Josu Zabala Hertzainak taldeko kideak Deian, duela 25 urte plazaratu zuten lehenengo diskoaz: "Dakidana da Gasteizen izan zuen harrera. Han ikaragarria izan zen. Kolpe itzela. Nire ustez Gasteiz zen garai hartako kultur hiriburu, erreferentzia bat, eta laster batean zabaldu zen. Oso kontu berezia da euskal rocka euskaraz oso gutxi mintzatzen zen lekuetan agertu izana. Azkoitin Jotakie zegoen eta eurek arrakasta gutxiago izan zuten, esaterako. Mantsoago zabaldu zen euskaraz eginiko rocka leku euskaldunetan; besteetan masiboa izan zen".
Iñigo Muguruza Sagarroi taldeko kidea elkarrizketatu du Bizkaie! atariak. Zinemagintzaz aritu da: "Pare bat film labur eginda daukadaz, baina orain zinegintzea guztiz baztertuta daukat. Konplikatua da mundu hori, dirua lortu behar da, produkzino lanak egin eta lan hori guztia sano neketsua da. Berandu da oraindik film laburra filmetako zailtasun handiak izan nituan. Ez dakit nork esan eban ez zala sekula filmau behar ume eta animaliakaz eta nik konprobau ahal izan neban hori egia borobila dala".
Manex Pagola idazle eta kantariak Euskonews & Media agerkari elektronikoan: "Aktualitatea segitzen dut. Kantaldiak, bertsu saioak, antzerkiak... Horiek denak ikusten ditudalarik, iruditzen zait irauten dutela harrigarriki. Bada eskaintza zabal bat, gehienetan kalitate handikoa, edozein sailetan. Oso pozik nago potentzial handi bat ikusten baitut. Eskaintza guzi hori proposatzeko lan anitz egin behar da. Eta harritua naizela diot ditugun baliabideak ez baitira batere handiak. Nire iritziz kulturgintzan egiazko baliabideak beharrezkoak dira euskal kulturak iraun dezan. Ikusiz diren medio guztiekin dagoen ondorio ederra, behar diren medioak izanez geroz, emaitza oraino eta aberatsagoa izanen zen".