Musika


2009ko maiatzaren 03an
Juanjo Olasagarre
Judit Fernandez
Musikarena, Eider, besterik gabe aipatzen nuen, esana utzi nuen soziologia merkea egiten ari nintzela, baina dena dela touché.
 
Hala ere, bihoa galdera: zergatik da La Pollarena Madonarena baino autentikoagoa? La Pollak, zugandik jakin dut, Eider, Records epaiketa baten bidez galdu zutela, autentikoak izatera “vivir de prisa y hacer un bonito cadaver” hura bete beharko zuten, eta ez aitondurik jo eta jo aritu.
 
Autentikotasunaren roilo horrek nazkatu egiten nau. Barkatu, badakit ez duzuela zuek plazaratu, baina askotan izaten da autentikoa-faltsuaren arteko dialektika gurean, autentikoaren alde, jakina. Uste dut gainera, plaza honetan bertan mintzatu naizela, errepikatzen naizen seinale. Ni ez naiz inoiz autentikoa izan, beti faltatu izan zait zerbait. Nire herrian ez nintzen nahiko herritar, ez nituen manerak, beti aritzen nintzen tipikotasuna kritikatzen. Gero, giro homosexualetan ez nintzen nahikoa gay, luma falta zitzaidan (barrezka ikusten ditut nire zenbait gay lagun txistea egina utzi diedala eta) herrikoegia nintzen, baskoegia, hori ere esan didate. Autentikotasunak normaren agintea estaltzen du eta gurea bezalako kulturetan askotan kistcharekin zer ikusia duen zerbait da.
 
Dena dela, musika beti izaten dugu oroitzapenekin lotuta eta nik, zer esanen dizuet, ez ditut laurogeiak modu baikorrean bisitatu. Egin, egin beharko nuke eta Zarama zenbat gustatzen zitzaidan, zaidan –baina posible da orainean ez den zerbait maitatzea?– gogoratu. Eta Hertzainak baita ere, zenbat dantzaldi, eta zenbait eztabaida, baina baita ere zenbat sentsazio ilun, zenbat galdera, zenbat polit, alai izan zitezkeen une erreka joak, nahikoa ez genekielako, tenkortzen ginelako, ezker izatea gogor izatearekin nahasten genuelako.
 
Jotakie taldea ere asko gustatzen zitzaidan baina orain talde batekin gelditu beharko banu, Radio Futurarekin geldituko nintzateke. Enamorado de la moda juveniletik La negra floreraino izan zuten garapenarekin. Ala The Smiths bururatu zait orain, nahiz eta letrak ez ulertu, talde gay bat zela esan zidatenean hartu nien kariñoarekin. Ala The Clashen London calling... urtetan paratu dut bolumen izugarrian etxea garbitzen aritzeko.
 
Baina jada ez ditut entzuten, nire musikarekiko harremana, nagusiki ez delako musika maitale batena, baizik eta sentimental batena. Musikak bizitakoa baino ez dit gogoratzen, eta ez da izaten musika bera, kanten antolamendua, noten ordena, gitarren joan-etorria, kantariak estrofari nola ekiten dion erreparatzea. Azken finean niretako musika soinu banda baino ez da izan. Gero hasi naiz musikari berari erreparatzen, arestian aipatutako ezaugarri horiei. Eta kostatu egiten da, ez pentsa. Hasteko musika entzuten paratu behar duzu zure burua, ezer gehiago egin gabe entzun. Nekeza egiten da hasieran irudimenari eta gogoetaren kiribiltzeari eustea eta horretan kontzentratzea.
 
Ez naiz purista paratuko eta artearen hutsaltzeaz arituko. Baina kontsumoaz gain ederretsi nahi dugun edozein gauza kostatu egiten da. Nekeza hasieran ariketarekin erraztu egiten da. Horretan ari naiz. Eta ulertzen dut Katixa, Eider, artikulu honek nondik heldu ez edukitzea. Ez dut aitzakiarik, idazten ari bitartean entzuten ari naizen Goreckiren hirugarren sinfonia ematen ari natzaion tratamendua ez bada. Beno beti geldituko zaigu Gu gira, The come back, nostalgia basque nostalgia arintzeko.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude