Nafarroa 1512-2012. Atzo konkista, gaur...

Motorrak berotzen ari dira 2012ko datari begira, Gaztela-Aragoi Erresumak 1512an Nafarroaren azken konkista saioari ekin ziola 500 urte beteko dira orduan. Larrun honetan ez duzu konkista edo itunaren arteko eztabaidarik aurkituko. Artikulu egile guztiek argi dute: konkista. Guk ere bai. Historikoki, aspaldi gainditutako eztabaida gisa ikusten dugu, Nafarroako estamendu ofizialek lur eta airez kontrakoa gizarteratzen badute ere. Baina bada zer pentsatu 500 urte hauen historiografiaz, bada zer ikasi erabilitako ikusmolde historikoez, bada zer jorratu aurrera begirako lan ildoez.

Historiaren erabileraz beti hitz egingo da, ez dago zientzia alorrik pertsonaren erabileratik libratuko denik. Ez da zalantzarik historia gozoki dela indarrean den boterearentzat. Edo botere izan nahi duenarentzat. Galdera berez dator orduan: non da beraz, zilegi eta ohikoa den baliatze hori eta ezagutza zientifikoaren arteko oreka? Euskal Herriaren herri ikuspegiak berak behar duen tratamendu historiografikoan oinarritu beharko litzateke eztabaida, gutxieneko oinarri batzuk bederen finkatzeko, ondoren horien inguruko kontsentsuak ahalik eta indartsuen zabaltzeko historia jorratzen dutenen artean. Larrun honetan ikusten dira joera eta ikuspegi desberdinak, bakoitzak berearekin jarraitu beharko du besterik gabe, edo bada zer landu eta adosterik?

Ondorengo sei artikuluetako lehena Bixente Serrano Izkorena da, Nafarroa. Historiaren hariak liburutik (Euskara Kultur Elkargoa, 2005) hartua eta ondorengoetarako ate izan nahi duena.
Nafarroa Garaiko konkista (Bixente Serrano Izko)
“Esku artean ditugun Frantzia eta Gaztela-Aragoiren arteko norgehiagoka haietan, Fernando Katolikoak lortu zuen Erroma bere alde jartzea. Hortaz, frantziarrak eta haien lagunak eskumikatzeko agiri erromatarrak. Eta horretaz baliatu zen Fernando Erromak Nafarroako errege-erregina ere hereje deklara zitzala bulda desberdinetan, eta baimena lortzeko Nafarroaz jabetzeko”

Hiru arlotako indar-marrak gurutzatu ziren elkarrekin, Nafarroako erresumaren zatiketa eta Nafarroa Garaiko konkista gaztelarra gauzatu ahal izateko XVI. mendeko lehen laurdenean. Lehenik, Aro Modernoko bi Estatu handiren eraketa, frantziarra eta espainiarra alegia, biak ala biak norgehiagoka ibili zirenak mendebaldeko mediterranear mundua kontrolatzeko eta elkarren arteko mugak segurtatu nahi zituztenak: Pirinioak suertatuko ziren oro har muga haiek; bigarrenik, norgehiagoka hartan, Erromako Elizaren aginte moral eta erlijiosoaz probestu edo alde jarri nahia, nork bere gerrak eta ekintzak ideologikoki justifikatze aldera; eta hirugarrenik, Nafarroako erresuma barneko bi bando haien arteko borrokak, Gaztelan ala Frantzian aliatuak eta babesa bilatuko zituztenak:

– Bi Estatu Moderno haien sorreran, Italian ibiliko ziren gerretan penintsula hartaz eta aldameneko irlez jabetzeko, mendebaldeko Mediterranear Itsasoa kontrolatze aldera. Baina gerra haiek tartean, beldur ibili ziren gaztelarrak Nafarroa ez ote zen bihurtuko sarbide militar frantsesa Gaztelan bertan erasoak antolatzeko. Beldur haren funtsa Nafarroako eta Frantziako errege-erreginen senidetzan omen zetzan. Izan ere, aitzakia horretaz baliatuko zen Gaztelako Fernando Katolikoa behin eta berriz presionatzeko nafarren gainean, bi exijentziarekin: frantsesekin itun bat ez sinatzea eta nafar defentsa sistema ez hobetzea. Bigarren hau lortuta, eta lehenaren haustura Nafarroari leporatuta, defentsa eta armadarik gabe hartuko zuen Gaztelakoak erresuma piriniarra 1512.ean inbasioa egin zuenean.

– Erromako Elizari dagokionez, aspaldi zetozen zatiketa erlijioso anitz, Eliza erromatarra erreformatu nahi zituztenak. Haietan monarkak eta handiki feudalak ibili ohi ziren erreformatzaileei edo erromatarrei laguntza ematen, erlijioaren aginte morala nork bere alde jarri nahian, jakina. Italiako penintsula kontrolpean jarri nahi haietan, aliantza anitz egin eta desegiten ziren monarkia desberdinen artean, Erromako Eliza-Estatuek ere parte zuzena hartuz. Erromako Papek, zer erranik ez, eskomikatu eta hereje izendatu ohi zituzten bertze bandokoak. Esku artean ditugun Frantzia eta Gaztela-Aragoiren arteko norgehiagoka haietan, Fernando Katolikoak lortu zuen Erroma bere alde jartzea. Hortaz, frantziarrak eta haien lagunak eskumikatzeko agiri erromatarrak. Eta horretaz baliatu zen Fernando Erromak Nafarroako errege-erregina ere hereje deklara zitzala bulda desberdinetan, eta baimena lortzeko Nafarroaz jabetzeko. Eztabaida historiografiko luzeak egon dira, eta dira, bulda haietaz, faltsuak ala egiazkoak ziren, baina ez gara sartuko horretan. Kontua da Fernando Katolikoak Erromaren aginte erlijioso eta moralaz baliatu nahi –eta egin– izan zuela konkista justifikatzeko. Gero, XVI. mendean suertatu ziren orain arte eraginik handiena izan duten hiru zatiketa erlijiosoak, luthertarra, higanauta edo kalbinista, eta anglikanoa, alegia. Eta Nafarroako errege-erreginak, bereziki Joana III.a, Erromako jarreraz nazkatuta agian, higanaute bihurtu ziren, Frantziako erlijio gerrateetan parte zuzena hartuz eta bai Biarnon nola Nafarroa Beherean kalbinismoa inposatu nahian, predikuez zein bortxaz.

– Nafarroako Erresuma barneko bandoei dagokienez, ezagutzen ditugu jada beaumondarren eta agramondarren kontuak. Beaumondarrek eskatuko zieten behin eta berriz laguntza gaztelarrei, euren ondasunak berreskuratzeko eta agramondarren boterea ahultzeko. Lortuko zuten, bai, laguntza hura, eta erresuma osoaren galera ere, gaztelarrak sartuko baitziren Nafarroan laguntza hura bertze aitzakia bat bezala hartuz, baina zuzen-zuzen erresumaz jabetzeko asmoz.

Testuinguru hartan, inbasioari ekin zioten gaztelarrek 1512.eko uztailaren 17an, Arabatik, beaumondarrak armadaren bide-erakusle izanik. Hilabete gutxitan lortu zuten Nafarroa osoa menpean hartzea, defentsa-sistemako gotorlekuak antolatu gabe eta armada propiorik bildu gabe zegoela erresuma. Joan eta Katalina, errege-erregina, Biarno aldera joan ziren erresistentzia antolatzera. Uztailaren 25ean errenditu egin zen Iruñea. Erresistentzia gehiago egin zieten gaztelarrei bertze leku batzuetan:

– Irunberrik abuztuaren 10.a arte iraun zuen.
– Lizarrak ere, abuztura arte.
– Erronkarik, irailaren 9.a arte.
– Tuterak, irailaren 9.a arte, Aragoitik sarturiko bigarren armada baten aurrean.

Ez zen horrela, dena dela, bukatu konkista. Laster eta luze erreakzionatu zuten Labriteko errege-erreginek eta agramondarrek, frantziarren laguntzarekin. Hiru saio berreskuratzaile eginen zituzten 1512.etik 1524.era:

– 1512.ean bertan, urrian, agramondarrek, frantsesek eta mertzenarioek osaturiko armada bat sartu zen iparraldetik, barneko agramondarrak altxatzen ziren bitartean Lizarran, Tafallan, Muesko Kabregan eta Deierrin. Iruñea setiatu zuen armadak azaroaren 7tik 27ra arte, baina negua aurrean zuelarik erretiratu behar izan zuen Baztan eta Amaiurtik.

– 1516.eko martxoan, Fernando Katolikoaren heriotzaren ondoren aukera ona izanen zutelakoan, bertze sarrera saiatu zen Baztan, Orreaga eta Erronkaritik. Armadako adar batek, dena dela, Donibane-Garaziko gotorlekua setiatzen atzeratu behar izan zuen. Erronkaritik sartu zenak arazo larriak izan zituen elurrarekin eta ezin izan zuten adar desberdinek batzea Iruñera joateko. Erronkarin bertan geldiarazi zuten Albako Dukeak eta beaumondarrek, agramondarren buruzagia bera, D. Pedro Nafarroako, atxilotuta suertatuz. Ez zuen askatasunik berreskuratuko, Simancasko kartzelan asasinatua hil zelarik, 1522.ean.

– 1521.eko ekainean izan zen saio serioena: Labriteko Enrike II.ak lortu zuen Nafarroa askatzea, azkar eta erraz, armada, nafarra eta frantsesa, ongi hornituta zegoelako eta Gaztela, aldiz, Komunitateen Gerra zibil deiturikoan murgilduta. Gainera, hainbat hiritako herria bera altxatu egin zen gaztelarrak egotziz, hala nola Iruñean, Lizarran, Tafallan, Tuteran... Baina Nafarroa berreskuratu ondoren, frantsesek Logroñon sartu nahi izan zuten. Izan ere, setiatu eta denbora eman zieten gaztelarrei hiru gorputz militar antolatzeko Araban, Aragoin eta Gaztelan. Erretiratu behar izan zuten Logroñotik eta Nafarroan zehar ihesari ekin, bataila non eman ez eman. Noain ondoan izan zen, Gesalatzen, Noaingo bataila ezagutzen duguna. Errore militar batzuk tartean, nafarrek eta frantsesek galdu zuten bataila luzea, milaka hildako geldituz zelaietan. Nafarroa, berriro, gaztelarren eskuetan. Baina oraindik ere, Noaindik ihes egindako batzuek bertze armada apalago bat antolatu zuten Biarnon eta jarraian Amaiurtik eta Hondarribitik sartu. Amaiur, Baztan-Bidasoa bailara eta Hondarribi hiria hartu zituzten, frantsesek berriro laguntza emanen zietelakoan. Baina Donezteben apurtu zuten laster beaumondar eta gaztelarrek Amaiur eta Hondarribi arteko komunikazioa. Irailean, Amaiur suntsitu zuten. Gero, Hondarribiko hiria. Baina oraindik iraunen zuten agramondarrek hiri horretako gotorlekuan 1524.a arte, harik eta Karlos Enperadoreak “amnistia” eskaini eta negoziatu zuten arte.

1524.ean bukatu ziren, bada, saio militarrak Nafarroa Garaiaren independentzia berreskuratzeko. Hurrengo saioak, asko, XVI. mendean eginda, diplomatikoak izanen ziren, bai Europako botere zibil desberdinen aurrean, bai Erromako botere erlijiosoaren aurrean. Dena dela, nahiz eta hasieran gaztelarren konkista erresuma osokoa izan, hau da, bai Nafarroa Garaikoa nola Beherekoa, zailago izan zuten gaztelarrek Nafarroa Beherean agintea defendatu eta indartzea. Ofizialki, 1530.a arte lortu zuten, nahiz eta 1524.etik aurrera ez dirudien benetakoa izan zenik. 1530.ean, Karlos Enperadoreak onartuko zien Labritekoei Nafarroa Beherea gaineko agintea, Luzaideko herrian izan ezik. Nafarroa Behereak mantenduko zuen, bere txikian, Nafarroako erresumaren independentzia XVI. mendean.
1512ko konkista, euskal nazio sentimendua (Pello Esarte)
“2012. urteari begira, gertakari bat (nafar Estatuaren okupazio militarra) oroitu eta nazio kontzientzia duten ahalik eta euskaldun gehien berriro Estatu subiranoa izateko ideiaren inguruan biltzeko grina dago. Helburua nazio eta eskubide kontzientzia espiritua lortzea da, nazio ideia gure Estatu propioa berriro osatzeko gogoaren mailara jasotzeko”

2012urteari begira, gertakari bat (nafar Estatuaren okupazio militarra) oroitu eta nazio kontzientzia duten ahalik eta euskaldun gehien berriro Estatu subiranoa izateko ideiaren inguruan biltzeko grina dago. Helburua nazio eta eskubide kontzientzia espiritua lortzea da, nazio ideia gure Estatu propioa berriro osatzeko gogoaren mailara jasotzeko.

Aipatutako 2012. urtearen karietara, gure arbasoen memoriak eta oroimenak merezi duten ospea oparo ematea eta gure orainarekin lotzea da asmoa. Horretarako, elkarte bat sortua da dagoeneko (1512-2012); gaurtik aurrera ezagutaraziko eta egingo diren ekitaldiak programatzen ari da, beste entitate batzuekin batera, baina gertakariak hutsaltzen saiatzen ari den ildo ofizialarekin lehian.

Ez da borroka erraza izango, botere publikoek informazioaren bitartekoak kontrolpean eta ia komunikabide guztiak eskuetan baitituzte, gure iraganeko memoria historikora hurbiltzeko ekintza naturala desnaturalizatzen saiatzeko eta desitxuratzeko.

*     *     *

Nafarroako egunkari ofizialistak orrialde betean argitaratu duen artikulua jasan beharko dugun desinformazio kanpainaren adibide garbia da. Euskarazko testuliburuen egokitasunaren aurka Hezkuntza kontseilaritzak egindako salaketa zuen hizpide artikulu horrek.

Egunkari horrek berak, astero-astero, erdiko orrialdeetan, egiatasunari dagokionez onartezinak diren orotariko ergelkeriak eta eduki manipulatuak argitaratzen ditu, Nafarroako Unibertsitatearen eta beste ikaskuntza zentro pribatu batzuen eskutik. Hezkuntza kronika horietan, Nafarroa inbaditu zuten pertsonaiak nabarmendu eta handiesten dituzte: erromatarrak, godoak, Karlomagno eta beste.

Gertakariak desitxuratzea da komunikabide horren printzipioa eta helburua. Egia hutsaltzeko saiakeretako bat 1512ko konkistari Nafarroaren eta Gaztelako koroaren arteko itun esatea da eta, gainera, eskoletan ez ezik, unibertsitateetan ere irakasten da hori.
Artikuluaren testura itzulita, espainiar prentsak Nafarroan duen ordezkari honen bi baieztapenek ikastoletako hezkuntza salatzen dute: “Dos textos que desfiguran la realidad navarra ... un reino que nunca existió para 4º de primaria” (Nafarroako errealitatea desitxuratzen duten bi testu … sekula existitu ez zen erresuma lehen hezkuntzako 4. mailan).

Dagoeneko lehen paragrafoan informazioa manipulatzen dute testuliburuek “errealitatea desitxuratzen dutela” diotenean, hezkuntzaren arlo historiko edota kulturalez ari baitira. Asmo onez idatzi izan balute, gaur egun Nafarroan indarrean dagoen egoera ofiziala islatzen ez dutela esango lukete: Nafarroa zatikatua, kolonizatua, gogoengandik datorren eta manu militari inposatu zuten beste Estatu bateko, beste monarkia bateko, beste konstituzio bateko, beste gobernu bateko probintzia bihurtua.
Hizpide dugun egunkariak Euskal Herriko mapa ere argitaratu du, egungo gobernu zatiketak adierazten dituena eta esaldi hau barne: “un reino que nunca existió” (sekula existitu ez zen erresuma). Gogoan izan behar da baskoien muga historikoak, erromatarrek, frankoek eta godoek militarki inbaditu baino lehen, egungoak baino askoz ere zabalagoak zirela. Erromatarrek baskoiak sarraskitu zituzten, Calagurriseko (Kalagorriko) biztanle guztiak hil zituzten, eta inbaditzaile godo, franko eta gaztelarrek baskoien lurraldea murrizten jarraitu zuten.

Gaur egun helburu kulturaletan bateratuta eusten dion Euskal Herriaren batasuna proiektu politiko bizia da, iraganean bezalaxe. Nazio kontzientzia kolektiboa duten zazpi euskal lurraldeetara mugatua dago, beste lurralde batzuek, hala nola Errioxak, Gaskoniak edo Nafarroako Henrike II.ak 1540. urte inguruan erreklamatu zituen Burgosko lurraldeek, kontzientzia hori galdu baitzuten. Horrenbestez, ez dira lurralde berriak anbizio inperialistaz eskatzen, grina komunei, hizkuntzari eta berezko kulturari eusten dien lurraldearen mugak gogorarazi baizik.

Puntu honetan, beraz, ikastoletako irakaskuntzari buruzko desitxuratzeak egungo administrazio eta gobernu egoera du erreferentzia, baina gaia, berez, historia, kultura eta gizartea erreferentziatzat hartuta irakasten da, gobernu egoera albo batera utzita, bestelako ohiko alderdi batzuk landuz, esaterako, klima. Bestela, non da hezkuntza askatasun eskubidea? Non Nafarroako Kutxak 1977an atlas batean jaso zituen garaian garaiko muga geografiko aldakorrak? Eta Louis Lucien Bonaparteren Euskal Herriko mapa, Diputazioaren eraikinean Nafarroako Artxibo Orokorraren lehen egoitzan nagusi zena?

Erresuma baskoiek Karlomagno garaitu ondoren sortu izanari eta “creyeron que era necesarios fundar el reino de Euskalerria ... Iñigo Arista fue el primer rey de los vascones o del reino de Pamplona” (Euskal Herriko erresuma sortzea beharrezkoa zela uste zuten… Iñigo Aritza baskoien edo Iruñeko Erresumaren lehen erregea izan zen) esaldiei dagokienez, izenari legitimotasuna kentzeak ez du zentzurik, erresuma nazio baskoiaren esparruan sortu baitzen, eta inork ez du Iruñea izena zalantzan jartzen, Nafarroarekin alderatuta. “Baskoien errege” izendapenari dagokionez, Antso Nagusia izendatzeko erabili zuten historialari musulmanek zein gaztelarrek.

*     *     *

Baina, zer bilatzen dute hezkuntzaren errepresioa bultzatuta? Historia ofizialak argudiatutako hezkuntza lortzea.

Argudio hori erabili izan du, erabiltzen du eta erabiliko du hierarkia militarista eta kolonizatzaileak (lehen Inperioak, Espainiek, Estatuak eta egun “espainiar nazioak”). Estatu horrek arbaso godoek justifikatutako eta Francok berrezarritako erregea du, egungo egoeraren itzulezintasunari eusteko, aipatutako errege godoak, armadako buru eta Espainiaren batasunaren defendatzaile sutsu gisa, egoera honek irautea bermatzen baitu, lege konstituzionalean oinarrituta.

Baina galdera garbiena hauxe da: Zuzenbidea Legearen menpe dago ala Legea da Zuzenbidetik etorri behar duena? Eta hor herri baten edo nazio baten borondatea sartzen da jokoan, kasu honetan euskaldunen borondatea, borondate horren aurkako inposaketa ororen aurrean. Herri honek agintzeko eta gizarte gisa antolatzeko zer modu nahi duen adieraztearen aurkako ekintza guztiak helburu bakarrean biltzen dira: bere historia eta kolonizazioaren arrazoia zein den jakin ez dezala.

Egoera duela 500 urte gertatutakotik datorrela? Duela 1.000 urtetik baletor ere, berdin. Kolonizazioaren menpean zenbat eta denbora gehiago egon, orduan eta eskubide gehiago du egoera konpon dadin eskatzeko. Halaber, orduan eta baieztatuagoa dago herri honen espiritua, nazio kontzientziari eutsi baitio, hainbat mende joan diren arren.

Egungo komunikabideen laguntzaz informazioa manipulatzen duten arren eta botere tresna guztiak, dirua eta hezkuntza bitartekoak baliatuta ere, 1512an bortxaz okupatutako Nafarroako Estatua (Iruñeko erresuma, Nafarroako erresuma, Euskal Herria edo bertakoek libreki aukeratzen duten izendapena) errebindikatzeko eta oroitzeko prest gaude.

Historia Memoria bizi eta Eskubide gisa errebindikatzea, gure nazioa Estatu gisa berreraikitzeko urratsak ematea baita. 500 urte eta gero, gure askatasunaren sugarrak bizirik dirau. Eta grina horrek justizian sekula galdu behar ez genuen hura eskatzera eta lortzera bultzatzen gaitu: atzerritarren kolonizaziotik askatzea.
Konkista ulertzea (Pello Monteano)
“Gure helburua 1512 eta 1529 bitarteko urte traumatikoetan zer eta zergatik gertatu zen ulertzen saiatzea baldin bada, halabeharrez, ikerlan serio eta sakonak eta, bereziki, ikusmolde metodologiko berriak falta direla onartu behar dugu. Eta, alderantziz, hunkiberatasuna eta presentismoa sobera ditugu”.

Urte hasieran Nafarroako Konkistaren V. Mendeurrena Oroitzeko batzorde zientifikoa eratu zen eta duela zenbait urtetatik hona Nafarroa Bizirik 1512-2012 batzordea helburu beraren alde ari da lanean.

Nafarroa estatu independente gisa desagertu zeneko milurteko erdia betetzeak, zalantzarik gabe, aukera ederra ematen digu komunitate gisa izan dugun bilakaera baldintzatu duen gertakaririk garrantzitsuenetakoa ulertzen saiatzeko. Baina horra iristeko, asko dago egiteko.

Hainbat mendetan gai hau tabua izan eta gero, mendeurrenerako bi urte baino falta ez direnean, kontraoinean hartu gaitu. Gure helburua 1512 eta 1529 bitarteko urte traumatikoetan zer eta zergatik gertatu zen ulertzen saiatzea baldin bada, halabeharrez, ikerlan serio eta sakonak eta, bereziki, ikusmolde metodologiko berriak falta direla onartu behar dugu. Eta, alderantziz, hunkiberatasuna eta presentismoa sobera ditugu.

Azken mendean, ekarpen gutxi egin zaizkio Boissonnadek (1893) eskainitako gertakarien ezagutzari. Nik dakidala, azken urteetan ere (zenbait unibertsitate propio izan arren) ez da gai honi buruzko doktore tesirik egin. Material berriak ekarriko lituzketen monografikoak ere falta dira, Esarterena salbu, baina meritu handiko lan horretan ere lanketa sakonagoaren eta ikuspuntu berrien falta sumatzen da. Batzorde zientifiko ofiziala bera diogunaren isla da: ikergai espezifiko hori duten historialariak falta dira, Konkistaren ondorioen itzulpen eta azterketa instituzionalez gain.

Ikuspuntu nafarretik egindako Konkistaren kontakizunik ere ez dugu. Correak (1515) konkistatzailearen ikuspegi interesatua ordezkatzen du eta Boissonnadek (1893) ikuspegi frantziar-biarnotarra. Biei esker, espainiar eta frantziar armadaren rola nahiko ondo ezagutzen dugu. Baina, zer egin zuten nafarrek? Konkista militarra gauzatu eta gero nafar askok beren disidentzia ahantzarazi nahi izan zuten arren, informazioa badago. Eta ez kanpoan –Simancasen, Pauen edo Bartzelonan–, Iruñean bertan baizik.

Historia idaztea ez da gertatu zen guztiaz idaztea. Beharrezkoa da, ondorengo bilakaeraren berri izateak ematen digun erosotasunaz, etorkizunerako funtsezkoak izan ziren gertaerak lehenestea. Eta historia osoaren ikuspegitik egin behar da, aldaketa instituzionalez gain, aldaketa ekonomikoei, sozialei, kulturalei, eta mentalitate aldaketei ere erreparatuz.
Historia orainaldian taxutzen dugun iraganaren irudia baino ez da. Historia aztertzean eta idaztean, ez zaigu gertatutako guztia interesatzen, eta gaur egun nabarmenak iruditzen zaizkigun alderdiak hautatzen ditugu. Hala, Historiaren funtzioetako batek gure oraina azaltzen laguntzea izan behar du. Baina, adi, azaltzea bai, baina justifikatzea ez.

Gertakaria oroitzeko bi batzorde egoteak garbi islatzen du Nafarroaren Konkista eta horren ondorio instituzionala –Espainiarekin anexionatzea– jakin-min zientifikoaz harago doan gaia dela. Terminologiak berak –konkista, menpekotasuna, anexioa, gehitzea– ezin argiago erakusten du gaia oso politizatua dagoela. Beharbada, ezin du bestela izan, komunitate honetan bi identitate kontrajarrietan eta, sarri, baztertzaileetan islatzen diren oso bestelako bi proiektu politiko daudelako.

Zalantzarik gabe, konkista ez da gai erosoa identitate nafar-espainolista duten alderdi politikoentzat. Nafarroa izanik Espainia ez zen Nafarroa bat izateak, eta Espainiaren eta Nafarroaren arteko batasuna inposaketaren eta bortxaren emaitza izateak beren axioma politikoen barrena jaten du. Identitate nafar-euskalduna duten alderdientzat ere ez da errazagoa armada inbaditzaileko kide gehienak euskaldunak zirela onartzea, Nafarroa “kolaborazionistena” gaur egun euskaldunena den hori izan zela, orduko Baskonian ez zegoela identitate nazional modernoaren izpirik…

“Beaumondarrak” espainolistekin eta “agramondarrak” independentistekin parekatzea ere egungo ikuspegitik egiten den sinplifikazioa da. Ahaztu egin ohi da beaumondar asko konkistatzaileen aurka aritu zirela eta agramondar askok, aldiz, konkistatzaileari lagundu edo men egin ziotela. Ez da kontuan hartzen 1518. urte inguruan belaunaldi aldaketa izan zela protagonisten artean eta 1512-1521 urteetan pertsona eta leinu askoren jarrera aldatu zela. Konkista onen eta gaiztoen, heroien eta doilorren film bihurtzea, akats zientifikoa izateaz gain, bidegabekeria historiko galanta da. Gizon-emakume horiek egoera jakin bati aurre egin behar izan zioten beren bizitzetatik eta egoera zehatzetatik abiatuta. Gure garaiarekin alderatuta zentzu guztietan oso bestelakoa zen garai hartatik ateratzea ez litzateke bidezkoa izango.

Konkista, beraz, garai hartako gakoetan oinarrituta ulertu behar dugu, ohiko alderdi politiko-militarrez gain, beste alor batzuk aztertuz eta europar testuingurua aintzat hartuta. Ezin dugu ahaztu konkista bi plano historikoetan gertatu zela: nazioarteko gerra modernoa eta Erdi Aroko gerra zibila. Gainera, monarkia autoritario modernoen indartzearen, erreforma protestantearen, errenazimentu kulturalaren, aurkikuntza geografiko handien eta XVI. mendeko loraldi ekonomiko eta demografikoaren testuinguruan gertatu zen. Konkista ulertu nahi badugu koadro osoari erreparatu behar diogu.

Bi proiektu politiko eta identitate-erro oso bestelako dituen egungo Nafarroan, baldintzak ez dira egokiak gure komunitate politikoarentzako gertaera historiko funtsezkoenetakoa izan zenari buruzko eztabaida barea burutzeko. Baina ahalegindu egin behar dugu. Lehen ahalegina, gertatu zena jakitea da, aurreiritzirik eta betorik gabe. Eta bigarrena, gertaerak zergatik jazo ziren azaltzen saiatzea, zehaztasunez eta ikusmolde zabalean oinarrituta. Eta, hala, oraina hobeto ulertuko dugu.
1512-2012 oroitzapenetik harago... independentzia (Foren Aoiz)
“Hauxe gertatu zaigu estaturik gabeko euskaldunoi ere. Estaturik gabe izanda, beren menpe hartu gaituzten estatuek sortu dute beren oroitzapen ofiziala, gurea estaliz edo ukatuz. Betidaniko espainiar edo frantziar bilakatu gaituzte. Gurearen ordez, beren interesen araberako oroitzapena inposatu digute, Historiaren izen harroaz”.

Ulertzen ahal dugu oraina iragana ahantzita? Bizitza oroituz eta ahaztuz bideratzen da. Gertaera, bizipen, sentimen, pertsonak gordetzen ditugu gure gogoan, ala, berriz, baztertu egiten ditugu. Nahita, batzuetan, konturatu gabe besteetan. Maila kolektiboan halaxe gertatzen da ere, baina sarritan, ez da libreki hartzen den erabakia, ezarpena baizik. Estatu guziek bereganatu nahi izaten dute oroitu eta atzendu beharrekoa bereizteko zilegitasunaren monopolioa. Estatuak bere oroitzapena mugatzen du eta herriari inposatu nahi izaten dio. Herriak estatuak nahi duena oroit dezan.

Hauxe gertatu zaigu estaturik gabeko euskaldunoi ere. Estaturik gabe izanda, beren menpe hartu gaituzten estatuek sortu dute beren oroitzapen ofiziala, gurea estaliz edo ukatuz. Betidaniko espainiar edo frantziar bilakatu gaituzte. Gurearen ordez, beren interesen araberako oroitzapena inposatu digute, Historiaren izen harroaz. Espainia eta Frantziaren Historian ito gara euskaldunok, gure oroitzapenerako betarik ezin aurkituz. Edo beste horien Historian zirrikituak bilatzeko asmoak lotuta. Menpekotasunean murgidulta, beraz.

Ezin genuen espero gure naziotasuna ukatzen dutenek gure oroitzapena berreskuratzea. Baina euskaldunok ere sorbalda erakutsi diogu gure iraganari. Zorigaitzez, Aranatarren nazionalismoa abiatu zenean, Bizkaiko burgesiaren ikuspegiaren araberako historiaren irakurketa zabaldu zen, hots, karlisten eta aurreko eliteen ideologien paktismoaren iturrietatik edan zuena. Horrela, euskal estatuen independentziaz hitz egiten zen, eta ontzat ematen zen –penintsulaz ari garelarik– estatu hauek Gaztelarekiko itunen bitartez lotu zirela espainiar monarkiarekin. Euskal nazionalismo honen hodeiertza, independentzia aipatu arren, itun horien egokipena zen.

Euskal estatuak asmatuz, euskal estatua ahanzten zuten. Bizkaiko burgesia horrek ez zuen Nafarroa izeneko estatuaren ikurrari zentraltasuna emateko inolako asmorik. Bestalde, garai berean Nafarroan sortzen ari zen bestelako berpiztean (Kanpion, beste euskaroak…) nagusitzen zen norabidea ez zen independentziarena. Gauzak horrela, nazionalismo horrek ez zuen uztartu bere egitasmoan Nafarroako estatuaren ibilbide historikoaren aberastasuna. Beharbada, nazio ikuspegirik ez zutelako; agian ez baitzuten independentzia eskuratzeko benetako borondaterik. Ez da horretaz luze eta sakon aritzeko une egokiena, baina EAJren nazionalismoak hartu zuen bideak Euskal Herriaren independentzia, iraganaren ikur nagusia, baztertu zuen. Erabaki honen ondorioak oso larriak izan dira, ene ustetan, batez ere –baina ez soilik– Nafarroan.

1512ko konkistaren urteurrena aukera ederra da gure herriaren iragana hobe ezagutzeko, Historia ofizialaren gezurrak agerian uzteko, finean. Halaber, aspaldi abian jarritako euskal nazionalismoaren berritze-egokipen bidean, iraganari bestela so egiteko parada eskaintzen du urteurren honek. Izan ere, XXI. mendean euskal independentzia nahi duten talde eta pertsonek ezagutu beharko lukete izan genuen estatua, baita nola kendu ziguten ere. 1512ko erasoa eta ondotik piztu ziren independentzia berreskuratzeko borrokak aintzat hartzekoak baitira, zalantzarik gabe.

Nire ustetan, independentzia eskuratzeko eskubidea ez dago iraganaz lotuta. Naziotasuna eta herriaren borondatea dira gakoak, berriz. Finean, estatua osatzeko eskubidearen baldintza aurretik izana baldin bada, estatu guziak zilegitasunik gabekoak dira, noizbait sortu baitira lehen aldiz, aurretik estatu ez zirelarik. Garai batean, iragana zilegitasun iturburu nagusia zen. Gaur berriz, borondateari ematen diogu lehentasuna, eta hau aurrerapen handia da, aunitzetan hitzetatik errealitatera pasatzen ez den arren.

Euskaldunok estatua osatzeko eskubidea dugu herri bat garelako, eta libre izan nahi dugulako. Baina, gertatzen da estatua izan genuela eta indarrez kendu zigutela. Eta gertatzen da kendu zigutenek eta gure miseriek lainotu dutela estatu horren oroitzapena. Eta gertatzen da estatu horren izena, Nafarroa, erabiltzen dela Euskal Herria zatitzeko, “nafartasuna” bilakatu nahi izan dutelako euskalduntasunaren ukapen bidea, Nafarroa eta Euskal Herria elkar kontrajarriz. Gertatzen da, halaber, pairatutako konkista itun aske bilakatu dutela eta sinestarazi nahi izan digutela gure aurrekoek erabaki zutela Frantzia eta Espainiarekin bat egitea.

Hau dena oroitzea komenigarria da, iragana ezagutzeko eta libre izateko eskubidea ukatzen duten estatuak nola ibili diren ikusteko. Komeni da gaur egungo eztabaidan erabiltzen diren argudio aunitz beren lekuan jartzeko. Adibidez, agerian uzteko Nafarroaren nortasunaren etsaia ez dela euskal abertzaletasuna espainiar eta frantziar zapalkuntza egitasmoak baizik. Nafarroa ez zela inoiz ere libreki batu Espainiarekin, konkistatua izan zela, eta konkista hura bortitza eta krudela izan zela eta asko kostatu zitzaiela erasotzaileei Nafarroa bereganatzea. Finean, armak izan zirela Nafarroaren independentziari bukaera eman ziotenak. Indarkeriaz aritzeko euskarri interesgarria dugu hau, bestalde. Estatua indarkeriaz kendu zigutenek esaten baitigute ez dela zilegia estatu bat indarkeriaz osatzen saiatzea.

Ez dugu gure iragana mitifikatu behar, baina ezagutu, bai. Geroak kezkatzen gaituelako. Bestelako etorkizuna eraiki nahi dugulako. 1512ko konkista eta oro har gure estatalitatearen galera tragedia nazionala izan zelako. Estatua behar dugulako XXI. mendeko euskaldunok. Ez, jakina, 1512an nahiz beste data batzuetan desegin ziguten estatu bera, baina bai gurea, euskaldunok libreki erabakitzen duguna. Izan zirelako gara. Duela bost mende etsai boteretsuen aurrean gure estatuaren ikurra altxatu zuten horiek oroitzea ez da nostalgia hutsa, ezta anakronismoa ere, libre izateko ametsaz lotutako oroitzapena baizik. Independentzia nahi dugunon gogoan gorde beharreko ikurra.
Bulden iruzurra (Roldan Jimeno)
“Nafarroa, ez zen Gaztelara era baketsuan anexionatu, ezta oinordetza-eskubideak betez ere, Aragoiko koroaren lurraldeekin gertatu zen bezala. Anexio hori armen bidez, sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II.aren bulda pontifikal polemikoetan oinarritutako justifikazio kanoniko bat baliatuz egin zen”.

Iritzirik zabalduenaren arabera, armek beharturik beretu zuen Gaztelak Nafarroa, batere sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II. Aita Santuaren bulda eztabaidagarriak baliatuz. Nafarroa, ez zen Gaztelara era baketsuan anexionatu, ezta oinordetza-eskubideak betez ere, Aragoiko koroaren lurraldeekin gertatu zen bezala. Anexio hori armen bidez, sinesgarriak ez ziren arrazoi juridikoak erabiliz eta Julio II.aren bulda pontifikal polemikoetan oinarritutako justifikazio kanoniko bat baliatuz egin zen. 1512an Aita Santuak “Pastor ille caelestis” bulda eman zuen jakitera eta bulda horren arabera, Aulki Santuaren edo bere aliatuen aurka edota Luis XII.aren Frantziaren alde egiten zuen edonor eskumikatu egingo zuten.

Fernando Katolikoa konturatu egin zen Nafarroako errege-erreginak frantsesen alde jarri zirela eta, ondorioz, aipatu bezala, Aulki Santuari presioa egin zion, baita bere helburua lortu ere. Horrela, 1513ko otsailean bigarren bulda argitaratu zen, “Exigit contumacium” deitutakoa eta, horren bidez, Joan Albretekoa eta Katalina eskumikatu zituzten: “Gure aurretiko Erromako Aita Santu askoren zantzuei jarraikiz, ezen haiek errege eta enperadoreei, arrazoi arinagoengatik ere, zentsura berbera aplikatu zieten, aginte apostolikoarengatik eta eskumen osoz, Juan eta Katalina eskumikaturik, anatematizaturik, madarikaturik daudela eta zismatiko eta herexeei laguntza emateagatik errudun eta estatuaren eta betiko tormentuaren hobendun direla aldarrikatu eta adierazten dugu, eta errege titulu, ohore eta duintasunez desjabetuak direla, eta haien Erresumak, jaurerriak eta edozein ondasun publiko egiten ditugu, eta haien guztia haiez guztiez jabetu edo jabetuko direnek, gerra santu eta justuenean eskuratu bezala, bere egin dezaten”.

Eliza usteldu horretatik zetorren eskumikazio horrek, gainera, erregetzatik kentzea suposatzen zuen, Frantziako errege zismatikoarekin elkartu zirelako, aitasantutzaren aurka: “Juan eta Katalinari errege ohore, titulu eta dignitateak, bai eta Nafarroako erresuma, dukerriak, konderriak eta bestelako jaurerri tenporalak eta edozein tokitan dituzten ondasunak eta haien gainean dituzten eskubideak kentzen dizkiegu eta publiko egiten ditugu erresuma, jaurerri eta ondasun guztiak eta horietako bakoitza”. 

Eta gaztelatarren alde egiten zuen, handik aurrera Juan eta Katalina errege-erreginen fidelek harreman horiek apurtzeko: “Erresumako eta aipatu jaurerrietako eta haren mugen barruko konderri, gotorleku eta gazteluetako eta lurreko gobernariak, gaztelaniakoak eta ofizialak, baita dukeak, markesak, kondeak, baroiak, nobleak, auzokideak eta biztanleak, beren dignitate, estatu, maila, ordena eta egoera edozein izanda ere, Juan eta Katalinarekin fideltasun zinaz eta gobernu, gaztelania, lanbide, zaintza, feudo, basailutza edo beste edozein gorazarrez loturik egonik haien menpeko direnak, Juan eta Katalinarekiko zin eta gorazarrea betetzeko edozein loturatik eta edozein fideltasun, obedientzia eta mendetasunetik absolbituz eta, beherago idatzitako zigorren menpe, zeinetan aurka egiten dutenak egitatearengatik berberarengatik erortzea nahi baitugu, zorrotz aginduz hauek Burgos, Kalagorri eta Tarazonako elizetan, edo haietako bitan, argitaratu eta hurrengo sei egunetan –horietako bi lehendabizikotzat, bi bigarrentzat eta gainerako biak hirugarrentzat eta azken terminotzat eta ohar kanonikotzat harturik– haien menpe dauden guztiei eta haietako bakoitzari Juan eta Katalinarenganako, edo haietako edozeinenganako, ohiko obedientziatik aldendu daitezen eta aurrerantzean errege edo nagusi deitu edo erregetzat edo nagusitzat inola ere aitortu ez ditzaten, baizik eta, zismatiko eta heretikoak diren aldetik, ahal duten heinean, Kristoren gainerako fededunen komuniotik bazter ditzaten. Eta sei egunak iraganda Erresumako konderri, unibertsitate, hiri, gotorleku, gaztelu eta lur eta bestelako tokietako eta aipatu jaurerrietako aipatu pertsona berezi orok gure manu hau egiatan obeditzen ez badu, hemendik aurrera haren kontra eskumiku handiaren epaia ematen dugu idazki honetan eta, hilzorian daudenak salbu, edozein indultu apostolikoren aitzakia izanda ere, Erromako Aita Santuak bakarrik absolbitu ahal izango ditu”.

Konkistaren azalpenak ez ziren batere sinesgarriak izan eta, beharbada, horrek eragina izan zuen Nafarroako erakunde tradizionalak eta foruen sistema errespetatzeko orduan. Indar militarren bitartez, Pirinioetako erresumak amore ematea lortu zuten, baina, agian, “itundutako” eta “hitzartutako” amore ematea izan zen, kontuan hartu behar baita konkista zein baldintzatan eman zen, baldintza horiek, zalantzarik gabe, eragina izan baitzuten prozesu horretan. Nafarroa 1515ean gehitu zitzaion Gaztelako koroari, zuhurtzia handiz prozesu horretan etenaldi bat egin eta gero. Albretekoak berriro erregetzan ezartzeko ahaleginak behin betiko bukatu ziren Noainen, 1521eko ekainaren 30eko arratsalde hartan eta geroko Amaiurko gazteluaren defentsan. Pirinioen hegoaldeko Nafarroa osoa, une horretatik aurrera, “egokitze”, “moldatze” eta “antolatze” fasean sartu zen, Gaztelaren nagusitasunaren ondorioz sortutako egoera berrian.
Bi tximinoren artean (Jean Louis Davant)
“1512an Iparraldera erretirako dira Nafarroako errege-erreginak eta erreinua. Idaztear nuen ‘itzuliko’, eta lapsusa ez zen arras gezurtia izango, zeren iparreko erresuma handitik etorri baitzizkion errege kontsorte sonatuak eta laguntza batzuk ere. Haatik oreka gabeko ezkontzak izan ziren beti Nafarroa txikiaren eta Frantzia erraldoiaren artekoak”.

1512ko lapurreta hori, zerrenda luze bateko azkena izan zen, Hegoaldetik bederen. Dena XI. mendean hasi zen, Antso Handia zendu ondoren, haren semeen arteko liskarretan, Gaztelakoak Iruñekoa garaitu eta hil zuelarik Atapuercan. Geroztik Gaztela-Leongo erregeek Iruñeko Erresuma zatika jan dute, Burgosko ateetarik oraingo mugetaraino. 1512koaren aurretiko azken ausikia, larriena ere, 1200. urte ingurukoa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Durangaldea irentsi zituena. Itsasorako bidea galdurik, Nafarroako Erreinua beste irteera baten bila Iparralderantz itzuliko da, eta banaka bilduko ditu 1530etik lekora Nafarroa Beherea/Baxenabarre osatuko duten lurralde txikiak. Batetik, Lapurdikoak ziren Garazi, Baigorri, Ortzaize, Arberoa... Bestetik, Akizeri lotuak zeuden Oztibarre eta Amikuze, honetan zegoela Bidaxune aldea. Iparraldeko nafar berantiar horiek ez dira txarrenak, alderantziz fidelenak egonen zaizkio baskoien erreinu zaharrari, fidelenak halaber euskal guztien artean lingua navarrorum hizkuntzari.

1512an Iparraldera erretirako dira Nafarroako errege-erreginak eta erreinua. Idaztear nuen “itzuliko”, eta lapsusa ez zen arras gezurtia izango, zeren iparreko erresuma handitik etorri baitzizkion errege kontsorte sonatuak eta laguntza batzuk ere. Haatik oreka gabeko ezkontzak izan ziren beti Nafarroa txikiaren eta Frantzia erraldoiaren artekoak.

Errege kontsorte horietako bat zen Jean d’Albret gaskoia. Emaztea, Katalina, Nafarroako erregina subiranoa, koroaren jabea zen. 1512ko uda hartan biek Biarnora ihes egin behar dute, Katalina jaurerri aske horretako andere subiranoa ere baita, bere aita Gaston IV. de Foix famatuaren ondotik. Haatik Bearno edo Biarno ez da Nafarroako. Bi lurralde bereiziak zirela ber subiranoaren mendeko, agerian uzten digu Joanes Leizarragak testamentu berriko sar hitzean Jean d’Albreti egiten dion eskaintzaz: “Guzizko andre nobel Joanna Albrete Naffaroaco reguina Bearnoco andre guehien (...) denari...”.

Beraz Fernando Katolikoa Nafarroa Garaiaren eta Garaziko eskualdearen jabe sartu zaigu. Jean d’Albret saiatuko da erresumaren berriz eskuratzea 1512ko udazkenean eta 1516ko martxoan, baina bi aldietan partida galduko du. Errege-erreginak laster hilen dira. Horien semea eta ondokoa, Henri II. Albret, bere aldian saiatuko da François I. Frantziako erregegaiaren laguntzarekin, eta bien armada Ebroraino sartuko da. Baina gero atzera egin behar du, eta dena galduko dute Noaingo gudukan, 1521eko ekainaren 30ean. Laster Donibane Garazin sartuko da Gaztelako lur armada.

Hatatik Henri II.ak Nafarroako instituzioak berpizten ditu Donapaleun, 1523ko abuztuan. Baina berehala, irailean, Gaztelako armada Iparraldean behera dabil, izugarrizko suntsiketak eginez Lapurdin, Biarnon eta Zuberoan, baina Baxenabarre/Nafarroa Beherea ezin beretu. 1530ean behin betiko bazter utziko du, Frantziari buruz ezin zaindua baitzaio, muga naturalik ezean: muga politikoa gaur dagoen tokian finkatzen du, edo guti eskas. Geroztik zuzenketa txiki batzuk egin izan dira, baina hain xeheak non aipamen zehatz eta luzerik ez duten merezi, nahiz batzuetan liskarrak ekarri dituzten bi aldeetako artzain eta behizainen artean. Holakoak gertatzen dira halaber Iparraldeko lurraldeen artean ere.

Beraz Nafarroa Beherearen sorrera zor diegu Fernando Katolikoari eta Charles Quint handiari, batak 1512an hasi eta besteak 1530ean bukaturiko ebakuntzari esker. Hara euskal “probintzia” berri bat, hobeki erranik lurralde historiko bat gehiago, zazpigarrena kronologian. Haatik egia da ber armarria dugula Iruñean eta Donapaleun, ber kateekin, eta ber laurelarekin ere, Baxenabarreko bigarren hiriburu honetako gerlari hilen monumentuan bederen. Baina hemengoak Frantziaren zerbitzuko erori ziren, bestaldekoak aldiz Espainiaren mesederako. Biziak ere, batzuk beren ustez frantziarrak ditugu, besteak espainiarrak, gehiengo zabalez.

Bai, nabaria da armarriaren zehar urratu diguten muga, bere ondorio guziekin. 1512-1530eko bortxaketak haur bat egin zuen, Baxenabarre/Nafarroa Beherea. Axular nafarra zen, bazekien zertaz ari zen: gure lurraldeak izendatu zituelarik, Nafarroa bi zatitan aipatu bazuen, segurki ez zen ustekabean horretaratu, ez eta plazerez. Arturo Campion ere nafarra zen, Iruñekoa, eta kontatzen bazakikeen. Arbolak ez digu basoa ezkutatu behar. Zilbor estea Luzaideko beherean ebaki ziguten ganibet ukaldi batez. Ibañetan gertatu bazen, errua orografiari bota zakiokeen, gainera euskararen muga ere gaur han dagoenez. Arnegiko zubian ezin ezkutatu da Nafarroaren urraketa: ezin hobeki adierazten du Euskal Herri osoaren zatiketa. Sinbolo unibertsala den zenbakiaren murrizteak ez du ezer ekartzen.
Haatik nik ere ez dut nire burua engainatu behar. Barbera Gaztelako erregea bazen, anestesista Frantziakoa izan zela nekez uka dezaket. Honek historian barna frankotan Nafarroa sostengatu zuela egia da, baina batzuetan ez ote sokak urkatua sostengatzen duen bezala? Henri II. Albretekoak erran zuen Nafarroa txikiak bi erresuma handiren artean iduri zuela kukuso bat bi tximinoaren artean, batak utzi orduko besteak hartzen baitzuen...

Pierre Narbaitzen arabera, Louis XII. erregeak ere Nafarroa beretu nahi izan zuen, baina Fernando Katolikoa argiago baitzen, lehendu zitzaion. Haatik epe luzera, Frantziako erregeak ere azeri onak izanen dira, zeren Iparraldeko partea emeki-emeki beren erresumara bilduko dute eta han anestesiatuko. Azken epaia Iraultza hastean, biltzar konstituziogileak emanen dio, 1789ko abuztuaren 1eko gau famatu hartan. Iparraldeko beste bi lurraldeen egiturak ere desegin zituen, Lapurdi herria eta Zuberoa herria ezabatuz. Erresumako eskualde handi eta txikiak oro bezala. Erabaki horrek bizkitartean abantaila bat ekarri zigun, hiruak bat eginez, baina zoritxarrez euskal departamendu baten eskaerari muzin eginez. Biarnokoan hetsi zituen eta beti horretan gaude, euskal erakunderik gabe. Ardoa badugu, baina kupela falta, edalontziak ere bai.

Horrela bukatu zen, Iparraldetik bederen, Fernando Katolikoak 1512ko udan hasiriko lana.

Azkenak
2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


2024-05-13 | ARGIA
Alternatiba ekosozial justua aldarrikatu dute Iruñean eta Bilbon

Maiatzaren 11n egin dira mobilizazioak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialistak antolatu dituzte. 60 eragile sozial baino gehiagok bat egin dute mobilizazioekin.


2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Eguneraketa berriak daude