Elektra

  • Fina Casadelrrey ::Ez ezkondu, aita!

    Elkar

    orrialdeak ::175

    prezioa ::13.30€

Blanca-Ana Roig Rechou irakaslea Fina Casalderreyz aritu zen Galiziako haur eta gazte literaturaz eginiko azterketa berri batean; honen idazkera poetikoa eta protagonistarekiko identifikazioa aipatzen zituen ezaugarri nagusien artean. Baina bada beste bat, gaiari dagokionez, aztertzen ari garen liburu honekin zerikusi handia duena; familia barruko egoerak islatu nahia, alegia. Adopta dezaten eskatzen duen aitonaren kontua eskaini zigun duela urte batzuk idazle galiziar honek, baita etxean txakur bat izateak dakartzan ondorioak ere. Oraingoan, aldiz, izenburuak berak adierazten duen bezala, aita baten eta honen alabaren arteko kontuak azaltzen zaizkigu.

Ez ezkondu, aita! liburua ospitalean dagoen neskato baten ikuspuntutik abiatzen da. Elia ingresaturik dago ospitalean eta hasieratik adierazten digu bere egoera: “Duela gutxira arte zoragarri geunden, baina arazo handi bat sortu zait, eta ez dakit nola konpondu.” (9. or.). Irakurleak bi narratzaile aurkitzen ditu kontakizunean, Elia, lehen pertsona erabiliz, eta hirugarren pertsonaren bidezkoa narratzaile orojakilea. Bi narratzaile hauek tartekatzen dira Eliaren historia ezagutu dezagun eta, aldi berean, protagonistarekiko identifikazioa izan dezagun, gertakariak honen ikuspegitik azalduko baitzaizkigu zenbait kasutan.

Eliaren egoera ulertzeko iragana eta orainaldiaren arteko joan-etorriak izango ditugu, ospitaleko egonaldiarekin batera Eliaren ama hilez gero hauen bizitza nola joan den aldatzen ikusi ahalko dugu. Neba txikiaz erditu ondoren etxerako bidean kotxe istripua izan zuten gurasoek eta ama hil. Harrez gero Eliak ez du emakumezkorik onartu etxean. Egoera, baina, guztiz okertzen zaio aita maitemindu eta beste emakume batekin harremanetan hasten denean.

Casalderreyk Eliaren historia kontatzeko bi narratzaile erabiltzen ditu, arestian aipatu bezala, eta narrazioa lau ataletan banatzen du –lehena 14 kapituluz osaturik, luzeena; eta azkena, 3 bakarrik dituela, laburrena– egun bakar bateko kontakizuna bilduz. Jakina, istorioak ez du erritmo bera denbora guztian, 175 orrietan gertakari eta gogoeta ugari biltzen dira, lehenak “arazo handia” ulertzen laguntzeko, eta ondoren, batik bat hirugarren eta laugarren ataletan arazoaren korapiloa askatzen laguntzeko. Baina modu batean edo bestean, darabilen egituragatik eta narrazioaren erritmoagatik, idazleak berriro erakutsi digu irakurlea harrapatzeko duen gaitasuna, istorioak kontatzeko duen abilezia.

ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Eguneraketa berriak daude