Eli Pinedo

"Aurten, liga edo kopa, edo biak! Eta Europa ere bai"

  • Eskubaloi jokalari profesionala da Eli Pinedo arabarra, Lizarrako Itxako taldean. Pribilegiatua. Gustuko lanean, goren mailan ari da. Lider Espainiako Ligan, Europan ere goi mailan… Amurriotik mundura jauzi baloia eskuan, eta gol!
Miel Anjel Elustondo
2009ko martxoaren 22a
Eli Pinedo
Dani Blanco

Eliteko jokalaria zara Itxako taldean. Internazionala Espainiarekin. Izarra. Horren kontzientziarik baduzu?


Ni pertsona normala kontsideratzen naiz, baina Europan jokatu eta maila altuan zaudela konturatzen zara. Txapeldunen Liga jokatuta nago, selekzioen arteko Europako Txapelketa ere bai. Hori da elitea, ezta? Ametsa zen, eta lortu dut. Hemezortzi urte nituela Donostiara joan nintzenean eskubaloian jokatzera, horixe pentsatzen nuen, jokalari ona izatea, talde on batean jokatzea, jokalari inportantea taldean… Eta lortu dut.
 

Nola lortzen da hori?


Sakrifizioa, ez dago besterik: familiagandik urrun, mutil-lagunagandik urrun. Esaterako, Valentzian jokatu nuenean, bakarrik… Arrisku handia hartu nuen –jokalariok hartu behar izaten dugun arriskua, alegia–, baina urratsa egin nuen eta ondo atera zitzaidan.
 

Bakardadea aipatu duzu baina urte askoan Patrizia ahizpa bikiarekin batera jokatu izan duzu.


Egia da, bai. Ahizparen ondoan egoteak asko laguntzen du, gauza guztietan. 23 urte arte elkarrekin ibili ginen, baina orduan, eskaintza ona izan nuen Ribarroja taldetik eta bat-batean Valentzian ari nintzen jokatzen. Duela bost urte. Orduantxe urrundu nintzen Patrirengandik. Gogorra izan zen, biontzat, baina geroan on egin digu, bioi. Bera, adibidez, arduratsuago izaten hasi zen, dela bizitzan, dela kirolean. Ni, berriz, bakarrik gertatu nintzen, eta bakardade horrek aurrera egitera bultzatu ninduen. Positiboa izan zen, dudarik gabe, aberasgarria, joko estilo diferenteak ikasi nituen eta.
 

Itxakora etorri baino lehen, punta-puntan ziren bi taldetan jokatu zenuen: Ribarroja-n lehenengo, Sagunton gero. Zer diozu elite mailan jokatzeak dakarren bertigoaz, exijentzia mailaz, presioaz...?


Horiekin jokatzen ikasi behar duzula. Presioa, exijentzia… hor dira, bai. Zeure burua zaindu beharra daukazu: ondo jan egunero, festa eta parrandak mugatuak dituzu. Baina merezi du. Bertigoa ere esan duzu, eta nik ez dut bertigorik elite mailan jokatzeagatik. Maila honetan jokatu nahi dut, hauxe gustatzen zait. Maila apalagoan ez naiz gustura sentitzen.
 

Entrenatzailea da zuen ontzia zuzentzen duen patroia, ala?


Zuzendu bai, kontrolatu ez, ezinezkoa da eta hamalau-hamabost jokalariren bizitzak kontrolatzea. Askotan esaten digu hori entrenatzaileak: pertsona helduak garela, alegia, jokalari profesionalak, eta geure burua zaindu beharra dugula. Bestalde, entrenatzaile bat baino gehiago izan ditut, zenbait taldetan jokatu dut eta. Entrenatzaile ezberdinak dira, Reyes Carrere, Bera-Beran, defentsa sistema asko lantzen duena. Bada, horixe ikasi nuen Reyesekin, ondo defendatzen. Sagunto taldean, Cristina Mayo izan nuen, izaera handiko pertsona, gauza guztien gainetik erasoa lantzen zuena. Niri haren jokoa gustatzen zait gehien, eskubaloirik politena iruditzen zait: baloi barik mugitzea, hutsuneetara jotzea, elkar laguntzea, korrika egitea, kontraerasoa baliatzea… Eskubaloirik politena, oso gustura jokatu nuen han. Itxakon, berriz, Ambros Martin dugu, gizonezkoen eskubaloitik datorren entrenatzailea dugu, ezberdina, antolaerari garrantzi handia ematen diona, oso langilea, ordenatua, defentsa asko indartzen duena… Nik esango nuke denek ere beren bertuteak eta beren akatsak dituztela.
 

Nolakoa da Itxakoren jokoa?


Itxakon defentsa lantzen dugu, asko. Erasoan trankilago jokatzen dugu. Niri, aldiz, erasoan azkar jokatzea gustatzen zait. Normala, ezker hegalekoa naiz eta! Eta batzuetan, esan ere esan dezaket, momentua ondo aukeratuta, jakina. Jokalari beterano xamarra naiz eta proposamenak egiteko gai naiz. Noiz edo noiz esan izan diot: “Ambros, zergatik ez dugu halako egiten? Zergatik ez dugu zera saiatzen? Funtzionatuko du!”. Niri esatea dagokit; berari, erabakitzea.
 

Entrenatzaileen akats eta bertuteak aipatu dizkiguzu arestian. Ez ditugu hemen zure akatsak haizatuko, aurkariek jakin ez dezaten, baina bai zure bertuteak...


Taldean, adibidez, zera esaten didate: “Zu oso buru azkarra zara!”. Eta azkarra izan beharra dago. Jokalari asko dira, gaitasun fisiko handirik ez izan arren, oso azkarrak izan direnak. Nik ere balio handia ematen diot horri, korrikan azkarra izateari ez ezik, jokoan buru azkarra izateari. Ni, esaterako, ez naiz oso azkarra lasterkan, baina aurkariari aurrea hartzeko dohaina daukat eta kontraerasoan jokalari inportantea naiz nire taldearentzat. Defentsan ere ez naiz kamutsa, eta golegile ere banaiz. Ekipoko jokalaria naiz, taldearekin konprometituta jokatzen dut. Eta gar handikoa naiz.
 

Liga jokatzen ari zarete, laster da Kopa txapelketa (apirilean), eta Europan ere ari zarete, EHF kopan. Zer dakar Europan jokatzeak?

Ikaragarri gustatzen zait. Oso talde ezberdinen kontra jokatzen duzu. Ez dira Espainiako Estatuko taldeak bezalakoak. Epaileek ere bestela arbitratzen dute. Herrialdeak ere oso ezberdinak, egoera berriak… Oso aberasgarria zait Europan jokatzea.
 

Alemanian, Norvegian, Danimarkan jokatu izan duzu…


Bai, horko pabilioi eta estadioetan… Hasieran izutu egiten zaitu, ohitu arte. Han beste era batera bizi dute eskubaloia. Serbia Montenegron, gogoratzen naiz, Saguntorekin jokatzen ari nintzenean, Txapeldunen Ligan… pistara irten eta egundoko txistu hotsa jaso genuen: ikaragarria, pabiloia beteta. Bi jokalari beltz geneuzkan taldean, hasten ziren penaltia jaurtitzen eta hura txistu hotsa! Beltzak zirelako! Baina txistu hots beldurgarria jaso arren, irabazi egin genuen partida hura! Europako pabiloietako giroa dena delakoa izanda ere, Lizarran ez gaude kexatzeko moduan: jende piloa etortzen da gure partidak ikustera. Zale bikainak dauzkagu.
 

Noraino iristeko asmoa duzue aurten, Europan?


Finaleraino! Horixe da gure asmoa. Partidaz partida goaz, beti bezala, baina, asmoa? Finala. Iaz ere jokatu genuen, jokatu eta galdu. Aurten, hobeto gaude, eta finaleraino iritsi nahi dugu berriz.
 

Iaz, EHF lehiaketako finala ez ezik, Espainiako Liga ere galdu zenuten. Bigarren izan zineten, lehenengoarekin berdindurik.


Bai, biak irabazteko aukera izan genuen, eta biak galdu! Lelo aurpegia geratu zitzaigun! Kar, kar, kar… Aurten tituluren bat irabazi behar dugu, nahitaez! Jakina, horretarako talde handiak bentzutu behar ditugu, Errumaniako Brashov –iaz Akaba Bera Bera kanporatu zuen taldea–, Norvegiako Biasen, eta oraintxe egokitu zaiguna, Danimarkako Randers… Kontuz, talde indartsua da eta. Beharbada Randersen pistan jokatu nuen lehen aldiz Europan! Ikaragarria: jende mordoa, telebista fokua…
 

Tituluak falta zaizkizu?


