Albany (AEB), 1863. Phelan & Collander billar bolak fabrikatzen zituen enpresak 10.000 dolarreko saria eskaini zuen, bolak egiteko material berria asmatzen zuenarentzat. Ordura arte, bolak boliz egiten zituzten, baina material garestiegia eta urriegia zen.
Dirutzak erakarrita, Hyatt anaiak ordezko materialaren bila hasi ziren laborategian. Halako batean, Wesley Hyattek (1837-1920) ebakia egin omen zuen, eta zauria estaltzeko zelulosa nitratoz, kanforrez eta alkoholez egindako ukendua prestatu zuen. Nahasketa lurrera jausi zitzaion eta, lehortzean, zerrautsa eta papera batzeko propietatea zuen geruza fina eratu zen.
Bide horri heldu zion Wesley Hyattek ikerketan aurrera egiteko. Arazoak izan zituzten, zelulosa nitratoa lehergaia delako, eta nahikoa kanfor nahastu ezean, bola batzuek eztanda egiten zuten. Baina azkenean, asmatutako produktuari presio handia eragitean, billar bolak egiteko aproposa zirudien materiala lortu zuen. Lehen plastikoa asmatua zuen honenbestez, eta zeluloide izena eman zion.
Produktua 1870ean patentatu zuen, eta 1872an merkaturatu zen. Ez dakigu Hyattek Phelan & Collanderrek agindutako 10.000 dolarrak jaso ote zituen, baina ez dirudi horrek asko kezkatu zuenik, patente hark askoz gehiago emango ziolako, ziurrenik. Billarrean ez ezik, plastikoak industrian eta gizon-emakumeen bizimoduan iraultza ekarri zuen berehala.
Kimikariak plastiko berriak sortzeari ekin zioten, ehundik gora mota asmatzeraino; 1906an, esaterako, lehen plastiko erabat sintetikoak erabiltzen hasi ziren. Bigarren Mundu Gerra plastikoen gerra ere izan zen: alemanek latexa garatu zuten eta estatubatuarrek, aldiz, ehun eta zuntz plastikoak, hala nola nylona. Billar bolak egiteko jaio zenak era guztietako materialak ordezkatu zituen pixkanaka.
Wesley Hyattek zauria estaltzeko ukendua prestatu eta ia mende eta erdi geroago, plastikoen gehiegizko erabilerak planetako kutsadura arazo larrienetakoa eragin du.