Gazako itolarria hesiaren barrutik kontatuta

  • Palestina osoan baldin bada tamalgarria biztanleek Israelen kontrol eta blokeoengatik jasaten duten egoera, Gazako herritarrena bereziki da larria. Analisi, irtenbide eta estrategien azpian, jendeak daude beren eguneroko bizimoduan. Bi blogarik eskaintzen dute lekukotasuna.
Palestinako mutikoak
Palestinako mutikoak erisketetanMohammed Omar
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Heba Zayyan gazatarrak Contemplating from Gaza izeneko bloga idazten du. Hona nola aurkezten duen bere burua: “Besteen bizitzaren behatzaile izatea aukeratu dut. Etengabe ipintzen dut auzitan besteek egiatzat daukatena eta absurdoan edertasuna bilatzen dut. Inguru ilun honen erdian indarra nire bi alaben aurpegietako irribarreak ematen dit”. Ez dio askoz gehiago bere buruaz Zayyanek, baina izan behar du norbait: urtarrilaren 28an bere kronika berezia argitaratu diote Le Monde Diplomatiqueko erredakzioaren blogean (“Gaza, blokeoaren egunerokotasuna”), eta beste bat The Independent egunkarian (“Argindarraz galdetzen didate haurrek, eta ezin diet erantzun”).

Urtarrilaren 28an Zayyanek kontatu duena dator ondoko lerrootan. Hamas mugimendua hauteskundeetan Fatah-ri nagusitu zitzaionetik, Gazako milioi eta erdi biztanleen bizimodua presoenaren pareko da. Inor ezin da ez irten eta ez sartu. Beharrezko produktu asko desagertu egin dira saltokietatik. Eraikuntzarako behar diren burdina eta porlana falta direnez, etxegintza osoa geldirik dago. Botika asko ezin dira aurkitu, eta beste asko zorrotz arrazionatuta daude.

Langabezia eta txirotasuna markak hausteraino ugaritu dira. Herritarren egoera psikologikoa asko hondatu da hilabeteotan, espetxeratze, isolatze eta ezintasunezko sentimenduek jota.

Urtarrilaren hirugarren astean Hamaseko hogei militante gazte hil zituen armada israeldarrak El-Zaytun auzoan egindako erasoan. Erantzuteko, Hamasek kohete batzuk tira zituen Israelera, eta errepresalian honek Gazaren blokeoa erabaki: erregaiak, gas naturala eta janaria, hornidura oro eten zaio Gazari.

Hotz handia egin du egun horietan Gazan. Unibertsitatean ikasleek azterketak berogailurik gabe egin behar izan dituzte. Gainerako etxe eta eraikuntzetan ere bero gutxi izan da, gasa zeukatenek tentuz gastatu dutelako, blokeoak oraindik luze joko duela eta. Ospitaleetan asko okertu da egoera, arduradunek erabaki behar izan dute zeukaten energia pitina nola banatu haur jaioberrien guneetan, zaharren geletan... Autorik ez zebilen kasik karriketan.

Hilaren 23an milizianoek Gaza eta Egipto arteko hesia lehertu dute. Zorionez egiptoarrek utzi diete pasatzen eta jendeak arnasa hartu du. Uholde betean pasa dute muga, etxerako mila gauzaren bila askok, Egipton erosi eta gero Gazan saltzeko genero bila beste askok (gauetik goizera zigarretak asko merketu dira), batzuek baliatu dute Gazatik eskapo egiteko, lan bila edo ikastera.
“Nire buruari galdetu diot –idatzi du egun horretan Rafah hirian tokatu den Zayyanek– nola ikusten ote dituen kanpoko munduak jende hauek, beren ahaleginak kasik Gazan bezain gauza gutxi dagoen mugaz beste aldeko herrira iristeko, hain pozik eta gogotsu! Niretzako ez dago ikuskizun gazi-gozoagorik jendeo horiek osatzen dutena baino, ilara luzeetan, bide luzea eginda, batak ardia bizkarrean, besteak bidoia bete gasolina, zoriontsu garaipen txiki eta labur hau erdietsi dutelako”.

Gero egun batzuetako arnasaldia bukatu da, Egiptok berriro lortu du ataka ixtea, eta Gazaren blokeoaren inguruko solasak hasi dira luzatzen.

Herritarrak gosez zigortu

Mohammed Omer-ek Rafah Today bloga egiten du. Honen jatorrizko helbidea panan dago, baina ikus daiteke Virtual Activism gune unibertsitarioak utzi dion espazioan. Gazako bizimodua idatziz eta argazkitan eskaintzen du Omerrek.

Urtarrilaren 28an kronika berezia plazaratu dio Omerri Britainia Handiko The New Statesman astekariak: “Gaza blokeoaren beste aldetik ikusita”. Honela hasten da: “Gazako kaleetan lohi ilun ustela zabaldu da. Airea metano eta bakterioen gas usainez bete da. Iturriei gai organikoa darie, gizakien eta abereen hondakinez kutsatutako nahasketa pozoitsua. Okaztagarria da kiratsa”.

Nazkagarrikeria hori dator estoldetako ur zikinek sortu duten putzu berri batetik. Al-Zaytuneko ur zikinen tratamendu plantak egunean 20.000 litro gasoil behar ditu, baina Israelek eten egin du erregaien hornikuntza oro. Gazako Osasun ministroak aitortu du ingurumen mailako hondamendia ari dela gertatzen Gazan.

Omer mintzatu da Gazako ospitale handienean, Al Shifa Hospital, harrera eta larrialdien arduraduna den Mawia Hasaneen doktorearekin. “Hautua egin behar izan dugu ea nori eten argindarra, edo maternitatean dauden umeei, edo bihotzetik dauden gaixoei edo kirofanoetako zerbitzuei”. Hautu latzak, egunetik egunera latzagoak. Gazako ospitaleetan, botikak urri eta tresneriak indarrik gabe edukitzeaz gain, gaixoak hotzak daude.

Ogia ere eskas da Gazan. Argindarra falta da, irinik ez da iristen inondik, eta okinek ezin dute labatu palestinarrek eguneroko ogia duten pita. Zentral elektrikoa itzalita dagoenez, Gaza hiriko 600.000 biztanleak ilunpetan bizi dira. Eta beren etxeetako hozkailu eta gainerako armairuak hutsik daude. Etxekoandreek mirariak egin behar dituzte dauzkaten janari apurrekin familiak mantentzeko.

Blogeko beste sarrera batean Mohammed Omerrek Mustafa al Jamal-en biziezina kontatu du. Bere 76 urterekin atez ate eskean dabil. 53 urteko seme Yahya al-Jamalek kantzer aurreratua dauka. “Gero eta okerrago dago –esan du aita zaharrak–. Bi hilabetez egon gara botiken zain”. Oxigeno bonbonak laguntzen dio arnasean.

Yahyari bi aldiz utzi zioten Tel Aviveko Sourasky ospitalera joaten iaz. Bigarrenean 9.000 dolar balio duten 28 dosi eman zizkioten; diru hori gero israeldarrek deskontatzen dute Palestinako aginteari ordaindu behar dioten dirutik. Orain berriro joan beharko luke Tel Avivera, baina Israelgo agintariek pasabidea itxi diote, berekin daraman oxigeno bonbona “arriskugarria” delakoan. Eta blokeoarekin, botikak ez dira iristen.

Palestinako Osasun Ministerioaren kontuetan, botiken blokeoagatik 72 pertsona hil ziren urtarrilaren 24a arte. Haurrak, emakumeak eta zaharrak. Jamal artatu duten Gazako ospitalean erradioterapia hartutakoan gaixo batzuek zoruan egon behar dute, edo etxetik ekarritako koltxoietan. Israelgo Giza Eskubideen aldeko Medikuek salatu dute Gazatik Israelgo ospitalerako bidean gaixo bat baino gehiago geldiarazi, galdezkatu eta militarrek behar zuten informazioa ateratzen ez bazieten atzera etxera itzularazi dutela. Hori tortura da nazioarteko legedian.

Urtarrileko egun batean Mohammed Omer lagun kazetari batekin joan zen honen senide baten hiletara. Hileta bukatutakoan, batek proposatu zuen lekuan bertan geratzea, besteek aldiz joatea nahiago. Alde egin zuten eta handik minutu gutxira, autoa utzia zuten plaza bonbardatu zuten hegazkin israeldarrek. Ostera itzuli eta dena zegoen txikituta. Tartean, bi herritar hilik. Urte hasieratik Hamasen koheteekin bi israeldar zauritu dituzte. Urtarrilaren 28a arte Israelek 72 palestinar hil eta 293 zauritu ditu.

Azkenak
Uribarrin urperatutako herrietatik bota zituztenak omendu dituzte

Ur azpian utzitako herrietatik joan behar izan ziren 600 pertsonen omenez jarri dute oroigarria urtegiaren begiratokian, "ez ditugu inoiz ahaztuko urperatutako bizitzak", adierazi du Arabako ahaldun nagusiak.


2025-07-29 | Gedar
609 langile kaleratuko dituzte Ezkirozko BSHn

Plantillak baiezkoa eman dio aurreakordioari, eta, printzipioz, urte hau amaitzean itxiko dute fabrika.


Gasteizko lorezainek lau hilabete bete dituzte greban, Jaurlaritza eta Enviser enpresa aurrean manifestazioa eginda

Gasteizko lorezainen grebak lau hilabete bete ditu, langileek salatu dute Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak blokeatu dutela auzia, bilera berririk ez dutelako egin uztailaren 7tik. 


Álvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia errudun jo dute iruzurra eta eroskeriagatik

2002 eta 2010 artean Kolonbiako presidente izan zenari gutxienez lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorra ezarri diezaiokete. Auzitegi Gorena 2018an hasi zen ikertzen Uribe, Ivan Cepeda senatari ezkertiarrak jarritako salaketa batean lekuko ziren hainbat paramilitarri... [+]


Israeldar kolono batek ‘No Other Land’ dokumentala grabatzen lagundu zuen aktibista palestinar bat hil du Zisjordanian

Yinon Levi izeneko kolonoak Odeh Hadalin aktibista hil du Zisjordania hegoaldean. 'No Other Land' dokumentala grabatzen lagundu zuen Hadalin, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen martxoan. Kolono hiltzailea palestinar lurraldeak okupatzeagatik AEBetako zigor... [+]


2025-07-29 | Mikel Aramendi
Analisia
Kanbodia eta Thailandia, gerra-plantak egiten?

Arma astunekin elkarri erasoka lau egun eman ondoren, baldintzarik gabeko su-etena adostu dute Kanbodiak eta Thailandiak, Malaysiaren bitartekaritzarekin, Kuala Lumpurren egin duten aurrez aurrekoan. Ezingo dute akabera hori ikusi bonbardaketetan, alde batean zein... [+]


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Eguneraketa berriak daude