Egungo “Chicagoak”

  • Aste honetan mundu osoan ospatu da maiatzaren bateko egun historikoa, Langilearen eguna, Chicagoko 1876ko maiatzaren 1eko egun hura gogoraraziz. Ipar Amerikako hiria garai hartan AEBetan abian jarritako iraultzaren sorburua izan zen: zortzi orduko lanaldiaren aldeko iraultza izan zen, langileek –gehienak etorkinak– sasoi hartan hamazortzi orduko lanaldia baitzeukaten. 1886 urtea zen eta AEBetako lan-egoera kasik esklabutzan oinarritzen zen. Mundu osoko etorkinak heltzen ziren orduan Amerikara. Lan-baldintzak oso txarrak ziren, soldata eskas eta hamazortzi ordu baino gehiagoko lanaldiekin. Gauzak horrela, langile-elkarte batzuek greba orokorrerako deia egin zuten AEBetan 1886ko maiatzaren 1erako, zortzi orduko lanaldiaren alde. Grebaren epizentroa Chicago izan zen, etorkin-saldo errusiar, poloniar, irlandar, aleman eta frantses ugariko hiria. Poliziak indarkeriaz erantzun zuen; balaz uxatu zituen grebalariak. Hildakoak ez ziren gutxi izan. Kaosaren erdian, polizia zapaltzailearen aurka jaurtikitako bonba batek eztanda egin zuen. Polizia batek bizitza galdu zuen.
Juan Mari Arregi
Dani Blanco
Gertakariak “Haymarket-eko atentatua” izena hartu zuen: sei langile atxilotu eta epaitu zituzten, euren erruduntasuna sekula frogatu ez bazen ere. Sei langileak urkamendira kondenatu zituzten, nahiz eta biri zigorra murriztu zieten bizitza osorako lan behartuekin ordeztuz. Ordutik “Chicagoko martiriak” aski ezagunak dira langileen mugimenduen historian. Parisen antolatutako Bigarren Internazionaleko Bigarren Kongresu Konstituzionalaren bukaeran, 1889ko uztailaren 20an, 1890etik aurrera maiatzaren 1a ospatzea erabaki zen, Langileen eguna, data lazgarri haren oroigarri, herrialde guztietan zortzi orduko lanaldia exijitzeko manifestazioak antolatuz.

Egia da gaur egun, ehun eta hogeita bat urte geroago, munduko langileriaren egoera ez dela ordukoa. Hala ere, XXI. mendean, iraunkortasun kapitalistaren erruz, oraindik ere badira beste “Chicago” batzuk. Europako zonalde batzuetan egoerak hobera egin duela dioten bitartean, Hego Amerikako eta Asiako beste zenbaitetan argazkia ez da gehiegi aldatu ordutik: auzo txiro eta meategietan esklabo gisa lan egiten duten umeak ageri dira, ez bada gerraren batean sartuta daudela, soldata eskas eta lanaldi luzeegiekin. Afrikako egoera are okerragoa da: baliabide naturalak Mendebalaren alde ustiatu ondoren, goseak eta HIESak kalte izugarriak eragin dituzte eta emigratzera behartzen dituzte mafiek estutu eta itsaso erdian abandonatuko dituzten arimak.

Garai hartan Chicago eta AEBetako beste hainbat hiri handik bezala, XXI. mendean, oraindik ere, munduak biziraupena euren herrialdetik kanpo bilatzen duten milioika pertsonaren inmigrazioa jasaten du. Horietako milaka bidean hiltzen dira edo gizarte aberatsetako pobrezia, marjinazio edo bazterketa sozialetako poltsen parte dira. Soberan daude. Kontsumoaren eta ongizatearen gizarte europarrean, egun langile mota ugari dago. Langile horietako batzuk erosotasunean bizi diren bitartean, beste batzuek kasik ez dute lanik, edota inork nahi ez dituen eta soldata oso baxua duten lanak dauzkate. Egun gure gizarte aberatsetan beste “Chicago” batzuk daude, eta beharrezkoa dute ez soilik maiatzaren 1eko ospakizuna urtean behin, baizik eta euren eskubideak defendatuko dituen egunez eguneko langile borroka sindikala eta solidarioa.

ASTEKARIA
2007ko maiatzaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude