Euskal armarriaren goiburua

Iñaki Martinez Luna
Dani Blanco
Zer? “Zazpiak bat”? Ez! Horren ordez, “Zenbat-buru-hainbat-aburu” proposatzen dut Euskal Herriko armarrian jartzeko. Horixe bera da-eta, gure izaeraren markarik nagusiena.
 
Izan ere, herri xelebrea gara. Munduko garatuenetakoen artean kokatzen garen arren, aurre-historiako tribuen antzera jokatzen dugu sarri askotan. Begi-bistakoa da gizarte eragile gehienak ezin ados jarri dabiltzala; zatituta eta elkarri mokoka. Eztabaidagai dauden auziak txikiak izan edo potoloak izan, desadostasuna beti nagusi. Adibideak, barra-barra ditugu, berriak edo aspaldikoak: futbol selekzioarena, abiadura handiko trenarena eta abar.
 
Bere-berez, iritzi ezberdinak edota kontrajarriak egoteak ez luke kezkarako motibo izan behar. Hori bera baita osasuntsua den gizarte garaikide baterako ezinbesteko baldintza: ñabarduretan aberatsa, kolore, xehetasun eta bereizgarri askokoa. Ez da kasualitate hutsa erregimen autoritarioek erabateko berdinkeria bilatu izana; gizartea eta herritarrak dimentsio bakarreko ideiatan hazi eta hezi nahi izana.
 
Hala ere, gure aniztasuna kezkarako motibo bihur daiteke, antzu bihurtzen bazaigu; gure arteko ezberdintasunek eta jarrera kontrajarriek gauden ataka txarrean blokeatzen bagaituzte. Eta beldur naiz puntu horretaraino ez ote garen iristen ari, ez ote dugun eztabaiden labirintoko irteera bilatzeko ardura erabat galdu; ez ote gauden hika-mokoka suntsigarrian murgilduta.
 
Gakoa da nola gobernatu, nola bideratu ditugun aniztasun eta diferentziak, benetan aberasgarriak izan daitezen. Nire uste apalean, bi gako daude horretarako: bata kulturala eta bestea politikoa.
 
Kulturalki ezinezkoa zaigu, gaur egun, besteen iritziei patxadaz erreparatzea, gure planteamenduen aurkakoak direnean, bereziki. Hala politikan nola egoera edo bilgune sozial eta herritar gehien-gehienetan, kontrako iritziak entzun ahala piztu egiten gara eta, besterik gabe, uko egiten diegu. Ez diegu pentsatu bakar bat ere ematen ea nolabaiteko ekarpenik egiten ote diguten ikusteko.
 Azken buruan, aniztasuna ez dugu onartzen; pairatu egiten dugu. Benetako iraultza kulturala gertatu beharko litzateke gurean, ezberdina zaiguna onartzetik lekutan gaudelako, une honetan.
 
Politikagintzan ere aldaketa sakona behar dugu. Jarraitu beharreko eredu berri ezin hobea da Erramun Baxokek Iparralderako egiten zuen gobernantzaren aldarrikapena, Bat Soziolinguistika aldizkarian: “… gobernantza (gouvernance) ez da gobernua (gouvernement). Alabaina, antolaketaren dinamikan parte hartzen dute bai gizarte politikoak, bai eta gizarte zibilak ere. Gobernua da erabakiak toki batean hartzen dituena eta egiketa beste toki batean eramaten duena. Hori da kudeantza klasikoa. Aldiz, antolaketa dinamikan erabakiak gune askotan moldatzen dira. “(…) Gaurko hiria gobernagarri da, ez botere zentralizatu baten bidez, baina gobernantzaren bidez. Diskurtsoak, interesak eta harremanak negoziatu behar dira, hitzarmen batera heltzeko…”.
 
Ezin da argiago esan. Euskal Herria gobernagarria izango da, gobernantzaren bidetik abiatzen bada eta, aldi berean, iraultza kulturala burutzen badu. Izan ere, antolamendu politiko berri hori eraiki ahal izateko, gure kultura ere irauli beharra dugu. Horrela bakarrik joko nuke egokitzat “Zazpiak Bat” leloa; edo, pluraltasunaren izenean, “Hamaika Bat”. Baldintza berri horietara iritsi bitartean, “Zenbat-buru-hainbat-aburu” askoz egokiago dugu, gure armarrian.

ASTEKARIA
2009ko urtarrilaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude