Etxera bidean galdu diren erleen misterioa

  • Europako eta Ipar Amerikako erlezain asko ikaratuta dago: neguazkena iritsi eta erlauntza askotan erlea falta da. Hilotzik ezean ere ziur dakite hil egin direla. Baina nork akabatu ditu? Eta hiltzaileak berriro atakatuko al du? Erlezainez gain, nekazariak ere larritzen hasi dira.
     
    Erleak desagertzen ari dira, erlezainak arriskuan utzirik. Hori ipini du bere kroniketako baten tituluan The New York Times egunkariak. Urte sasoi honetan erleak informazio izatea ez da harritzeko, prentsa guztian egiten da aipamen gozoren bat, erleak esnatzen diren sasoia delako. Ontsalaz, AEBetako egunkari famatuak zientzia orrietan aipatu behar zuen gaia –erleen jokabideaz edo dantza famatuaz aurkikuntza berriren bat dela eta– edo agian medikuntzako albisteen artean, eztiari edo propoliari aurkitu zaien bertute berriren bat kontatzeko. Baina New York Timeseko Alexei Barrionuevok erlezainen urte hasiera mikatz honen alderdi ekonomikoa azpimarratu du.
'Erlezaina egunsentian' izeneko argazkia
Argazki honek "Erlezaina egunsentian" darama izenburu, eta Azuqueca de Henaresko (Madril, Espainia) argazki lehiaketan hirugarren saria irabazi zuen. Gizona bere erletxeko kofoinei gainbegirada ematen ageri da, eskuan kaxetako batetik ateratako abaraska edo orrazea daukala. Udaberriaren esnatzearekin batera egiten diete erleei lehen bisita erlezainek, negua nola pasa duten eta sasoi berriari zer nolako gorputzaldiz ekin dioten ikusteko. Aurten denetan dira kexu ohi baino askoz erle gehiago galdu dutelako. Honek erlezainez eta nekazariez gain herritar guztiak kezkatu behar ditu, zeren eta Varroa izurritea iritsi zenez geroztik erle basati guztiak hil eta gure artean diren erle bakarrak erlezainek behatzen dituztenak baitira. Harrigarria badirudi ere, azken asteotan publikatu da hiri barruko erlauntzek galera gutxiago jasan dituztela landa eremuetakoek baino.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Honela idatzi du Barrionuevok: “David Bradshawk konta ezin ahala eztenkada jaso ditu bere erlezain bizitzan, baina oraindainoko shock handiena hartu zuen joan den hilabetean erlauntzak ireki eta bere 100 milioi erleen erdiak falta zituela ohartu zenean. AEBetako 24 estatutan tankera bereko muturrekoak hartu dituzte erlezainek, erleak kopuru beldurgarrian eta esplikaziorik gabeko modu batean desagertu zaizkienean. Honek erlezainen bizimoduaz gain arriskuan jarri ditu uzta asko, tartean Kaliforniako almendrak, AEBetan etekin handiena uzten dutenak”.
 
Erlea den xomorro apal horrek herritarron eguneroko otorduan duen garrantzia lehen baino argiago geratuko da galera masibo honekin. Beti galdu dira erleak, gaitzen batek suntsituta, edo goseagatik, edo negu gogorra ezin jasanik. Baina krisi honek duen gauza berria zera da: erleak desagertu egiten direla. Badirudi joan egin direla eta berriro etxeratzen asmatu ez.
Mundu osoko erlezainen artean asko aipatzen den eta orain The New York Timesen orrietaraino iritsi den arazo honi “Colony Collapse Disorder” deitu diote, batzuek Erlauntza Hutsen Sindromea ere bataiatu dutena. Euskal Herrikoak bezalako erlategi txikiez ari garenean –hemen 100 erlauntzatik gora dituztenak ez dira asko– erle berriak bilatzeak tamaina jakineko buruhaustea dakar. Baina AEBetan bezala ehunka eta milaka erlauntza manejatzen dituzten erlemaisuak mundu osoan aztarrika ari dira kolonia berriak nondik lortuko.
 
Ikerketa batzuen arabera, AEBetako laboreetan urtean 14.000 milioi dolarreko balioa duten fruitu, ale eta haziak polinizatzen dituzte erleek. Herritarrek jaten duten guztiaren heren batean sartu dute beren muturra xomorrook. Nekazaritza industrializatuari estu lotuta, erlezain handiek beren kofoinak trailer handietan mugitzen dituzte alde batetik bestera, landare eta arbolen loraldien atzetik.
 
Eztia egiteak ez du etekinik profesional amerikarrentzako, Txinatik eta Argentinatik askoz merkeago inportatzen baitu agroindustriak. Nekazari txikiak bezala, erlategi txikiak asko urritu dira urteotan. Azken bi hamarkadotan, kofoinak laurden batean gutxitu dira eta erlezainak berriz lehengoen erdiak dira. Geratu diren handi askok, eztia alde batera laga eta beren xomorroak laborariei loraldi garaian alokatzetik ateratzen dute negozioa, polinizaziotik.
 
Orain denak, bai erle lilizaleen aiduru dauden nekazariak eta bai erlezainak, estu dabiltza, erleen galeragatik. Mendebaldeko kostaldean kolonien %30-60 galdu da negu honetan, eta Ekialdekoan berriz –Texas inguruan batik bat– galerak %70eraino iritsi dira. Aurreko urteetan neguan %20 hiltzea normaltzat jotzen omen zen, baina oraingo kopuruok ezin jasanezkoak dira. Milioika amandaondo, kiwi eta aguakateondoren loreak antzu gera litezke aurten.

Botikarioa da susmagarria

Barrionuevo kazetariak kontatu du joan den otsailean Floridan bildu zirela 15 erlezain handi ikerlari talde batekin halako brainstorming bat egiteko, erleen galeraren erruduna aurkitu eta horri aurre egin nahian. Adituek hipotesi bat baino gehiago daukate.
 
Batzuek garrantzia handia ematen diote erleen estresari. Honek eragin handia izan dezake AEBetakoa bezalako erlezaintza ia-industrializatu batean, non erleak batetik bestera baitaramatzate kamioiz, loretan diren uzten bila. Estresak abere horien inmunitate sistema ahulduko zukeen.
 
Beste batzuek erreparatzen diete erlauntzetan diren izurriei, xomorroei batez ere, eta nabarmenki Varroari. Hauen kontra erlezainek erabiltzen dituzten botikengatik erreginak ahuldu egin omen dira: beren arrautzetatik lehen baino eme-langile gutxiago ateratzen dituzte, eta gainera lehengo aldean denbora erdian bizitzen dira ereginak, pare bat urte. Erlemaisuek ez dituzte beren lan metodoak egokitu baldintza berriotara oraindik.
 
Beste arrazoi bat bioaniztasunaren gutxitzea da. Erlezain amerikarrak oso lotu zaizkionez labore bakarreko soro erraldoien polinizazioari, erleak horietan ez du aurkitzen behar dituen elikagai guztiak. Profesionalek garesti ordainduz osatu behar dute xomorroen erregimena kofoinetan arto-ziropa, sakarosa, eta beste ipiniz. Paradoxa bat aipatzeko, laborari batzuek erleak behar dituzte derrigor eta aldiz beste batzuek debekatzen dituzte, hazirik gabeko laranjak ekoizten dituztenek adibidez. Nola uztartu biak eta bioaniztasuna?
 
New York Timeseko kazetariari ahaztu zaizkio Europan askok salatzen dituzten susmagarriak: nekazaritza industrialeko gai kimikoak. Gure etxetik hurbil, berrikitan Galiziako egunkariek zabaldu dute bertako erlezainek salatu dutela agrokimikoek erletxeen hustutzean eragin nabarmena daukatela. Galiziako Erlezaintza Elkarteak plazaratzen duen Apicultura Galega buletin elektronikoan Jesus Asorey-k esplikatu du 10 urtetan erle galera sufritu eta ikertu ondoren ikasi dutena.
 
Asoreyk izen eta abizenez salatu ditu errudunak: Basf eta Bayerrek nekazariei xomorroak akabatzeko saltzen dizkieten imidacloropide eta fipronil direlakoak, Gaucho, Regent, Confidor eta Escocet markekin saltzen dituztenak. Landareak lurretik hartzen ditu pestizida horiek eta bere izerdiarekin hosto eta loreetaraino eramaten, hiru urteko iraupenez. Produktuok xomorroen –tartean erleen– nerbio sisteman eragiten dute, orientazio ahalmena galarazten diete eta immunitate sistema ere ahultzen diete.
 
Nikotinaren eratorriak diren botika horiek salatu zituzten Frantziako erlezainek eta lortu ere lortu zuten epaile batek horien komertzializazioa debekatzea; hori bai, eguzki-lore eta arto soroetan baino ez. Espainian oraindik oso gutxi eztabaidatu da gaiaz. Areago, Galiziako eukalipto basoak –Gonipterus Scutellatus edo eukaliptoaren gorgorioa akabatzeko– beste nikotinoide bat erabili dute fumigatze lanetan. Hori ere salatu dute erlezain galegoek. Badaezpada ere, Basf korporazioak hurrengo belaunaldiko nikotinoide berria prest daukala iragarri du, xomorro guztiak erleak salbu akabatuko omen dituen botika “adimentsua”.
 
Ingurumenaren egoera ondo islatzen duen termometroa dela erlea esan izan da. Adituek orain arte erlea bera eta bere produktuak analizatzen zituzten ingurumenaren kutsadura neurtzeko. Orain hutsa ikertu behar dute, falta. Orientazioan maisu omen diren erle famatuek eztia bildu ondoren etxera itzultzen ez dute-eta asmatzen.

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
“Inoizko euskal zinemarik indartsuena” izango da 73. Zinemaldian

Astelehenean jakinaraziko dituzte ordutegiak, eta hilaren 14an, igandean, jarriko dituzte salgai lehen egunetako sarrerak. 254 film egongo dira ikusgai, 56 herrialdetakoak.


26 herrialde prest dira Ukrainan esku hartzeko, baina Putinek erantzun die helburutzat joko dituela

Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak adierazi du 26 herrialde prest direla gerra amaitu ondoren Ukrainan indar militarra zabaltzeko, “lurrez, airez edo itsasoz” parte hartuz. Vladimir Putin buruzagi errusiarrak erantzun die ez duela horrelakorik onartuko, ez... [+]


Hizkuntza bat gutxiago munduan: azken caddo hiztuna hil da

Caddo hizkuntza gorde eta biziberritzeko ahaleginean ari den ekintzailea da Alaina Tahlate. AEBetako jatorrizko caddo herriko hizkuntza hori jario oneko hiztun bakarrarekin gelditua zen: Edmond Johnson, 95 urteko hiztunarekin. Tahlate gazteak aitortu zion estutasunez bizi zuela... [+]


Asimilazioaren kontrako topagune izanen da Izpegi irailaren 19 eta 20an

Izpegiko besten hirugarren edizioa ospatuko dute, Basaizea Baigorriko kultur elkarteak, Baztango Gazte Asanbladak eta Baigorriko zein Erratzuko gazteek elkarlanean prestaturik. Hitzaldiak, bazkaria, ibilaldia, kontzertuak... izanen dute zeregina.


Azpiegitu handiak
Osasunak bat egin du Nafarroako AHTren aldeko Plataformarekin

Osasuna futbol taldeak bat egin du Nafarroako Abiadura Handiaren aldeko plataformarekin, azken honek ostegun honetan jakinarazi duenez. UGT sindikatuak eta Eraikuntzaren Industrializatzearen Aldeko Nafarroako Klusterrak ere bai.


Bilboko etapa Palestinak “irabazi” zuela azpimarratu dute, eta protestan jarraitzera deitu

Palestinarekin Elkartasunak manifestazio nazionala antolatu du urriaren 4rako. Ostiral honetan Euskal Herriko 130 udaletxeren aurrean protestatzera deitu du Gernika-Palestina ekimenak.


2025-09-05 | Sustatu
Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie... [+]


Ikasle nafarren %30ak ikasiko du aurten euskarazko D ereduan

Hiru urte bete dituzten 1.404 ikasle berri matrikulatu dituzte D edo B ereduetan, Nafarroan. Adin guztiak kontuan hartuz, 27.334 ikaslek ikasiko dute euskaraz. Matrikulen 67,8% ikastetxe publikoen sarean izan da.


Pantailen gehiegizko erabilera, desinformazioa eta indarkeria praktikak identifikatu ditu adingabeen artean Macsonrisas-ek

Ikasleek pantailekin duten harremana aztertu eta "Heziketa digitala LH eta DBH" izeneko txostenean jaso dituzte ondorioak Macsonrisas-eko kideek.


Kaleratze kolektiboa ezarri nahi dute Maderas de Llodion

Asteleheneko bileran helarazi zioten asmo hori enpresa batzordeari, eta irailaren 9rako deitu dute hurrengo bilera. Fabrikak 151 behargin ditu gaur egun, baina ez dute zehaztu zenbat kaleratuko lituzketen.  


Herriko dantzan parte hartzen ari ziren emakumeei eraso egin diete Errioxako Cervera herrian

Emakumeak dantzara atera eta gizonezko dantzariek oztopatu egin dituzte, bultza egin diete eta haien dantza eragozten saiatu dira. Beste batzuetan musikariak geldiarazi dituzte eta ikusleetako batzuk bizkarra eman diete emakume dantzariei. Ez da Baztan, ez Hondarribia edo Irun;... [+]


2025-09-05 | Gedar
Gaztetxea lortu dute Etxaurin

"Bailara eraldatzeko ezinbesteko tresnatzat" hartzen dute Gaztetxea, eta elkartasuna adierazi diete "borrokan dauden beste Gaztetxe guztiei".


“Hondarribiko alardearen bi aldeak parez pare jartzea da zilegitasun bera ematea zapaltzaileari eta zapalduari”

Hondarribiko udal gobernuaren “ausardia faltaz”, kontsentsua bilatzearen tranpaz eta “gatazkaren espiritua berpiztu” nahi duen alarde tradizionalaren aldeko elkarteaz mintzatu zaigu Uxoa Anduaga, Jaizkibel konpainia berdinzaleko kidea. “Ez dira... [+]


Eguneraketa berriak daude