ARGIA.eus

2020ko uztailaren 03a

Ingelesak badoaz Basoratik eta Bushen gerizpetik

  • Gordon Brown-ek pieza bat mugitu du Londrestik, eta Irakeko xake-taulan jokoa arras aldatu dela dirudi aste gutxitan. Irailaren lehen egunetan hasi dira erretiratzen ingelesak beren kontrolpean zegoen Basorako hirigunetik baina mugimendua abuztuko opor garaian abiarazi dute.
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2007ko irailaren 16a
Basora
Militar britainiar bat eta beste bat irakiarra, Basora inguruko errepide batean
George Bush presidente iparramerikarrak dagoeneko soziorik ez dauka Irakeko abentura bukatzeko. Nazioarteko harremanetan aspalditik eskumutila duen eta Europar Batasunaren barruan infiltratuaren lana egin dion Erresuma Batuak Irakeko gerrari akabera bere aldetik bilatzea erabaki baitu uda honetan.

Herritar askok harriduraz jakin du, telebistako irudiengatik, ingelesek alde egin dutela Basoran, Irakeko bigarren hiririk handienean, zeukaten egoitza nagusitik. George Bush bera komunikazio mailako kontraerasoa egin beharrean aurkitu da, eta britainiarren tankeak Basorako hirigunetik ateratzen ziren egun berean Bagdaden azaldu da, bere soldaduek “gauzak ongi egiten badituzte” batzuk etxeratzen hasiko dela iragartzeko.

Britainiarren erretreta, hala ere, abuztuan egitekoa zen eta hilabetez atzeratu dute iparramerikarren presioz. Iritzi publikoa aurrez bigundu beharra baitago holako tragoa irentsarazi baino lehen. Londresko egunkariek abuztuan zehar beren orrietan azaldu dituzte militar ingelesen eta amerikarren egonezinak. Albiste horien bilduma World Socialist Web Site gune trotskistan eskaini du Chris Marsdenek.

“Washingtongo eta Londresko militarrek –dio Marsdenek irailaren 1eko data daraman kronikaren hasieran– elkarri botatzen diote errua Basoratik tropa britainiarrak ateratzea dela eta. Ofizial amerikarrek diote Britainia Handiaren ‘Saigoneko aroa’ dela. Armada britainiarrak bere haserrea adierazi du hitz horiengatik eta bertako komunikabideek AEBei aurpegiratu diete Britainia Handia erabiltzea estakurutzat beraiek matxino irakiarrak menderatu ezin izan dituztela disimulatzeko”. Giro kaxkarra senideen artean.

Eztabaida piztua zen Londresko gobernuak uda honetan Iraketik 500 militar atera eta bertan kopurua 5.000tan uztea agindu zuelako. Kopuru hau hain txikia izanik, ezin da ulertu AEBetako armada nagusiaren laguntzaile eta osagarri izatekotan ez bada. Hala ere, Gordon Brownek behin eta berriro errepikatzen zuen egokitzapen bat zela, erretiradarik ez zela izango.

Baina komunikabideetan bezala iritzi publikoan ordurako zabalduta zegoen ingelesek porrot egina zutela beren eginahalean. “Britainia Handiak –idatzi du Chris Marsdenek– Basoraz gain Hego Irak osoaren kontrola galdu du. Edozein gisaz, hau ez da katastrofe militar eta politiko handiago baten adierazgarri nabarmena baizik, amerikarrek burutu duten okupazioa horretara iritsi delako eta partikularzki amerikarrek eraso militarra gogortzeko erabakiak kale egin duelako”.

Abuztuaren 19an The Independent egunkariak bi jeneral britainiarren iritziak bildu zituen. Hauek zioten Londresko gobernuak ezin zuela ezer hoberik espero Hego Iraken eta gehiago itxaron gabe han zeuden 5.500 soldaduak atera egin behar zirela. “Komandanteek nahi dute –zioen The Independentek– Basorako Jauregia irakiarrei itzultzea. Han dauden 500 soldadu britainiarrek egunero 60 mortero-tiro jasaten dituzte eta harantz janariak eramateko konboiak ‘gaueko misio suizidak’ deitzen dira”. Irail hasieran horixe egin dute ingelesek, eta lehen Hego Iraken zabaldurik zeuden tropak, 5.000 militar denetara, Basorako aireportuan daude orain bildurik.

