Etorkizuna ikuskizun

  • Azken hauteskunde autonomikoen ondoren Ibarretxek bere burua aurkeztu zuen lehendakaritarako inbestidura saioan. Hitza eman zuen, alderdi politikoen artean normalizazio politikorako akordio zabal bat lortuz gero –bazterketarik eta indarkeriarik gabeko egoeran– herritarrei hitza emanen ziela balizko akordio hori baiezta zezaten.
Xabier Gurrutxaga
Dani Blanco
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Ezertan hasi aurretik, Ibarretxeri eta hiruko gobernuari eszenatokia guztiz aldatu zitzaien ETAren su-etenaren aldarrikapena zela-eta. Hura medio, protagonismoa, batetik, Zapatero eta ETAren eskuetara pasa zen, eta bestetik, Loiolan bildu ziren alderdietara.

ETAk su-etena amaitutzat eman zuela jakinarazi zigun eta horrek berarekin ekarri zuen elkarrizketa politikoaren amaiera. Herritarren esperantzak eta ilusioak erabat ezabaturik gelditu ziren. Berriro ere kale.

Etsipen giro horretan kokatu behar da lehendakariak irailaren 28an Legebiltzarrean aurkeztutako proposamena, “ibilbide orri” eta guzti. Begi-bistakoa da ekimen honekin lehendakariak su-etenaren garaian izan ez zuen protagonismoa irabazi nahi duela. Jakin badakigu, proposamenak inkognita eta muga asko dituela, gainera, batzuk gaindiezinak direla eta beste batzuk askatzea, berriz, ez dagoela bere esku. Adibidez ETAren amaiera. Zailtasun horien artean, garrantzitsuenetarikoa gizartearen babes politiko eta elektoral bikain bat lortzean dago. Zapaterok eman dion erantzuna ikusita, geroz eta nabarmenagoa da datorren urteko hauteskunde orokorretan lortzen diren emaitzek izugarrizko garrantzia izanen dutela proposamenaren nondik norakoak argitzerakoan.

Ibarretxerentzat eta jeltzaleentzat ez dira hauteskunde arruntak izango. Arrisku handiak hartu ditu oraingoan lehendakariak eta harrarazi dizkio alderdiari. Ibilbide orriaren nondik norakoa hauteskunde horietan gelditu daitekeela definiturik ohartu da Joseba Egibar eta horregatik egin du egin duen proposamena. Alegia, hauteskunde horietan Ibarretxeren ibilbide orriarekin ados dauden alderdiak elkarrekin joatea. Egibarrek arriskuak partekatu egin nahi ditu, onerako eta txarrerako, eta bide batez Ibarretxeren etorkizun politikoa babestu nahi du. Hura babestuz berea ere zaintzen baitu. Hartutako estrategiaren ildotik logika du Egibarren proposamenak, nahiz eta jeltzaleak eta abertzaletasuna ez egon oraindik horretarako prestatuta. Zapaterori edo Rajoyri erantzuteko Ibarretxek ez du nahikoa bere alderdien emaitzekin. Inpresioa dut lehendakariak hartutako erabakiaren ondotik eta ondoren ez ote den jeltzaleen artean halako “beldur eszeniko” bat gailentzen hasi. Salbamenduko ekiporik gabe ur handiegietan sartzen denak izaten duen inpresioaren modura. Etorkizuna ikuskizun dago, ilun ere bai.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.