Krisialdiak ez du armen negozioa geldiarazi

  • Espainiako Estatua zortzigarren lekuan dago armak eta defentsarako materiala esportatzen dituzten herrialdeen munduko rankingean. Azken datu ofizial eskuragarriak 2008koak dira eta, datu horien arabera, mila milioi euro inguru fakturatu zituen iaz sektore horrek. Fakturazioa 2007koaren oso antzekoa da eta 2006koa baino %10 handiagoa. 2000. urtearekin alderatuta, %573koa izan da hazkundea.
Ekoizpen militarraren aurkako elkarretaratzea
Ekoizpen militarraren aurkako elkarretaratzea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Krisialdi ekonomikoak, era batera edo bestera, ia sektore guztietan eragin du eta nonahi daude enplegu-erregulazioko espediente edo EEEak. Alabaina, azken hamar urteetan armagintzaren negozioak hazkunde ikaragarria izan du Espainiar Estatuan; negozioan, gainera, hainbat euskal enpresek hartzen dute parte (ikus 9. orriko koadroa). Armen eta defentsarako materialen esportazioak 2008an 2000n baino %573 gehiago izan ziren. Hala, armen eta defentsarako materialen mundu mailako zortzigarren esportatzaile nagusi bihurtu da Espainiako Estatua. Iaz 934,4 milioi euroko fakturazioa egin ondoren lortu du postu hori, eta esportazio horiek izan dira historian egin dituen handienak. Munduko esportazioen %2a osatzen dute, eta bere merkataritzako balantza osoaren %0,5a.

Datuek agerian uzten dute Espainiar Estatuak 2000. urtean hasitako armen eta defentsarako materialen esportazioa hasieran geldoa izan zela, baina geroz eta handiagoa eta etengabea dela. Ikusi besterik ez dago 2008. urteko esportazioak %10etik gora gehitu zirela 2006. urtearekin alderatuta. 2009. urte honetako datu ofizialik ez daukagu oraindik eskura, baina hala ere, krisialdiak ez dio sektore horri eragin. Horren adibide, ondorengoa: armagintzaren sektoreko beste zenbait enpresetan gertatu den bezala, Zamudioko Industria Turbo Propulsores (ITP) enpresak EEE bat aurreikusia zuen, baina azkenean ez du aplikatu.

Informazio ofiziala ez da gardena

Armen eta defentsarako materialen esportazioei buruzko zenbakiak ezkutu samar egoten dira eta ez dira inoiz jakitera ematen. Salgai horiek nora esportatzen diren ere ez da aztertzen, askotan herrialde pobreetara, gerran daudenetara edo sistematikoki giza eskubideak urratzen dituztenetara esportatzen dela jakinda ere. Espainiako gobernuak Sekretu Ofizialen Legepean jartzen ditu esportazio horiek. Eta enpresek ez dituzte inola ere datuak erakutsi nahi. Nolanahi ere, zorionez badira hain ohikoak izaten diren iluntasun eta opakotasun ofizial horiek argitasun bihurtzeaz arduratzen diren pertsona eta gizarte erakundeak. Hor daukagu, adibidez, Tica Font, Justícia i Pau erakundeko lehendakariorde eta Bartzelonako Centre d’estudis per a la Pau JM Delàs zentroko ikertzailea. Azken urteetan urtero egin du Espainiar Estatuaren defentsa arloko esportazioei buruzko txostena. Orain arte ezagutu dugun azkenekoa, Informe 2008. Exportaciones españolas de material de defensa 1998-2007, 2008ko urrian eman zuen argitara.

Erreportaje honetako datu garrantzitsuenak txosten horretatik atera ditugu. Txostenaren iturri nagusia, berriz, Turismo eta Merkataritzako Estatu Idazkaritzak egin eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak urtero argitaratzen duen dokumentu bat da: Estadísticas españolas de exportación de material de defensa, de otro material y de productos y tecnologías de doble uso, año 2008 (Defentsarako materialaren, bestelako materialaren eta erabilera bikoitzeko produktu eta teknologien 2008. urteko esportazioen Espainiako estatistikak). Arma motzen eta arinen kasuan, Tica Fontek Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutuaren ESTACOM datu-basea erabili du txostena egiteko.

2008ko datuak

Parlamentuko galdera bati erantzunez Espainiako Diputatuen Kongresuan aurkeztutako datu ofizialen arabera, Espainiak egindako armen esportazioek 934,4 milioi euro fakturatu zituzten 2008an, 2007an baino %0,2 gehiago. Europar Batasunera (EB) esportatutako armen kopurua ohi baino txikiagoa izan zen 2008an: esportatutako kopuru osoaren %40,7 –2005ean %59,8 esportatu zen EBra eta 2004an %79,6–. Baina hala ere, EBko herrialdeei saldutakoak 380,6 milioi euroko irabaziak ekarri zituen, 2006 eta 2005. urteetako salmentek baino handiagoak –urte horietan 241,9 eta 251 milioi euro lortu ziren, hurrenez hurren–.

Bestalde, NATOko herrialdeek xurgatu zuten esportazioen %70,5. Nabarmentzekoa da Norvegiako Itsas Armadara esportatutako hirugarren fragata –Norvegiatik 265,7 milioi euro bildu ziren, hau da, %28,4–. Aipatzeko modukoak dira halaber AEBetara egindako esportazioak –22,4 milioi euro, %2,4 alegia, aireontzien zati eta pieza, itsasontzi, tanke, misil eta arma txikiengatik–.

Gainontzeko salmentak –EBko eta NATOko herrialdeetara egindako lehen esandako esportazioak kenduta gelditzen diren 263,7 milioi euroak, hau da, %28,2a– beste 40 herrialdetan egin ziren, batez ere Marokon. Salmenta horiek 113,9 milioi euro fakturatu zituzten, %12,2. Saldutako gaiak: 1.015 lur-orotako ibilgailu, anbulantzia eta blindatu gabeko zisterna-kamioi, sua itzaltzeko kamioi eta garabiak. Aipagarriak dira tropak garraiatzeko Brasilera bidali zituzten bi hegazkinak (63,4 milioi euro, %6,8) eta zeregin berdinerako Kolonbiara bidalitako beste hegazkin bat (31,1 milioi euro, %3,3).

Bestelako materialak ere esportatzen dira; hala nola, polizia eta segurtasun materiala esportatuz 25,6 milioi euroko irabaziak lortu ziren 2008an. Material horiek Angolara (24,3 milioi euro), Boliviara (1,1 milioi euro), Venezuelara (155.942 euro) eta Kubara (8.190 euro) bidali ziren.

Ehiza eta kirol armei dagokienez (ehiza eskopetak, kartutxoak eta pieza eta ordezko piezak), 2008an egindako esportazioekin 29,8 milioi euro eskuratu ziren. Salgai horietako gehienak AEBetara (5,8 milioi euroko irabaziak), Ghanara (2,8 milioi euro), Turkiara (1,9 milioi), Ukrainara (1,8 milioi) eta Ginea Conakryra (1,8 miloi) bidali zituzten. Azkenik, 2008an egindako erabilera bikoitzeko esportazioak %35 igo ziren 2007. urtean egindakoekin alderatuta, eta 154,24 milioi euroko irabaziak izan zituzten.

Gerraren pribatizazioan parte hartzen al da?

Tica Fonten txostenak gai garrantzitsua ukitzen du. Espainiak AEBetako, Indonesiako, Kanadako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Belgikako enpresa pribatuei defentsa materiala erabilera pribaturako esportatzen diela dio txostenak. Hori eta 1990eko hamarkadan AEBetan eta Ingalaterran defentsa arloko hainbat multinazional sortu zirela kontuan hartuz (Blackwater, Amor Group, Northbridge Services Group edo Kellogg Brown & Root, adibidez), Tica Fontek galdera hau jartzen du mahai gainean: “Espainiak gerraren pribatizazioan parte hartzen duela adierazten al dute esportazio horiek?”.

Aditu katalanaren iritziz, informazio horretan kezkagarriena da armak enpresa pribatuei erabilera pribaturako saldu dakizkiekeela. Azken finean, “zer enpresa motak erosten ditu lehergailuak, misilak edo granadak eta erabilera pribaturako gainera? Zer lan jardueratan aritzen dira enpresa horiek? Eta zer egoera edo araupean izan daitezke legezkoak horrelako materialak erabiltzen dituzten enpresak?”.
Legez kanpokoak izan daitezkeen esportazioak
Espainiak 1998. eta 2008. urteen artean egindako arma eta defentsarako materialen esportazioek batez beste urtean 39 milioi euroko irabaziak utzi dituzte. Zenbateko hori, hala ere, 2008. urtean lortutako 934,4 milioi euroko zenbatekotik oso urrun geratzen da. Hala ikusten da Tica Font aditu katalanak egindako azterketan. Espainiako Estatuak, 2008. urtean munduko rankingean 1997an baino atzerago egon arren –garai hartan seigarren lekuan zegoen–, esportazio bolumen handiagoa lortu zuen 2008an 1997an baino. Bestela esanda, 2008ko esportazioak historia guztian egindako ugarienak izan ziren, eta munduko arma esportazioen %2,19 osatu zuten guztira, hau da, mota horretako balantza komertzialaren %0,51.

Salduenak aireontzi militarrak izan ziren 1998-2008 aldian; saldutako guztiaren %32 osatzen dute horiek, dirutan 970 milioi euro. Aireontzi militarren atzetik gerraontziak dira gehien saldu direnak; esportazioen %29 osatzen dute, hau da, 855 milioi euro. Hirugarren lekuan, irudiak sortzeko ekipoak edo kontramedia-ekipoak daude (kamerak, irudi infragorri edo termikoak osatzeko ekipoak eta radarretarako sentsore-ekipoak); esportazioen %11 osatzen dute horiek, 318 milioi euro, alegia. Laugarren lekuan daude erregai eta lehergai militarrak, esportazioen %10arekin (292 milioi euro). Bosgarren tokian, lehergailu, lehergailu su-eragile, torpedo, auto, ogiba-mutur, misil eta sakonera-kargen esportazioak (esportazioen %7 eta 198 milioi euro). Azkenik, seigarren lekuan daude ibilgailu militarren esportazioak, esportazioen %6arekin (186 milioi euro).

Esportazioen hartzaile nagusiak hauek dira: esportatutakoaren %36 EBra joan da eta %35 garapen bidean dauden herrialdeetara. Armen esportazioak kontrolatzeko Espainiako lege berriak ezartzen du ez zaiela armarik saldu behar zigortuta dauden, ezegonkorrak diren, gatazka armatua daukaten, giza eskubideak urratzen dituzten edo ongizate egoera kaskarra duten herrialdeei. Baina hala ere gatazkan dauden herrialdeetara (Kolonbia eta Israelera adibidez) eta tentsio uneak dituztenetara esportatzen da (Filipinetara, Indonesiara, Sri Lankara, Kenyara edo Tailandiara). Gatazka eta gerretan parte hartzen duten herrialdeetara ere bidaltzen dira armak, besteak beste Iraken eta Afganistanen legez kanpoko okupazio-tropak dauzkaten AEBetara eta Erresuma Batura. Munduko herrialde pobreenek ere, Burkina Fasok, Angolak eta Mauritaniak adibidez, jasotzen dituzte armak. Gastu militarrera, gizon-emakumeen garapenera baino diru gehiago bideratzen duten herrialdeetara ere esportatzen da: Angolara, Saudi Arabiara, Brasilera, Ekuadorrera, Arabiar Emirerri Batuetara, Jordaniara, Pakistanera eta Turkiara. Armen esportazioa kontrolatzeko lege berri hori kontuan hartuz, Tica Fontek galdera bat uzten du airean: “Nola interpretatu behar ditugu aipatutako herrialdeetara egiten diren esportazioak?”.
Euskal enpresek parte hartzen dute negozioan
Estatuan armamentua ekoizten duten bederatzi enpresa garrantzitsuenetatik gutxienez lau euskaldunak dira. Lau horiek, arma-produktuen hainbat osagai edo programa egiten dituzte. Hala azaltzen da beste aditu katalan batek, Arcadi Oliveresek, Espainiako arma produkzio eta esportazioari buruz 2002an egindako txostenean. Hauek dira aipatutako enpresa horiek:

- Zamudioko Industria Turbo Propulsores (ITP): hegazkinetako motorrak eta turbinak egiten ditu.
- Arabako Gamesa Industrial: osagaiak eta material konposatuen azpimultzoak egiten ditu hegazkin militarrentzat.
- Getxoko Sener: ingeniaritzako hainbat programatan parte hartzen du.
- Explosivos Alaveses (EXPAL): Gasteizko planta orain dela bost urte itxi zuen eta gaur egun Madrilen dauka bere egoitza soziala. Morteroetako granadak, jaurtigaiak, lehergailuak eta espoletak ekoizten ditu.
- Bederatzi enpresa arma ekoizle garrantzitsuenen artean ez badago ere, Sociedad Anónima Placencia de Armas (SAPA) dugu armagintzaren sektorean diharduen beste euskal enpresa garrantzitsu bat. Kanoiak egiten ditu.

Espainiako Estatuko gainontzeko enpresa arma-ekoizle garrantzitsuenak hauek dira: Construcciones Aeronáuticas (CASA), Izar Construcciones Navales (orain dela urte gutxi arte talde honetan sartuta zegoen Sestaoko La Naval), General Dynamics-Santa Barbara, eta Iveco-Pegaso. Madrilgoak dira guztiak.

Arma enpresen atzean akziodunak daude eta akziodun horiek ere probetxua ateratzen diote negozioari. Hauexek dauzkagu akziodun garrantzitsuenen artean: Alcatel, Amper, Banco Zaragozano, Caja de Ahorros Provincial de San Fernando, Caja Madrid, Daimler-Chrisler, El Corte Inglés, Ericson, Iberia, IBM, Nissan Motor Ibérica, Rolls Roice, Siemens, Banco Santander eta Telefónica. Euskal enpresa batzuek ere, Banco Bilbao Vizcaya Argentariak (BBVA) eta Construcciones y Auxiliar de Ferrocarrilesek (CAF) esate baterako, badauzkate akzioak armak ekoizten dituzten zenbait enpresetan.

Azkenak
Estefi Etxebeste
“Mentalki ongi prestatzea dirudiena baino garrantzitsuagoa da harri-jasotzean”

Abuztuaren 9an errekor berria ezarri zuen Estefi Etxebestek (Ituren, Nafarroa, 2002) Sunbillako Ramon Latasa pilotalekuan. 100 kiloko harria 59 aldiz goratu zuen, eta 2014an Idoia Etxeberriak ezarritako 56 altxaldiak gailendu.


Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.


2025-08-27 | Patxi Azparren
Askapen prozesu heterokroniko, poliedriko eta “kuantikoa”

Artikulu honek badu testuinguru bat lerroburuaren gainetik, Hernaniko Udalean Kontxita Beitiak aurkeztutako Euskal Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu ez izana. Harira!

Prozesu heterokronikoa

Kultura judeokristau, musulmana eta platonismoaren ustez, denbora aurrera... [+]


Kilate askoko abesbatza

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Le Concert des Nations. La capella Nacional de Catalunya.
Zuzendaria: Jordi Savall.
Abesbatzaren prestaketa: Lluís Vilamajó.
Egitaraua: Mendelssohnen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Denge eta chikungunya kasuak ugaritu dira Europan, klima aldaketak eraginda

Abuztuan chikungunya infekzio kasu bat atzeman dute Hendaian. Bero boladek, tenperaturaren igoerak eta eremu tropikaletara egindako bidaiek areagotu dituzte kasuak.


Eskola-itzuleran 400-500 euro artean gastatuko dute Hego Euskal Herriko etxeek, inkesten arabera

Testuliburuen mailegutza, berrerabilera edota bigarren eskuko azokak ugaritu badira ere, ikasmaterialak gastua izaten jarraitzen du etxe askotan, dirulaguntzak dirulaguntza. Eskola-itzulerak batez beste 400 eta 500 euro arteko gastua ekarriko du Hego Euskal Herriko etxeetan,... [+]


Muruzabal eta Zarrakaztelu suteengatik hondamendi eremu izendatu ditu Espainiako Gobernuak

Izendapenak ahalbidetuko du kalte ordainak ordaintzeko prozesuak hastea. Bi suteetan 500 hektarea baino gehiago erre dira.


Frantziako Estatuak “arriskuan” jarriko du EKE, dirulaguntzak 30.000 euro murriztuta

Iaz jasotakoarekin alderatuta, %15eko murrizketa jasango luke Euskal Kultur Erakundeak. Prentsa ohar batean, erakundeak adierazi du erabaki horrek "ondorio latzak" izango lituzkeela: esaterako, hainbat postu arriskuan egongo liratekeela eta kideei emandako dirulaguntza... [+]


Talde ekologistak:
“Auditoretza ekonomiko bat nahikoa izan da inbertitzaileak Muga meatze proiektuan atzera egiteko”

Ekologistak Martxanek eta Sustrai Erakuntzak diote txinatar inbertitzaileek atzera egiteak agerian utzi dituela Zangozako meatzearen "funtsik gabeko arrazoiak". Nafarroako Gobernuari eskatu diote "interes publikoari erantzuten ez dion proiektu defendaezina... [+]


Urruñako sukalde zentrala prest da herriko haur eta adinekoei tokiko elikadura prestatzeko

Herriko Etxeak elikadura burujabetzaren aldeko urrats handia egingo du 380 metro koadroko azpiegitura berriarekin. Sukaldeak haur eta adinekoentzako janari osasungarria eskainiko du, tokiko produktuekin eta tokiko laborantza indartuko du.


Mapamundiak Afrikaren benetako tamaina islatu dezala aldarrikatu du kontinenteak

“Mapak ez dira erreminta hutsa, sinboloak dira, eta mapa zuzentzea Afrikari buruzko narratiba globala zuzentzea ere bada; duintasun kontua da”. Afrikako Batasunak eskatu du munduan oraindik erabilienetakoa den mapa distortsionatua alboratzeko.


Euskal Selekzioak jokatuko du munduko Wallball txapelketan

Wallball txapelketa abuztuaren 27tik 30era jokatuko dute. Euskal Herritik aparte Argentina, Belgika, Erresuma Batua, Valentzia, Herbehereak eta Puerto Rico herrialdeek hartuko dute parte.


Oposizioari aurrea hartuz, Bayrou konfiantza mozio batera aurkeztuko da irailaren 8an

"Gehiengoa lortzen badugu, gobernua berretsiko dute; bestela, erori egingo da", adierazi du Frantziako lehen ministroak. LFI Frantzia Intsumisoak, Frantziako Alderdi Komunistak, ekologistek, Alderdi Sozialistak eta RN Batasun Nazionalak, ordea, dagoeneko jakinarazi dute... [+]


Wagner birformulatua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Kursaal Zikloa. Espainiako Orkestra Nazionala.
Zuzendaria: David Afkham.
Egitaraua: Wagnerren ‘Der Ring ohne Worte’ (Lorin Maazelen moldaketa). Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren 22a.

---------------------------

Oraingo... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez 20 pertsona hil ditu, tartean bost kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean bost kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Eguneraketa berriak daude