Valentzieraren alde manifestazioa

Escola Valencianak egin du deialdia eta azaroaren 29an, Valentzia hiriburuan, manifestazioa egingo dute valentziera eskoletan irakasteko aldarria egiteko. Valentziar Herrialdeko irakaskuntza publikoko milaka irakasle, ikasle, guraso eta baita herritarrak ere biltzen ditu Escola Valencianak, eta hitz gutxitan esateko PPren esku dagoen Gobernuak valentzieraren (edo katalanaren) alde esan bai baina egiten ez duena exigitu nahi dute. Aldarria hobeto ulertzeko zehaztapen bat egingo dugu: azkeneko datuen arabera, sare publikoan valentzieraz ikastea eskatu duten 90.000 haur murgiltze eredutik kanpo geratu dira, ikasle horien guztientzat eskaintzarik ez duelako Gobernuak. Hezkuntza Sailak valentziera modu mailakatuan sartzen duen ereduan matrikulatzera behartu ditu haurrok. Eredu hori EAEko A ereduaren tankerakoa da sarri, onenean B modukoa. Ikasleak valentzieraz ondo moldatzeko gai ez direla ateratzen dira eskolatik. Kontuan hartzen badugu gaztelaniaren eta valentzieraren arteko gertutasun linguistikoa sinesten zaila da... baina Escola Valencianako presidente Diego Gómezek berak esana da hori.
29ko manifestazioaz gain, 17tik 21era itxialdiak egingo dituzte eskoletan, Benidormen, Gandian, Castellón, Elxen...

Eguneraketa berriak daude