Identitatea, pertenentzia eta abar

Josemari Velez de Mendizabal
Dani Blanco
Zenbat eta ahantziagoa dudan identitatearen kontzeptua, hainbat eta hurbilago sentitzen naiz beratik, zeinetaz –bestalde– ez dakit ezer. Auskalo zer idatzi dudan nik identitateaz azken urteotan! Hemerotekek, seguru nago, lotsa apur bat sentiaraziko lidakete. Baina ez nau larregi kezkatzen, dakidalako –hain zuzen ere– kontzeptu irristakorretan ibiltzea ipurkada galantak jasotzeko loteriarik onena dela, eta nik –unean sentitzen dudana modu idatzian publikoki agertzeko zaletasun handiarekin– ohituta nago uneko sentimenduak ernaraziriko ideiekin irristada ederrak emanda. Eta frogatua daukat erorketatik ostera jaiki ahal izateko indarrak ematen diotela bermea –eta balioa– ahaleginari.
 
Amerikako Estatu Batuetako gizarte poliformikoan isla genezake identitatearen gaineko adibiderik urtuena. Non datza estatubatuar izatezko mamia? Zein sakontasuneko identitateaz mintzatzen ari gara? Hamaika hiritar mota, hamaika jatorri desberdin baina oihu bakarra: gu estatubatuarrak gara, beste edozein kalifikatiboren gainetik. Esentzialismoaz ahaztuta –zer den ere pentsatzen jarri ez direlarik, kasu gehienetan– mugak estu-estu dituen identitatearen aldeko jarrera identifikatzailean bat egiten dute, pertenentziazko sentimendu linealarekin lerrotuz. Ikuspegi desberdinetik neurtzen dute pertenentziaren sentimendua Arkansasera heldu berri den siriar jatorriko norbanakoak eta zazpi belaunaldi Minnesotako herrixkatxo batean daramanak. Baina babestuta eta harro sentitzen dira estatubatuar maindirearen azpian, eta horrexek ematen die bi subjektu desberdinei kohesioa. Egia da ere, zenbat eta kohesioa biziago izan, inguruko ideia eta diskurtsoek intzidentzia handiagoa dutela gizarte hartan.
 
Gure artean, gogo-muga distantziak oraindik txikiagoak daitezkeen arren, perspektiba diferentearekin ikusten dugu herriarekiko atxikimendua eta sentimendua batzuek eta besteok. Non datza, beraz, marra bereizleak? Ba al dago zubirik pertenentziaren aldeak lotzeko? Garbi asko, zubiak antzematen ez dituztenek, nahi ez dutelako da. Pertenentzia eman dezake, hiri beretsuan erroldatuta egoteak, futbol ekipo berdineko jarraitzaile izateak, talde politiko berdinak... Baina baita eman dezake, pertenentzia gogozko ariketa delako, nor beraren jarrerak ere. Orduan, luze hitz egin daiteke identitateaz, gure gizartean luze eta zabal hitz egiten den moduan. Hitz egiten dela? Bai horixe! Ikusi besterik ez da egin behar, zenbat mugaketa ateratzen zaizkigun medioetan, liburuetan, gure arteko elkarrizketetan... apur bat arakatuz gero. Zerk ematen digu, ordea, identitatea? Hizkuntzak? ADNk? Erlijioak? Zortzi abizenek? Estatuak? Horiek guztiek batera?
 
Begi bistakoa da gizarte multzoak –masak?– inguruko sinesmen eta iritziek baldintzatzen dituztela. Ezin gaitezke horietatik libra, eta gizaki bakoitzari dagokio noraino egiten dien men kanpo indar eragileei. Askatasun horretan baina, aldi berean, askatasunaren ezerosotasunean eraiki behar du pertsona bakoitzak bere talaia propioa identitatearen gaineko pertzepziorako. Bi norbanakoren artean egon daiteke ados %90ean baina gainerako %10ak pikutara bota dezake bien arteko erlazioa, identitate kontzeptuari begira jartzen direnean. Zergatik eta, mugaketa zehatzerako bilakuntza formula matematikoa ez delako, eta logika, kimika eta sentimenduak koktelontzian sartuta behin astinduz gero lortutakoak zapore desberdinak edukitzen ditu, esku eragilearen arabera.
 
Oharra: gaur ez nuen politikaz hitz egin nahi; ala bai?

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude