Rosa Diez-ek eta Fernando Savater-ek, besteren artean, sortu berri duten NP alderdi berriak hautsak harrotzeaz gain, zatiketa areagotu du orain gutxi arte adiskide ez ezik, bidaide eta zenbait gauzetan gogaide ere –Espainiako batasunaren defentsa sutsuan– ziren ¡Basta ya! eta Ermuko Forua-n biltzen den inteligentsiaren artean.
Egia da, Terrorismoaren aurka eta libertateen aldeko itunaren garaiko batasun trinkoa pitzatzen hasia zela PSOEk Espainiako Gobernua berreskuratu zuenetik, eta batez ere ETArekin adosturiko bake prozesua abian jarri zenetik. Are gehiago, delako prozesua bertan behera geratzearekin, zatiketa baretu beharrean gordindu egin da, PPren sokakoak, “Denok ETAren aurka” lelotik “Denok PSOEren –edo Zapateroren– aurka” delakora jauzi egin dutenez geroztik. Horrek argi uzten du ustezko lehentasunak berehala jartzen direla bigarren mailan boterea jokoan dagoenean.
PSOE gobernutik kanporatu! Lelo hori obsesio bihurtu da PP eta bere sokakoentzat. Eta helburu horrekin erabili dituzte azken hilabetetan Biktimen elkarteak eta Ermuko Foruak –¡Basta Ya!k beste modura jokatu du–. Gutxitan azaldu da hain argi partidu baten interesen aldeko mugimendu sozial baten manipulazioa. Hortik aztoramenduak Mikel Buesa Ermuko Foruko presidentea zena partidu berriari atxiki zaionean.
Jon Juaristik, ahoan bilorik ez!, izugarriak eta bost idatzi berri du ABCn, bere “adiskide” omen den Savaterren aurka. Cortafuegos izenburu esanguratsuko iritzi artikuluan Savaterri etikaren alorrean jarrera eredugarria izatea baina politikaren alorrean guztiz inozoa izatea leporatu dio. Alegia, etika eta politika ezin direla nahastu, eta partidu berriaren sorrerarekin izugarrizko kaltea egiten omen diela urtetan borrokaturiko asmo, xede eta helburuei. Garbi esanez, helburu horiek ongien, bipilen, defendatzen duen alderdiari –alegia PPri– kalte egin diezaiokela.
Nik ez dakit, NPk zeini egingo dion –PPri edo PSOEri– kalte handiagorik eta zenbaterainokoa izan daitekeen. Izan ere, ez baitut oso garbi, partidu sortu berri horrek, zer-nolako emaitzak izango dituen –kaskarrak segur aski– gobernu aldaketa hain polarizatuta dagoen egoera batean. Nik uste, eztabaida gordin horren atzean dagoen benetako arazoa bestelakoa dela: partiduek eta beren sokako intelektualek ezin dutela inondik inora onartu beren mesederako sorturiko mugimendu sozialek euren kontrako konpetentzia sortzea. Kalteak besteentzat direnean, gora aniztasuna! Alabaina, botoaren –boterearen– disputan traba bihurtzen direnean, asmo onez edo txarrez, partidu berriak etsaiari egingo bide dio jokoa. Ai! Savater gaixoa, zein goxo eta garbia zinen etikaren Olinpoan eta zein lokaztua aterako zaren politikaren guda zelaitik.