Joseba Irazoki musikariak Berrian: "Ez zait birtuosismoa interesatzen, baina uste dut banaizela [barre egin du]. Gaztetan oso modu birtuosoan jotzen nuen gitarra, oso heavy zalea nintzen, baina Xabier Montoiarekin hasi nintzenean aldaketa bat gertatu zen. Alderantzizko bidaia egin behar izan nuen, zikin jotzen ikasi behar izan nuen kasik, zarata ateratzen... Ikasitakoa desikasten. (...) Birtuosismoak lagundu ahal dizu zikin jotzen, eta teknikaren arlo guztiak menperatzen badituzu jotzen ahal duzu era batera edo bestera. Musikariok arrisku hori hartzen dugu: erakutsi nahi izaten dugu dakiguna, eta beti ez da musikaren mesederako izaten".
Aitziber Saldias idazleak Garan, Qenna (ECU) nobelaren harira: "Eleberri erdia edo idatzita nuenean [euskaraz], konturatu nintzen askoz ere zailagoa izango zela euskaraz zerbait argitaratzea gaztelaniaz baino, gaztelaniaz merkatu zabalagoa dagoelako, baita idazle berrientzat espresuki sortutako argitaletxeak ere. Ez dakit euskaraz horrelako argitaletxerik existitzen ote den, baina bestela ikaragarri zaila egiten da idazle berri batentzat bere obra argitaratzea. (...) Orain, argitaratuta dagoela, konturatzen naiz euskaraz idatzi izan banu, ezagutzen dudan jende askok ezin izango zuela ulertu".
Txomin Peillen idazle eta ikerlariak Bizkaie! webgunean: "Parisen, Paben eta azken aldion Baionan irakasle nabil ogibidez. (...) Polifazetikoa nazela entzutea gustora hartzen da baina, ez dakit ba...Gauza bat esango deutsut: inork ez ditu inon nire lanak topetan; nire lanak aspaldikoak dira, Mitxelenan badagoz, liburutegietan badagoz, literatura arloan lau sari irabazi izan ditut, hiru eleberri handian, bat laburrean eta, berbarako, entziklopedia handi horreetako batean aitatu be ez nabe egiten euskal idazleen artean. Mugaren bat badago hor nonbait Bidasoaldean; Zikoinak itxi ninduan Parisen, han jaio nintzan eta kanpotarra naz nonbait, ez naz euskalduna... Boikotak, politika arrazoiak nonbait... Gure gazte garaian ez egoan holakorik, eretxi politikoak gorabehera ez egoan arazorik eta orain, ostera, sailkatua zara...".