Hirigintza politikak eta benetako parte-hartzea

  • Hirigintza adar ugari dituen arloa da; ez da soilik politikariei, teknikariei edota eraikuntza enpresei dagokien kontua. Euren proiektuek herritar guztiei eragiten dieten neurrian, egitasmo urbanistikoetan aktiboki parte hartzeko eskubidea dugu guztiok. Horixe argitu nahi genuen, agintarien politikek nola eragiten diguten, eta politika horiek aldatzeko zer aukera ditugun.
Hirigintza maketa
Irudi birtual honetako urbanizazioen antzekoak topa ditzakegu Euskal Herrian. Sprawl fenomenoaren ezaugarri dira.
Bagenekien gaia zentratzea ez zela erraza izango. Horregatik, Larrun honi ekin aurretik, Unai Fernandez de Betoño EHUko Arkitektura Fakultateko Hirigintza eta Lurralde-antolakuntza saileko (www.ehu.es/hirigintza) irakaslearekin, Mikel Alonso arkitekto eta gizarte mugimenduetako kidearekin, eta Aitor Bilbao Zuzenbide lizentziadunarekin jarri ginen harremanetan. Berak sortutako Hiripublika (www.unibertsitatea.net/blogak/hiripublika) blogean idatzi dituen artikuluak ere irakurri genituen, gaia zentratze aldera. Hiru elkarrizketatuek eman zizkiguten azalpenek eta Fernandez de Betoñok bidali zigun eskematxoak aurrez genuen ustea sendotu zuten: hirigintzak esparru oso zabala hartzen du. Politika, arkitektura, mugikortasuna, aldaketa sozialak, lurralde antolaketa, ekonomia, ekologia, gizarte-ohiturak... faktore ugarik parte hartzen dute joko korapilatsu bezain interesgarri horretan.
 
Sarri, dena den, arrazoi desberdinak medio, herritarrek euren inguruko proiektu urbanistikoei buruz ezer gutxi dakite, eta are gutxiago dira proiektu horietan aktiboki parte hartzen dutenak. “Politikarien kontuak” omen dira. Egia da. Politikarientzat hirigintzarekin eta lurralde antolamenduarekin loturiko egitasmoek berebiziko garrantzia daukate, diru ugari mugitzen dutelako batez ere. Proiektu bakoitzaren eskala edo garrantziaren araberakoa izango da parte hartuko duen erakunde kopurua, eta elkarren arteko akordio, liskar eta interesek ere herritarrak uxatzen dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, honakoak sar daitezke jokoan: Udalak –eta hura osatzen duten alderdi ezberdinen interesak–, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua eta Europar Batasuna, mankomunitateak eta metropoli-erakundeak (Eurohiria, Bilbao Itsasadarra 2000…) aintzat hartu gabe.
Baina politikarien asmoen ondorioak herritarrek euren larruan bizi edo sufritzen dituzte. Jendeak badaki hori, eta geroz eta lagun gehiagok nahi dute euren inguruan ematen diren aldaketen protagonista izan. Badakite proiektu urbanistikoetan esku hartzeko tresnak daudela, agintariek gehiegi sustatzen ez dituzten arren. Tresna horiek izango ditugu hizpide, baina lehenago, nagusitzen ari den hiri ereduak gizarte arloan duen eraginaz arituko gara.
 
Hiri, herri eta auzo bakoitza desberdina da. Kokagunea, aldagai sozio-ekonomikoak, garraio sarea, politika ofizialak, tamaina… ez da erraza erradiografia zehatza egitea. Lurralde osoarentzat aplikagarriak izan daitezkeen adibideak azaltzen saiatu gara. Botere-guneen estrategiak gure bizitza nola baldintzatzen duen erakusteko, jorratu ditugun gaiak interesgarriak direla uste dugu.
 
Alde Zaharretan ematen ari diren aldaketei heldu diegu lehendabizi, eta Gasteizkoaren eta Donostiakoaren artean dauden desberdintasunak azaldu ditugu. Etxebizitza politikak aldaketa horien gain izan duen eraginaz ere hitz egin dugu, baita politika horrek izan ditzakeen bestelako ondorioez ere. Babes Ofizialeko Etxeez jositako auzuneetan gerta daitekeena hartu dugu adibide gisa.
 
Urban Sprawl edo hiri sakabanatuaren fenomenoaz aritu gara gero. Fenomeno horren parte diren familiabakarreko etxeez eta merkataritza-gune handiez hitz egin dugu. Eta “amets amerikarra” deitutakoak Euskal Herrian duen presentziaz. Hiri Globalaren kontzeptuaren esanahiaz ere hitz egin dugu, besteengandik bereizi nahi duten herrien arteko lehiakortasunaz, eta horrek errealitatean dakartzan ondorio homogeneizatzaileez. Bilbori buruz mintzatu gara bereziki: Guggenheim, Calatrava… Hiri Globalaren eredu al da Bizkaiko hiriburua?
 
Udalerri txikien eta Europako Fondoen inguruan mintzatu gara prozesu parte-hartzaileei ekin aurretik. Fondo horiek zerrendatu eta adibide batzuk aipatu ditugu lehenik, eta zergatik eskatzen ez diren azaldu dugu gero.
Ghettoak: Alde zaharrak eta babes ofizialeko etxeak
Lurralde Antolamendurako Arteztarauaren arabera, 69 Alde Zahar daude EAEn, eta horietatik 53-k ez dute babes eta birgaitzerako plangintzarik. Bestalde, kontuan izan behar da eraikinen %40ak 50 urtetik gora dutela, eta ez soilik Alde Zaharretakoek. Eusko Jaurlaritzaren 2006ko Lurzoru Legeak hirien biziberritzearen alde egiten du, hitzez behintzat, baina aurrekontuak diseinatzeko unean, biziberritze politika hori itzalean geratzen dela dio Aitor Bilbaok Hiripublika blogan. Jaurlaritzaren etxebizitza politika omen da horren erakusgarri.
 
Alde Zaharretara mugatu gabe, 134.000 familia baino gehiagok dute etxebizitza birgaitzeko beharra, %17ak alegia. Jaurlaritzak eman ditu datu horiek, eta badaki etxe-parkea geroz eta zaharkituagoa den heinean –gogoratu 50 urte baino gehiago dituzten eraikin mordoa daudela–, etxebizitzak birgaitzeko beharrizana zabalagoa izango dela. Aurrekontuei begiratuta, ordea, diru kopuru handiena etxe berrien sustapenera bideratzen dela konturatuko gara. Etxebizitza eraberritzeko beharra duten 134.000 familia horietatik, 51.000-k dute laguntza publikoa jasotzeko eskubidea. Zergatik? 21.000 euroz gaindiko sarrera indizea duten familiek ezin dute diru-laguntza publikorik jaso birgaitze lanetarako. Kopuru oso baxua da, prezio libreko etxea erosteko (familiaren urteko gehienezko diru sarrerak 33.000 eurokoa behar du izan), Babes Ofizialeko Etxea erosteko (35.000 euro) eta prezio tasatuko etxea erosteko (45.000 euro) laguntzak baino dezente baxuagoa.
 
Etxebizitza politikarekin jarraituz, eta haren ondorioak hobeto ulertzeko, Bilbaok etxe mota bakoitzaren prezioaren inguruko datu ugari eskaintzen ditu. Laburtze aldera, 80 metro karratuko etxe tipoek jaso ditzaketen diru-laguntzak zerrendatuko ditugu: Babes Ofizialeko Etxea (BOE) egokitzen zaionari 158.480 euroko laguntza ematen zaio, eta prezio tasatuko baten kasuan, 83.736 euro. Prezio libreko etxeei dagokienez, Alde Historikoetan daudenean, prezioaren %6a babes dezakete diru-laguntzek; gehienez 9.015 (diru sarrera 21.000 euroz azpikoa denean) edo 3.606 (33.000 eurotara heltzen direnentzako) eurokoak izan daitezke. “Etxebizitza politikaren lehentasuna BOE berrien estatistikak loditzea da, horrek izaten duen zarata mediatikoaren puzte efektua bilatu nahiaz, gainera”, dio Bilbaok.
 
Unai Fernandez de Betoño gasteiztarraren hitzetan, “Lurzoruaren Legearen izenean Babes Ofizialeko auzunetzarrez betetzen ari gara gure hirietako lurzoru urbanizagarriaren %75a”. Horrek ondorio kaltegarriak dituela uste du EHUko Arkitektura irakasleak: “Ghettoak sortzen ari garelakoan nago. Segregazioak auzune horietako biztanleen deserrotzea ekar lezake, baita auzo horien identitate falta ere, delinkuentziaren hazietako bat. Etxebizitza moten eta erabilera ezberdinen nahasketa sustatu beharko genuke, baita ekipamendu publikoen politika sendo bat ere, auzune bakoitzaren nortasuna eta zentraltasuna bermatze aldera”.

“Alde Zaharrak etorkinez betetzen ari dira”

Babes Ofizialeko Etxeez osatutako auzunetzarrak ghetto bihur daitezkeela dio Betoñok. Eta zer gertatzen da Alde Zaharrekin? “Etorkinez betetzen ari direla ikus dezakegu”, esan digu arkitektura irakasleak: “Gure hiribilduetako harresiak eraitsi genituenetik hasi zen parte zaharren txirotze-prozesua, hiri handietan batez ere. Baliabide ekonomikoak zituztenek zabalgune berrietara ihes egin zuten, non etxeek orientazio bikoitza, aparkalekuak eta zuzeneko igogailuak baitzituzten. Etorkinek, aldiz, guk nahi ez ditugun Erdi Aroko hiriguneekin konformatu behar izan dute. Ondorioen artean alde zaharren degradazioa legoke, hau da, gure hiri-altxorren hondatzea, baita etorkinen segregazioa ere, bistan da. Parte zaharrak gazteentzat interesgarriak bihurtu beharko genituzke, etxebizitza hutsak alokairu publikoen sarean sartu araziz, aparkalekuak ahaztu gabe zuzkidura egokiez hornituz, etxabe eta lokalen jarduera malguak arautuz eta abar”.
 
Bilbaok ere antzeko analisia egiten du: “Gure hirietako Alde Zaharretan betiko pentsiodun agure zaharrak, azken BOE zozketan zorterik izan ez duten gazteak eta etorkinak bizi dira. Laguntza publiko zuzena eta zabala behar duen jendea da, baina etxebizitza politikak ez die laguntza askorik emango eta, ondorioz, euren esku geratzen da biziberritzearen ekimen ekonomikoaren zati nagusia. Hori da Alde Zaharretan gertatzen ari den degradazio prozesuaren ardatz eta zergatia”. Dena den, bermeotarrak baieztapen hori argitu nahi izan digu: “Adibide objektiboak emateko, aurretik, ikerketa sozio-urbanistiko sakonak beharko lirateke, eta ez dakit egon ere ote dauden, nik behintzat ez ditut eskura. Baina estimazio bat eginda, esan daiteke ez dela hori Donostiako Alde Zaharraren kasua, bai ordea Gasteizkoarena (bi muturrak aurrez aurre jartzearren). Baina gogoratu EAE-n guztira 69 Alde Zahar edo historiko daudela, agian nabarmenagoa da degradazio fenomenoa bigarren mailako hiri horietan”.

Gasteizko Alde Zaharra: Argiak eta ilunak

Fernandez de Betoñok Arabako hiriburua ongi ezagutzen du, eta hango Alde Zaharraren eraberritzeaz mintzatu zaigu. “Argiak eta ilunak” ikusten dituela esan digu: “Katedrala eta harresiak berreskuratzea garrantzitsua deritzot. Alabaina, ematen du auzoa parke tematiko bihurtu nahi dutela, eta auzokoek ez dute monumentu hil batean bizi nahi. Haien etxebizitza-tipoa zorrotz kontrolatzen da, lote gotikoa –kanpotik behinik behin– desitxuratu ez dadin, baina arropa-marka handiei erraztasun guztiak ematen zaizkie etxabeak nahi duten moduan molda ditzaten. Muinoaren gailurra arrapala batzuez indartu da, baina oraindik ez dakigu zer egin behar duten goiko El Campilloko aparkalekuarekin. Haren gainean ekipamendu publiko bat kokatu nahi dute, baina ez dakite zein, eta horrek kezkatzen nau. Ez zaie bururatu gasteiztarroi 3 milioi euro kostatu zitzaigun auditorio-proiektua orube horretan sartzen dela. Auzoko etxebizitza hustuen arazoa konponduko balute sikiera!”.

Etxabeak: etorkinen solastokiak, banketxeak eta etxebizitzak

Gasteizko Alde Zaharreko etxabeak aipatu ditu Fernandez de Betoñok. Arropa-marka handiek nahi bezala moldatzen dituztela dio. Baina ez hori bakarrik. Bere ustez, garai batean konplexurik gabe antolatzen ziren etxebizitzak eraikinetako beheko solairuetan. Zer gertatzen da orain? 
 
“Krisia baino lehen jada ikusten zen gure hirietako hainbat lekutan etxabeak hutsik zeudela, negozio etekintsurik garatu ezinik. Argi dago ezin dela hiri osoa komertzio-lokalez bete, kale jakin batzuetan bakarrik funtzionatzen dutelako ongi. Bestalde, laissez faire politikek zonakatze basatia baino ez dakarte. Hau da, kale nagusiak banketxez betetzen diren bitartean, etorkinak bizi diren alde zaharretan solastoki piloa irekitzen da. Politikoek, aldiz, azken hauen kopurua soilik mugatzen dute. Gasteizko alde zaharrean, adibidez, 70 bat solastoki daude eta 2007az geroztik ezin dira gehiago ireki. Banketxeei ez zaie horrelako mugarik ezartzen, kalearen bizitasun eta heterogeneotasunari kalte egiten dioten arren. Bestalde, Europako beste herrialde batzuetan konplexu gutxiago erakusten dituzte beheko solairuetan etxebizitzak planteatzeko orduan. Hirigintza-plangintzaren bidez etxabeen erabileren hierarkia argi bat sortzearen aldekoa nintzateke, komertzio-lokalak kale nagusiek osatutako ibilbideetara mugatuz, aldirietan bederen. Behe-solairuetako etxebizitzak ez nituzke erabat baztertuko, intimitatea bermatzeko atzerrian hain normalak diren ebazpenak erabiliz, besteak beste, altuera-aldaketa txikiak edota patio ingelesak”.
Urban Sprawl: Lorategidun etxeak, gizarte-arrakastaren sinbolo
Unai Fernandez de Betoñoren hitzetan, familiabakarreko etxe isolatuak eta merkataritza-gune erraldoiak hirigintza-eredu berdinaren parte dira, hiri sakabanatuaren edo sprawl hiriaren zati, alegia. Hiripublika blogan topatu dugu Urban Sprawl terminoari buruzko azalpena. Hiriaren mugagabeko barreiatzeak ezaugarri hauek ditu: dentsitate baxua –hirigunearekin alderatuta–, eta beraz lurzoruaren kontsumo maila handia; lurraldearen zatiketa eta jarraipenik gabeko guneak; ibilgailu pribatuarekiko menpekotasuna; hirigune historikoaren gainbehera; tokien pribatizazioa; ekipamendu eta zerbitzu publikoen desorekak...
 
Orain gutxi arte, hiri sakabanatu horiek AEBetako filmetan soilik ikusten genituen. Badakizue, itxura berdineko familiabakarreko etxeak, lorategiak, automobil familiarra eta txakurrarentzako etxetxoa. Baina eredu zehatz hori gurera ere heldu da. Fernandez de Betoñok dioenez, ohiko kalearen desagerpena eta hirigintza-zonakatze basatia dakarte –lo egiteko, lan egiteko eta erosketak egiteko hirien arteko bereizketa–, baita horrekin loturiko kotxeen joan-etorrien ugalketa eta lurzoruaren ustiapen estentsiboa ere. Hori dela eta, hiri sakabanatuaren ereduak negozio-bolumen handia mugitzen duela ziurta daiteke, kotxearekin lotuta batik bat, eta enpresa interesdunek familiabakarreko etxearekiko desioa pizten lagundu dute: “Lorategidun etxea, amets amerikarraren ikurretako bat, gure gizarte-arrakastaren sinbolo ere bihurtu digute, eta guk amua irentsi egin dugu. Politikariek ezin digute iraunkortasunaz hitz egin horrelako eredu suntsitzaile baten aurka argi ekin gabe. Gogoeta piztu beharra dago”.

“Amets amerikarra” eta Ipar Euskal Herriko basque-chalet delakoak

Gogoeta horren abiapuntua 1930eko hamarkadan kokatu du Bilbaok, orduan hasi baitzen “amerikarren ametsa” deitutako irudikapen hori, AEBetako Gobernua familiabakarreko etxeak erosteko maileguak errazten hasi zenean, red linning izeneko estrategia erabiliz. Eremu bilduetarako etxe-auzoetan erosteko eskakizunei ezezkoa ematea zen estrategia horren gakoa. Beranduago, 50eko hamarkadan, beste erabaki potolo bat hartu zuen Gobernuak: autobide sare osoa doaneko bihurtzea, garraio publikoaren alde egin ordez. Beste alde batetik, 30eko hamarkadan, ibilgailu eta petrolio arloko konpainia nagusiek National City Lines enpresa sortu zuten, eta urte gutxiren buruan, 45 hiritako tranbia eta trolebus konpainiak erosi zituzten… berehala ixteko. 1947an langileen %40ak erabiltzen zuen garraio publikoa, 1963an %14ak, eta gaur egun kopurua ez da %5era heltzen.
 
Frantziako Estatuari dagokionez, agintari publikoek 70eko hamarkadan hasi zuten etxebizitza politikaren norabide aldaketa nabarmendu daiteke. Alokairu sozialera zuzendutako politikak, grands ensambles delakoaren hiri trinkoaren ereduari utzi zion lekua. Familia bakarreko etxebizitzak eraikitzeko, enpresek pizgarri fiskalak jaso zituzten, eta herritarrek etxe horiek erosteko mailegu malguak. Lapurdik gaur egun duen itxura (Hendaia-Baiona korridorea deitu izan zaiona, edo beste ikuspegi batetik esanda, basque-chaletez jositako aldiriko paisaia), ekimen horien fruitu da.
 
Hegoaldera beranduago heldu zen urban sprawl fenomenoa, suspertze ekonomikoa berantiarragoa izan delako. Bideratze estrategia, dena den, oso antzekoa izan da: “Azken urte hauetako mailegu hipotekario malguek izan duten boom-a ez da kasualitate hutsa izan, aipatutako ereduen pasarte berria baizik”, dio Aitor Bilbaok. Bere iritziz, Bizkaia hobekien ezagutzen duen herrialdea izanik, fenomeno horren ondorioak Uribe-Kosta eta Urdaibai eskualdeetan antzematen ari dira bereziki.
 
Urban sprawl
delakoak geroz eta arerio gehiago ditu, eta AEBetan Smart Growth (garapen inteligentea) mugimendua indarra hartzen ari da. Oregongo Estatuan, adibidez, hiriak noraino zabalduko diren aurretiaz mugatu behar da.
 
Gated Communities: Golf zelaietako urbanizazioak

EHUko irakasle Fernandez de Betoñok azaldu digunez, urbanizazio hesituak ere badaude. Delinkuentzia eta gizarte-ezberdintasun handiko eremuetan garatzen ari dira batez ere, AEBetan, Hegoafrikan eta Hegoamerikako metropoli handietan, esaterako: “Zaila ikusten dut bere horretan fenomeno berdina ematea hemen, epe labur batean bederen. Hala ere, golfaren inguruko urbanizazio esklusiboak gero eta gehiago hedatzen ari dira gure artean ere bai. Iruñeko Gorraizko urbanizazioa hirigintzako hazkunde-forma inbaditzaile horren adibide ikusgarria litzateke. Ildo horretan, ziurta daiteke ez dela kasualitate hutsa Ezker Batuaren alkatetza bakarra Arabako Bastida herrian izatea, non beste alderdi politiko batzuek golf-urbanizazio handi bat eraiki nahi zuten Toloñopean. Zorionez, garapenkeri-proiektuen aurkako herri-mugimenduek sarri gogorarazten digute Euskal Herria ez dagoela salgai”.
Hiri globalak eta globalizatuak: lehiakortasun homogeneizatzailea
Jordi Borja geografo eta hirigile kataluniarrak Hiri Globalaren kontzeptua landu zuen duela hiru urte Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarentzat egindako ikerketan. Kataluniako hiriburuak bizi duen iraultza urbanistikoaren ezaugarri eta kontraesanak ditu hizpide Borjak, baina adibideak gurerako ere balio dezake.
 
Hiri iraultza, globalizazioari loturiko faktore teknologiko, ekonomiko, sozial eta kulturalek sortzen dute. Agintarien arteko lehia nagusi da; guztiek erakarri nahi dituzte inbertsioak, ekimen esanguratsuak (kongresuak, kultur ekitaldi mediatikoak…) eta turistak. Ez gara “Estatua-nazioa” eskalako lehiakortasunaz ari, hiriaren eta lurraldearen artekoaz baizik. Inguruko hiri edo herriengandik bereizi nahi dugu, desberdin eta originalak izan, erreferente bilakatu.
 
Bestalde, hirietako gizartea geroz eta konplexuagoa da, indibidualizatuagoa eta multikulturalagoa. Industria garaiko gizarte klase handiak banatu egin dira, eta gizarte multzoak irizpide ugariren arabera (lurraldearekin lotutakoak, kulturalak…) osatzen dira, giza-harremanak aldatu egin dira (mugikortasunak edota aurrerapen teknologikoak bultzatuta), eta eskaera dibertsifikatu egin da.
 
Gaur egun, hirigintzako politikak ezin dira kolektibo handi eta ustez homogeneoei zuzendutako eskaintza masiboan oinarritu.
Paradoxa bat dago, ordea: norbanakoek eta hiriek besteengandik bereizi eta desberdindu nahi duten bitartean, eredu edo jarraibide sozialak globalizatu eta homogeneizatu egiten dira. Arkitekturak, kontsumo ohiturak, informazioak, aisialdia, hizkuntzak (pseudoingelesaren aldaerak) eta janzkerak arrunt eta hutsal bilakatu eta balio bereizgarri hori galtzen dute. Borjaren hitzetan, “bereizketaren bidezko lehiakortasunak, hutsalkeriaren bidezko ez-lehiakortasunera garamatza”.
 
Eskala horretako gobernagarritasunak berrikuntzarako gaitasun politikoa eskatzen du, baina lurraren okupazioa helburu duten ekimen pribatuek, elkarri lagundu edo traba egiten dioten botere-guneen fragmentazioak eta bestelako faktore batzuek, berrikuntzarako jauzia oztopatzen dute. Alderdi politikoetako ordezkariek, instituzioetako karguak betetzeko hauteskunde-makineria bilakatuta, nekez gaindi ditzakete traba horiek.
 
Agintariek aurkeztutako plan estrategikoek helburu argia izan dute: “hiper-lehiakor” diskurtsoan oinarrituta, mundu globalean irabazle izan nahi duten hirien erreminta bihurtzen dira. “Plan horiek, teorian, parte-hartze zabala sustatu beharko lukete. Sarri, ordea, botere ekonomiko-politikoaren jarduera legitimatzea beste funtziorik ez duten asmo ederreko hitzetan geratzen dira”.

Sassen eta Hiri Globalaren kontzeptua

Hiripublika blogan irakurri dezakegunez, Hiri Globala kontzeptua 1990eko hamarkada hasieran aipatu zuen lehenengoz Saskia Sassen (Haga, 1949) soziologo amerikarrak. Hark definitutako Hiri Globalak ezaugarri hauek ditu: erakunde globalen agintaritza bilgunea, telekomunikazio azpiegiturak, erakunde globalei zerbitzu emateko gai diren enpresa espezializatuak (publizitate agentziak, abokatu bulegoak…), finantza zentro garrantzitsua, post-fordismo prozesuetako enpresa berritzaileak, gobernuen politikan eragina duten eragileak eta saldu nahi diren zerbitzu eta produktuentzako nahiko merkatu.
 
Sistema global horrek hierarkia bat inposatzen duen sarearen forma hartzen du. Hiri zentraletatik periferikoetara doa sare hori. Ekonomia Globalaren oinarria eta garapena finantza fluxuek egituratzen dute. Ondorioz, fluxu hauen inguruko informazio, agindu, transakzio eta gainerakoak zentro jakin batzuetan biltzen dira. Nodo abizena hartzen duten hiri zentralak dira benetan Hiri Globalak; besteak, sarearen zerbitzura jartzen diren Hiri Globalizatuak bihurtzen dira. Hala, autore nagusien arabera, benetako Hiri Globalak New York, Londres eta Tokio lirateke, baita Los Angeles, Miami, Paris, Amsterdam eta Shangai ere.
 
1990eko hamarkadan hasi ziren hiriak Sare Globalean duten kokapena eta hierarkia maila hobetzeko lasterketan, eta horrek elkarren arteko lehiakortasuna indartzen du. Lehia horren barruan uler daitezke hain erabiliak diren esamoldeak: “Lurraldearen abagune berriak bultzatu beharra” eta abar.
 
Lehiakortasun zorrotzago baten bila doan lasterketa honetan, Hiri Globalizatuak, besteen aurrean bereizketa “eraikitzen” saiatzen dira. Horretarako, bitarteko guztiak, irentsiko dituen hiriaren irudiaren eta profilaren egokitze beharrera lerrotzen dira. Firma Globalak kontratatzen dira (garesti, oso garesti), sarearen zentroaren atentzioa erakartzeko asmoz. Baina David Harvey geografo ingelesak (Gillingham, 1935) ondorioztatu duen bezala, epe luzera, lortu nahi zen bereizketa hori ezerezean geratzen da, firma global horiek euren produktuaren estandarizaziora jotzen dutelako. Gehry edo Calatravaren obrak, adibidez, munduan nonahi aurkitzera heldu gara urte gutxitan.

Bilbo: hiri-performancea

Gehry eta Calatrava aipatuta, Bizkaiko hiriburua datorkigu ezinbestean burura, Guggenheim Museoa eta Itsasadarraren gaineko zubia. Hiripublika blogan galdera bat utzi du airean Bilbaok: “Bilbao-Gugenheim honek zer izaera du, beste Hiri-performance bat da ala benetako hiri antolamenduaren eredu izango da?”. Erantzuteko eskatu diogu guk: “Hiriaren zati bat Golden Mile (Urrezko Milia) antzeko batean bihurtzeak gehiago du performance izaeratik. Gaur egungo merkatu globalizatu honetan, higiezinen merkatu globalizatua ere badago. Ohikoa den bezala, hemen ere goi mailako ‘markak’ daude, arkitektoenak kasu honetan. Kilometro eskas batetan batuko dira Isozaki, Gehry eta laster Hadid (Zorrozaurren), Foster ahaztu gabe (Metroan)”.
 
Bilbaok dioenez, kontzentrazio horri esker, merkatu globalean erreferente diren aldizkarien azaletan agertu dira. Marka horiek kontratatzeagatik xahutzen den diru kopuruak, protagonismo iragankorra ematen du (Times aldizkariko aste bakar bateko azala), baina benetan zer sortzen, landatzen duen da garrantzitsuena: “Batzuetan Emirerrietan gaudenaren sentsazioa izaten dut, oso aberatsak garela baina ideiak eta modernitatearen –posmodernitatearen– distira kanpotik ekarri behar ditugula”.
 
Zuzenbide lizentziadunak politika horren beste aldea erakutsi digu: “Guggi plaza bertatik, pare-parean, Deustu auzoaren tontorrean, Arangoiti izeneko etxe multzoa dago, 60ko hamarkadan eraikitakoa, eta oraindik ere orduko arazo urbanistiko berberekin jarraitzen duena. Hara gora ez da ‘operaziorik’ helduko, hain zuzen ere ez dagoelako inolako plusbaliorik sortzeko aukerarik”.
 
Badira bestelako hirigintza politika babesten duten ereduak, Finlandiakoa kasu –Pasaiako kanpo portua proiektatzeko, adibidez, eredu hori jarraitu zuten–. Herrialde txikia izanda (5.300.000 biztanle), 70eko hamarkadan hasitako modernitaterako jauzia hango arkitektoen eskuek landu zuten, eta gaur egun mundu mailan erreferente bihurtu dira. Azken finean, egin-jakitea (know-how) ikusgarria erakutsi dute bertakoek, eta horrek mundu mailan izena eman die, urte askotako lanaren ondoren, hori bai. Bilbaoren hitzetan, “agian hemen azal-orrien premiarekin bizi gara”.
 
Unai Fernandez de Betoñori ere Bilboren garapenari buruz galdetu diogu: “Lehenik eta behin, argitu beharra dago Guggenheimek ez duela eduki esaten zaigun bezainbesteko eragina Bilboren eraberritzean. Askoz ere garrantzitsuagoak izan dira metroa, kanpoko portua eta itsasadarraren berreskuratzea. Horrekin esan nahi dut Guggenheim berria ez dela Urdaibaiko hirigintza-arazoak konponduko dituen panazea. Gainera, bigarren atalak ez dira onak izaten orokorrean. Agintariek hautatutako kokagunea kolokan jartzeaz gain –lurraldearen antolakuntzaren aldetik zalantzagarria da oso Guggenheim berria herrialde berdinean eraikitzea–, museo atzerritar horren oinarrizko kontzeptua eztabaidatu beharko genuke: diru publikoz finantzatutako beste frankizia kultural bat behar al dugu? Campbell’s zopa-potoen serigrafia aspergarri gehiago behar al ditugu Euskal Herrian?”
Udalerri txikiak eta Europako fondoak: aukera galdua?
Aitor Bilbaoren arabera, gure udalen inertzia beti antzerakoa izan da: Foru Aldunditik edota Jaurlaritzatik etorritako ideien etorriari itxarotea, eta guztietan, haienganako menpekotasun finantzarioari aitzakia bilatuz. “Hala ere, badira aukera zabalagoak Foru eta Jaurlaritzako finantzazio eskabide guneetatik at, eta zuzenean Udala-Europa harremana sortzen denean, ez da bitartekorik, ezta oztoporik ere”.

Europar Batasuneko fondoak


A) LIFE Fondoak
Fondo hau hiru ardatzetan banatzen da: LIFE Natura eta Bioaniztasuna (propio naturarako), LIFE Informazioa eta Komunikazioa, eta LIFE Ingurumen Politika eta Gobernantza. Azken horren bitartez, Hiri Ingurumena eta Bizitza Kalitateari buruzko Estrategia Tematikoa lantzen da.
 
LIFE fondoez baliatu den gertuko adibidea Les Presses izeneko 1.700 biztanleko herrian topa dezakegu, Gironako Garrotxa eskualdean. Pedra Tosca parkean, aitzinean nekazal eremua izandakoan, txabolak eta zabortegi klandestinoa daude orain, Olot hiriaren periferia urbanoak hartua. LIFE Proiektuaren xedea, ingurua berriz ere nekazal eremu bihurtu eta aisialdirako eta ingurumen hezkuntzarako, 26 hektareako “parke eszeniko” bat antolatzea izan da.

B) FEDER Fondoak
FEDER izenburu orokorraren azpian hainbat Fondo sorta dago. URBAN deritzona da horietako bat. Bere lehentasunen artean, hirien bizi kalitatea legoke, eraikinak eraberritzea, gune berdeak sortzea, eta kutsadura urriko garraio publikoak eta energia berriztagarriak sustatzea.
 
Euskal Herriko zenbait proiektu sartu dira fondo hauen babespean: Bilbo Zaharra auzoa, Barakaldo, Pasaiako badia, Iruñeko alde zaharreko eta Errotxapea auzoko biziberritze proiektuak… Horrek ez du esan nahi udalerri edota eskualde industrial zabaletara bakarrik zuzenduta daudenik. Biarritzen, adibidez, La Negresse auzoan, fondo hauen bitartez proiektu bat aurrera atera zen: zortzi hektareako gune degradatuan, gune berde bat berreskuratu zen.
 
Bilbaoren hitzetan, ez da beti derrigorrezkoa bertoko goi erakundeetara eta sarritan ama-ordezkoaren talantea izaten duten sailburuengana eskean joatea. Europako Batzordearen beraren estatistiken arabera, fondo hauetara aurkezten diren ia %40, udal erakundeak izaten dira, udal txikiak barne… “Txikia ere, ondo landua bada, kontutan hartzen da Bruselan”.

Zergatik ez dugu Bruselara jotzen?

Aitor Bilbaoren ustez, hemengo kasuei buruz hitz egitean, fondoak onerako edo txarrerako izan diren aztertzea beti izango da eztabaidarako gaia. “Gauza da fondoak eskuratzeko aukera badagoela. Diruarekin okerreko bidea hartzen bada erantzuleei eskatu beharko zaizkie kontuak, baina fondoek eurek ez dute azken emaitza erabakitzen, hori kudeatzaileen ardura da”.
Fondo horietara jotzeko ohiturarik zergatik ez dagoen galdetu diogu Bilbaori. Hainbat faktore aipatu dizkigu. Ezjakintasuna da horietako bat. “Laguntza horiek badirenik ere askok ez dute jakingo”, esan digu Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzako kideak. Foru Aldundiek Udalen gainean duten tutoretza ahalmena ere aintzat hartu behar da. Kontzertu Ekonomikoan bertan legez araututa dago arlo ekonomiko-finantzarioan duten tutoretza eskumena: “Udalek ere ‘somatizatu’ egin dute egoera hori, Aldundira erromesen moduan eskean joatea, alegia”.
 
Gainera, Europako fondoetara aurkeztea oso nekosoa omen da: egitasmoa aurrez landu behar da, aurrekontuko partidak ondo zehaztu eta justifikatu, eta behin jardunean hasita, uneoroko informazioa eta gardentasuna eskaini behar zaizkie Bruselako ordezkariei. “Gure artean, aginte jarduerak oraindik ez daude Europa aurreratuaren prozeduretara homologatuta. Bilboko Abandoibarrako kasua adibideetako bat da. Eta pena da, aukera galdua delako. Europako Batzordearen urteroko txostenaren arabera, LIFE fondoetara aurkeztutako aginte publikoen artean, heren bat baino gehiago toki administrazioak izan ohi dira”.
 
Bere iritziz, Abandoibarran egindakoak ez du meritu berezirik: “Hasteko, lurzorua jabego publikokoa zen osorik, eta diru kostu gehiena ere aurrekontu publikoetatik atera da”. Bada, gainera, egunotan albiste polemiko baten berri izan dugu. FEDER fondoak direla eta, Bruselako auditoreek bertoko administrazioei 3 milioi euro eskatzen dizkiote, operazio horretan sortutako plusbalio urbanistikoek proiektua bera autofinantzatu beharko luketelako, eta diru publikoa (Europakoa bederen) ezin delako horrelako kasuetarako bideratu.
Herritarren parte-hartzea proiektu urbanistikoetan: Itxurakeria hutsa
Aurrez azaldu dugun moduan, agintariek aurkeztutako plan estrategikoek, teorian parte-hartze zabala sustatu beharko luketela dio Jordi Borjak. Sarri, ordea, botere ekonomiko-politikoaren jarduera legitimatzea beste funtziorik ez duten asmo ederreko hitzetan geratzen direla uste du. Antzeko iritzia dauka Mikel Alonso arkitektoak. Donostiako zenbait proiektu urbanistikoren inguruko auzietan parte hartu du herritar gisa, eta badaki “hirigintza parte-hartzailea” kontzeptuak zer tranpa ezkutatzen dituen. Ezagutzen dituen hiruzpalau proiektu urbanistikoren adibideak jarri dizkigu, Donostiakoak guztiak, kasu konkretu bakoitzean parte-hartze aktibo horren benetako aurpegia zein den azaltzeko. Italiako Napoli hiriko Chiaiano parkeaz hitz egin digu gero, hura biziberritzea helburu zuen lehiaketaz, benetako parte-hartzea sustatzeko tresnak badaudela erakusteko, politikariek aintzat hartzen ez dituzten arren.

Egiako San Frantzisko plazako aparkalekua

Aparkalekua diseinatzeko, alkateak “sasi-prozesu parte hartzailea” prestatu zuen duela urtebete inguru. 30-40 lagun bildu ziren. “Tranpa zein den? Udalak ahal zuen guztia egin zuen gu banakako gisa aurkezteko, izena ematera banan-banan joateko, talde baten izenean egiteko aukera eman beharrean. Eta gure artean harremanik ez izaten saiatu ziren. Gainera, bilerak antolatzeaz eta aktak idazteaz (ezin ziren aldatu, tranpeatuak zeuden arren) Udala arduratzen zen, eta azken erabakia ez genuen ezagutu prentsak publikatu zuen arte. Baina proiektua atzera botatzea lortu genuen, eta beste proiektu bat egituratzera behartu genituen”. Alonsoren ustez, Udalak nahi zuen bakarra jendearen haserre maila kalkulatzea zen, egitasmoak zer oposizio izango zuen neurtzea. “Bileretan zera errepikatzen ziguten behin eta berriz: ‘Gogorarazten dizuegu foro honetan ezin dela ezer erabaki, kontsultiboa besterik ez dela’. Tira, proiektu berria interesgarriagoa da, nahiz eta gauza batzuk aldatzerik ez dugun izan”. Onartu ez dituzten bi proposamen aipatu dizkigu Alonsok. Batetik, aparkalekuen erosleek plazaren eraberritze kostua euren gain hartzea nahi du Udalak, baina auzotarrek ez, aparkalekuen jabeek plazan diru asko gastatzerik ez dutelako nahi izango. “Guk dirua Udalak jartzea nahi genuen”, esan digu Gasteizen jaio baina Donostian bizi den arkitektoak. Bestetik, herritarrek zuhaitz handiak landatu nahi zituzten, baina aurrekontu faltagatik, “txintxeta batzuk” jarriko dituztela uste dute. Dena den, Alonsorentzat esperientzia nahiko positiboa izan zen, dezenteko mugimendua sortu zelako eta beste baterako lagungarri izan daitekeen informazioa pilatu zutelako.

Sagües: Monpaseko pasabidea

Itsasertzeko pasabidearen proiektuaz ere hitz egin digu Alonsok, prozesu parte hartzailea zeri deitzen dioten azaltzeko: “Erakusketara jende mordoa joan denez, eta aukeratutako proiektua interesgarria dela idatzi dutenez, herritarrek proiektua aurrera eramatea nahi dutela esan du Udalak. Hori ez da egia. Zergatik ez dute parte-hartze prozesua hasieratik abiatu? Erakusketarenak marka eraikitzen laguntzen du: ‘Donostia, hiri parte-hartzailea’. Hori faltsua da. Beraiek aurrez hartutako erabakiari itxura parte-hartzailea eman nahi izan diote.
Duela bi urte baino apur bat gehiago gertatutakoa ere kontatu digu Alonsok. Sagues-en etorkizuna zela-eta –ez pasabidearena, zonalde osoarena baizik–, prozesu parte hartzaile bat diseinatzeko eskatu zion Udalak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzari. “Gauza leun bat diseinatu zuten, baina Udalak gehiegizkotzat jo eta atzera bota zuen!”.

Groseko Katalunia Plazako aparkalekua

Aparkalekua bota eta beste bat egin nahi dute, lurrazpikoa, lau pisukoa. “Badirudi zuku gehiago ateratzeko modua aurkitu dutela”, esan digu Alonsok, eta jarraitu aurretik, Donostiaren garapenaz hitz egin digu: “Lurraldearen gaineko begirada jarraitua dute; negozio aukera badago, aurrerantz jotzen dute. ‘Begira ze polita geratuko den Donostia hau amaitzean’, esaten digute. Ba hori gezurra da, Donostia beti horrela ari delako, eraldatzen. Gaur egungo metropoli-guneetako zentroen ezaugarria da, uneoro daude obratan”.
Katalunia Plazarekin zer gertatu zen? “Udalak menua antolatu zuen: ‘Zer iruditzen zaizkizu hau eta bestea? Aukeratu erantzuna: A, B edo C’. Bozketa egin zen (%15eko parte hartzea izan zuen gutxi gorabehera), baina nik prozesu osoan parte hartu nahi dut, sukaldera sartu eta menua erabaki. Beraiek diote gauza teknikoak direla eta ez ditugula ulertuko. Aitzakia besterik ez da”. Nahi izanez gero, herritarren eta teknikarien arteko harremana bultzatzeko modua badagoela dio Alonsok, eta Italia erreferente dela esan digu: “Estatuak berak bultzatzen ditu prozesu parte-hartzaileak, beharbada hango politika oso deslegitimatua dagoelako”. Bere ustez, Monpaseko pasabidearena ere operazio propagandistiko hutsa da, agintarien erabaki eta politiken legitimazio eza estaltzeko estrategia. Alonsoren hitzetan, boterean daudenek euren esanak sinesgarritasuna galtzen ari direla ikusten badute, “prozesu parte-hartzailea” deitzen dioten zerbait antolatzen dute, herritarrei euren etorkizunaren jabe direla sinestarazteko.

Chiaianoko zabortegia: EAWS metodoaren aplikazioa

Herritarren inplikazioa bultzatzen duten mekanismoei buruz galdetzean, EASW (European Awareness Scenario Workshop) kontzientziazio tailerrez hitz egin digu Alonsok. Europako Batasunak onartutako tresnak dira, eta agente guztien (politikarien, teknikarien, herritarren…) ideia eta proposamenak koordinatzea dute xede. Napoliko (Italia) Chiaiano izeneko zonalde periferikoa biziberritzeko proiektu urbanistikoa jarri digu adibide bezala.
 
Chiaianon zabortegia eraiki nahi du Berlusconiren Gobernuak. Parkea kudeatzen duen elkarteak eta WWF naturaren defentsarako erakundeak zonaldea biziberritzeko proiektu urbanistikoen lehiaketa antolatu zuten 2004an. Ez zen, ordea, gure inguruan ikusi ohi ditugun prozesuen tankerakoa izan. Arkitekto taldeek baldintza bat bete behar zuten derrigorrez: ezin zuten proposamen bat aurkeztu, aurrez parte-hartze prozesu baten bitartez bildutako datuak kontutan hartu gabe. Alegia, herritarren iritzia aintzat hartu ez zuen proiekturik ezin zuten landu. Gure ordezkari politikoek, gisa horretako lehiaketa bat antolatu ohi dutenean, epaimahai batek aukeratutako proiektuetako bat –bakarra ez denean– hautatzeko unea iritsi arte, herritarrek ez dute prozesuan esku hartzen. Orduan bai, agian, “hiru proiektu hauetako zein gustatzen zaizu gehien?” galdetuko digute, baina bitartean... Napoliko kasuan ez. Arkitektoen lehenengo eginbeharra Chiaianoko herritarrei (eskolako umeei, gurasoei, dendariei, aiton-amonei...) galdetzea izan zen, eta iritzi horietatik abiatuz landu zituzten euren proiektuak. Erabakia –lehiaketa–, dena den, ez dago Italiako legediari lotuta. Berlusconik erabakia hartuta dauka; bost erraustegi eta zabortegi ugari eraiki nahi ditu, eta herritarrek nekez lortuko dute asmo horiek ezerezean uztea. Chiaianoko zabortegi proiektuen aurrean, beste bide batzuk ikusten ditu Alonsok. Esaterako, Usurbilgo atez-ateko hondakin bilketa txalotu du: “Bat dator ‘zero hondakin’ politikarekin”, esan digu.

“Agintariek ez dute intoxikazio kanpainak zapuzterik nahi”

Lagun ugarik parte hartu zuen Napoliko prozesuan: “Jendeak ikusten badu bere iritziak, bere nahiak kontutan hartu eta aurrera eramaten dituztela, hirigintza proiektuetan parte hartuko du, ez izan zalantzarik. Parte hartzea ez da menua aukeratzea –Donostiako Katalunia Plazaren kasuan bezala–, sukaldean sartzeko aukera izan eta lan egitea baizik, jango duguna hasieratik aukeratzea”. Eta hori gure udalerrietan aplikatzea ere posible dela dio, nahiz eta sarri hain energia sozial handirik ez dagoen: “Gure ingurunearen etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izatea oso garrantzitsua da, ez bakarrik ez dakit nor aberastu ez dadin lortzeko, moral edo animo pixka bat eskuratzeko baizik. Gauzak alda daitezkeela ikusteak poztu egiten gaitu”. Baina, oro har, instituzioei ez omen zaie komeni itxaropenik sortzea. Badakite herritarrek ez dituztela beste leku batzuetan erabakitako planak aldatuko, inork ez dituela oztopatuko. Hala ere, agintarien proiektu horiek legitimitate osoa dute, eta babesten ez dituena legitimazio sistematik at utziko dute, “marka baten –deitu Donostia, Euskal Hiria edo Pasaiako Portua– kudeatzaileek sortutako sistematik at”. Proiektu urbanistiko horien aurkako ahotsak azaleratzen badira, errazagoa da “lau katuren kontua” dela erakusten saiatzea, kontrako iritziak kontutan hartu eta formalki bideratzea baino. Gainera, bizi dugun egoera sozio-politikoa medio, errazagoa ei da jarrera antagonistak kriminalizatzea: “Ezinegona nagusitzen bada, intoxikazio, lan eta diru asko behar izan dituzten proiektuak bertan behera geldi daitezke, eta agintariek ez dute halakorik gertatzerik nahi”.
 
Alonsok, hala ere, argi utzi nahi du EAWS moduko mekanismoek ez dutela ezer garantizatzen: “Ez du esan nahi instituzioek euren desioak beteko ez dituztenik, baina gutxienez, sorreran behintzat ez dago engainurik”. Gainera, eztabaida aberatsa piztu dezakete, eta herritarrak proiektu urbanistikoetan murgiltzera animatu. “Bideetako ingeniaria ez izan arren, nire inguruko erabakietan parte hatzeko legitimaturik nago”, dio arkitekto donostiarrak.
 
Bide batez, Lurzoruaren Legeaz galdetu diogu Alonsori. Zorrotz erantzun digu: “Lurzoruaren Legeak parte hartze neurriak aurreikusten ditu, baina inkesta bat besterik ez da”.

Lurzoru Legearen funtzionalitate eza

Unai Fernandez de Betoñoren hitzetan ere, EAEko 2006ko Lurzoruaren Legeak herritarren parte-hartzea bermatzera derrigortzen du. Alabaina, oraindik ez dakigu ondo nola gauzatu parte-hartze hori: “Eskuarki, erabaki garrantzitsuak hartu ondoren eskatzen zaio iritzia herritarrari; beranduegi denean, alegia. Azken modaren arabera, herritarrek aukeratzen dute esaterako plaza baten diseinuaren egilea. Donostiako Groseko Kataluniako plaza diseinatzeko iazko lehiaketa aipa daiteke; hiritarrek, beraiek hautatu ez zituzten finalista batzuen artean irabazlea aukeratu zuten. Hori ez da parte-hartzea, politikoek erantzukizuna saihesteko aitzakia baizik. Benetako parte-hartzea hasieratik auzokoekin plazaren beharren egitaraua zehaztea eta adostea izango litzateke”. Alonsok deskribatutako Napoliko Chiaiano zonaldearen kasua dugu horren adibide.
 
Bestalde, Hiripublika blogan antzeko irakurketa egin du Bilbaok: “Orokorrean, hiritarren parte-hartzearen erretorika nonahi agertzen ari da aspaldi honetan, baina nekez gauzatzen da benetako politika desberdinen jardunbideetan”. Dena den, EAEren kasuan, “Udaleko Osoko Bilkuraren ate blindatu hori zer edo zer irekitzeko abagunea eskaintzen da”. Alde batetik, 7.000 biztanletik gorako udalerrietan, 2/2006 Lurzoru eta Hirigintza Legearen aginduz, Udal Plangintzarako Aholku Batzordea deritzona eratu behar da (109. artikulua). Batzorde horren osaketan, bermatu egin beharko da kideen artean auzo-elkarteetako eta ingurumenaren defentsan lanean ari diren erakundeetako ordezkariak egongo direla (110. artikulua). Udalak, edozein plangintza mota onartu aurretik, Batzorde horren aurrean azaldu beharko du, eta haren txostena loteslea ez bada ere, aintzat ez hartzeko zergatia argitu beharko du.
 
Batzorde horren eraketa eta araudia onartzeko –edo ez onartzeko– eskumena Udalak berak du: “Egungo egoera ikusita, argi dago zer nolako talantea duten gure alkate eta zinegotziek. EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen webgunean (www.eudel.net) egiazta daitekeenez, Legea indarrean sartu zenetik urte eta erdi igarota, EAEn 19 udalek baino ez zituzten Batzordeok eratu”.

Mikel Alonsok proposatutako biografia:
Barcelona. La ciudad mentirosa (Manuel Delgado. Catarata)
Miradas extraviadas por una política nocturna (Mar Traful kolektiboa)
Bilbao y su doble (Garikoitz Gamarra eta Andeka Larrea. La Llevir Virus)
La arquitectura del poder (Deyan Sudjic. Ariel)
Mikel Alonso: Atxagaren Euskal Hiriaz
“Agintariek zabaldu nahi duten marketako bat da Euskal Hiria. Harrigarriena zera da: Atxagak Euskal Hiria deitzen duen hori formulatzeko erabili dituen eduki sinboliko guztiak, instituzioek euren nahiera fagozita ditzaten uzten ari dela. Kritikagarria da oso. Ez dugu gustuko Atxagaren talentua politika zehatzak legitimatzeko erabiltzea, politikariei gauzak eskura jartzea.
Unai Fernandez de Betoño: Unibertsitatearen paperaz
Mikel Alonsok esan digu Arkitektura Fakultateko irakasle eta ikasleek –ez denek– ez dituztela ingurua perfekzionatzeko sistemak bultzatzen, ez dutela ikuspegi kritikorik. Unai Fernandez de Betoño EHUko irakasleak zera esan digu: “Unibertsitatean ez bagara kritika lantzen saiatzen, akabo. Eztabaidatzeko oso gai egokia da, areago Bolognako prozesuaren azken fasean sartuta gauden honetan, non Europako Unibertsitate Esparruak unibertsitatearen eta enpresa pribatuaren arteko harremanak indartu nahi dituen. Unibertsitatea ezin da ikasleak otzantzeko eremu bihurtu. EHUko Hirigintzako jakintza-arloko irakasleok Udalekin lankidetza-hitzarmen puntualak egin ohi ditugu gai zehatzak ikertzeko, baina ez dugu inoiz uzten alde batera irakaskuntza-independentzia. Autokritikaren bat egitekotan kontrakoa esango nuke, alegia, eskuarki errealitatetik ihes egiten dugula, teoriaren alorrean gehiegi murgilduz. Hala ere, gizartea eraldatzeko utopia punttu bat ez dago guztiz soberan gure unibertsitatean”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude