Bazterrak nahasten lehendakari

Aingeru Epaltza
Aingeru EpaltzaAlberto Elosegi
Maiatzaren 18a, igandea. Urduritasuna nagusi Iruñean. Beterik daude telebistadun ostatuak. Karrikan, irrati aparatuen kableak ageri dira ibiltarien belarrietatik. Osasunak liga bukaera eskasa egin du. Puntu bakar batzuen gorabeheran dago talde nafarrak lehen mailako zeruan segitzea edo bigarren mailako infernura amiltzea. Salbabidea bermatua izanen du Racingen kontra Santanderren duen partida irabazita. Horretan huts eginez gero, gorritxoen kinka larri berean dauden bertze talde batzuen partiden emaitzek erabakiko dute eroriko den ala zutik egonen. Lau zakur berde axolagabe kenduta, Iruñeko seme-alaba guztiak erne daude, ezinegon batean, Kantabriako hiriburuan zer gertatuko. Sortzen-Ikasbatuazek antolaturik, euskal eskola publikoaren aldeko festa ospatzen ari dira Taconeran, eta han ere jendeak Osasuna gogoan. Jaialdiari akabera emateko tenorea etortzen ari da, baina oraindik falta da kontzertu bat gazteen aldean. Agertu dira musikariak. Agertu da kantaria. Haren agur irribarretsuak ortots egin du entzuleen belarrietan: “gaur bigarrenera jaitsiko gara!”.

Lendakaris Muertosko kideekin ez dakit nola moldatuko nintzatekeen ostatu baten barnean garagardoka. Ordea, maite dut haien ganberrokeria, bazterrak nahasteko duten gogoa. Izen beretik hasita, Dead Kennedys San Franciscoko aspaldiko bandaren oihartzun garbian.

70eko hamarkadan lehertu zenetik, punk mugimenduak itzal luzea izan du gurean. Ororen kontra jotzeko eta inguruak hankaz goratzeko grinak bat egin izan du gure belaunaldi bat baino gehiagoren samin nerabearekin. Bertze batzuek, berriz, heavyan edo berrikiagoetan, Oi! musikan aurkitu dute behar zuten atxikimendu estetiko eta musikala. Politikan gogorrenera jo den toki batean, soinu gogorrak izan dira hemengo gazte musikaren ikur eta bereizgarria.

Orain ez gaude 80ko loraldian, baina katea ez da eten. Dozenaka talde ditugu errezeta bertsuari atxikiak: erritmo bizia, melodia guti eta tasun atzizkiaren presentzia beren letretan. Transzendentziarako joera, hitz potolo eta pisuenganako isuria eta, oro har, umore eza dira, orokorrean, haien kanten ezaugarriak.

Paisaia horretan, salbuespen dira Lendakaris Muertos. Musikari gisa, gure herri eta auzoetan sortu diren bertze ehunka banden banaz bertzean ibiliko dira. Haien letrak, aldiz, azkar nabarmentzen dira bertzeen artetik. Lendakariek, zaunka egin beharrean, irri egiten diote beren inguruari. Gisa honetako taldeen ohiko etsaiak –kapitala, boterea, agintari politikoak, Espainia– ez ezik, guztiak dira haien zirien jomuga. Inoiz ere entzunen ez dituztenak ikaratzen ahalegintzeari uko egin gabe, hurbilenak ere asaldatzera abiatu dira beren ironiarekin eta beren sarkasmoarekin: Gora España, Veterano de la kale borroka, Se habla español, ETA, deja alguna discoteca, Héroe de la clase obrera... horrelako izenburuek famatu dituzte. Baita etsaiak sorrarazi ere, taldekideek behin baino gehiagotan erran badute ere, probokatu, ulermen motzeko jendeak baizik ez dituztela probokatzen.

Lendakariek, bistan dena, erdaraz kantatzen dute. Musika formatuan, euskarazko auto ironiak, bertzelako soziologia, bertzelako psikologia eta egun ez duen soziolinguistika beharko ditu noski, posible izateko. Hurrengo hamarkadan, akaso.

Maiatzaren 18an, Taconerako kontzertuak erdipurdiko bukaera izan zuen. Entzule batzuk oihuka hasi ziren Iruñeko laukotearen kontra: “ETA, mátalos!”. Bertze batzuk hartxintxar jaurtika aritu zitzaizkion emanaldiak iraun bitartean. Horietariko batek baxu jotzailea haztatu zuen bekainean. Odol jarioka, jotzen segitu zuen, kontzertua burutu arte.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude