Formula berria

Koldo Aldalur
Ikusiko dinagu gainontzeko taldeek ere difusorea jartzen dutenean zer gertatzen den. Kersak, irteeretan eta aurreratzean abantaila ematen din, hori ez zegon ukatzerik. Neumatiko ekologikoak zamazkin, ez al dun arraia berde hori ikusten..!”. Elkarrizketa hau gure etxepeko tabernan entzun nuen, Australiako 1 Formulako sari nagusia jokatzen ari zela. Seko harrituta geratu nintzen. Ziurtasun horrekin hitz egiten ari zen emakumeak hirurogeita hamar urte gertu xamar ditu, eta nik dakidanez, kirol honekin inongo harremanik ez du sekula izan; orain arte.

1 Formula erosi berri duen telebista kateak oso programa ona egiten du semaforoa amatatu aurretik. Gero ere bai. Bezperan sailkapena, bezperaren bezperan entrenamendu libreak, bideo landuak, simulazioak, ibilbideko bihurgune bakoitzak eskainiko dituen zailtasunak, kotxe bakoitzak daraman gasolina kopurua, ondorioz zenbat geldiune egin beharko dituen, estrategiak... Dena, hori bai, era didaktikoan, erraz ulertzeko eran, alegia. Helburua argia da: gure etxepeko tabernan iganderoko bazkalaurreko txakolina hartzera biltzen direnek senti dezatela zerbait badakitela orain arte hain arrotza zuten kirolaz. Datuetan oinarritutako komentarioak, badakizue, beti ematen du jakitun itxura.

Bazkalostean binakako pilota txapelketaren finala. Hiru egun lehenago, Juan Irujok eta Fernando Goñik kristorenak bota dituzte, ustez, Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek aukeratutako pilotak horrelako final baterako motelegiak direlako. Saskitxoan bost pilota, eta seigarrena jokoan. Eta ikusleak ezin jakin azken hau al den eztabaidaren sua piztu zuena.

Diotenez, orokorrean informazio gehiegi jasotzen dugu, eta informazio uholde horrek itoko omen gaitu. Ez nago ados. Informazio hori nola ematen den da gakoa.

Orain urte batzuk ikusten genituen kirol emanaldiak ikustea aski da hobekuntza handia izan dela ohartzeko, baina badago zer hobeturik.

Agian, kirolarien soldata ordaintzen duten enpresek jabetu beharko lukete saldu beharreko produktua dugula esku artean. Oso zaila al da pilota bakoitzari zenbaki bat jartzea, eta, aldatzean, epaileak kantxan izango den pilota berriaren zenbakia jakinaraztea? Beste saltsa bat izango genuke, eta gure etxepean biltzen direnek motibo berria kirolari buruz berriketan jarraitzeko.

Enpresak aipatu ditut, baina federazioak, kazetariok,epaileek eta pilotazaleek ere badute zeresana.

A! Eta zer demontre dira ker eta difusoreak?

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude