Etxean uso

Etxean otso eta kanpoan uso denari gaitz iritzi dio euskal tradizioak. Etxean uso izan behar baita. Otso, berriz, inorekin izatekotan, kanpokoekin hobe. Horra, nonbait, gizalegea gurean.

Ez gara bakarrak, bistan dena. “Con la patria, como con la madre, con razón o sin ella” aldarrikatu izan dute espainolek, zenbait konturen ukiezintasuna azpimarratzeko tenorean. Ez dakit norainoko kontsolagarria den, hala ere, toki guztietan zakurrak oinutsik ibiltzen direla jakitea.

Etxean uso dugu euskal kultura. Usotasuna du ezaugarri. Otsotasuna, lege zaharrera. Bertzeekin. Ulergarria da, neurri batean. Ulergarria, ez bakarrik giza talde guztiek etxeko sua etxeko hautsekin itzaltzeko duten berezko joeragatik. Guti gara, guztiak elkarren artean ezagun(egi)ak eta, gainera, baliteke stand berean suertatzea Durangoko hurrengo azokan. Ez dira horiek elkarrekin muturka ibiltzeko baldintzarik hoberenak.

Horri, gure egoeraren pertzepzioa gehitu behar. Setioan bizi gara. Inguraturik gauzkate etsai gogorrek. Edo –gauza bera dena– horren irudipena aski zabaldua da gure artean. Egunero irakurtzen edo aditzen ditugu kanpoko izterbegien aitzinean “batasunerako” eta “denok bat egiteko” deiak. Ez da aise arrastotik ateratzea. Nork ez du haurridearen arnasa sumatu nahi, elkarrekin besoz beso ibiltzean?

“Lehenagoko bertsolariak zirika aritzen ziren entzulearekin. Oraingoak, musuka”. Halakoa ez bazen halatsuko arrazoia aditu genion duela zenbait urte Atxagari. Halakoxea, orokorrean, euskal kultura ere. Salbuespenak salbuespen, musuka entzuleari, musuka irakurleari. Batez ere entzule eta irakurle mota jakin bati.

Kritiko izan beharra aipatzen dugu maiz kultur adierazpideez ari garelarik. Zorrotz izan beharra. Egiazki, hitz horiek kanpokoekin eta kanpokoez aritzean baizik ez ditugu egiazki gauzatzen. Barnerako, errana da, usotasuna dugu gure horren ezaugarri nagusietarik. Usotasuna, etxeko batzuendako bereziki. Edo horiekin baizik ez.

Paradigmatikoa da, alde horretatik, euskarazko hedabideen jarrera. Euskal prentsa idatziarena, bereziki. Kanpokoei hortzak erakusten dizkie, otso itxuran. Kanpokoek, alabaina, ez dute irakurtzen. Badu antzerkitik zerbait, beraz, haren matxino eta errebel plantak. Etxe barnean otzana baita oso. Mintzeko beldurra du. Batez ere batzuk mintzeko beldurra.

Euskal prentsak ez du gure aferen gaineko eztabaidarik pizten. Eta eztabaida abiarazia dagoenean, isilarazteko tresna bilakatzen da maiz, badaezpada ere. Euskal prentsa irakurrita, oasi bare bat irudituko zaio irakurleari euskal kultura eta euskararen mundua. Korrikan presoen argazkiak ateratzeagatik etsaiak eta erdaldunak baizik ez dira mintzen. Ikastolen mugimenduan ez dago barne krisirik.

Gurea ez da oasi barea, alabaina. Gureaz ikusmolde ezberdinak daude. Zenbaitetan, bateraezinak. Eztabaidak, izan, izaten dira, hortaz. Ez, ordea, bere eremu naturalean, erdal prentsan baizik. Mundu errealean, erranen nuke, krudelegia ez balitz.

Ez dakit ohartzen garen. Etxean edo etxeko batzuekin hain uso izatearen poderioz, are gehiago txipitzen ari gara gure prentsa berez txipia.

ASTEKARIA
2009ko irailaren 06a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude