Ametsetan txiroak ordenadoreetan ikusi zituena

  • Unescok eta Time astekariak XXI. mendean izango omen diren 50 liderrak izendatu zituztenean, Brasilgo mutil gazte bati begiratu zioten. Urte gutxitan, herritarrak teknologia berrietan alfabetatzeko eskola-sarea hedatu du herrialdeko auzo txiroetan. Lulak George Bushi aurkeztu nahi zion...
     
    George Bush ez zen ohartuko ziurrenik, baina martxoaren 9an Sao Pauloko auzoetan langintza sozialetan ari diren liderrekin elkarrizketa egin zuenean, konbidatutako bat falta zen. Unescok eta Time astekariak XXI. mendeko 50 liderren artean izendatutako Rodrigo Baggiok uko egin zion inperioko nagusiarekin aurrez aurre egoteko abaguneari.
Informatikarekin trebatzen hasi diren haurrak
Lerroon ondoan, informatikarekin trebatzen hasi diren haurrak, CDI erakundeak antolatutako ikastaroetako batean. Argazkia Comitê para a Democratizaçâo da Informática-k erakusten du bere web gune instituzionalean. Irudiaren estetikak erakusten duenez, delako faveletan eta beste auzo txiroetan eginagatik bere lan soziala, CDIk ez du marjinal itxurarik egin nahi. Bere web gunean ez da eduki politiko nahiz kritiko askorik aurkituko, eta argiki aitortzen du zenbait korporazio handik (IBM, Microsoft, eta abarrek) eskaintzen dioten babes ekonomikoa. Mugimenduaren arima den Rodrigo Baggio eklektizismoz jarduten da politikaz edo ekonomiaz mintzatzerakoan. Aldiz, arazoz betetako herri eta auzoetan ondo errotutako liderra da, eta berak sortu duen akademia sareak aldaketa sakonak eragin ditu denbora laburrean Brasilgo leku askotan.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Inter Press Service (IPS) agentziaren webgunean kontatu du Mario Osava kazetari brasildarrak. IPS 1960ko hamarkadan sortu –herrialde ez-alineatuen mugimenduaren inguruan– eta gaur egunera arte iritsi den prentsa zerbitzua da. Mario Osava berriz Kubako iraultzatik hasita gaurdaino Hego Amerikako ezkerrak bizi izan dituen gorabehera guztiak hurbiletik ezagutu eta kontatu dituen kazetaria da, familia japoniar batean sortutako brasildarra.
 
Osavak kontatu du nolaz, George Bushek berrikitan Brasilera egin duen bisita prestatzen ari zirela, AEBetako enbaxadak dei egin zion Rodrigo Baggiori. Washingtoneraino ere iritsia da Brasilgo herri eta auzoetan informatika irakasteko eskolak sortu eta sustatuz Baggio bere ekipoarekin egiten ari den lan garrantzitsua, eta enbaxadan aditzera eman zioten horietako eskola bat bisitatu nahi zuela AEBetako “agintari batek”.
 
Asmo on guztiarekin –“agintari” hura George Bush bera izan zitekeela pentsatu gabe– Rodrigo Baggiok proposatu zien Paraisopolis izeneko favelan daukaten eskolara egitea txangoa. Baina otsailaren 7an, 84.000 biztanleko auzo hori 40 militar yankik inbaditu zuten beste polizia brasildar mordo batek lagunduta, lekua ikusteko aitzakiatan. Kazetariari Baggiok esan dionez, “auzotarrekiko errespetu gutxi edukitzeaz gain, militar horiek burugabeki jokatu zuten, zeren eta eraso armatuak ere sortu ahal izan baitzituzten, bertan ibiltzen diren gaixtaginekin edo narkotrafikatzaileekin”. Bushen izena aipatu baliote, ez zukeen favela hura proposatuko Baggiok.
 
Paraisopolis ez zuen bixitatu, noski, Bushek: lider sozialekiko elkarrizketa Morumbi auzoan antolatu zuten amerikarrek. Berriro konbidatu zuten Baggio, baina aldez aurretik elkarrizketaren entsaioa egitea eta galdera-erantzunak prestatzea exijitzen zuten antolatzaileek, eta ez joatea erabaki zuen, berak eta bere erakundeak defendatzen dituzten balio etikoekin ez ezkontzeaz gain, baldintza horietan elkarrizketarik posible ez dela iritzita.
 
George Bushi ez zitzaion gaizki etorriko solasaldi lasai bat Baggio gaztearekin. Asko ikasiko baitzuen. Hasteko, ezagutuko zuen 30 urteko gizon gaztea, urte gutxitan Brasilen 642 informatika eskola eta beste sei herrialdetan 98 gehiago antolatu dituena, tartean batzuk AEBetan. Denetara, urtean 62.000 ikasle prestatzen dituzte informatika gaietan 1.755 maisuk. Baggiok gainera, kontatu ahal izango zion eskola horien atzean Comitê para a Democratizaçâo da Informática (CDI) dagoela eta honen helburua herritar txiroak teknologia berrietan hezitzearekin batera gizarteratzea ere badela.

Paulo Freire-ren aldarrikapena

Osavak kontatu duenez, Rodrigo Baggio oso gaztetandik izan da lider, mugimendu sozialetan parte hartuz, bere eliza metodistako gazte taldetik hasita. Nerabetan hasi zen ordenadoreekin jolas eta lanean. Unibertsitatean gizarte zientziak ikasi zituen, baina ordurako ordenagailuz programak eginak omen zizkion hainbat enpresari. Andersen Consulting korporazio famatuan hartu zuten lanerako. 22 urterekin, aitak lagunduta, informatika enpresa sortu zuen. Eskolako gaiak erakargarriagoak egiteko programa asko egin eta saldu zizkien Brasilgo eliteen eskola pribatuei, eta diru asko irabazten hasi zen.
 
Lider batek goi-arnasa derrigor behar duenez, Rodrigo Baggiok ere gau batez amets oso berezia egin zuen: “Hainbeste lanekin nire ekintza sozialak alde batera utziak nituen. Eta gau hartan ametsetan ikusi nituen ume behartsuak ordenadoreekin saltsan”. Amets horrek ekarriko zuen CDIren sorrera, faveletako gazteak ordenagailuetan trebatzeko, baina horrekin batera, hezkuntza zibikoa emateko, lanpostu bat lortu eta beren auzoetako arazoak konpontzen saiatzeko.
 
Sao Pauloko Santa Marta txabolategian ekin zion elkarte berriak 1994an, eliza katolikoak lagatako egoitzan, ehungintzako enpresa batek oparitutako bost ordenadorerekin, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bateko boluntarioek lagunduta. Komunikabideen oihartzuna lortu eta berehala 600 ikaslek eman zuten izena. Bertako irakasle boluntarioekin funtzionatzen zuen, hiru hilabeteko ikastaldiak ordutegi malguetan eskainiz.
 
Azkar batean Brasil osora zabaldu dira eskola hauek. Mendea bukatzerako, CDI erakunde sendo eta famatua zen Brasilen. Eskolen koordinazioa 40 kide bolondresez osatu zen, eta denborarekin GKE egitura eman zioten. Zuzendaritza batzordearen ondoan, bederatzi komisiok kontrolatzen dute egunerokoa: batek irakasleen entrenamendu eta zertifikazioa, besteak auzoetako mugimenduekin hitzartzea eskola berrien sorrera, besteak diru-laguntzak, honek ekipamenduaren mantenua, horrek komunikazioa, eta abar.
 
Rodrigo Baggiok hasieratik aldarrikatu du eskola bakoitzak bere burua ordaindu behar duela. Irakasleak gaur egun pagatuak dira eta horien soldatak hein batean ikasleek beren kuotekin ordaintzen dituzte. Ikasleei eta ikasle ohiei proposatzen zaie eskoletako ekipamenduak –lanorduetatik kanpo– auzoetako gizarte ekintzetarako erabiltzea edo baita lanpostu txiki berriei hasiera emateko ere.
 
Bitniks aldizkariak duela hiru urte publikatu zuen Rodrigo Baggiori egindako elkarrizketa. Hartan ageri den gizonak Gandhi, Martin Luther King eta Jesukristo aipatzen ditu bere erreferentzia nagusitzat. Ez da kapitalismoaren alde ageri, baina kapitalismoa ere humanizatu daitekeela uste du. Sistema politikoa berdintsu zaiola dio. “Gure negozioa ez datza arraina ematean, gurea arrantzan egiten irakastea da, arrantzu-negozioa antolatzen erakustea”. Aldi berean, bistakoa da Brasilen gosea ere badagoela, berehala konpondu beharreko gosea, baina Baggioren ustez ez da dena utzi behar geldirik gosea konpondu arte. “Brasilgo ipar-ekialdean, landa-eremuetan, oinarrizko arazoak dauzkagu, janariak, ura, saneamendua. Baina hiri ertain eta handietan jendea ez da orain gosez hiltzen. Pertsonak aukerarik ezagatik hiltzen dira. Aukerarik ezak daramatza gizakiak kriminalitatera, marjinalitatera eta hortik heriotzara.
 
Elkarrizketa egin ziotenean Baggio kanpainan ari zen 500 ordenadore Pentium lortu eta eskolarik zaharrenetan 486 motatakoak ordezkatzeko. Geroztik, IPSko Mario Osava kazetariak kontatu digunagatik –Bushen konbidapenari muzin egin diola–, arrakastak ez dio Baggiori militante espiritua erabat zimurtu. Kazetariak dio lider honek bere eskola mugimendua Paulo Freireren “zapalduaren pedagogia”n oinarritu zuela. Bitxi egiten da Paulo Freire informatikari baten ahotan... Ona denak irauten du.


http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan

Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.


Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Gasteizen kalean bizi diren maliarrak Oñati eta Tolosara mugituko ditu Jaurlaritzak

50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]


Feng Shui pianoan

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.

Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]


Zangozako Muga meategia finantzaketarik gabe geratu da, txinatar inbertitzaileek atzera egin ostean

Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi... [+]


2025-08-20 | Ahotsa.info
Ibaitik itsasoraino, Tuteratik Hendaiara, Palestinaren aldeko ibilaldia irailaren 10etik 20ra

Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]


Manteroen kanpalekua desegin du Poliziak Bilbon, eta konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu dute

Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.


2025-08-20 | ARGIA
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]


Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du

85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.


Europak Israeli masiboki armak erosten jarraitzen du: Elbit taldeak 1.600 milioi euroko kontratua sinatu du Serbiarekin

Gazako palestinarren aurkako genozidioa aurrera doan bitartean, Europak Israelgo armagintza industria hauspotzen jarraitzen du. Elbit Systems Israelgo armagintza enpresa ezagunak joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro baino gehiagoko kontratua... [+]


2025-08-19 | Gedar
22 langile kaleratuko ditu Bridgestonek azpikontratatutako Serveok

Plantillak astelehenean ekin dio grebari, kaleratzeei ezetz esateko. Espedientearen kontsulta-aldia abuztuan hasi izana salatu du Hego Uribeko LASek, enpresaren asmoa "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea" izan delakoan.


Jordaniak derrigorrezko soldadutza ezarri du “Israelgo eskuin muturraren mehatxuaren” aurrean

Komunikazio ministro eta gobernuaren bozeramaileak iragarri du neurria. Berehala galdetu diote ea mehatxuren batek bultzatu duen erabakia, eta horri erantzun dio "mehatxua Israelgo eskuin muturretik" datorrela.


Bi langile hil dira lan istripuetan pasa den astean

Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.


Eguneraketa berriak daude