Gordon Brownek bizia maite du

Abuztuaren 20an titulu deigarri hau ipini zuen munduko ekonomi egunkaririk garrantzizkoenetakoa den Financial Times britainiarrak: “How British army lost Basora” (Basora nola galdu duen armada britainiarrak). Ikusi nahi ez duenak ere ikusteko moduko oharra. Kronikaren barruan jeneral erretiratu batek argiro aitortuko zuen Basorako aireportuan 5.000 militar ingeles geratzea sinbolikoa zela, Londresek Washingtoneko gobernua eta Bagdadekoa sustatzen dituela erakusteko.

Armada amerikarretik laster iritsi ziren erantzunak. Alegia, oraindik Iraken garaipena posible dela eta ingelesen alderantziz estatubatuarrek ez dutela errenditzeko asmorik. Jack Keane jenerala honela mintzatu zen: “Etsipena eta frustrazioa eragiten ditu ikusteak Basoran lehen nahiko ondo zegoela egoera eta azken aldian erabat hondatu dela. Bush presidenteak berak azken saioa egin zuen Gordon Brown konbentzitzeko, Cap Davidera konbidatuta, baina alferrik aritu zen.

Britainiarren arazoa, izan ere, ez da gogorik eza, ezintasuna baizik. Datuotan datza. Erresuma Batuko armadak denetara 100.000 soldadu dauzka, gehi Territorial Army delakoaren beste 25.000. Irakeko inbasioaren unerik gorenean 35.000 militar zeuzkan Londresek bertan, baina laster hasi behar izan zuen horiek gutxitzen, derrigortuta. Gehiago murriztuko zituen baldin eta matxinoen erasoak ez balira espero baino gogorragoak izan.

Azken hilabeteotan amerikarrek estrategia berria abiarazi dute Irakeko matxinoen kontra, Surge izeneko operazioa. Baina honen emaitzak kaltegarri gertatu zaizkie ingelesei, yankiek Irakeko erdi aldean egiten duten presioaren ondorioz orain sua lehen askoz lasaiago zeuden hegoaldera eta ipar aldeko Kurdistanera zabaldu delako.

Bereziki gogorra Financial Timesen abuztuko pasarte hau: “Britainia Handiak ez zuen galdu behar Iraken hegoaldea. Rumsfeld eta Pentagonoaren inkonpetentziak galdu du Irak, Bagdad konkistatu ondorengo anarkiagatik”. Ingelesen ustez, hegoaldeko probintzietan ez zen horrelako kaosik gertatu, Ali al-Sistani aiatola buru duen hierarkia xiitak egoera kontrolatu zuelako. Baina konstituzio berria zela eta Irak xiiten esku utzi zenean, alde batetik, sunitak eta yihadistak erasorik gogorrenean hasi ziren berriro, eta bestetik, xiiten artean barne borrokak lehertu ziren.

Britainiarren egoera konplikatzen duen beste faktorea Afganistan da. Hemen ere, NATOren misioaren baitan, 7.000 soldadu dauzkate ingelesek, eta oso zail egiten zaie behar dituzten 2.000 gehiago Irak ez beste inondik eramatea. Besteren artean, Alemania, Frantzia eta Italiak uko egiten baitiote hara militar gehiago bidaltzeari. Irakeko inbasioaren kontra dauden komunikabideetako batzuek aldarrikatzen dute handik atera eta indarra Afganistanen kontzentratzea, hemen mendebaldeko armadek egiten dutena legezkoa delakoan.

Komunikabide britainiarren artean, zer esanik ez idazle eta intelektualetan, asko dira tropak Iraketik berehala ateratzearen aldekoak. Baina Chris Marsdenek dioenez ez da hori gertatzen alderdi politiko nagusien artean, hauetan demokrata liberalak ez beste inor ez dago-eta erretretaren alde. Baina Londresko agintariek gero eta bakarrago ageri den George Bushen itzaletik ateratzea erabaki dute. Tony Blair joan ondoren, Gordon Brownek errazago dauka hori gainera.

Ingelesek geopolitikan beren bidea egin nahi dutela erakusteko, irailaren 4an The Guardianek honako albistea plazaratu du: zenbait buruzagi sunita eta xiitak adostasuna lortu dutela Finlandiako Helsinkin antolatutako bake konferentzia isilpeko batean, oinarritzat hartuta Ipar Irlandako eta Hegoafrikako bake prozesuak. Britainiarrak beren aldetik lanean? Ulertzekoa da: Irak ingelesek asmatu zuten.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2007ko irailaren 16a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude