UPN nafar erara

  • Ez da berria UPNk Nafarroako euskalkiei dien begikotasuna. UPNkoek tokiko euskal hizkerei dieten estimua agerian geratu da sarritan. Aipamen berezia urtetan UPNko presidente Jesus Aizpunek merezi du, nafarrera EAEn egiten den euskal hizkuntza bera ez dela erran, eta nafarreraren hizkuntzaren tasuna aldarrikatzera iritsi baitzen, horretarako pisuzko argudioa emanda: baztandar batek bere solaskeran eta bizkaitar batek berean, ez diote elkarri ulertzen. Halaxe azaldu beharko zion baztandarren batek Aizpuni ABC besapean Elizondon barna pasaian zebileneko batean, berak euskaraz ez baitzekien. Hori da kontua, trantsizio garaian UPNk euskal filologian trebatutako ideologorik izan balu, ziur asko nafarrera euskara ez izatea nahikari politikoa egia (sasi)linguistikoa bihurtuko zuten, Valentzian bertako katalanarekin gertatu bezala.

2007ko ekainaren 24an
Paula Kasares
Mikel Saiz
Baina euskararen inguruan xelebrekeriak erratea beti izan omen zaie barkakizun UPNkoei. Nafarroako euskal mintzamoldeen balioa aldarrikatzen bere perla bota zuen bertze bat Vicente Etayo dugu. Iruñeko UPNko zinegotzia zelarik –duela bi legealdi, oroimenak huts egiten ez badit– Iruñeko euskalkia sustatzea proposatu zuen. Pena UPNkoak aspaldian azken hats eginda dagoena berpizten bizirik dagoena akabatzen bezain trebeak ez izatea, zeren orain duela mende bat inguru azken hiztuna galdu zuen hego goi-nafarreraren suspertzearen aitzinean baikeundeke.

Baina aurrekoak motz geratu dira Pedro Pegenauteren euskalki zaletasun sutsuaren aldean. Irakurri baino ez dugu egin behar Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren hitzak Baztan solasean. Ahozko tradizioaren bilduma liburuaren aurkezpenean: “Euskal hizkuntza bakarraz mintzatzea, batua soilik aipatzen dutenek egiten dutena, errealitatea bera ukatzea da eta horiek ezin izanen dute inoiz lortu, genozidio linguistikorik eragin ezean. (…) Gauzak horrela, eremu euskalduneko nafarrek, euskararen aldagai dialektalak ikasi, garatu eta erabiltzeagatik –euskalkien iraupen eta etorkizunarengatik–, ez al zuten ikastetxeetan haiek sartzearen aldeko jarrera hartu behar, inolako konplexurik eta beldurrik gabe, haren suntsipena nahi dutenengandik etorriko diren eta etorriko liratekeen erresistentziak gailenduz? Baina horren alde borrokatu behar da”. Zuzendari nagusiaren hitzak nafarreradunondako hunkigarriak lirateke zinismo ariketa hutsa ez balira. Pegenauteren euskalki zaletasunari esker Pello Urquiolaren Nere hitze bertsoatan Leitzako euskaraz idatzitako liburu xenofobo, homofobo eta ikastolen kontrakoa Nafarroako eskola eta herri liburutegi guztietan izanen dugu diru publikoz ordainduta.

Pegenauteri –UPNri bezala– Nafarroako euskalkiek axola diete batuaren aurkako tresna izan daitezkeen aldetik soilik. Egun Nafarroan euskalkien aldeko eta batuaren aurkako diskurtso instituzionala euskararen kontrako bertze mozorro bat baino ez da. Finean, euskalkiak sustatzeko lehen bidea hiztunei erabiltzeko aukerak ematea da, baina ez txokokeria etnografikoaren nostalgiaz hiztunei nafar hizkelki jatorra mintzo direla sinestarazita, noranahiko baliagarria den hizkuntza baten jabe direla sinestarazita baizik. Horixe da arriskua UPNrendako, hizkuntzaren bidez geure burua atzematen dugula. Andaluzierazko Idazleen Batzordeak (Hunta d'ehkritoreh en andalú) idatzi bezala: “Pa rematä la faéna, no podémö orbiä, k´er rëppéto a nuëttra çingulä manéra d´ablä, bá kondiçionä çin remédio lo ke pençémö lö andalúçë de noçótrö mïmmö”. Kendu andalúçë, paratu nabarrö, eta horixe eta bera.

Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude