"Terrorismoaren aurka legea gehiegi behartu da"

  • “Egunkaria irakurri ezkero dena berria dela erakutsiko dizute, baina historia liburua irakurri ezkero berehala ohartuko zara, egunik egun, zaharra errepikatu besterik ez dela egiten”.  (Joseba Sarrionaindia)
Iñaki Gabilondo
Iñaki GabilondoDani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
“Ez esan gure amari kazetaria naizenik, nahiago dut burdel batean pianoa jotzen dudala pentsatzen segi dezan” dio errefrauak.
Kazetari ofizioaren prestigio arraroaren isla da. Hain eskasa, ñimiñoa, ezdeusa izatera iritsi da… Azken berrogei urteotako bilakaera bizi izan dut barrutik eta oso esfera kaotikoa gara egun. 70eko hamarkadan, gizarte moderno eta demokratiko batekin zerikusia zuten egituren faltan, denok genbiltzan zer-suma, zer-ikasi. Paperezko parlamentua zeritzona zen esperantza eta aitzindaritzaren ikur. Bekatu propioen eta gehiegizko esajerazio eta sinplifikazioen erruz ordea, denborak arras korapilatu du kazetaritza, bere prestigioa zapata-zolen heinera apalduz. Dena esaldi batez betiko etiketatzen den garaiotan, enpresekiko konpromiso itsuarekin lotzen da kazetaritza, posizio politiko bat edukitzeko eskubidea independentziarekin nahasiz. Jendeak uste du ezin dela independentea izan ezkerrekoa edo eskuinekoa izanez, baina bai, izan zintezke independentea kolore jakin batekoa izanda, eta alderantziz. Independentzia zure iritzien autentikotasun, benetakotasun, eta zintzotasunarekin lotuta dago, inoren aginduei men ez egitearekin.


Sinetsi liteke zinez kazetariaren independentzian?


Lortzen izugarri kostatzen da, oso garesti ordain zenezake, baina existitzen da. Zoritxarrez, nahaste-borraste paradoxiko handi bat dago. Independentea den jendeari pausatzen zaio galdera hori beti, ez menpean dagoenari. Prestigio bat lortu duzunean, zure izenak pisua hartzen duenean, medio baten ikur bihurtzen zarela dirudi, baina justu hori da inork ezer esaten ez dizun unea. Ofizioan nor naizenetik inor ez da ausartu zer egin eta zer esan behar dudan iradokitzera. Horregatik egiten genuen barre Jimenez Losantosek SER-etik Moncloara entxufatzen nindutela esaten zuenean. Alabaina, galdera hori ez zaio pausatzen bere erkidegoko subentzioen mende bizi den medio txiki bateko langileari.

Sekula inork jarraitu beharreko bidea iradokiko balizu...


Aurre egin beharko nioke, desafiatu, eta lehen mailako auzia den ala ez hausnartu. Lehen mailako auzia balitz garbi izango nuke nire duintasuna legokeela jokoan. Lanbidean daramatzadan 40 urteotan, ulertuko ez ziren ikusmoldeetara hurbiltzeak eragiten duen deserosotasunean sarri egon naiz, baina hil ala biziko hiru hordago baizik ez ditut izan, eta hiruretan eutsi diot nireari. Pultsua beti dago, baina aldi bakanetan iristen da muturrera. Askoz gutxiago hitz egiten da, ordea, adierazpen askatasunaren etsai gorrienaz, langabeziaz. Bai, adierazpen askatasunaren egiazko arerioa soldata miserablea da, luzatu litekeen hiru hilabeterako kontratua. Erredakzioak programa arrosetako platoari noiz su emango dion ikusteko zain nago. Gazte batek hutsaren hurrena kobratzeko ero baten pare lan egiten duen bitartean, enpresa berak auskalo zeinekin oheratu den pirata bati milioikadak ematen dizkionean, zer egin behar du? Gerra galdu bat iruditzen zait sarri.

Arazoa da zuretzat anaia ministro izatea?


Ez deserosotasun naturalaren haragoko arazoa. Anaiari ez litzaioke sekula santa bururatuko ezer leporatzeko deitzea, eta niri ere ez zait otutzen pribilegiozko mesederik eskatzea. Harreman politiko, publizitario eta enpresarialak askoz modu sutilagoan garatzen dira, bide sigi-sagatsu bezain ikusezinetan mugitzen da dena. Ez du inork sinesten nagusia kafe-makinara azaldu eta “Iñaki, hau esan behar duk” agintzen digunik. Afinitate eta konplizitatearen bidez bideratzen dira seinale horiek, azken muturreraino batzuetan, eta behin horra helduta, norberak erabakitzen du birjintasuna galdu ala ez.

Jendeak ez omen ditu hedabideak errealitatearen berri izateko kontsumitzen, bere iritzia sendotzeko baizik.


Komunikabideak eliza moduko bihurtu dira, bakoitza bere kolorekoa, baina denak elizak. Egia da, neurri batean, medio bat pentsamendu politiko batek markatzen duela, baina horrek ez du esan nahi erredakzio horretako kide bakoitza alderdi horren morroi denik. Gure errua da, alta. COPEk PSOErekiko morrontza leporatu dio SER-i, SER-ek obispoen ahotsa izatea COPE-ri, eta elkarri sinesgarritasuna kendu diogu, jendeak amua irensteraino. Baina goazen Frantziako hedabideak aztertzera. Ez dago frantses bat Le Monde Le Figaro baino ezkertiarragoa dela ez dakienik, baina inork ez du uste alderdi sozialistak diktatzen dizkionik artikuluak. Afinitate errespetagarri hori berreskuratu behar dugu gurean, zilegi eta bidezkoa delako, sanoa. Ea behingoz bentrilokuoaren panpina izateari utzi eta zulo etsigarri honetatik irteten garen.

Zer paper bete behar dute kazetariek herritarrek eurek nahi dutena produzitu behar dutela uste duten mundu global honetan?


Hor jokatzen da lanbidearen geroa. Komunikazioaren industria komunikazioaren jabe egin da, ordea. Daukaguna transmititzeko industria solidario bat ezinbestekoa zaigu, baina industriaren jabeek saltzea baizik ez dute buruan, eta kazetariekin konplizitate bat egon arren, bi helburu sorta oso desberdin dira bat eta besteena. Historian zehar pultsu jasangarria eman da beti, baina azken urteotan, mundu ekonomikoa gizartearen arlo guztietako jabe egin da, eta baita hedabideena ere. Lanpostu baterako, txistua jo orduko ehun lagun baino gehiagoko ilara dagoen momentutik garbi dago nork agintzen duen. Orduan, kazetaritzaren ikuspegitik kontra egin arren, gehiago saltzeko azalean amona biluzik atera behar bada ateratzen da.

Komunikazio enpresek poltsan kotizatzen dute, eta helburu ekonomikoek erabateko lehentasuna daukate. Beraz, zer egin behar du kazetariak gizarteak enpresari hainbesteko boterea ematen badio eta enpresak txanpona baizik ez badu ikusten? Ez daukat erantzunik. Dakidana da ofizioa arriskuan dagoela, eta kazetaritzaren geroari buruzko kongresuetan ere, enpresaren etorkizunari buruz baizik ez dela hitz egiten. Ez da sekula hitz egingo, dagoen gai mordoa egonda, zergatik hitz egiten dugun denok betiko dozenaz. Inork ez du azalduko zergatik zentratzen garen kolpetik denak munduaren iskina batean, eta zergatik ahanzten dugun gero, arazoak bertan jarraitu arren. Kazetaritzari estuki lotutako kezkagai andana dago, baina errazagoa da nonbait, enpresaz eta jostailu teknologikoez hitz egitea.


Erraza da zure herrian ixten diren egunkariei buruz hitz egitea?


Ez zait zipitzik gustatzen, eta kasu hauetan, inora ez garamatzan zentzugabeko zerbait da, handik gutxira izen desberdin baina egitura berarekin beste egunkari batzuk ateratzen baitira. Terrorismoaren aurkako borrokan legea gehiegi behartu da, eta irristada juridiko izugarriak ikusten ari gara. Estatuaren aldetik estrategia antzua begitantzen zait euliak kanoiez hil nahia. Ez dut sinesten problemak itxiera eta debeku bidez konpontzen direnik. Egia da, egunkari horiek terrorismoa bezalako gai bihozgabe batekiko oso mugan ibili direla beti, elkartasuna, babesa eta informazioa oso era labainkorrean korapilatuz, eta horrek begirada judizial berezi baten diana bihurtu dituela. Baina hala ere, ixtea oso-oso gaizki iruditzen zait, eta espero dut berriz ez gertatzea. Pentsaezina da arazo bat konpontzeko bonba atomikoa leherraraztea. Ezin duzu problema bat debekatu edo itxi, aurre egin behar diozu. Irabazi ala galdu egingo duzu, baina humanitateak problema bat debekatzen saiatu denero hanka sartu du.

Ez al duzue hanka sartzen Espainian Euskal Herriaz ematen duzuen irudia emanda? Benetako irudia dela uste duzu?


Euskal Herria poliedrikoa da eta errealitate asko ditu. Ez dut uste ez denik errealitatea ematen errealitate guztiak agertzen ez direlako. Kontatzen dena egia da, baina ez da dena kontatzen, dena kontatzea ezinezkoa delako. Gainera terrorismoaren inguruko berriek asko markatzen dute egunerokotasuna. Ez da halabeharrez euskal gizartea horretara ohitu delako deigarria ez dela. Oso zaila da horri men ez egitea. Horretaz gain, nortasun bikoitza du Euskal Herriak, sozialki, kulturalki edo ekonomikoki Europaren puntaren puntan dago, baina harreman gaixo eta gaiztotuz jositako mundu rural bezain klasikoa ere badu. Uneotan, PPko bilbotar bat eta ezker abertzaleko ataundar baten arteko diferentzia suediar eta txinatar baten artekoa baino handiagoa da. Bai, bai, hondartzara pateran hil-zorian iristen den polizoia eta Nivea baloiarekin hondartzan dagoen amona mardula elkarrengandik gertuago daude. Horrek dakarren desgaste soziala izugarria da.

Ni terrorismoaz gain gehien mintzen nauena, “herri zapaldua” bezalako terminoen erabilera da. Ez ditut onartzen. Gorde ditzagun hitzak euren arlorako, euren errealitaterako. Europa oparoaren bihotzeko gizarte oparoagoan bizi gara. Horrek ez du esan nahi gehiagorako eskubiderik ez dugunik, baina ezin ditugu gauzak hil ala biziko terminoetan planteatu. Hori da nik ikusarazi nahi dudana. Oso errealitate konplexuan bizi garela, barrabaskeriak ematen direla, baina aurpegi aberats eta ederrak ere badirela.


Zer iruditzen zaizu azken hauteskundeetako Jaurlaritza aldaketa?


Esango nuke Euskal Herriak ez duela soluziorik izango soluzio transbertsal bat ez bada. Dena probatu da, bakoitzak nahi duena amestu du, baina… Jaurlaritza abertzale bat osatuta indar espainolistak desagertuko zirela uste zen, baina ez, eta kontrakoa ere ez da gertatuko. Zentzu horretan hurrengo hauteskundeek ere ez dute ezer aldatuko. Luparekin begiratuta bai, batzuk bi igo, eta besteak hiru jaitsiko dira, baina bi errealitateak hor daude, eta ezin dutela elkar suntsitu ohartzen ez direno, hau ez da konponduko. Osatu berri den Jaurlaritza gertakizun zerrenda amaigabe baten ondorioa da, eta goiz ala berant, irekitzera eta zabaltzera jo beharko dute. Errealitate bakarreko gobernua abiapuntu bezala baizik ez zait bidezkoa iruditzen, euskal gizartea ez baita inora iristen ahal PSOE-PP gobernu batekin. Odon Elortzak dioen legez, EAJ, Aralar eta gisakoak bertara erakartzeko gai baldin badira ondo, baina bestela jai dago. Ohartu beharko dugu gure familia ez-ohiko samarra dela, alaba zaharrena emagaldua delako, bigarrena serora, hirugarrena homosexuala, eta laugarrena futboleko txapelduna. Hori hala, jakina familia bat izateko eskubidea daukagula, baina goazen ulertzera izango garen familia mota denon arteko akordio baten ondorioa baizik ezin dela izan. Alegia, ezingo garela denak emagalduak ala mojak bizi nahi duten bezala bizi. Denen posturek porrot egin dutela konprenitzen ez deno, inork ezin izango du irabazi, eta aurrera egitekotan, hasieran inorena ez den baina azkenean denona izango den ikusmoldea atzeman beharko da. Baina inork ez du hori onartu nahi, eta denak daude gertatu ezin den zerbaiten zain. Nik etsi dut.


Aznar elkarrizketatzeko ere etsi duzu?


Tarteka eskaera bidaltzen dut, oso morboso eta dibertitua litzateke. Irakeko gerrak eta Euskal Herriko gatazkek daukate gure arteko amildegiaren errua. Euskal gatazkaren aferan, terrorismoa eta abertzaletasuna lotzeko operazioan hasi zenean niri gehiegizkoa iruditu zitzaidan, eta bere alde ez zegoen oro bizitza eta askatasunaren aurka zegoela esaten hasi zen. Irakeko gerra hasi zenean pufo ikaragarri bat muntatzen ari zirela begi-bistakoa zen eta guk salatu egin genuen. Ordutik ez dit barkatu, kito. Martxoaren 11 etorri zen gero, eta beste pufo bat zetorrela berehala igarri genien. Teorian, inork ez zekien nork egin zuen atentatua, hilotzak hondakin artetik ateratzen ari ginen, eta hauek munduko Espainiako enbaxada guztietan eta NATOko segurtasun kontseiluan ETAren aurkako gaitzespen agiri eske ari ziren. Egunean bertan, krisi kabinete bat antolatu zuten, CNIko burua konbokatu gabe. Usain txarra hartu genion, eta hariak lotzen hasi ginen. Aznar konbentzituta dago gure erruz galdu zituela PPk hauteskundeak, erraietaraino sartuta dauka, Jainkoak belarrira xuxurlatu izan balio bezala. Baina zergatik egin zuten egin zutena ez bazen hauteskundeetan geundelako? Ordutik ez dut Aznar kalean ikusi, baina inpresioa daukat gurutzatuko garen unea, ederra izango dela.
Nortasun agiria
1942ko urriaren 19an jaio zen Donostian. Postu askoren artean, TVEko albistegietako buru izan eta, SER irratian Espainiako irratigintzaren historian audientzia altuena lortu duen programa zuzendu eta aurkeztu zuen. 1960ko hamarkadan, Argiako zuzendari formala ere (praktikan ez) izan zen, hedabide bateko zuzendaria izateko kazetari titulua behar baitzen ezinbestean. Egun, Cuatro telebista kateko informatiboetako buru eta aurkezlea da.
Galde shorta
Felipe Gonzalez
Oso gora eta urrutira begira jarri, baina askotangertuan zeukana ikusi ez zuen talentu handiko gizona.
Aznar
Bere bigarren legegintzaldiak erakutsi zigun bere benetako aurpegia.
Arzalluz
Arzalluz asko egon dira. Bere herriaren kontraesan asko zuzendu eta ordezkatu dituen patriarka.
Otegi
Adorerik izan ez duen balio handiko gizona.
Ibarretxe
Borondatearen bertutetik burugogorkeriaren akatsera pasa zen gizona.
Zapatero
Bere optimismo antropologikoak ingenuitatea izaten bukatu du.
Patxi López
Misterio bat. Pausatua dirudi, oxala hala balitz.
Raxoi
Bigarren handi bat, baina lider eskasa.
Sarkozy
Frantsesak presidente gabe utzi dituen enperadorea.
Obama
Ez zait argazkia ateratzen, azkarregi doa.




ASTEKARIA
2009ko azaroaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko

NBEren txosten batek azaldu du Beasaingo enpresak lagundu egiten duela Israelgo legez kanpoko kolonien hedapenean. Amnistia Internazionalek deialdia egin die gobernuei “urgentziaz” esku hartu dezaten txostenaren ondorioekiko.


2025-07-04 | ARGIA
TindEHEr egitasmoa: gazte-taldeen arteko ‘matxak’ euskaratik eta euskaraz

Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eskura izango ditu 2026tik aurrera

Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.


Lurramak “Bihar ere laborari” lelopean ospatuko du 20. urteurrena

Laborantza herrikoia eta jasangarria bultzatzen duen azokak 20. urteurrena beteko du. Azaroaren 7tik 9ra antolatu duten erakusketa eta merkatuan parte hartzera dei egin du.


Hau altxorra, geure geurea!

-Kax, kax, kax.

-Aurrera!

Maratila kirrikariari buelta eman eta barrura.

Hor zaude zure Donostiako Ibaetako EHUko bulegoan, eserita, lanean, aurrean mahaia bete irakurgai. Hor daude zure poltsatxo beltza lurrean, zure erlojua, ohiko legez, eskumuturrean beherantz buelta... [+]


Amurrioko Correoseko langileek mobilizazio gehiago egingo dituzte, zuzendaritzak ez baitu kontrataziorik egin gainkarga konpontzeko

Hiru eguneko greba egin zuten ekainean eta enpresak ez ditu bete adierazitako konpromisoak. Horien artean zegoen udako oporren hutsuneak betetzea, CCOO sindikatuak azaldu duenez.


Leire Martinez, Equala berdintasun aholkularitza
“Zaila egiten zaio gizarteari onartzea albokoa izan daitekeela erasotzailea”

Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.


Tomasita Quiala, munduko “bertsolari” txapelduna

Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]


B hepatitisaren kontrako txertoaren garrantzia azpimarratu du NOPLOIk

2023tik 2024ra erregistratutako kasuak aztertu ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Arreta berezia jartzen dute haurtzaroan, zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta errazagoa delako hepatitisa kronifikatzea.


Eguneraketa berriak daude