Ez daukate ez Terminatorren eta ez Matrixen itxurarik, 1920an Karel Capek zuzendari txekiarrak Rossum’s Universal Robots filman eman zienaren antzarik hain gutxi. Baina tiroka gizakiak hiltzeko gai diren robotak iritsi dira mundutarren gerrara. Gure artean izanen dira gaurgero.
“Drone” (erlamando) deitzen dietelako akaso, mundua ohitu egin da piloturik gabeko hegazkinetara, gerra egiteko moduetan sekulako jauzia ekarri duten arren. Israelgo armadak Gazaren kontra egin berri dituen erasoetan sarri usatu ditu Unmanned Aerial Vehicles (gizakirik gabeko hegazkinak, UAV) direlakoak, duela gutxi arte espioitza lanetarako erabiltzen zirenak baina gaur egun misilez eta bonbaz zamatu daitezkeenak. Irak eta Afganistanen ere oso erabiliak dira, Britainia Handitik edo Estatu Batuetatik telegidatuta.
Potentzia militarren urratsa askoz urrunago iritsia da, ordea, gerran automatak integratzeko bidean. AEBetako In These Times hilabetekari ezkertiarrak titulutzat Attack of the killer robots (Robot hiltzaileek eraso) daraman kronikan xehetasun garrantzizkoak eskaini ditu. “2007ko maiatzean –idatzi du Eric Stoner kazetariak– adur txarreko mugarria gainditu zuen AEBetako armadak”.
Hamar urtez garatu ondoren, US Armyko Infanteriako 3. dibisioak lurreko robot armatuak kokatu zituen Bagdad hegoaldean. Gizakirik gabeko sistema deitu horietatik gaur arte hiru bakarrik ipini diren arren Iraken, National Defense Magazinek 2007an jakinarazi zuen Armadak beste 80 gehiago enkargatuak zituela.
Orain artean makina horien erabileran zuhur jokatu dute militarrek. Defentsako Departamenduak adierazi du soldaduek robotak zainketa eta bakeratze lanetan baizik ez dituztela erabiltzen. Badirudi oraindik ez dutela behin bakarrik ere egin tiro. Baina denbora kontua da dena.
Robotok SWORDS bataiatu dituzte, ingelesezko siglengatik: Special Weapons Observation Reconnaissance Detection System (euskaraz hitzez hitz emango luke “Sistema berezia armak-behaketa-azterketa-detekzioa”). Foster-Miller korporazioak egiten ditu, metro bete inguruko altuera dute eta bakoitza tankeenen antzeko kate bidez mugitzen da.
Bonbak indargetzeko hain ikusia dagoen Talon famatuaren berdintsua da, baina SWORDSak gainera armak dauzka gainean. Gehienetan M249 fusil bat, minutuko 750 tiro egin dezakeena, baina 40 milimetroko granada jaurtitzailez edo M202 kohete jaurtitzailez ere ekipatu daiteke. Bost kamera daramatza bakoitzak, eta haiei esker kilometro bat urrun den militarrak kontrolatzen du zer eta nola egin, aginduak ordenadore teklatuaren eta pare bat joystick-en bidez emanda.
SWORDSok, hala ere, egingai dituzten roboten aurrekari baldarrak baino ez dira. 2001eko erabaki baten bidez AEBetako Kongresuak agindu zuen robot militarren sisteman inbertsio handiak egitea, 2011rako erasoko hegazkinen herena piloturik gabea izan zedin eta 2016rako lurreko gudu beribilen herena.
Helburuok erdiesteko aurrekontuak eten gabe handitu dira. 2006tik 2012ra bitartean gobernuak 1.700 milioi dolar inbertituko ditu asmo horretan. Horrela, AEBetako etorkizuneko armada gizakirik gabeko sistemaz eta sistema gizakidunez osatu behar omen du. Armada osoaren modernotzean denetara 300.000 milioi dolar gastatu beharko dira. Hori horrela izanen da baldin eta 2006ko kalkuluak onak badira, zeren eta 2003koak %225ean handitu baitituzte agintariek. Eta baldin eta 2007-2008ko krisitzarrak hainbeste diru uzten badu...
Eric Stonerren iritzirako, komunikabideek ez diote aparteko garrantzirik eman gerra egiteko modu berri honi. Izatekotan ere, halako fribolitate puntu batez aipatzen da albistea, robot armatua 2004ko inbenturik coolena izendatu zuen Time astekariak egin zuen bezala komentario honekin: “Ikaratu zaitezte matxinook!”.
Arma berrioi tarte handia eskaintzekotan, saltzaileek eta militarrek azpimarratzen dituzten abantailak aipatu dituzte komunikabideek. Alegia, haragizko soldaduek ez bezala hauek ez dutela beldurrik, agindua xuxen betetzen dutela, ez diela axolik ondoko soldadua odoletan badago... Soldaduak baino merkeagoak direla ere esan da, kontutan hartuta haragizkoak entrenatu, mantendu, aterbetu, zaurietatik sendatu eta hilez gero indemnizatu beharra. Hitz bitan: soldaduek baino hobeto egiten dutela gerra eta merkeago.
Baina propagandak ez du dena esplikatzen. Adibidez, SWORDS bakoitzak soldadu gidari bat beharko duela inguruan, oraingoz. Horrela ikusita, robot berriok izugarri garestituko dute gerra. Ironiaz egin diote horri komentarioa Wired aldizkarian: “Ez zaizu komeni zu babesteko zorretan itoko zaituen defentsarik”.
Aldiz, etika aldetik hasi dira kontrako aburuak aditzen. Gerra bihotzik gabeko roboten bidez egiteak biktimen heriotzak merkatuko dituelako. Gakoetako bat urruntasunean datza.
1996an On Killing (Hiltzeaz) liburuan Dave Grossman koronelak esplikatu zuenez “gizon gehienengan hurkoa hiltzea eragozten dion erresistentzia dago. Hain bortitza, non gudalekuan soldadu asko hil egingo baitira horretaz jabetu baino lehen”. Inor hil nahi ez hori gainditzeko soluzioetako bat urruntasunean datza: zenbat eta urrunago biktima , errazago hil dezakezu. Robota manejatzen duen soldaduak errazago erabakiko du tiro egitea pantailan ikusiten duen gizarajo baten kontra, agindua gainera jostailua dirudien joystickez emanda. Badaukazue beldurtzen hastea. Kazetariari honela esan dio etikan aditu batek: “Soldaduei gudu zelaian zail egiten bazaie zibilak gerlarietatik bereiztea, zuk esango didazu haiei bideo pantaila batetik begira baldin badaude...”.
Roboten erabilera gerra subkontratatzeko joeraren baitan ulertu behar da, dena den. Gero eta urrunago ari da geratzen bortizkeriaren monopolioa estatuari ematen zion teoria famatua. Gerrak orain konpainia pribatuek egiten dituzte enkarguz eta laster robotek hilgo dute. Gerra pribatuen usaina gero eta zabalduago egonen da.
In These Times bertan Chris Barsanti-k artikulu osagarria idatzi du: “Gudaririk gabeko gerra” ipini dio izenburu. Barsantiren datuetan, dagoenekoz 5.000 hegazkin piloturik gabeko dabil munduan batera eta bestera, eta beste 12.000 robot usatzen dira lehergailuak desaktibatzeko bezala, gero eta gehiago ekintza ofentsiboetarako. “Robotentzako ‘ospitale’ gisako bat dago Bagdaden, guduketan hondatutakoak konpontzeko”.
Gerrak gero eta errezagoa dirudi. Jolas itxura ere handia hartu du mekanika hauekin. Eta erantzukizunak nori eskatuko dizkiogu? Gazan bezala Afganistanen, piloturik gabeko hegazkinek zibilak hil dituzte. Gerraren mugak eta erantzukizunak lausotu egin dira.
Argazki oina: Argazkia AEBetako Armadaren guneetako batek dauka jarrita Interneten; ingeniaria eta militarra ageri dira SWORDS robota “lanerako” prestatzen. Nabarmen ikusten da fusila sistema osoan integratuta, militarrak hatzez markatzen du. Fusilaz gain granadak edo koheteak jaurtitzeko sistemak eraman ditzake SWORDSak.
Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]
Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.
Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]
Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Biktimen artean lau kazetari hil daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak.
Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.
Ez zait... [+]
Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]
Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]
Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.
AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]
Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.
Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.
Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal.
Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.
95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.
Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]