Ipar-Hego lokarria

  • Galdutako belaunaldi baten ikurra zen Teodoro Hernandorena, “Euskadiren alde, edozer” esaten zuen horietakoa. Bere bizitza mila errimatan luza daitekeen kopla bat da. Kulturgilearen biografia argitaratuko du laster Larramendi Bazkunak.
Teodoro Hernandorena
Teodoro Hernandorena
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Hernandorenak “begi kolpea” deitzen zion talentuak plazaratzeko zuen abildadeari. Ehiza horretan, Zizurkilgo abertzale eta euskaltzaleak, hamaika kultur ekimen atera zituen aurrera, berdin Errepublikako urte zolietan edo gerraosteko erbeste mortuan. 96 urterekin hil zen Donibane Lohizunen (1898-1994), eta funtsean, bizitza oparo horretatik bi printza gogoratzen dira: Euzkadi dokumental aitzindariaren egilea izan zela; Xalbador eta Mattin bertsolariak oholtzara eraman zituela.

Baina Teodoro Hernandorenak hori baino gehiago egin zuen. Hain zuzen, Larramendi Kultur Bazkunak haren biografia kaleratuko du laster Xabier Lasa historialari eta kazetariaren eskutik. Berak dio injustuki ahaztutako belaunaldi baten ordezkari zela Hernandorena, gizartea errotik alda zitekeela sinesten zuen belaunaldia, altruista eta idealista: “Teodorok, jendea ideia baten inguruan konbentzitzeko eta lanean jartzeko ahalmen berezia zuen”.

Mitinlari aparta, antolatzaile paregabea

Euskal kontzientzia pixkanaka bereganatu zuen zizurkildarrak. Familian gaztelaniaz besterik ez zioten egiten eta kalean ikasi zuen euskara. Zaragozan, medikuntza ikastetxean, euskal nortasunaz jabetu zen, eta Bilbon, Basurtuko ospitalean, abertzale bihurtu. Justo Garate eta Gotzon Irigarai izan zituen gidari ideologiaren bidaia horretan. Ipurterrea zen nonbait, ez geldi egotekoa, eta hori aski erakutsi zuen gazte denboran. Itsasontzi-mediku lanetan mundu osoan barrena aritu zen eta gero dentista izango zela otu zitzaion, jadanik ezkondua zelarik. Madrilgo fakultatetik bueltan dentista plaza hartu zuen Donostian.

Jakina, orain artekoa gazte bizkor baten itzulipurdiak besterik ez dira. Orduan, noiz hasi zuen Hernandorenak ibilbide ezohikoa? Noiz erabaki zuen “Euskadiren alde, edozer” eman behar zuela? Zalantzarik gabe, Errepublikako giroak izango zuen zerikusirik horretan. Dudatan ibili ondoren EAJko Eusko Gaztedian izena eman eta laster Gipuzkoako lehendakari izendatu zuten. Hizlari trebea zen, 120 mitinetan hartu zuen parte urte haietan, Aitzol, Telesforo Monzon eta beste hainbat abertzalerekin. Ordurako hasia zen prentsan artikuluak idazten, izan pilota erreboteaz, edo kulturaz: “Dr. Hernandorena, nor da?” galdetzen zuen Donostiako Argia aldizkariak, “urteetan gaztea, benetan euskalduna, aho-lanetan iaioa, hona Dr. Hernandorena nor den” segitzen ondoren.

Teodoro Hernandorena ez zen alderdi dotrina zalea, horretan Monzonen antza zuen: “Jeltzaleak zilborrari begira zeuden bitartean, kanporako politika ezarri zuen” dio Xabier Lasak. Horren adibide franko dira, baina bakarra hain nabarmena: Gipuzkoako Abesbatza sortu eta Guridiren Amaia opera-lana Bartzelonako Lizeora eramatea lortu zuen, Europako teatrorik garrantzitsuenera.

Bestalde, euskarazko lehen irrati saioa egin zuen Joseba Zubimendi eta Ander Arzelusekin, eta Euskaltzaleak, Eusko Pizkunde edo Eusko Nekazarien Bazkuna erakundeen sorreran buru-belarri aritu zen. Funtsean, herria eta euskara zituen maite eta haien alde borrokatu zuen bizitza osoan, euskara euskaldunek salbatuko zutela konbentzituta baitzegoen, Unamunok zioenaren kontra: “Euskararen heriotz-mina Parisen edo Madrilen bilatzea, gure ahuleziaren seinalerik egokiena da”, idatzi zuen behin Herria-n. Bide horretatik, harrigarria da nola berpiztu zuen errebotea bezalako kirol “hila”, euskal probintzien batasunaren ikur bihurtzeraino kasik. Zeregin horretan ikusten da hobekien Hernandorenaren pentsamendu ireki eta setatia, gero, Iparraldeko “erbestean” hain ongi erakutsi zuena.

Zinemagile, koiunturaz

Ez zen zinemagilea, koiunturak eraman zuen horretara. Izan ere, zizurkildarrak arte berriaren abantailak interpretatzen jakin zuen, ideia abertzaleak zabaltzeko tresna bezala, eta horregatik ekin zion 1933an Euzkadi errodatzeari, propagandarako lehen film-dokumental luzea. Herrialde asko Gerra Handian ohartu ziren zinematografoaren potentzialaz. Lumièren asmakizunarekin etsaia zeluloidetan erraustu zitekeen herritarren begien aurrean, eta iritzi publikoan eragin. 1920ko hamarkadan, zinema soinudunak mutua lurperaturik zuenerako, Euskal Herriko hamarnaka salatan AEBetako edo Frantziako pelikulak ikus zitezkeen, jadanik masa-aisialdirako produktu berritzaile bihurtuta. Baina bertako ekoizpena hutsala zen. Barakaldoko Azkona anaien estudioa izan zen zinema produzitzeko saio anbiziosoena, saio laburra, hala ere.

Testuinguru horretan, ez da harritzekoa EAJko hainbat alderdikidek errezeloz begiratzea Hernandorenaren proiektuari. Baliabide eskasak zeuden eta dirua erruz behar zen, errodajea aurrera aterako bazen. Dentistak bere poltsikotik ordaindu zuen guztia –orduko 5.000 pezeta–; lehenik Bartzelonako Cine-Foto etxearekin jarri zen harremanetan eta teknikari katalanek Euskal Herriko irudiak hartu zituzten 35mm-ko kamerekin. Ondoren soinua eta ahotsa jarri zioten filmari, baita irudi gehiago hartu ere. Emaitza izugarrizkoa izan zen. 2.500 metro eta 110 minutuko dokumentalean Euskal Herriko ikuspegi abertzalea erakusten zen: Agirre, Monzon eta Hernandorenaren hitzaldiak, herri eta museo askotako irudiak, Sabino Aranaren hilobia, lantegiak, meza irteerak, dantzak, pilota, feriak...

Muntaiak aurrera egin ahala, garrantzia hartu zuen. Izan ere, Hernandorenak aditu ezagunak erakarri zituen. Testuak idazten Bernardo Estornesek lagundu zion eta musika Aita Donostiak aukeratu zuen; Orfeó Catalák jarri zuen ahotsa. Julen Zabalo Txikik ere hartu zuen parte filman eta badirudi Jorge Oteizak eta Nikolas Lekuonak errodaje horretan egin zutela zinemarekin topo lehen aldiz, Ordiziako Urdanetaren etxeari irudiak hartzera joan zirenean.

Euzkadi 1933ko abenduaren 22an estreinatu zen Donostiako Casino Kursaalean. Sekulako arrakasta izan zuen eta Hernandorenak aurrez jarritako diru guztia berreskuratu zuen. “Erabateko emozioa sortzen duen bilduma plastiko patriotikoa da” zioen argiro El Día egunkari abertzaleak, estreinatu zen egunean. Tamalez, gaur egun film originala desagerturik dago, eta ez da ezagutzen haren kopiarik. 1936an, Gerra Zibila hasi zenean, Gipuzkoako EAJren egoitzan utzi zuten materiala eta frankistek erre egin zutela uste da.

Iparraldeko bertsolaritzaren sustatzaile

Gerra betean, Teodoro Hernandorena Agirreren Gobernuan aritu zen kultur ekimenak antolatzen –Elai Alai dantza taldeaz baliaturik batez ere–. Frankismotik ihesi Iparraldera joan zenean, bertako giroaz aberastu zen, beste asko ez bezala, egoera berrira ederki moldatuz. Horrela, hiru probintzietan euskaltzaletasuna sustatzeko lanean hasi zen segituan. Nola? Bertsolaritzarekin.

Pello Errotak eta Otañok txunditu omen zuten Hernandorena gaztetan. Bertsolariak, herritarrak euskaltzaletzeko zubia ziren beretzako. Horregatik, Aitzol eta Zubimendik lagunduta Hegoaldeko bertsolari ugari taberna zuloetatik atera eta oholtzaratu zituen. Iparraldean situazioa dramatikoagoa zen; bertsolaritzak ez zuen batere sinesgarritasunik jendartean. Baina zizurkildarrak, burugogorkeriaz, Hendaiatik Atharratzeraino zeuden txoko guztiak arakatu zituen bertsolari bila eta Donibane Lohizunen txapelketa antzeko zerbait antolatu zuen 1946an. Han bildu ziren, besteak beste, Urepeleko Xalbador eta Ahetzeko Mattin. Ordutik, hamaika saio egin zituzten biek, Hernandorena ondoan zutela beti ere.

