Eroski: euskal eta kooperatiba nortasunari eutsi

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Eroskik, Mondragon Taldeko banaketa enpresak, bide berria hasi du joan den asteburuan. Batzorde Orokor Bereziak gehiengo handiz onartu zuen Egitura Sozietarioaren Estatutu Markoa. Zuzendaritzak estatutu hori sustatu zuen taldearen egitura aldatzeko eta Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko dendetan lanean ari diren 52.000 langileak kooperatibista izateko. Beraz, 38.000 langile izan ahalko dira jabe, gainerakoak dagoeneko badira eta. Hasi berria den prozesua amaitzen denean, hiru bat urte barru, Eroski munduko kooperatiba handiena izango da.
 
Bazkide guztiak ez ziren ados eta gutxiengo batek osoko zuzenketa aurkeztu zuen. Horien ustez, Eroskiren erabaki gunea Espainiar Estatura alda liteke eta egoitza ere Euskal Herritik kanpora kokatu. Mondragon Taldearekiko lotura hausteko arriskua ere badute bazkide horiek. Beldur horiek etorkizunean indar hartuko dute edo desagertu egingo dira. Zuzendari orokor Agustin Markaidek kezka horiei erantzun asmoz zera esan zuen batzar orokorra bukatutakoan: “Gure kooperatibak Mondragonekin duen eta parte garen euskal gizartearekin daukan konpromisoa berritu ditugu“. Datozen hilabete eta urteetan, bide berria onartu dutenek eta ez dutenek, Eroskiren norabidea ikusi ahal izango dute. Zuzendari orokorrak esana zuen: “Prozesua bukatzen denean Eroskik oraingo ereduaren inolako tankerarik ez du izango”. Gutxienez manten dezala kooperatiba nortasuna eta euskal nortasuna, egoitza Euskal Herrian duela.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!