Gorputz ahantziak


2008ko azaroaren 9an
Patxi Zubizarreta
Zaldi Eroa
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Aurreko batean, Milan Kunderaren Izatearen arintasun eramangaitza liburuan oinarritutako filmaren bila joan nintzen. Bideodendako zerbitzariari galdera eginik, neure harridurarako X filmak dauden gela ezkutura bidali ninduen, eta baita han topatu ere, dena biribilgune, biribilketa eta zintzilikario ziren filmeen karatulen artean. Ideia lotura bitxi baten eraginez, Sebastiá Serrano semiologoaz oroitu nintzen, eta haren gogoeta honetaz: “Ikuspegi erlijiosotik nahiz filosofikotik begiraturik, gure historia emozioak pizteko gai diren gorputzez gabetua dago, izan filosofia klasikoan (Platon) izan modernoan. Esate batera: ‘Pentsatzen dut, beraz, banaiz’ dio Descartesek, baina ez ‘Maite dut, beraz, banaiz’ edota ‘Ukitzen dut, haztatzen dut, beraz, banaiz’...”. Eta akaberan pentsatu nuen batik bat gurean, eta batik batago politikaren astuntasun eramangaitzaren erruz, gorputzak eta emozioak geure baitako –zigor?– gela ezkutura bidali ditugula.

Noizbait Sarriri irakurri nion euskal literatura zuri-beltzekoa zela, apenas landu izan dituela koloreak. Baina nik gaineratuko nuke zentzumenak ere oso bazter utzi izan ditugula, nahiz eta, Ixabel Coixet-en antzera, Mendebaldeko literaturaz eta zinemaz gauza bera esan daitekeen: “Batzuetan irudipena dut Mendebaldeko filmetako pertsonaiek ez dutela sekula jaten, eta niretzat ezinbestekoa da jakitea pertsonaien bizimodua zein den, non bizi diren, nola egiten duten lo, zer jaten duten…”.

Behin adiskide bati entzun nion nobela entzutetsu bateko “Eta izan zen musurik…” euskal esaldi erotiko handienetako bat zela. Beste behin esan zidan honakoa dela sona handiko beste nobela bateko eszenarik beroena: protagonistak emakume batekin hitzordua du eta joan aurretik, dutxatzen ari dela, masturbatu egiten da geroko balizko joko erotikora lasaiago eta prestatuago joateko. Mohamed Txukri edo Abdela Taia marokoarrek edota Haruki Murakami japoniarrek, adibide bat ipintzearren, gogotik egingo lukete barre hemengo literatura goratsu eta gogoetatsuegiaren gainean. Eta ez naiz ari sexu kontuak esplizitatze soilaz, begirakuneaz eta begiratzeko moldeaz baizik.

Alabaina, literaturan ez, baina non eta Berria kazetan topatu nuen, guztiz ustekabean, beharrezkoa zitzaidan pizgarria, Agurtzane Ormatzaren Udari begira izeneko artikuluan.

Nork bere gorputza ezagutzeko gonbitea zekarren, nonbait biluzteko eta sentitzeko, nork bere buruari otordu intimo bat eskaintzeko, edo iluntzeko hitzordura barruko arroparik gabe joateko. Benetan artikulu nabarmena iruditu zitzaidan batik bat bakana delako, eta udari ez ezik gainerako urtaroei ere egokitzen ahal zaielako. Eta gogoan dut, artikuluari zerion sentsualitearekin, kazeta bererako ipuin bat idatzi nuela orduan. E-maila izenekoa, abuztuaren 17an argitaratua.

Eta bai, azkenean ikusi nuen filma, berriro ere gustatu zitzaidan, baina nago gaur egun zinema aretoetan ikusten denari erreparatuta, estreinatu zenean erotikoa izan zitekeena gaur egun kasik haur atalean egon daitekeela. Baina orain joan beharra daukat: hitzordu bat dut eta ez ditut Ormatza, Txukri, Taia, Murakami eta enparauen begirakunea eta sentsualitatea bazter utziko: “Eta gozatu gertatzen denarekin, nola sentitzen zaren, nolako mutil eta emakume ederrekin gurutzatzen zaren, zer paisaia dagoen...”.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude