Beti harago

Ana Urkiza
Ana UrkizaDani Blanco
Ez, Katixa, ez gara hain sinpleak, ez. Eta beti daude muturretatik ateratzen direnak edo salbuespenak, zorionez. Orokortasuna edo joera nagusia deskribatzen saiatu nintzen aurrekoan eta horrek beti dauka bere arriskua.

Biok ala biok aipatu duzue, hala hola, ezetz esatea kostatu egiten zaizuela. Ezetz esaten ikasten ari zaretela. Jose Luisen idatzia irakurri nuenean, neure burua ere bere hitzetan islatua ikusi nuen. Eta laburpen gisa edo, zera idatzi nuen: “Baietz esaten erakutsi ziguten”. Hau idazterakoan, ordea, “lanaren” kontzeptua zen nik buruan nuena –eta ez, aurrekoan bezala, marketinaren eraginari nola erantzuten diogun–; erakunde, ekimen, ideia edo pertsonen aurrean erakusten dugun konpromisoarena.

Katixarena irakurri ostean, gainera, unibertsitate garaietara joan zitzaidan gogoa. Guk ere, lagunen artean, egin genuelako halako apustu handi bat. Ez zen, preseski, ahalik eta merkeen pasatzen saiatzearena, baina bai gure bizitzan, “superbizitzeko egiteko prest gaudena” (halaxe erabiltzen baikenuen terminoa). Ariketa interesgarria izan zen, benetan.

Ariketa hartatik, normala den moduan, denetik atera zen. Lagun batek, karrera on bat egin eta ahalik eta gehien espezializatu eta lan egonkor bat aurkitzea zuen asmo (Zuzenbidea ikasten ari zen); beste batek, irakasle ikusten zuen bere burua (Filologia ikasten ari zen): “Ikastetxeak eta unibertsitateak ez direnez sekula itxiko, beti egongo da irakasleentzako lana”, aipatzen zuen. Hirugarren batek, ingeniaritza ikasten ari zenak, ez zuen etorkizuna hain argi ikusten, izan ere, ingeniari asko ateratzen ziren urteak baitziren. Honek, musika ere ikasia zuenez, ingeniari bezala lanik aterako ez balitzaio, musika eskola partikularrak emango zituela esaten zekien. Bagenuen gure artean albaitaritza ikasten ari zenik ere, eta honek, “beti geldituko zaigu etxean matematikako klase partikularrak ematea” esaten zuen. Marinel batekin ezkondu eta hiru ume izango zituela esaten zuenik ere bagenuen tartean. Honentzako, zorionaren paradigma huraxe baitzen: herrian gelditu, aitaren bideak jarraituko zituen gizon bati lotu, eta familia ugari bat egituratzea.

“Gertatu hala gertatu, beti izango dugu lana”. Gezurra badirudi ere, halaxe sinatu genuen lagunen arteko itun sekretua.

Zertara noan? Bada, bizitzarekin eta eginbeharrarekin konprometitzen erakutsi zigutela; argi genuela “gu” ginela, eta ez beste inor, gure buruaren eta gure etorkizunaren jabe bakarrak. Etorkizunaren jabetzak ez baitu esan nahi “handitan” zer izan nahi dudan deskribatzea, etorkizun hori gauzatzeko “harago” joateko prest egotea baizik. Prest geunden eskuturretako botoiak askatu eta alkandoraren mangak ukalondora igotzeko.

Gaur egungo gazte olatu berriak ez dakit “harago” joateko ideia hau hain errotua daukan. “Konpromiso” hitza aipatzen duzunean feedback-a eskatzen dute, hau da, konprometitzen dira “beste aldea” ere konprometitzen den heinean, bestela, ez; eta etorkizunerako edozein apusturi ere ez diote adarretatik heltzen, “baldin eta” bat ez badago.

Badakit berriro ere muturreko egoerak kanpoan uzten ari naizela, zorionekoak hauek, baina, zorigaitzez, gehiengoak, dirudit, ez duela bere gaitasunean sinesten edo eta ez zaiola interesatzen bere ahaleginaren gainean apustu handiegirik egitea, badaezpada ere.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude