Hazi ez, hertu: gutxiagorekin hobeto bizitzeko

  • Hazkunde ekonomikoa, planeta mugatuaren neurrietara egokitu nahiko lukeen hazkunde iraunkorra barne, kritikatzetik hasi eta beren bizimodua gutxiagorekin pasatzeko moduan antolatu dutenak asko dira munduan. Produkzioa eta kontsumoa txikiagotzea eskatzen duten jendeak dira.
Garapenarekiko Objektore taldearen afixa
Garapenarekiko Objektore taldearen afixa
Décroissance kontzeptua nola eman euskaraz? Gaztelaniaz “decrecimiento” aipatzen dute, ingelesez “downsizing”. Gure artera ideia oso aspaldi ez dela iritsi zen, eta euskaraz irakurri ditugu “gutxiagotzea” eta “txikiagotzea”. Bada beste hitz bat oso egokia litzatekeena: “hertzea”. Hertu da puzturen kontrakoa, zartako bat jasotakoan behatza handitu egiten zaigu eta sendatu ahala hertu.

Hori da hain zuzen ere garapenaren kritiko askok proposatzen dutena. Frantzian aspalditik da ezaguna Décroissance aldizkaria, izena mugimenduari hartu diona, giro alternatiboetan ezaguna. Baina garapenaren kritikak halako indarra hartu du, ezen Courrier International astekari formalak ere –Le Monde egunkariaren enpresarena da, horrela orekatu nahi dute Le Monde Diplomatique hilabetekari erradikalagoaren zama– zenbaki berezia eskaini baitio: “Lan gutxiago egin gutxiago irabazi eta hobeto bizitzeko”.

Astekariaren orrietan ohartzen da irakurlea kontzeptu beraren inguruan hamaika hitz erabiltzen direla munduan. Mugimenduak ere anitzak baitira. Anglosaxoi jendeak downshifters eta downsizers izenez bataiatu ditu bizimodu xumeagoaren aldeko apustua egin dutenetako batzuk, mantsotzearen edo txikiagotzearen aldekoak alegia.

Kontsumismoaren kritikatik abiatuta egin diren hautu pertsonalak bezala munduan antolatu diren taldeak oso anitzak dira. Frantsesezko Wikipedian begiratzen baduzu, décroissance da kontzeptu politiko, ekonomiko eta sozial bat gaurko kontsentsu politikoari kontrajartzen zaiona, hazkunde ekonomikoa ona dela dioenari, alegia. Txikiagotzearen aldekoek proposatzen dute kontsumoa eta produkzioa gutxitzea, oinarrituz borondatezko xumetasunean horrela baimentzeko klima, ekosistema eta gizakiekiko errespetua.

“Borondatezko xumetasun” horretan –ingelesez simple living esaten dute, bizimodu xume edo xaloa–, arakatzen hasiz gero, berriz, munduan ezin konta ahala talde eta iritzi aurkituko dituzu. Hasi erlijio nagusietako profeten aipamenetatik, segi Asisko Frantzisko edo Mahatma Gandhirekin, eta munduko leku askotan diruaren ordez bestelako truke moduak erabiltzen dituzten jarduera alternatiboetaraino.

Hautu hau egin dutenetan badira adin eta ofizio guztietakoak, sarritan bizimaila oneko jendeak, lan askorekin asko irabazita gaizki bizitzea baino gutxiago egin, gutxiago gastatu eta bizimodu askeagoa gozatzeko erabakia hartu dutenak. Horiei erantsi behar zaizkie azken urteotan prezioen garestitze orokorrarekin eta azken hilabeteotan gainera krisi ekonomikoaren zantzuekin estuago bizitzea erabaki dutenak.

Beste batzuek aldaketa egin dute kontzientzia ekologikoak eramanda. Garapen jasangarri edo iraunkorra bezalako kontzeptuek kasik deus berririk ekarri ez dutelakoan, asko dira dagoeneko sinesten ez dutenak eguraldiaren eta ekologiaren krisia konpondu ahal izango direla teknologia berri mirakuluzkoei eta energia berriztagarriei esker, aitzitik, gutxiago kontsumitu beharra dagoela, eta kontsumitu ere bestela.

Ugazabak dio pedalei eragiteko

Kontsumoa gizendu ordez mehetzeko jokabidea mila eratan mamitzen da. Batzuek lan orduen murrizketa hitzartu dute beren enpresekin. Edo autoak partikatzen hasi dira besterekin. Jatetxeen ordez taldean antolatutako otordu eta festak deskubritu dituzte beste batzuek. Badira bakarka edo taldeka baratzeak lantzen hasi direnak.

Gainerako alorretan bezala konpromiso sozialari dagokionez ere jarrera ezberdinetako downsizerrak daude. Askok lan murrizketa baliatzen dute familian gehiago egoteko, haurren hezkuntzan murgiltzeko, edo norbere burua jazteko. Beste batzuk askoz militanteagoak dira, auzo baratzeak sustatzen dituzte, edo kontsumoaren kontrako aktibismoan eragiten dute, kritika sozial gogorragoan.

Badira joera anarkistakoak, badira kristauak. AEBetako San Franciscon bada Compact izeneko taldea urtean behin ezer erosi gabeko eguna ospatzen hasi eta 2005etik aurrera taldeka antolatzen duena ezer erosi gabe urte oso batez irautea.

Beste mugimendu bat transition town edo aldatzen ari diren herriena da. Irlandako Kinsale herrian hasi ziren, permakultura lantzen zuten ikasle batzuek herrian gero eta energia gutxiago kontsumitzeko egindako proiektu batetik partiturik.

Udalaren laguntzarekin 15 urterako plana egin dute Kinsalen, elikagaiak, nekazaritza, energia, eraikuntzako materialak... lehen oso hurbil egiten zen eta orain oso urrunetik garraiatzen den guztia berriro etxean ekoizteko. Mugimendua gero Ingalaterrako Totnes herrira zabaldu zuten, eta dagoeneko 21 herri daude trantsizioan, gehienak Britainia Handian.

Kontsumoaren kontrako eta txikiagotzearen aldeko mugimenduon estiloak maiteko dituzu ala ez, baina eguneroko bizimoduaz zure buruari zorrotz galdetzera eramango zaituzte. Ez herritarrak bakarrik, indar ekonomikoak ere hasi dira kezkatzen kritiko hauen eraso ideologikoarekin.

Eguberriotan Suediako patronalak orri osoko publizitateak paratu ditu egunkari nagusietan, kontsumismoaren kritika egiten dutenei erantzuteko. Haurrentzako ipuin moduan osatutako iragarkiak izan omen dira, kontatuz nola Eguberrietako erosketak boikotatuz gero munduko beste muturrean beharrean ari den langile gizagajoari bere lanpostua kentzen zaion. Antza, polemika bizia izan da ondoko egunetan Suediako prentsan.

Kontsumoa adikzio moduan psikologo eta psikiatra askok aztertu izan dute. Tim Kasser da horietako bat. Psikologo amerikar honek grafiko berean ipintzen ditu kurba batean irabaziak biztanleko eta bestean “oso zoriontsu” direla diotenak. Irabazien kurba gero eta gorago doa eta aldiz zoriontsu sentitzen direnenak berdintsu dirau. Kasserrek gehiegizko kontsumoa esplikatzen du segurtasun faltarekin, publizitateak eta gizarte barruko norgehiagokak jendeengan eragiten duen estutasunarekin.

Baina kontsumoa ez da erabaki edo arazo pribatua soilik. George Monbiot idazle eta ekologista ezagunak idatzi du: “Gobernuek asko maite dute hazkundea, horrek baimentzen dielako desberdintasunak ez borrokatzea. AEBetako Funts Federaleko buru izandako Henry Wallich-ek aitortu zuen hazkundea dela batzuen eta besteen irabazien artean dagoen ezberdintasunaren ordezkoa. Bai, hazkundea protesta itotzen duen droga politikoa da, estatuei baimentzen die aberatsak estuago ez hartzea. Ekonomia zuzenagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko oztopoa da hazkundea”.

Monbioten ustez, hazkundea gelditzeko unea da hau. Baina diskurtso politikoa antolatzen dutenek beren buruetan ez daukatediru gehiago irabaztea besterik. Zer suntsitua badagoen bitartean, aurrera dirau gero eta gehiago irabazteko lasterketak.

ASTEKARIA
2008ko maiatzaren 04a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude