Foucaulten historikotasunaz

  • Morala eta etika kontestu historikoaren emaitza erlatiboak direla diozu Juanjo, eta ez da gezurra. Baina arazoa da diskurtso moralak bere erlatibotasunik ez duela, definizioz, inoiz onartzen. Bizitza ororen gainetik dagoela dioenak ez dizu aitortuko inoiz bere bizitzarekiko atxikimendua aldakorra denik, elastikoa denik, tolesgarria denik, finean, hipokrita denik, nahiz eta garbi egon hala dela. Adibide bakar bat ematearren, nola ez justifikatu nazien aurkako erresistentzia ekintza hilketa “terroristak” funtsean?

2008ko otsailaren 17an
Ur Apalategi
Ur Apalategi, idazleaDani Blanco
Eta noski, batzuentzat hilketa hori zilegizkoa baldin bada, ondokoarentzat beste bat izango da, eta jakina, hirugarren batentzat kontestu historiko berezi batean gertaturiko guardia zibil batena, edota etakide batena, edo World Trade Centerreko gorbatadun trader batena. Hilketa bakar bat bera ere inoiz justifikatuko ez lukeen pertsonarik ez dut ezagutzen. Hori da egia.

Bestalde, eta gure baitako hitlerñoaz berriro ere hitz egiteko, nik garbi daukat gizateriak mundu zabalean burutzen duen eta inoiz burutu duen hilketa guztien eta bakoitzaren konplize morala naizela, gizaki naizenez geroz. Ez dut uste posible denik “eskuak garbitzea”. Badakit soinean ditudan jantziei Asiako langile esplotatuen odola eta izerdia darizkiela, badakit gure europar hirietako harrizko eraikin dotoreek ere milaka indio edo esklabo amerikarren oinaze garrasien oihartzun urrunek errebotatzen jarraitzen dutela… Nietzschek zioenez –barka nire erreferentziak Foucault baino zaharxeagoak badira–, luxu oro beste batzuen esklabotzaren emaitza da, esklabotza masiboan bermatzen da, eta demokrazia ateniar miresgarria ere ez zen inoiz demokrazia izatera iritsi bere ongizatea bermatu zuten milaka esklaboentzat. Hemen ere, gure gizarte penintsularrean –nolabait izendatzearren–, beste maila batean noski –baina hori arrazoi nahikoa al da aspirazio guztiei zilegitasuna ukatzeko?–, demokrazia existitzen da… baina ez denentzat. Coluche komiko frantziarrak esaten zuenez –hau bai Foucaulten garaikidea duzu, begira–, hemen denok berdinak gara... baina batzuek oraindik berdinagoak. Batzuek armada bat izateko eskubidea dute beraien gizarte demokratikoaren segurtasuna babesteko, batzuek beraien hizkuntza besteei inposatzeko eskubidea dute, elkarbizitza bermatzen duelakoan, batzuek epaitegien eta legearen jabe dira denon onerako, eta zerrenda hau nekerik gabe luza nezake. Orduan, bai, borroka batzuk bortitzak dira –mesedez kendu nire begien aurretik odol hori, baina utzi iezadazu lasai petrolio irakiarra kontsumitzen nire soldaduek hemendik milaka kilometrora burutzen dituzten hilketak ahantzita, utzi iezadazu lasai haurtxo txinatarrek beraien bista galduz lurpeko mintegi klandestinoetan jositako jantziak prezio merkean erosten–, baina otoi, ez gaitezen termino moraletan aritu.

Esaten duzu, Juanjo, ETAren jardunak eragiten duela beharbada Estatuaren boterea harrotzea. Moralaren arlotik estrategiarenera lerratu zara oharkabean beraz –ala oharturik, ez baitago tontoaren izpirik zure baitan–. Eta pozten naiz. Baina ez nago ados kezka horrekin ere. Funtsean, egia izan arren interakzio bat dagoela bataren eta bestearen artean (nola uka ETAz baliatzen dela Estatua bere indar erakustaldiak zilegiztatzeko, jokatu egiten duela horrekin), hori niri ez zait inporta. Eta ez zait inporta behar. Niri nire beharrak inporta zaizkit, bitalak ala luxuzkoak. Estatua ez harrotzea ez da helburua niretzat. Bost axola zait harrotuta ala baretuta egon espainiar estatua, bejondeiola, ez baitauka zerikusirik naizenarekin, izan nahi dudanarekin. Edo bost axola litzaidake… ez baleuka bere mendean nire etorkizuna.

Ttakunerako darabiltzagun makilek ez al dizkizute eskuak erreko Jose Inazio, azken aldion dexente berrotu baitira.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude