diren eta laster prototipo mailan frogatuko diren teknologiak errealitate bihurtzeko.
Aginte publikoek garatu beharko omen duten elektrizitate iturri berritzaile horrek boom ekonomiko berria eragingo duela uste du Friedmanek. Aldi berean, aurreko hamarkadetako beste booma indargabeturik egongo da XXI. erdialdetik aurrera: fini da leherketa demografikoa. Ondorioz, populazioaren handitzean oinarritutako garapen ekonomikoa –jende gehiago, langile gehiago, soldadu gehiago, kontsumitzaile gehiago– aldatu beharko da. Teknologiaren eta erroboten nagusitasuna eta genetikaren garrantzi handia, gizakien bizia luzatzeko baino gehiago (harrapa’zank!) haiek lanerako gai denbora gehiagoz mantentzeko. Orain soberan ditugun etorkinei orduan pagatu egingo omen diegu herrialde aberatsotara etortzeagatik.
Eta krisi guztiok onik gainditu dituelarik, XXI. mende bukaera aldean lehertuko zaie azkena AEBei: Mexikorekiko tirabira. Gaur munduko hamabosgarren ekonomia handiena dauka Mexikok baina mende bete barru Turkiarekin batera sailkapeneko burura hurbilduta egongo da.
Ordurako 1848ra arte Mexikorenak izandako estatuetan –Kalifornia, Utah, Nevada eta abar– herritarren gehiengoa jatorriz mexikarra izango da. “Mexikoko gobernuak uste izango du horrela ordaindu zaizkiola historian jasandako porrot militarrak. Iruditzen zait 2080 inguru horretan AEBen eta Mexikoren liskarrak beren beroenera iritsiak izanen direla”.
Friedmanen iragarpenotatik gaurko mundutarroi ez digu hainbeste axola beteko direnetz –guk ez dugu ikusiko– baizik eta ezagutzea zein hipotesi darabiltzaten munduko potentzia nagusiko militarrei ideiak ematen dizkietenek.
Argazki oina: Irudia Gordon Hyde sarjentuak egina da eta AEBetako armadak ipinita dauka Interneten: Nogales izeneko hiri bikoitza erakusten du. Mugako hesi handiaren ezkerretakoa Arizona estatuko Nogales da, gringoa, 20.000 biztanle; ikusi fronteretako poliziaren bi furgonetak. Eskubitan dager Nogales mexikarra, Sonora estatuaren zati, 200.000 biztanlez goiti, AEBetako korporazioentzako azpikontratak burutzen dituzten maquilladora famatuek Mexiko osotik erakarriak. Zaila dirudi Mexiko AEBentzako mehatxu bihurtzea, baina hala aurrikusi du Friedmanen.
Informazio gehiago:
*Courrier International astekariaren 1.000. zenbakia1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]
Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei.
Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.
Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.
Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.
IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.
21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.
Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.
Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]
Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?
Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]
Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.