Trenaren hots eztia


  • Europa neoliberala osatzen duten jakintsuak, kazetariak batez ere, hondar urteotako Frantziako gatazka sozialetaz handizki burlatzen omen dira. Ez bat ez bi, politika erabaki batez kontent ez baldin badira, frantsesak, euskaldunak barne, karrikara jaisten dira, herria grebaz blokeatzen dute, grebalarien taldea, prentsak dioenez, minoria bekaitz bat baizik ez delarik: lan zaleek grêvistes egoïstes oihukatzen dute, ezpainak ezkel, grebalariak sekula gurutzatzen balituzte, arrabiaz kalituko lituzketela erantsiz. Mukitsu neoliberalek zuzentasuna eta Konstituzioan bereziki idatzi lanerako eskubidea non dauden galdatzen dute, steadycam gosetien aitzinean.
Itxaro Borda
Itxaro Borda idazleaGaizka Iroz
Azaroaren 20an Baionako kaleetan, beste bospasei mila lagunekin manifestatzen nenbilela greba ideiaren bukaeraz gogoeta nintzen. Greba, amodioa bezainbat maite dut. Alabaina orduan laneko baldintzetaz, lan gehiago egin diru gehiago irabazteko lema sarkoziarren histeriak itxuraldatu lanaren ideologiaz eta gainerako ofizioetakoekin solastatzen gara, bestela bakoitza gure zokoetan gaude, marmazika, nagusien tirania moskotaren mende, buruak apal. Egunerokotasun zirikatuaren oihalean, greba urrako sano bat da, mass-mediak goizetik arrats arrunt kontra agertu arren, eta jainkoak daki berri sailak sakratuak direla herrikide anitzentzat.

Aldaketa sakona agitzen ari dela ezin uka. Kazetariak grebalariez doi bat objetiboki mintzo ziren garai bat izan zen, 2003ko Fillonen erretreten erreformaren kontrako mugimenduraino, hots. Aurten, naski, ederki ordainduak diren telebistetako gobernuaren fidelis canis horiek mugak gainditu dituzte: SNCF eta RATPko grebalariak pribilegiatu, gaiztagin eta kasik terrorista sozial erara aurkeztu dizkigute, grebalarien ekintzak bi minutuz eta hiritarren negar-anpuluak aldiz luzekiro presentatuz. Jakina da neoliberalismoa afektibitatean bermatzen dela, herra, gaizkizan eta auhen uhinak oro baliatu eta manipulatuz. Grebalariak ez dira alabaina RMIstak, baina asko SMICaren heineko edo pixka bat goraxeagoko hilabete-sariak dauzkaten funtzionario gorrotatuak direla azpimarra dezagun, salbuespenak salbuespen noski. Ez da politikarik egiten salbuespenekin, salbuespenak aurreratzen direla, gaztigu politikoak bidera eta ororengana hedatzeko. Betikoa: txikiak lehertu eta handiak laudatu, ezen olde berean, maioria isil horretako ingratuek ausarki txalotu dute Sarkozyk lehendakari soldata %140ez igotzea, hipokrisia baten bukaera xuxurlatu dute irri batez.

Behereko frantsesak, jubilatua da eta 1945az geroz martxan jarri egitura sozialetaz aprobetxatzen du, sindikatuen diktaduraren akabantza amesten du, sindikatuak debekatu beharko litezke, edozein baldintzetan lanerako dretxoaren faborez laneko eskubide sozialak, soldata minimoa, hogeita hamabost ordu nazkagarri horiek ezabatu, eta telebistetan nehoiz inuxenteki pasatzen ez diren errumaniarren eredua Frantzian zabaldu: hirurogei oren lan, berrehun eurorentzat. Errumaniarrak horrekin pozik dira, zergatik ez frantsesak?

Neoliberalek, jendeak plegarazten dituen kaosa antolatzen dute eta samin bortitz meta urrintsuan zutunik, Villiers Le Bel-en bezala, ordena mantentzen dute ikusgarriki, poliziek axolagabeziaz edo berdin ohituraz, bi haur hotz hil(tzen utzi) dituztela ahantzarazteko, eta katiminian, diputatuak laneko kodea, MEDEFak seinalaturiko arkaismo sozialetaz garbitzen ari dira: gobernuaren ahoa, bere elea bezain zuria da. Hannah Arendten Gezurra politikan artikulua irakurtzekoa da.

Berehala.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude