Birmoldaketak Euskalduna hondoratu eta Naval berpiztu zuen


2009ko uztailaren 26an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Joan den mendeko 80ko hamarkadan Felipe González buru zuen PSOEren gobernupean, Euskal Herriko sektore nagusien birmoldaketa basatia egin zen (siderurgia, ontzigintza, altzairu bereziak, altzairu arrunta, ekipo ondasunak, etxetresna elektrikoak, makina erreminta eta abar). Ondorioz enpresa asko itxi zituzten, beste asko langile kopurua larriki murriztuz egokitu ziren, eta beste batzuk berrantolatu eta fusionatu egin ziren.

Sektorearen mundu osoko krisia zela-eta EEEk ezarritako eskakizunek eragin zuten ontzigintzaren birmoldaketa bereziki larria izan zen Nerbioi ibaiaren ertzean, 1900eko apirilaren 3an sortutako Euskalduna ontziola historikoa itxi zutelako, eta zuzeneko eta zeharkako milaka lanpostu galdu zirelako. Birmoldaketak Olabeagako eta Asuako Euskalduna ontziola hondoratzea ekarri zuen eta Sestaoko Naval, aldiz, aurrera atera zen. Biak AESAren (Astilleros Españoles S.A.) barruan zeuden garai hartan. Egun Musika eta Dantza Jauregia den Euskaldunako langileek greba luzea egin zuten ontziolari eusteko. Borroka horren ondorioz langile bat hil zen: ontziolaren barruan poliziak bortitz eraso zuen eta langile hori erori egin zen, polizien eraso gogorrak eragindako bihotzekoak jota, seguruenik. Hain zuzen, erreportaje honen egilea auzipetu zuten heriotza horretan poliziak izan zuen erantzukizuna Egin egunkarian salatzeagatik. Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen. Bista judizialaren ondoren, absolbitu egin zuten.

Euskal sindikatuek, gizarte mugimenduek eta zenbait alderdi politikok Euskaldunaren itxiera “politikoa” izan zela salatu zuten. Izan ere, ontziola hori Estatuko AESAko beste batzuk baino errentagarriagoa zen, baita Sestaoko Naval baino errentagarriagoa ere. Sindikatuek erantzukizun handia izan zuten birmoldaketa haietan eta, Sestaoko Navalen nahiz AESAko beste zenbait ontziolatan UGTk eta CCOOk gehiengoa zutenez, euskal ontziolaren bat ixtekotan Euskalduna ixteko presioa egin zuten, Euskaldunan ELA baitzen nagusi. Eta horixe gertatu zen. Deustuko zubiko eguneroko “guduak”, gose grebak, itxialdiak eta manifestazioak alferrikakoak izan ziren eta PSOEren Gobernuak Euskalduna ixtea eta Navali eustea erabaki zuen.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude