Erdaldun, fededun

  • Esaten da zerbait ikusi nahi duenak, behar adinako fedea izanez gero, ikusi eginen duela. Amabirjina ikusiko duela seko sinetsita dagoenak, azkenean, ikusi eginen du. Toki berean zuk paretako hezetasuna besterik ez duzula ikusten? Akaso, baina berak Amabirjina ikusten du. Fede kontua, azken batean. Berdin gertatzen da, nire ustez, aztien iragarkizunekin, terapia miragarriekin, tenporekin edo antzekoekin. Agindutakoa edo espero duena ikusi nahi duenak, ikusi eginen du.
Karlos Corbella
Ez nuen pentsatzen, ordea, hizkuntzekin halakorik gertatuko zenik. Eta gertatzen da. Alegia, hizkuntza jakin bat entzun nahi duenak, beste hark amabirjina ikusi nahi zuen bezalaxe, entzun eginen du.

Azal dezadan: berriki Iruñeko larrialdi-zerbitzuetan egon gara urte eta erdiko semearekin. Sartu gara, bada, kontsultan, eta umea artatzen hasi dira. Umea urduri, eta gurasook harekin hizketa etengabean; euskaraz, jakina. Erizaina ere ondoan, hura ere umearekin hizketa etengabean. Erdaraz, jakina.

Eta semeak zer? Urte eta erdiko umea izaki, ez daki hizketan suelto, baina hitz solte batzuk egiten ditu, eta horietako batzuk egin zituen orduan ere. Adibidez, “apapa”. Bai, ume euskaldunek kanpora joan nahi dutela esateko erabiltzen duten hitz hori. Eta hor dator idatzi honen hasierarekin lotura: erizainak, “apapa” entzun, eta penizilina deskubritzeak emanen liokeen pozarekin, “sí, sí, el papá, el papá”. Ni, jakina, euskaltzale amorratu hau, gaizki ulertua lehenbailehen argitu nahian: “no, no, qué va, apapa es a la calle en euskara”.

Deseroso sentitu nintzen, baina tira. Horrelako tema zuen emakumeak umearekin hitz egiteko, eta guk dena euskaraz esaten geniola ikusita…

Geroxeago, medikuen plastikozko aho-ziri zuria eztarrikoraino sartuta zuela, “txi” moduko soinu bat atera zitzaion Hodeiri. Eta zer uste duzue? Jakina, erizainak “sí” ulertu zuen, eta pozik errepikatu zuen: “sí, sí, claro”. Deserosoago sentitzen ari nintzen, nire sen euskaltzaleak eraginda. Oraindik ez dut semearekin alde-aldeko hitzezko elkarrizketa bat izan, eta erizaina dagoeneko umearekin hizketan ari zen. Eta erdaraz!

Ez zen hor bukatu kontua. Umea ate ondoan jarri, eta “tata”-edo esan zuen. “Patata” izan zitekeen, edo “tapa”, edo edozein gauza. Erizainak, ordea, abudo aski asmatu: “sí, sí, llámale a la tata (hermana, gaztelaniazko haur hizkeran)”. Eta hori, gainera, arreba bat duela jakin gabe, ez baitzen gurekin etorri!

Laburtuz: erizain horrek gaztelania entzun nahi zuen, gaztelania entzungo zuela uste zuen, eta azkenean entzun ere entzun egin zuen. Guk euskara-edo aditzen genuen tokian, hark gaztelania. Fede kontua.

Ondorioak? Asko izan litezke, horratx hiruok:

1. – Hizkuntza eskubideen arloan, Nafarroan, betiko martxan. Mediku eta erizainekin nahitaez erdaraz aritu beharra ohikoa da han. Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Baionan bezalaxe, oker ez banago. Hizkuntza eskubideen urraketak batzen gaitu. Eskubideen urraketak nazio eraikuntzarako puntuak emanen balitu, a ze pagotxa!

2. – Erdaldun elebakar batzuei sinestezina gertatzen zaie Euskal Herrian ume txiki batek erdararen arrastorik ez izatea.

3. – Soziolinguistikak tresna eta arrazoibide teoriko ugari eman dizkigu hizkuntza-jokabideak eta egoera soziolinguistikoak ulertzeko. Eta jokabide horiek arrazoiaren erresumara ekarri eta egoeraren azterketa hotza egiteko gauza garen arren, zaila da oso gisa honetako gertakizunei sentimendua kentzea: urduritasuna, haserrea, deserosotasuna… Bizirik gaude, zorionez!, eta hizkuntza ez zaigu bihurtu azterketarako objektu akademiko eta zientifiko hutsa.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude