Gasteiz, 1868. Heraclio Fournierrek kartak egiteko lantegi txikia zabaldu zuen. Fournierren aitona Frantziatik Burgosera joan zen; 1789ko Iraultzatik ihesi. Aitona inprimatzailea zen eta horri ekin zion Burgosen ere. Gero, bilobek hartu zuten negozioa, eta eskelak, publizitatea eta liburuak inprimatzeaz gain, kartak egiten hasi ziren. Anaia gazteena –eta trebeena– Parisera bidali zuten zenbait teknika ikastera.
Heraclio Gasteizera joan zen, baina arrazoiak ez daude garbi: anaien arteko liskarrengatik izan zen? Ala Burgosen behar bezalako langilerik topatzerik ez zuelako? Garai hartan kartagintzak aurrerapen handiak izan zituen; xilografia zaharrak baztertuta, litografia erabiltzen zuten. Horrek karten estetika askoz gehiago lantzeko aukera ematen zuen, baina artista finak behar ziren. Gasteizen bazen Arte eta Ofizio eskola bat, eta bertan Heracliok nahi adina langile topa zezakeen.
Lehen karta sorta tailerra ireki eta urte horretan bertan argitaratu zuen, baita Parisen saria jaso ere, gero eskuratuko zuen mordoan lehena. 1875ean eredu grafiko berritzaileak erabiltzen hasi zen. Emilio Soubrier eta Diaz de Olano margolariei Número 1 sorta ezagunaren diseinua eskatu zien. Sorta horrek Pariseko Erakusketa Unibertsalaren lehen saria jaso zuen 1889an. Urte berean, hamabi koloredun sorta litografikoa sortu zuen, hain ezaguna den urrezko batekoa eta guzti. Parisen, Bruselan, Bartzelonan, Madrilen, Kairon... sariak jaso zituen, eta bateko horretan irakur daitekeen “varios premios” (zenbait sari) hori ederki merezita ipini zioten. Augusto Riusek erantsitako aldaketek eman zioten sortari gaur egun duen itxura.
Heraclio Fournier 1916an hil zen Vichyn (Frantzia). Enpresa Felix Alfaro bilobaren eskuetan zen ordurako, eta hark zabaldu zuen negozioa nazioartean.
Gaur egun, Fournier izena dauka Gasteizko Bendaña jauregian dagoen Karta Museoak. Baina Fournierren lana ez da museoko pieza hila bilakatu. Alderantziz, 1993an zabaldutako United States Playing Card Company enpresarekin bat eginda, munduko karta ekoizle nagusiak dira, merkatuaren %35etik gora asetzen baitute. Fournierrek 16 milioi karta sorta egiten ditu urtean eta mundu guztiko 2.000 kasinotan saltzen ditu kartak.