Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Asteak joan, asteak etorri eta euskal sena erroturik daramagunok nolabaiteko lasaitua hartu genuen Arabako Foru Aldundiko ardura EAJ-EA-Aralar hirukoak bere gain hartu du-eta. Baina, zer ondorio izan lezake horrek?
Jakina da euskal politikaren mapa bi ardatzek osatzen dutela, nagusiki: bata, ezker-eskuin ardatza; bestea, espainoltasun-euskal abertzaletasunarena. Bietatik herritar xumearengan zirrara handiena pizten duena bigarrena izaten da. Hortaz, Arabako Foru Aldundiko agintean gertatutako aldaketak gure politikaren muina ukitu du, bigarren ardatz horretan kokatzen da-eta. Horregatik, gure lerroburua: Alavatik Arabarantz? Eta horren galdera ikurra ere ez da alferrikakoa.
Kontua da, foru gobernu berri hori gutxiengo batek baino ez duela Biltzar Nagusietan babesten eta, puntualki EAE-ANVren laguntza lortuta ere, espainiartasunaren ordezkariren batekin (PSE-EE ala PP) beti kontatu beharko dela hirukoaren ekimenek aurrera egingo badute. Hortaz, ondorio garbi bat: Nafarroan bezala, Arabako politikan ere euskal eta espainiar alderdien arteko zehar-lerroko planteamendua ezinbestekoa da.
Gauzak horrela, Arabako foru-aginte berriak egin lezakeen ekarpenik beharrezkoena hauxe da, nire uste apalean: Araban, harria bezala lo dagoen euskal nortasun/euskal kultur/euskara eremu zabalari astindu bat ematea.
Uste/eskaera/itxaropen horren oinarrian dauden arrazoiak, hainbat dira. Lehendabizi, PPren foru gobernu ohiak –Gasteizko alkate alderdikidearen estrategiarekin bat eginda– espainiartasuna hedatzeko ahalegin ugari egin duelako, zortzi urtez; hortaz, Euskal Herria ipar hartuta egin litekeen edozein ahalegin eta ekimen, noranzko aldaketa galanta litzateke arabar kultura eta nortasunarentzat. Bigarrenik, euskal nortasun/euskal kultura/euskararen aldeko ekimen batzuk –ez, nahi beste– abian jartzeko Biltzar Nagusietan beharrezkoak diren EAE-ANVren laguntza eta sozialisten babesa lortzea –baiezko aktiboa zein abstentzioa– ezinezkoa ez litzatekeelako. Hirugarrenik, arabar gehienek –euskal abertzaleak izan ala ez– ongi ikusiko luketelako euskaltasunaren aldeko neurriak hartzea; gaizki ez, behintzat, baldin eta neurri horiek alderdien arteko politika frentista –euskaltasun versus espainiartasun– baten auzi ez badira bihurtzen.
Azkenik, Euskal Herri asmoaren aldeko lan-ildo horri ezin hobeki ekiteko Foru Aldundiaren, Arabako beste erakunde publikoen eta herrigintzaren arteko elkarlana ezinbesteko estrategia litzateke. Hala ere, eragile horien guztien ahalegin koordinatuak behar-beharrezkoak izanagatik, horrelako jardun-bide bati ekiteko batzuek eta besteek duten gaitasunaz, tamalez, duda egiten dut. Uste horretan oker banintz –hala bedi!–, legealdi honetan Alavatik Arabaranzko bidean barna abiatuta geundeke. Ez litzateke gutxi izango!