Bai, klub mailako tituluak. Espainiako selekzioarekin irabazita nago, baina klub mailan ez ligarik, ez erregina koparik… Aurten irabazi behar dut zer edo zer, liga edo kopa, edo biak! Eta Europa ere bai. Ni seguru nago zer edo zer irabaziko dugula, taldea ondo dago eta. Aurten tituluak helduko dira.
 

Itxako tituluak irabaztera behartuta dago?


Behartuta ez, baina gogo handia dute irabazteko. Hainbat urtean talde onak egiten ari dira Itxakon, eta nahia dute. Iaz titulurik irabazi ez genuen arren, goi mailan ginen, Europako Txapelketa irabazi genuela ematen zuen herrian! Hortik atera kontuak zer gogo duten tituluren bat irabazteko. Lizarra herria da, ezagutzen gaituzte, partidak ikustera etortzen dira…
 

Galtzen denean…


Galtzen denean, tristura. Denboraldian zehar lan egiten duzu azkeneko momentua beste era batekoa izateko. Tristura gainditu eta noraino iritsi zaren baloratzen hasten zara. Finala jokatzea ez da gutxi, baina horixe gertatzen da: bigarren sailkatzen denak galdu egin du. Aldiz, hirugarren eta laugarrenaren artean ez da horrelakorik gertatzen: partida irabazten duenak irabaziz bukatzen du lehiaketa. Hori da aldea. Dena dela, finala batek irabazi eta besteak galdu egiten du. Galtzen ere jakin behar da.
 

Finalak galtzea irabaztea baino errazago duzu: selekzio mailako Europako finala ere galdu zenuen iaz, Espainiarekin, Norvegiaren kontra. Mundu Txapelketa ere jokatuta zaude, eta zure ahizpa Patri ere bai…


Baina hor ere aurkari gogorrenak Europakoak dira. Gogorragoa izaten da Europako lehiaketa, munduko txapelketa baino. Hemen, sailkapen fasean Kongo, Mongolia eta antzeko selekzioek ere parte hartzen dute, oso maila txikikoak. Munduko Txapelketan ere Europakoak dira gogorrenak. Norvegiaren kontra galdu genuen iaz, eta normala da, onenak dira eta. Sailkapen fasean berdindu egin genuen, baina haiek partida txarra egin zutelako, eta guk oso ona. Normalena haiek irabaztea da; maila handiko taldea, eta maila handiko jokalariak. Dudarik ez horretan. Finala galdu genuen, baina finalerdia irabazi Alemaniaren kontra, eta partida horretan oso gustura geratu ginen, kostata irabazi genuen. Lehen zatian galtzen ari ginen, baina markagailua irauli genuen bigarrenean. Norvegia, Alemania, Errumania… oso kontrario gogorrak dira. Partidaz partida joan behar da beti, txapelketa guztietan.
 

Zer dute herrialde horiek, emakumezkoen kirola hain maila handikoa izateko?


Oso lehiakorrak dira, bai… Nik uste txikitandik erakusten dietela teknika. Eskubaloiari dagokionez, baloia bata besteari pasatzen, korrika egiten, jaurtitzen… Jubeniletan ere maila handia dute. Nik esango nuke txikitan guk baino hobeto jarduten dutela erakusten. Emakumezkoen eskubaloian, nabarmena da teknika alorrean haien eta gure artean dagoen aldea: baloia pasatzerakoan duten abiadura eta! Eta estiloa! Gure artean, Macarena Aguilar espainiarra oso ona, Tati Garmendia oso ona, baina nork bere estiloa duela. Han ez, han denek antzeko teknika dute: berdin pasatzen dute baloia, berdin egiten dute korrika, izan hegalekoa edo pibota, teknika berdina, joko estilo berdina denek!
 

Zein ekarpen egiten dute jokalari atzerritarrek?


Ezaugarri diferenteak ekartzen dituzte. Iaz, adibidez, Koreako jokalari bat izan genuen, eta oso ezberdin jokatzen zuen: erritmo aldaketa handia zuen, nabarmena, joko ikuspuntu berria… Aurten, errumaniarra, bi brasildar, norvegiarra eta frantsesa ditugu, eta beharrezkoak dira. Jokalari onen ondoan jokatzea aberasgarria da norberarentzat, beti. Gainera, hobeto gurekin jokatzea, gure kontra baino.
 

Haiei txikitandik erakusten dietela esan diguzu. Noiz ikasi zenuen zuk?


Ikasi, Eibarren, Arrate taldean, Patrik eta biok. Zarco zen entrenatzaile kadete mailan eta Victor Devre jubeniletan. Zorte ona izan genuen, teknika erakutsi zigutelako: baloia pasatzen, jaurtitzen, jauzi egiten, erortzen… Goren mailara iritsi eta nabari egiten da ikasitako hori. Oraintxe, taldean, nabarmena da zeinek duen teknika handiagoa edo txikiagoa. 25 urte beterik zail izaten da teknikaz jabetzea, hobe txikitandik trebatzea. Oinarria landu beharra dago, eta ez dakit egiten den…
 

Arratera baino lehen, nork edo nork bidea egiten lagunduko zizuen, bada. Amurrion jaioak zarete zuek…


Bai, eta hantxe ikasi genuen Patrik eta biok. Eskolan, eskola orduz kanpoko ekintzetan. Boleibola, eskubaloia, futbola… Denetarik egiten genuen. Hautatu beharra iritsi zenean, eskubaloia aukeratu genuen, gustura genbiltzalako. Hasi ginen eta segi: Euskadiko selekziora iritsi ginen, Espainiakora gero… eta hemen gaude, konturatu ere gabe!
 

Elkarrekin hasi zenuten bidea bi ahizpok. Orain elkarren kontra jokatzen…


Nahiago dut Patriren ondoan jokatu haren kontra baino. Orain ohitu naiz, baina hasieran oso gaizki eramaten nuen haren aurka jokatzea. Arraroa da beti. Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Partidan, batak besteari falta egin eta berehala hasten da jendea protestan, “ahizpa duzula!” esanez bezala. Gaitz erdi, berak ezkerretik jokatzen du, eta nik ere bai, eta kontraerasoan besterik ez dugu elkar topatzen… Eskerrak horri! Kar, kar, kar… Baina elkarren kontra jokatzen ere ikasi dugu.
 

Ispilu zarete neska, eta mutil, gazte askorentzat…


Bai, baliteke. Deitu ere egin izan digute halako campus batera edo bestera joan eta gure kirolaren eta bizimoduaren berri emateko. Patri eta biok joan, igual, eta gure lanaren alderdiak azaltzen saiatzen gara. Gogorra dela, sakrifikatua, baina merezi duela esaten dugu beti, gazteak animatzen saiatzen gara, gure mundura inguratzen.
Nortasun agiria
Elisabeth Pinedo Saenz (Amurrio, 1981). Eskubaloi jokalaria. Amurrioko eskola publikoan hasi zen eskubaloian jokatzen. Eibarko Arrate taldean, Donostiako Akaba Bera Beran, eta Valentziako Ribarroja eta Sagunto ekipoetan jokatu du Lizarrako Itxakon baino lehen. Internazionala da Euskadi eta Espainiarekin. Ahizpa bikia du Patrizia, Akaba Bera Berako jokalaria. Pedagogia ikasketak euskaraz eginak ditu EHUren Donostiako fakultatean. Europako eta Munduko txapelketak jokatuta dago. Olinpiar Jokoak falta. Kirolaren inguruan iraun nahiko luke erretiratu eta gero.
Valentzia
“Gogorrak egin zitzaizkidan han egin nituen hiru urteak. Bakarrik nintzen. Taldean, primeran, ez nuen kexarik, baina etxetik urrun! Ni hemengoa naiz, herri hau gustatzen zait… Valentzia, berriz, oso ezberdina da, jendea ere diferente”.
Alborg
“Ikaragarri gustatu zitzaidan Alborgen pabilioia Norvegian. Gu partida jokatzen eta ikusleak, bertan, ikuskaria ikusten ariko balira bezala: txaloka, jaten, ez hotz eta ez bero partida osoan zehar, ikuskizunaz gozatzen, beren taldea markagailuan aurretik nahiz atzetik joan… Gustatu zitzaidan”.
Geroa
“27 urte ditut, ekipoan bi talde egiten ditu entrenatzaileak, ‘zaharrak’ dira batean, eta ‘gazteak’ bestean, eta ni zaharretan nago! Orain arte gazteetan egon zara, hasten zara pentsatzen eta ez dakizu zenbat urte egingo dituzun eskubaloian. Noiz bukatuko da hau? Zein titulu lortuko dut? Itxakorekin tituluren bat, eta espainiar selekzioarekin Olinpiar Jokoak, horixe nahiko nuke”.
AZKEN HITZA
Patri
“Ez naiz Patri baino hobea. Bera albokoa da, eta ni hegalekoa. Antzekoak gara. Ezberdintasuna da talde bat baino gehiagotan jokatu dudala, joko estilo diferenteak landu ditudala, moldatzen ikasi dudala. Patri ez da Akaba Bera Beratik mugitu. Horixe diferentzia bakarra”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak

2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.


Osasunbideari ere errieta, euskara egoki ez baloratzeagatiik

Osasunbideko deialdietan, lehiaketaldian 40 puntutik euskarak 4’29 puntu eman beharko lituzke eremu euskaldunean, eta 2’73 puntu eremu mistoan. Baina euskararik jakin gabe ere 39 puntu lortu daitezke, beste merezimendu batzuekin. Beraz, praktikan, ez da betetzen euskarari buruzko foru dekretu berriak dioena.


2018-10-17 | ESK sindikatua
Pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako 51.000 sinadura

Euskal Herriko Eskubde Sozialen Kartak pobrezia eta gizarte-bazterketaren kontrako herri-ekimen legegilea butzatzeko beharrezkoak diren sinadurak entregatu ditu.


Bardean benetako bonbekin maniobra militarrak eginen dituzte asteazken honetatik aurrera

Urriaren 17tik 19ra eginen ditu Espainiako Armadak maniobrak, beste behin. Tiro Poligonoaren Aurkako Taldeak salatu du "Parke Naturalean gailentzen dela maniobra horiek egiteagatik Armadak ordaintzen duen kanona segurtasuna eta ingurumenaren gainetik".


2018-10-17 | ARGIA
Pinuen gaitzari aurre egiteko oxido kuprosoa erabiltzea oso toxikoa dela salatu dute

Pinuen gaitzari aurre egiteko Jaurlaritzak eta EAEko hiru foru aldundiek aurkeztu duten plana gogor kritikatu du Naturkon kolektiboak, besteak beste gaitzari aurre egiteko erakundeek proposatu duten oxido kuprosoa toxikoa baita: “Azalduko al digute gure ordezkariek nola pentsatu duten ziurtatzea gure ibaiak edo edaten dugun ura ez direla pozoituko gure mendietako 124.000 hektarea fumigatzen badira?”.


2018-10-17 | Iņigo Igartua
Manifestazio nazionala deitu dute urriaren 27an Nafarroako gaztetxeen alde indarrak biltzeko

Maravillas, Errotxapea eta Lizarrako gaztetxeen aurkako prozesu judizialak irekita daude eta epe motzean kaleratuak izateko arriskuan daudela ohartarazi dute manifestazioa deitu dutenek.


2018-10-17 | ARGIA
Karlos Apeztegia kartzelaratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak Hernanin duen bulegoan egiten du lan Karlos Apeztegiak. Asteartean bertatik atera zenean atxilotu zuen Guardia Zibilak eta asteazken goizean, espetxeratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta.


2018-10-17 | ARGIA
Iruņeko sutea indarkeria matxista kasu bat izan daiteke

Hipotesi hori darabil gertakaria ikertzen diharduen Espainiako Poliziak. Hala bada, ikerketa bere gain hartu zuen instrukzio epaileak Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegira bideratuko du kasua.


2018-10-17 | ARGIA
Eider Rodriguez, Irene Aldasoro eta Kepa Altonaga Euskadi Sarien irabazle

Asteazken honetan jakinarazi dituzte literaturako Euskadi Sarietan falta ziren kategorietako irabazleak: Eider Rodriguezek aurtengo bigarren saria eskuratu du, oraingoan haur eta gazte literaturari eskainitako kategorian, Santa familia liburuari esker.


2018-10-17 | Iņigo Igartua
Kalean bizi den jendearen zenbaketa: errefuxiatuen auziari erantzun ezean, ez espero miraririk

Ostegun honetan zenbatuko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zenbat pertsona bizi diren kalean. Erakunde publikoak konprometitu ziren etxegabeen kopurua %20 jaistera, baina errefuxiatuen krisiari emandako erantzun eskasa ikusita, zaila dirudi aurreikuspena betetzea. Bilboko kasuari erreparatu diogu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude