Biharamuna


2009ko martxoaren 15an
Katixa Agirre
Iñigo Azkona
Aitor dut: idaztera eseri eta ez nago lasai. Tarteka, atzera begiratzeko imintzioa egiten dut. Edozein soinuk nire mesfidantza pizten du. Minduta daukat lepoa dagoeneko. Baina, adi nagoen arren, ez dut inor topatu nire gibelean. Hutsik dago langela. Idazlea bere bakardadean.
 
Neure barnean, ordea, kontua bestelakoa da. Hor biltzen dira, ordenarik gabe bildu ere, poliziak, arbitroak, agitadoreak, lausengariak eta auskalo zenbat presentzia gehiago. Zuek ere bai, Juanjo eta Eider. Eta baita txoko honetako balizko irakurleak ere. Zaila da beraz nire benetako ahotsa entzutea hainbeste garrasi, iruzkin, aurreiritzi eta adierazpenen artean, zaila da jakitea nola idatziko nukeen barruan inor izango ez banu, inor kontuan hartuko ez banu. Eta zure lagunak bezala, Eider, ezingo dut inoiz jakin.
 
Argi daukat, ahots-anabasa nire inseguritatearen emaitza baino ez dela. Nire pentsamenduaren ahulaz ohartzen naizela eta horrek kolokan jartzen dituela nire adierazpen publiko oro. (Horra hor froga: nitasunaren gorazarre egin nuen orain dela aste batzuk, eta orain, nitasunaren gaineko deskontua ezarri eta besteen eraginaz ari naiz leku berean, lotsarik gabe). Zuei ez zaizue gertatzen, ala?
 
Egia esanda, norberaren buruarengan seguritate handia behar da ETAren aurka mintzatzeko beste arrazoirik ez dagoela esateko, ez bada CIAren konspirazio baten parte izatea edo ordainsari mamitsua jasotzea, edo besterik gabe, legalitatearen mugaren alde honetara gaudela frogatzeko nahia. Horregatik egiten dutenak egon badaude, argi dago, baina barneko anabasatik kontzientziaren ahots argiari jarraituz egiten duena ere egongo da, nik uste. Frogarik ez daukat, ordea.
 
* * *
 
Inseguritatearen harira, batzuetan galdetu izan diot neure buruari ez ote dudan euskara espresiobide aukeratu hain zuzen ere barruko zalaparta murrizteko, apaltzeko. Nire ama –eta aita– hizkuntza gaztelania izanda ere euskaraz idazten dut. Faktore askok hartuko zuten parte erabaki horretan, kasualitateak berak ere bere rola jokatuko zuen, baina faktore horien artean diskrezio nahi bat ere antzematen dut.
 
Alegia, pertsona gutxik ezagutzen duen kode batean ari naiz, beraz, idatzitakoaren oihartzuna –positiboa, baina negatiboa batez ere– hutsaren hurrengoa izango da –kuantitatiboki behintzat–. Gainera, nire hartzailearen ideia zehatza izan dezaket, nire testuinguru berean egongo da seguru asko, eta idatzitakoa testuinguru hura kontuan hartuta irakurriko du. Lasaigarria da. Barruko ahotsak asko murrizten dira horrela. Polizia erdaldunekin kezkatzeari utz diezaiokegu horrela.
 
Nire buruarengan konfiantza gehiago banu, agian momentu honetan nire blogeko post bat hasten ibiliko nintzateke: “Lo confieso: me he sentado a escribir bastante inquieta”. Eta gero mundu globaletik iritsitako erantzunen zain geldituko nintzateke. Baina kasu honetan ere, ez dago jakiteko modurik. Bizitza paraleloak imajinatu besterik ezin ditugu egin. Bizi, honako hau bizi behar dugu.
 
* * *
 
Aitor dut, beste behin: ez nago eroso gaur. Hauteskundeen biharamunean eseri naiz hau idaztera, jakinda ezin dudala hauteskundeei buruz ezer idatzi: gaurko hausnarketak zaharrak izango dira letra hauek zuengana iristen direnerako. Eta gaurkotasunik galtzen ez duten kontuetarako ez daukat gorputzik, zer nahi duzue. Horregatik jo dut euskararen gaira. Gure artean, gai aseptikoa eta guztiok batzeko modukoa. Ez nago eroso gaur eta kariño apur bat eskertuko nuke.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude