Euskaltzaindiak denbora darama lanean eta gogoeta egiten euskarak Euskal Herritik kanpo duen lekua aztertu nahian. Mundu zabaletik euskararen mesederako zer baliabide berri datozen arakatzeko balio du lan horrek. Ildo horri jarraituz plazaratu du hizkuntza-zuzenbideko testu bilduma hau. Euskarari eragiten dion corpus juridikoa biltzea izan da liburu honen xedea, han-hemenka eta hainbat hizkuntzatan sakabanatuta dauden erreferentzia juridiko guztiak euskaldunen eskura jartzeko. 1945ean onartutako Nazio Batuen Gutunetik hasita, nazioarteko erakundeek, Europar Batasunak, Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak onartu eta euskarari eragin diezaioketen legeen bilduma da liburua.