Badatoz

  • Iñaki De Juanaren gaineko aferaren ondotik, bertze auzi bati erreparatuko diote Espainiako Estatuko eskuindarrek; Nafarroari, alegia. Hil ala biziko kontua izanen da haientzat Espainiako sorburu eta jatorria, espainiartasunaren ikurra –Nafarroako Foru Komunitatea– euskaldunen hatzaparretatik askatzea. Madril eta Iruñea aldeko komunikabide, kazetari, iritzi-emaile eta iritzi-sortzaile gehienek gurutzadarako aldarria egin dute: “Salba dezagun Nafarroa. Zapaterok Nafarroa abertzaleen zangopean utzi du, eta hauteskundeen ondotik, PSNk Nafarroa Bai-rekin eginen du tratua, UPNkoak Gobernutik egozteko”.
     
    Ez da erraza izanen, ez horixe, eskuindarrak Diputaziotik kanporatzea, baina aukera egon badago, eta aukera egote hutsak nerbiostu ditu, arras nerbiostu ere. Dena den, UPNk eta bere inguruko taldeek erakutsi dute ez daudela nolanahi amore emateko prest. Joan den egunean, konparazio batera, Rubalcaba ministroak De Juana Euskal Herrira ekartzeko agindua eman ondoren, sumindurik eta kolera gorrian agertu zen jendetza handi xamarra Iruñean; Udaletxeko plazan, zehazki. Jendea harroputz zetorren Txapitela karrikan beheiti, begirada mehatxagarria zeriola, oihal hori-gorriak airean, bandera-kirtenak edonoren bizkarrean puskatzeko prest. Udaletxe ondo-ondoan bildutako batzuk Cara al sol abesten hasi ziren, eta Iruñeko alkate Yolanda Barcinak ez zuen zirkinik ere egin.

2007ko martxoaren 18an
Mikel Saiz
Bertzalde, ez da batere gauza segurua zer eginen duen Alderdi Sozialistak. Hau da, ezin jakin behingoan bertze bide bat jorratzen hasiko den ala burua lehengo lepotik agertuko duen. Oro har, PSNk nafar eskuinaren zerbitzuan eman ditu azken 25 urteak eta era guztietako loturak dituzte agintean daudenekin. Gainera, hauteskunde zerrendetan hautetsi izateko moduan jarri dituzten hautagai gehienak nabarrismorik itxienaren bultzatzaile edo dotrina horretako fededun sutsu dira, eta baztertu egin dute Nafarroaz ikuspegi zabalagoa duen jendea.
 
Gauzak horrela, aldaketaren euskarri nagusia izan daitekeen taldeak, Nafarroa Baik, bere bidea egiten jarraitu beharko luke Alderdi Sozialistaren zain egon gabe. Ezkerreko koalizio abertzaleak, gainera, bere proiektua gorpuztu beharko luke, bere aldia izan daitekeelako. Alde horretatik, zenbat eta gorpuztuago egon, zenbat eta sendoago agertu, programa zenbat eta gehiago landu, gizarte-erakundeekin zenbat eta harreman handiagoak izan, hainbat eta hobe izanen da Nafarroan gauzak azalez eta mamiz bertzela egiten hasteari begira.
 
Beraz, Nafarroa Baik gaina hartu beharko lioke Fernando Purasen alderdiari. Eta horretarako, ez da aski izanen Nafarroa euskalduna dela erratearekin. Bertze era bateko boto-emaileak bildu beharko ditu; esaterako, urte sail luzean, arrazoi hau edo hura dela medio, abertzaletasunari bizkarra eman dioten jendeen botoa. Denok dakigu zer-nolako zaparrada jasan duen Nafarroak azken mende laurdenean Iruñea eta Madril aldeko agintari politiko, militar eta ekonomikoengandik, bai eta alderdi politiko, sindikatu eta komunikabide nagusietatik ere.
 
Denak gogotik saiatu dira, saiatu direnez, Nafarroa euskaltzaletasunetik urruntzen, eta hein batean, lortu dute. Datozen asteotan, indarberriturik azalduko dira, eta prest, beren irratsaio mehatxagarrietan iragartzen dutenez, Iruñera etorri eta Nafarroa salbatzeko. Ez dira ETAren beldur, haien boterea kolokan jar dezakeen indarraren beldur baizik, eta prestatzen ari dira aukera hori galarazteko. XX. mendea gogoan, badakigu nola jokatzen duten, aski eta sobra ezagunak baitira haien manera “demokratikoak” gauza txikienetan ere. Azkena izan da Iruñeko udal agintariek erakutsi duten itxikeria gizarteak German Rodriguez gaztearen omenez paratutako hilarriaren inguruko auzian. Kendu dute, eta kito. Beraz, orain, noraino iritsiko dira?

Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude