Ho, ho, ho

  • Ho! Pitxu azkenean ez da hil. Hil bai, baina medikuek berpiztu ere bai. Abokatuek orain ez dakite testamentua zer egin, indarrean dagoen, aplikatzerik baden, zer araudiren arau, jurisprudentziak horrelakoez zer dioen, aurrekaririk dagoen, Pitxuk berrestu beharko duen, berrilko denerako, testamentu zaharra, testamentu berria. Epaitegira eramatekotan ere omen daude.
     
    Lucia eta Julia, haren alabak, hasiak ziren, Inaziok iradoki modura, aitarendako eresia bat osatzen. Zinezkoa zuten mina, aita hil berri zitzaielako; eta min zinezkoa dute orain ere aita berriz haiekin dutelako. Eresia zaharra ere, min zaharra, ez dakite zer egin. Pentsatu dute, C. S. Lewisen Una pena en observación eta Albert Caracoren Post-mortem irakurri dutelako akaso, hildakoarekiko pena beti dela egiazko bezain egoista, eta beti dela iraunkor bezain iragankorra: “eskatzen nuen itzul zedin bizitzara, baina harengan pentsatu gabe, niregatik”, “bera hil da, eta bizitzan gaudenoi bi irtenbide baino ez zaigu geratzen: geure burua ere su metara botatzea, Indiako alargunak behinola bezala, edo kea oraindik darien hondarrei bizkarra eman”. Baina ez dakite alaba zintzoek zer pentsatu berpiztuarekiko penaz, ez dakite, Inazio, zer idatziko.
Josu Santesteban
Pitxu ez da hil eta hil bezperan esandakoaz damutzen hasi da, edo berpizteaz, orain etxez etxe, erakundez erakunde, zuloz zulo joan behar baitu oinordetzan legaturikoa atzera eskatzera. Hilik ez baina bizirik hagitz beharrezkoa zaiolako emandako guztia: Madonna, Dire Straits, Aviron Bayonnais, Niko Etxart, Idirin aingerutiarra…

* * *

Ho, ho. Houston, we have a problem. Ttakun honen egileak ez daki nola jarraitu aurrera. Zaila da ttakungintza gero! Gaurkoan ttakun baino herrenagoka dabil. Aukera polita eskaini dio Itxaro Bordak besteen lotsariak agerian uzteko, baina Pitxu nor den dokumentatu behar izan du, eta arazoa, ahal bezala, konpondu du.
 
Ttakun honen egileak aitorpen bat egin nahi du. Duela hamar urtetik baino ez da euskalduna. Hots, ez da euskalduna, edo ez da nahikoa euskalduna erreferente guztiak atzemateko. Bere buruari galdetu dio Pitxuk zer utziko liokeen testamentuan. Oraintsu arte, esaterako, Filipe Bidart nor zen ere ez zekien, aditzea ere ez zuen zenbat denbora zeraman kartzelan. Hainbat harrituko da. Orain, berriz, jakin du –ez dago dena galduta, heziketa etengabea da–, egunkarietan adierazpenak irakurri ditu, astekari honetan ere haren aldeko omenaldien berri. Ez pentsa, Itxaro, Iparraldeko notizia izateagatik ez nekiela haien berri. Hegoaldeko hainbatekin ere gertatzen zait berdin.
 
Aldarrikatu gura nuke euskaldun berriaren autonomia estatutu bat, ez al ginen euskaldunak horren berezi zaleak? Euskalduntasun biribila osatzeko bidean lehen geltoki lasaia, zeinaren arabera giri nortasuna aitortuko zaigun, nazionalitate bikoitza, edo ikusiko dugu zer, bi ergatibo orduko huts egiteko eskubidea, ama hizkuntzako iruditeria gurekin –behin-behinekoan bederen– ekartzeko eskumena, hitz eginez baino idatziz trebeagoa izateagatik diskriminatua ez izatekoa. Ama hizkuntza ere ez dudan alemaneraz, bestela, zergatik daukat, euskaraz ez dudan eskubidea alemana ez izatekoa?

* * *

Ho, ho, ho! (and a bottle of rum). Inazio Mujikak arretaz irakurri du ttakun iritsi berria. Zeri lotu darabil buruan, Itxaroren proposamen iradokitzaileari, Angelen saio huts egindakoari, hari berri bat hasi, hiru gauzak batera egin. Aste osoa du horretan pentsatzeko. Ttakungintza zaila da, gero. Tximeleta efektuaz oroitu da, norbaitek botatako zerbaiten ondorio espero gabekoez, baita norbait hori desagertu denean ere. Ondorio espero gabeak. Seme-alabak direla. Direla idazkiak. Aste osoa du horretan pentsatzeko.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude