Halaxe nago, pertzentiletaraino egina. Ez dakit, irakurle, Jakoba Errekondok eskaini nahi izaten digun beste sagardo hori antzeman dezakezun gaian edo, beste barik, estatistikoen patologia neure inguruan baino ez den ematen. Haurren luzera eta pisuaz ari naiz. Gure gizarteko haurren luze astunak guraso asko kezkatzen du. Euren haurra %50eko pertzentiletik gora ikusi nahi dute beti, bai pisuan baina, bereziki, luzeran; “Tauletatik gora” hazi direnak ere, salbuespen baino, ia arau bihurtzeraino. Eta adin ezberdineko haurren konparaketa ahalbidetzen duenez, horrelako pitokeriak galdetzen dizkizute edozein domeka goizez: “Zuen alabak zenbateko pisua zuen 2 urterekin? Zein pertzentiletan zegoen?”. Norbere adina edota pisua ezkutatzera edo mozorrotzera jotzen duten “helduok” eurok, sekulako garrantzia ematen diote euren seme alabenei. “Pisuan ondo, %50eko pertzentiletik gora eta, garaieran, bikain, %90etik gora”. Ez da posible gure saskibaloi taldeetako bihar etziko jokalari guztien gurasoak neuk ezagutzea. Pertzentiletaraino egina nago.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.