Teodoro Hernandorena izan zen Iparraldeko bertsolaritza berpiztu zuena. Egun, bere izena daraman gazteentzako bertso sariketa egiten da urtero. Baina hortik haratago, pertsona horrek egin zuena Xanpunen bertso batek laburbiltzen du hobekien:

Bertsularitza zuri esker da
Iparraldean atzarri
Ta eskas zuen berotasuna
zuk bai diozu ekarri
Gu denen bila ez ote zira
ibilia herriz-herri
Gure artean anaitasuna
gainera zinuen jarri
Betidanikan izana zira
Ipar-Hegoen lokarri.
"Nik neukan garra pixka bat, jendeak ni nahi ninduen”
Argian, 1988an, Loren Aristik Teodoro Hernandorenari egindako elkarrizketaren zati batzuk:

Hizlaria errepublikan
“Banuen nik pentsamendu politiko bat. Orduko garaia eta gaurkoa ez dira berdinak eh! Nik uste ondo egin nuela, ze batetik eta bestetik eskatzen zidaten joatea. Gogoan dut behin batek esandakoa: ‘Leizaola gizon jakintsua dugu, baina guk nahi dugu zu etortzea txarla ematera’. Nik neukan garra pixka bat, jendeak ni nahi ninduen”.

Aitzol
“Aitzol hiltzea abertzaleek genuen gizonik handiena galtzea izan zen. Badakizu euskararekin zer borroka izan ditugun... hura bizi izan bazen ez genuen borrokarik izango. Egin ez beharreko gauzak egin ditugu hura hil zelako. Penagarria, penagarria... Aitzol horrela, gaztetan fusilatzea. Bazekiten ze egiten zuten Aitzol fusilatzean, bazekiten bai!”.

Dokumentala
“1934ko Aberri Egunerako kasu, Bartzelonatik fotografo bat ekarri nuen, partiduari sos bat ere eskatu gabe. (...) Fotografiak oso onak zirela ikustean etorri zitzaidan burura: ‘Zergatik ez dut pelikula bat egiten? Propaganda egiteko aproposa da’”.

Bertsolaritza duinduz
“Donibane Lohizuneko batekin hamaika eztabaida izan nituen: ‘Zu beti berdin Hernandorena. Zertarako nahi dituzu? Gainera, zure herrian badaude baina hemen ez dago bertsolaririk!’. Hendaiatik Zuberoaren azkeneraino korritu nuen eta Ahetzen bilatu nuen Mattin” .

Azkenak
Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Amnistia Internazionalak exijitu dio CAFi Jerusalemgo tranbiaren proiektua bertan behera uzteko

NBEren txosten batek azaldu du Beasaingo enpresak lagundu egiten duela Israelgo legez kanpoko kolonien hedapenean. Amnistia Internazionalek deialdia egin die gobernuei “urgentziaz” esku hartu dezaten txostenaren ondorioekiko.


2025-07-04 | ARGIA
TindEHEr egitasmoa: gazte-taldeen arteko ‘matxak’ euskaratik eta euskaraz

Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian... [+]


Foruzaingoak taser pistolak eskura izango ditu 2026tik aurrera

Nafarroako Barne Sailak araudia aldatu du Foruzaingoak taser pistolak erabiltzen hasteko hurrengo urtean. Pistola elektrikoen erabilera poliziek daramatzaten kamerek kontrolatuko dute.


Lurramak “Bihar ere laborari” lelopean ospatuko du 20. urteurrena

Laborantza herrikoia eta jasangarria bultzatzen duen azokak 20. urteurrena beteko du. Azaroaren 7tik 9ra antolatu duten erakusketa eta merkatuan parte hartzera dei egin du.


Hau altxorra, geure geurea!

-Kax, kax, kax.

-Aurrera!

Maratila kirrikariari buelta eman eta barrura.

Hor zaude zure Donostiako Ibaetako EHUko bulegoan, eserita, lanean, aurrean mahaia bete irakurgai. Hor daude zure poltsatxo beltza lurrean, zure erlojua, ohiko legez, eskumuturrean beherantz buelta... [+]


Tomasita Quiala, munduko “bertsolari” txapelduna

Ekainaren 12an, 64 urte zituela hil zen Tomasita Quiala Kubako izar handia. Azkeneko aldiz, 2018an etorri zen Tomasita Quiala repentista Euskal Herrira, Bertsozale Elkarteak antolatutako inprobisazioaren nazioarteko topaketa batzuen bidez. Dena hartzen zuen gogoan eta denari... [+]


Leire Martinez, Equala berdintasun aholkularitza
“Zaila egiten zaio gizarteari onartzea albokoa izan daitekeela erasotzailea”

Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.


Eguneraketa berriak daude