Julia, Lucia, Pitxu Ho

  • Inaziok eta Angelek desafio ederra bota didate mugaren beste aldetik alajainkoa! Baina badu aspaldi ez dudala libururik irakurri, salbu, aitor dut, Malou Berlinen zeit bis mitternacht (Gauerdirako denbora zoragarria). Hargatik ez naiz Euskal Herriko bideetan ibiltzetik gelditu. Ene barnealderako bidaietarik Pitxuren testamentu apokrifoarekin itzuli naiz. Sohütako ikastolako gurasoek txukunki eta iluna zetorrela, kozinatu pastetxari naka-naka ari nintzaiolarik aditu dudana eskainiko dizuet. Ez zuberotarrez prefosta, Iparraldeko euskara, barbaro arraroa, zailegia eta kasik ulertezina bilakatua zaizuelakoan jadanik. Begira, ez naiz hain krudela, aitak alaba sortu berriari ondu beharko lituzkeen olerkiak asmatzera derrigortua ez naizenean!
Itxaro Borda
Gaizka Iroz
Hara bada:

- Pitxuk uzten du euskal kulturaren merkatu orokorrean satortuz aberasteko, Niko Etxarten Maule Baitako zine-gelako kontzertuaren bideo grabaketa pirata bere ondorengoei, eta gerlaroak iraungo dueno Euskadi jator gozo eta puta huntan abestia, ahoak eman ahala eta zintzurrak urratzeraino orroa dezaten,
 
- Pitxuk uzten dio NY zigiluaz hornitu rap musikarien burukoa eta Aviron Bayonnais errugbi taldearen bandera zuri-urdina Filipe Bidarti, txapel eta ikurrina arautuekin agertzeak ez baitu gizona euskaldunago egiten, euskalduntasuna are gehiago folklorizatzen baino, eta Madonnaren I love NY kanta, ikasi ondoan, bihotzez txalupa dezan, gaurkoan jada jokoz kanpo bihurturiko Gora IK lema oihukatzeko partez.
 
- Pitxuk uzten ditu Mexiko hirian eskuraturiko kutsaduraren aurkako maskarak Sarrikota Peko biztanleei, etxeetarik hurbil Benafarroa-Lapurdiko zakarrak oro, edozein alderdiko hautetsien adostasunarekin eraikiko den zikintegi erraldoian metatuko zaizkienean erabil ditzaten ausarki, eta Dire Straits taldearen Industrial desease albuma.
 
- Pitxuk uzten du Txerokeeren ETAko komando-mandoei hogei urte pasa dituen bere auto zaharra, bazoka ukaldika josta daitezen arraiki Landesetako oihanetan, hor bederen ez dutelako min eta sarraskirik obratuko, eta John Lennon zenaren Give peace a chance melodia ikaragarriaren Shangaiko Live bertsioa.
 
- Pitxuk uzten ditu euskara masakratzearen erruz eta sobera ardura erdaretan zinpurtu delako bildu dituen multa guztiak Euskal Kultur Erakundeari ordain ditzan xeherik galdatu gabe, eta ez etsitzeko Euskara putzu sakon eta ilun bat zen dakarren CDa.
Pitxuk uzten du Korrika 15aren antolatzaileei Karabana Handia euskal emakumea omentzeko proposamena, ohartu baita hil aitzineko egunetan, emakumeria ma(g)ma dentsoa eta bana ezina bailitzan, emazteak globalki ohoratuko direla, gizonek aldiz izen deitura zehatzak merezi dituztelarik, eta entzutearren Maite Idirinen Ahizpatasunaren haizea samurra,
 
- Pitxuk uzten ditu komentarioz, ideiaz, marrazkiz eta poesia-umekiz hanturiko ingurazti intimoak, bizitzan nola ohean beti leku gehiegi hartu dion bere azken maitale zainartari, eta Kd Lang-en Hymns Of The 49. Parallel lana.
 
- Pitxuk uzten ditu bere kexuak Euskararen Behatokiko erantzungailuan, mihi lizunak er(r)otik zinezko hizkuntza politika eraginkorra premiazkoa duela erdi haserre erantsiz, eta Etxamendi-ren Ariana balada minbera.
 
(...)
 
Inazio eta Angel, zer diozue sasietako sasi-ttakun honen soinuaz? Pitxuren ele-askatasunak harritzen nau. Ez da aipamen sofista-literarioetan galtzen. Balia gaitezen gu ere, Pitxuren maneran estiretan pairatzen doakigun gure euskaran, batzuen egiak, besteen gezurrak eta alderantziz, zintzoki plazaratzeko.
Ahamen bateko amenez.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 11
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude