Herri txiki, infernu handi?

  • Lankide ohi batek, madrildarra bera, sarri erabiltzen zuen “herri txiki, infernu handi” esamoldea. Euskaldunen Euskal Herri hau zein txikia den, ordea, nekez irudika dezake kanpotar batek, ezta geografikoki bertan bizi den ez euskaldun batek ere. Postaltxo honetara bi adibide ekarri nahi ditut.
Joseba Barandiaran
Joseba Barandiaran ekonomilariaIñigo Azkona
Bata. Mariasun Landa idazleak eta Xabier Silveira bertsolariak gazteleraz liburu bana kaleratu dutela eta, Koldo Izagirre idazleak amaraunean paratu hausnarketen harira, dexenteko kalapita eta eztabaida piztu da euskal letren mikrokosmosean. Toki txikian, zaratatxo ñimiñoena burrunba baita, noski. Landa eta Silveiraren hautuak, ulergarri bezain zilegi dira mikro ikuspuntu batetik. Herri normalizatu batean oharkabean pasako ziratekeen. Baina makro ikuspuntutik, herri gisa bizi gaituen egoera diglosikotik, Izagirrek agertu harridura eta egin hausnarketak ez dira oinarrigabeak. Bai zera. Nago, herri txikia izatea baino, ez normalizatua izatea dugula geurean zinezko gakoa. Hausnartu, bestela, Berriako lagunek antolatu eztabaidaren ondoko izenburua, ezin adierazgarriagoa: “Kontsumitzen al da euskarazko kultur produkzioa?”. Galdera planteatzeak berak ez du inor asaldatu. Baina, neure uste harroan, Landaren eta Silveiraren hautuak baino zerbait eskandalagarriagoa islatzen du.
 
Biga. Realeko marketin arduradunak ez daki, baina bertsolaritzaren mikrokosmosean badira izarrak, planetak, sateliteak –ez gutxi– eta berauen konbinaketek osatu galaxiak ere. Gipuzkoan egin den azken txapelketa kasu, Gpuntua, BECekoaren ostean izandako Big Bangaren moduko beste bat izan da, oraingoan Ilunben. Gehienera asteroide ñimiño bat baino ez naiz ni Gpuntu horretan eta, parte-hartzaile gisa baino, entzule bertsozale gisa kezkatzen nau egun txapelketetan sumatzen dudan joera batek. Arriskua sumatzen dut: euskal unibertsoko txokoan, hauskorrean hauskor dena beraz, edozein kritikaren oihartzuna destruktibo bilaka daitekeen beldurrez edo, tentu itzelez egiten dira bertsolaritzan kritika publiko guztiak. Derradan, hasi orduko, nirea konstruktibotik bideratu nahi nukeela; alegia, gogoeta zintzorako.
 
Kartzelako gaietan, zulo beltzak sortzen dira. Saio berean entzun dira, kantatzen hasi aurreko hiru minutuko isiluneak bertsolari batzuekin, minutu eta erdikoak beste batzuekin. 180 segundo versus 90 segundo, lan berari aurre egiteko. Bat-bateko bertsolaritzaren alde neurgarri, alderagarri eta puntuagarriena, nire ustez: lehen puntua kantatu aurreko denbora guztia. Saiatu 180 segundo isilik egoten, egonean, ordulariari begiratu gabe. Luze da, oso luze. Eta kanporaketetan aurrera eginagatik, kasu askotan ez da nabarmen gutxitu isiluneen iraupena. Puntuazioetan zigor handirik islatzen ez duen seinale.
 
Gpuntuan merezitako txapeldun izan zenari helarazi nion kezka hori galdera digital batean, baina izar iheskorren gisako erantzuna baino ez nuen jaso. Toki txikian zaratatxoa burrunba bihur daitekeelako, akaso, edozein kritika modu pertsonalean hartzen bada. Ariketa zaila, gogorra da, noski, kartzelakoa. Istorio bat ehundu, hiru bertso, errima pila… bai, ados, Aitor. Baina minutu eta erdi, hiru minuturen erdia da. %50. Zortzi bertsolari bider hiruna minutu isilik=hogeitalau minutu isilik. Zortzi lagun bider minutu eta erdi, aldiz, hamabi minutu. Entzuleei saioa luze egiteak zinez kezkatzen nau ni, neure txikian. Finaleko morboa kontsolagarri izanagatik. Baina txapelketako DVDa etenik gabe kaleratuz gero, izango da, iragarkirik gabe ere, komunera joan-etorrirako betarik, bideoa gelditu beharrik gabe; eta ez naiz “paseilloez” ari. Eta inor infernura bidali asmorik gabe diot, gainera.

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude