Ongi jatea obsesio

  • Anorexia eta bulimia dira ezagunenak. Elikadura desoreka edo nahasmendu gehiago azaleratzen ari dira, ordea, ortorexia eta bigorexia kasu, ikuspegi dietetiko-nutrizionista zein psikologikotik tratatu beharreko obsesioak. Elikagai kantitateak baino, kalitateak markatzen ditu patologia berriak.
Ortorexia
OrtorexiaDani Blanco
Ortorexiaz mintzatzean, bereizketa hori egiten dute lehendabizi medikuntzako profesionalek. Anorexia eta bulimiaren kasuan, ahoratzen den elikagai kantitateak itsutzen ditu desoreka horiek pairatzen dituzten pertsonak. Ortorexikoa, aldiz, kalitateak obsesionatzen du, osasuntsu jateak. Ingortze Zubieta Euskadiko Giza Elikaduran eta Dietetikan Diplomatuen Elkarteko (EGGEDE) lehendakariordeak azaldu digunez, “pertsona batek nahasmendu ezberdinak izan ahal ditzake: anorexiarekin hasi den gaixoak, arazoa gainditzean, ortorexia edo bulimia jasan ditzake”.

Nabarmendu nahia

Gorputzaren itxurak ez ditu ortorexikoak hainbeste kezkatzen, osasuntsu jateak baizik. Osasuna ororen gainetik jartzen dute eta nahasmendu patologiko baten erakusgarri diren gauzak egitera hel daitezke. Elikadura nahasmenduen atzean “nabarmendu nahia” dagoela diote psikologoek, besteengandik bereizi nahia. “Ez da erraza azaltzeko”, esan digu Bittor Rodriguez EHUko elikadura arloko irakasleak. “Bigorexiko baten kasuan bai, besteek ikus dezaten aritzen da gimnasioan jo eta su”. Bigorexia da gorputzarekin obsesionatuta egotea, gihartsu egon nahiagatik –gorputza hobeto ikusteagatik– ariketa fisiko gehiegi egin eta anabolizatzaile eta esteroideak kontsumitzea. “Ortorexikoen kasuan ordea... Pertsona horiek sentitzen dute beste batzuekin alderatuta egoera bat hobeto kudeatzen dutela. Zera pentsatzen dute: ‘Gainerakoek nahi dutena egin dezatela, baina nik ez diot nire gorputzari kalte egingo. Osasuna oso ongi zaintzen dut’. Ikuspuntu horretatik izango litzateke masa orokorretik bereiztea. Kasu batean, ikusgarria egiteko. Bestean, etxean geratzeko”.

Zergatik aipatu du Rodriguezek etxean geratzearena? Bada, hori delako ortorexiaren sintoma edo ondorioetako bat. Ortorexikoak hain dira zorrotzak euren buruarekin, jatetxeetara joateari muzin egin diezaioketela, ez baitute beraien dieta osasuntsua asetzeko nahikoa eskaintzarik. Ez dute jaten gehigarridun produkturik, azukre eta gatz gehiegi dutenak, koipe saturatua, pestizidak eta herbizidak dituztenak, transgenikoak... Horrelako elikagaiak lortzea ez da erraza eta jatetxeetan ia ezinezkoa. Gainera, zenbaitetan janaria zein ontzitan prestatzen den ere kontuan izaten dute.

Jatetxeetara bakarrik ez. Gerta liteke pertsona horiek euren senide eta lagunek gonbidatutako bazkarietara ez joatea. Jendearen begietara beraien ohiturak arraroak direla sentitzen dute, egindako hautua gainerako mahaikideek onartuegia ez dutela. Horrek, denborarekin, lotura sozialak etetea ekar dezake. Zirkulu biziosoa da, harreman afektiboen faltak janariagatik gehiago kezkatzera eraman baititzake.

Bestelakoak dira organismoari erasaten dioten ondorio fisikoak: desnutrizioa, anemia, bitamina eta mineral defizita, osteoporosia, infekzio arriskua eta, kasurik larrienean, ahuleziak sortutako heriotza. Oinarrizko produktu batzuk jateari uzten diote, eta sarri ez dituzte ordezkatzen nutrizio-osagarri berdinak dauzkaten elikagaiengatik. Haragirik ez jateagatik, esaterako, gorputzak beharrezko duen burdina maila asko jaitsi daiteke, barazkiek eman ditzaketen proteinak kalitate txikiagokoak direlako. Sintoma fisiologiko horiei gehitu behar zaizkie depresioa eta antsietatea moduko desoreka psikologikoak.

Zorroztasuna da pertsona ortorexikoaren ezaugarrietako bat, perfekzionismoa. Borondate indar handia duela sumatzen du, eta horrenbesteko autokontrol gaitasunik ez duten pertsonen gainetik sentitzen da. Aldiz, inoiz bere elikadura ohiturak urratzen baditu, errudun sentitu eta neurri are zorrotzagoak ezarriko dizkio bere buruari. Zirkulu biziosoa berriro. Anorexia eta bulimia jasaten dutenengan ere antzeko jokaera ageri da.

Anorexia eta bulimia elikadura nahasmendu espezifiko gisa definitzen dira. Izen horiek gizartean lekutxo bat egiten hasi zirenean, komunitate zientifikoak ez zituen aintzat hartzen, baina orain elikadura jokaeraren azaldura (ingelesez Eating Disorder) moduan katalogatzen dituzte. Funtsean, bi baldintza bete behar dira izendapen horren jabe –ala esklabu– egiteko. Batetik, norberak duen itxura edo pisuaren nolabaiteko pertzepzio desegokia izatea, benetan dugun gorpuzkeraren bertsio desitxuratua ikusi eta sinestea, nolabait esatearren. Bestetik, hautemate faltsu horren ondorioz elikadura jokaerak aldatuak izatea, otorduak gehiegi kontrolatzera eta eguneroko bizitzan eta osasunean eragina izatera heltzeraino.

“Anorexia eta bulimiaren kasuan bai, baina ortorexia edo bigorexiaren kasuan ez dira baldintzok guztiz betetzen”, dio Rodriguezek: “Bigorexiaren kasuan gorputzaren itxura edo pisuaren pertzepzioaren azaldura gertatzen da, kulturistak adibidez ahul ikusten dira, baina euren elikadura jokaera ez dute beti aldatzen”. Aitzitik, pertsona ortorexikoek jan ohiturak aldatuak dituzte, baina ez derrigorrez euren gorputza gaizki ikusten dutelako.

Ohiturak noiz bihurtzen dira patologia?

Maiz egiten den galdera honi erantzun zehatza ematea ez da erraza. “Bere osasuna gehiegi zaintzen duen pertsona gauza arraroak egiten hastean, patologiatzat har daiteke”, esan du Rodriguezek. Eta noiz gertatzen da hori? EHUko irakasleak azaldu digunez, bigorexia dutenen kasuan zein produktu kontsumitzen duten ikusita eta osasun arazoak izatera heltzen direnean suma daiteke zerbait gertatzen dela. Rodriguez atletismoan aritu da eta bi egunez behin gimnasiora doa. “Ikusi izan ditut bigorexia kasuak”, diosku. Anabolizatzaileak hartuta, gorputz masa handitzen dela ikusten dute kirolariek. Emaitzak agerikoak dira denbora gutxian, ez, ordea, sor daitezkeen osasun arazoak. Horiek beranduago agertzen direnez, “benetako astakeriak” egitera hel daitezke: “Lehiaketetara aurkezteko eta giharrak gehiago markatzeko gorputza deshidratatzen dute. Egarri handia izan ohi dute eta engainatzeko, baina urik ez atxikitzeko, destilatutako ura edaten dute”. Batzuetan, ahoa busti bai baina ez dute ura xurgatzen.

Ortorexiaren kasuan zailagoa da arazoa ikustea. Dietistek duela hiruzpalau urte egindako galdetegia erabiltzen dute, Steve Bratman doktore estatubatuarrak plazaratutakoa –ikus koadroa– oinarri duena. Pazienteak ez ditu galderak ezagutzen; hari galdera nahiko zabalak egiten dizkio medikuak, eta jasotako erantzunetatik abiatuta beteko du galdetegia hark. Galdera bakoitzari puntuazio bat eman ostean jakingo du kasua larria den ala ez, paziente bakoitzari zein aholku eman behar zaizkion, zer-nolako dieta komeni zaion. “Norberaren sexu, pisu, lanbide eta abarren araberakoa izango da ezarriko diogun dieta”, azaldu du Zubietak. Funtsean, elikadura ohituren inguruko galderak egiten zaizkie pazienteei: elikaduraren gainean pentsatzen zenbat denbora ematen duen, gauzak gaizki egitean nola sentitzen den, zein janari gustuko duen eta zein ez, tratamendu farmakologikorik eramaten al duen...

Oro har, elikadura nahasmenduak pairatzen dituzten pertsonak “oso azkarrak” dira, eta horregatik ez zaie galdetegia erakusten. “Galderak ezagutzen badituzte… gezurra esango dute”, dio Rodriguezek. “Erremintak izan behar dituzu gezur horiek deskubritzeko. Badakite beste alternatiba batzuk proposatzen dituzten profesionalak daudela, baina berdin zaie, egiaren jabe direla uste dutelako. Lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da pazienteek arazoaren kontzientzia izatea. Obesitate kasuetan hori lortzea ez da erraza; ortorexia modukoetan are zailagoa”.

Osasuna kontrolpean

Rodriguezen hitzetan, elikadura osasuntsua zer den argi erakutsi behar da, gomendioak nork ematen dituen, nork eman beharko lituzkeen: “Pazienteek uste dute zuzen ari direla, zer jan behar den badakitela, soilik aldizkari batean edota Interneten irakurri dutelako. Nik kirurgia artikuluak irakurri ditzaket, baina ez dut nire gorputza zabaldu eta operaziorik egiten”. Bere iritziz, joera arriskutsu bat ari da hedatzen gaurko gizartean: “Osasunaren kontrola norberaren esku dagoela esaten digute, eta merkatuak aukera zabala eskaintzen digu behar duguna lortzeko. Zientzialariak ez daude hortik kanpo. Elikagai funtzionalak-eta ikertzen ditugu, argaltzeko balio ote duen deskubritu eta produktu batean sartzeko. Telebistan entzuten badugu produktu hori hartuta gehiago argalduko garela, supermerkatura joango gara haren bila. Tratamendua profesionalen esku utzi beharrean, pertsonaren esku uzten dugu”.

Horrek ez du esan nahi zer jan eta zer ez kontrolatu behar ez dugunik, ezta gutxiago ere. Rodriguezen hitzetan, elikadura osasuntsuak onura asko ditu, ez bakarrik norberarentzat. Elikadura osasuntsua da barazkiak eta frutak jatea, eta ahal bada merkatuetan erostea, bertako baserritarrei, denda ekologikoetan… Norberaren gorputza soilik aintzat hartzea baino, ikuspegi zabalagoa izatea komeni dela uste du: “Galdetu produktuak zugana nondik eta nola heldu diren, nork produzitu dituen, horien atzean zein enpresa dauden, zer ezaugarri dituzten… Pentsatu zer jaten ari zaren. Kontziente bagara, gauza ugari bultza ditzakegu elikaduraren bitartez”.

EHUko irakasleak argi du arazo batzuk baserriko produktuak kontsumituta konpon daitezkeela. “Noski, badira eraginkorrak diren elikagai funtzionalak. Nire ustez, ongi ez dagoena da hain eskuragarri jartzea”. Zenbait elikagaik duten fitosterola jarri du adibide moduan, kolesterola murrizten duen konposatua: “Zuzenean halakorik esaten ez diguten arren, nutrizionistaren kontsultara joan baino lehen kolesterola zure kabuz kontrolatzen saiatzeko aukera ematen dizute. ‘Nahi beste kolesterol jan dezakezu, ondoren izango baituzu murrizteko aukera’. Ba ez jan hainbeste kolesterol! Batzuei lagun diezaieke, baina ez denei. Jendeari argi utzi behar zaio helburua ez dela kolesterola gutxitzea, kolesterol altuaren arrazoiak saihestea baizik. Jendeak ikusten badu funtzionatzen duela, ez du dieta aldatuko eta gaizki jaten jarraituko du, kolesterol altuko elikagaien ostean hura kontrolatzen duen produktua hartuz”.

Gure gorputza eta osasuna zaintzea bogan dagoela esan digu Ingortze Zubietak: “Halaber, gero eta elikagai funtzional gehiago aurki ditzakegu merkatuan. Orain arte hain ezagunak ez ziren hitzak egunerokoak egin dira: Omega-3, bifidoak… Horiek dira osasuna zaindu nahi duten pertsonek gehien hartzen dituztenak, baita denda espezializatuetan erositako produktu ekologiko edo biologikoak ere”. Elikagai horiek garestiagoak izan ohi dira, poltsikoarentzat bederen. Horratx ortorexiaren beste ezaugarri bat, zuzenean kalitatearekin lotuta dagoena: dietaren prezioa.

Oraingoz pertsona gutxi dira dieta garestiegi ordaindu dutenak. Zubietak eman dizkigun datuen arabera, profesionalen kontsultara doazenen %0,5-1 baino ez da ortorexikoa. Dena den, kopuruak gorantz egingo duela uste du. Funtsezkoa da ongi jatea, obsesio bihurtzen ez den bitartean.
Bratman doktorearen testa
Steve Bratman doktoreak 2000. urtean plazaratu zuen Health Food Junkies (Janari osasuntsuaren yonkiak) liburuak egin zuen ezagun ortorexia terminoa, greziar jatorriko orthos (zuzena, egokia) eta orexis (apetitua) hitzen baturatik sortua. Hamar galderako testa proposatu zuen, arazoaren larritasun maila neurtzeko. Honatx horietako batzuk:

- Egunean hiru ordu baino gehiago ematen al dituzu dietan pentsatzen?
- Jatorduak (menua) aurrerapen handiarekin planifikatzen al dituzu?
- Dietaren kalitatea hobetu den heinean, zure bizitza kalitatea murriztu al da?
- Gustuko zenituen elikagaiei muzin egin al diezu, gauza “onak” jateko?
- Dieta oztopo al da etxetik kanpo jateko? Familia eta lagunengandik urrundu zaitu?
- Dieta errespetatzen ez duzun egunean, errudun sentitzen zara?
Elikadura nahasmendu “berriak”
Ortorexia eta bigorexiarekin batera, nahasmendu gehiago agertu dira. Oraindik profesionalen artean ezadostasuna dago patologiatzat definitu behar diren ala ez erabakitzean, baina apurka-apurka kasuak areagotzen ari dira. Hauek dira batzuk:

Permarexia:
Beti dieta egiten ari denaren obsesioa. Eta dietari buruzko informazio mordoa irakurtzen duena, aldizkarietan, Interneten.
Pregorexia: Haurdun dauden emakumeek anorexia urduria dutenean. Umea izateak dakarren pisu hazkunde normalak sortzen duen ezinegona da arrazoia. Behar baino kaloria gutxiago kontsumitzen dira, eta behar baino kirol gehiago egin.
Drunkorexia: Gazteek zurrutari ematen diote, eta edanak ematen duen kaloria kopurua orekatzeko, jateari uzten diote. Edo edanari ematen diote jateari utzi nahi diotelako.
Manorexia: Gizonezkoek izan ohi duten anorexia urduria.
Diabulimia: Diabetea duten pertsonek, euren gaitzak elikadura arloan eskatzen dien zorroztasuna baliatuz, ahalik eta gehien argaltzen saiatzen dira. Intsulina dosiak propio gutxitzen dira, eta hori arazo larri bihur daiteke.
Betekada-nahasmendua (Binge-eating): euren dieta asko kontrolatzen duen jende batek noizean behin sekulako betekadak hartzen ditu, modu konpultsiboan.
Gaueko jatunaren sindromea: Egunaren lehen partean gutxi eta afal orduan asko jatea, baita gauean zehar ere. Bulimia edo betekada-nahasmenduaren kasuetan ez bezala, ez da janari kopuru handirik jaten kolpean, mokadutxo txikiak baizik, gau osoan behin eta berriro.
Geumatofobia: Zapore ezezagunen beldur izatea.

Azkenak
“Bi arnas” dokumentala emitituko du ETB1ek

Iratxe Sorzabalek sufritutako torturen gaineko testigantzak jasotzen ditu dokumentalak. Maiatzaren 20an emango dute dokumentala, 23:40an. Iaztik dago Primeran plataforman ikusgai, baina lehen aldiz emango dute telebistan.


2025-05-16 | ARGIA
Haurrek hobeto ikasten dute irakurtzen eta idazten eskuz idatzita trebatzen badira

EHUren ikerketa batean, haur batzuk arkatza eta beste batzuk teklatua erabilita jarri dituzte idazten. Helburua zen jakitea ea irakurtzeko eta idazteko ikasketa-prozesuan alderik badagoen. Emaitza argia atera dute: haurrek eskuarekin egindako mugimenduen bidez ikasten dute... [+]


Aroztegia auzia
Baztango lurren defentsa kriminalizatzeko saioa: Aroztegiako epaiketaren klabeak

Epaiketetan aldeen arteko akordio aukera iritsi daiteke ahozko auzia hasi baino minutu batzuk lehenago. Auzi honetan akusatuek publiko egin dituzte orain arte egondako negoziazio saioak, eta azkena aste honetakoa izan da, ezagutarazi den moduan porrot egin duena. Akordiorik egon... [+]


2025-05-16 | ARGIA
Euskaraldian eta urte osoan, euskaraz informatu

Euskaraldia martxan da, hizkuntza ohiturak aldatzea bultzatzeko ekimen erraldoia. Milaka eta milaka herritarrek konpromisoa hartu dute, hamaika egunotan, euskarak presentzia gehiago izan dezan euren eguneroko bizitzan. Askorentzat pauso txikia baina ahalegin handia izango da,... [+]


Icebergaren punta

Putaren bakarrizketa eroetxean

  • Egileak: Franca Rame eta Dario Fo.
  • Itzultzailea: Xabi Martinez De Lezea.
  • Aktorea: Laura Penagos.
  • Noiz: apirilaren 12an.
  • Non: Zizurkilgo Atxulondo Kultur... [+]


2025-05-16 | Gedar
60.000 euroko isuna Indar Gorriri, sionismoaren aurkako mezu batengatik

"Weissman kanpora, sionismo-faxismoa suntsitu" idatzi zuen sarean, palestinarrak erailtzeko deia egin baitzuen Granadako jokalariak. "Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Legea" ezarrita, isun erraldoia jarri diote Indar Gorriko kide bati.


“Itxaropen handirik gabeko” negoziazioak Istanbulen

Aurrez adierazitakoa baino egun bat geroago abiatu dira bilerak Istanbulen; Zelenski, Putin eta Trump gabe. Errusiari “behe mailako” delegazioa bidaltzea leporatu diote.


‘Buruz, bihotzez, oinez’, 2025eko Nafarroa Oinezen abesti eta bideoklipa

Atarrabiako Paz de Ziganda ikastola ari da antolatzen aurtengo Nafarroa Oinez festa. Gaur aurkeztu dute egun horri begirako abestia eta bideoklipa. Estitxu Arozena bertsolariaren letrarekin eta Igor Martinezek sortutako musikarekin osatu dute.


Aiora Zulaika "Pirritx"
“Tristurak eta pozak partekatzeko gune lasaia da umorea”

Ia hiru hamarkada daramatza Aiora Zulaika lasarte-oriarrak Pirritx pailazoa gorpuzten, eta haurrei eta familiei irri egiteko espazio goxo bat eskaintzen, errebeldiaz eta asmo eraldatzailez. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek “Maite zaitut” herri omenaldia jaso... [+]


Baionako Bernat Etxepare lizeoko Euskal Herrian Euskaraz taldea
“Utz gaitzazue euskaraz mintzatzen eta idazten!”

Azterketa euskaraz egitea debekatzen dietela salatu du Baionako Bernat Etxepare lizeoko Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Pasaden urtean egindako eskakizunei jarraiki, aurten ere azterketak euskaraz egiteko eskatu dute. 


Elizondoko osasun etxeko zerbitzuak “ziurgabetasun handia” eragiten diela salatu dute

Irailetik mediku euskaldunik gabe daude Elizondoko (Nafarroa) herritarrak. Horrez gain, udan medikurik gabe geratzearen beldur da Baztango Osasun Plataforma. Ekainaren 4an, bizikleta martxa egingo dute herrian.


Marieneko auzipetuen kontrako zigorra 8.742 eurotara emendatu die Dei Auzitegiak

Ostia kolektiboko milintanteek 8.742 euro ordaindu beharko dizkiote Bouygues enpresari, eta beste 2.000 euro abokatuen gastuentzat. 2022ko abenduan buruturiko desobedientzia ekintzan promotore horren maketa bat zikindu izanagatik zigortu dituzte. 


Eguneraketa berriak daude