Julia, Lucia

  • Ez litzateke txarra ttakun hauetan, irakurketa gomendatu batzuen zerrenda aterako bagenu. Itxarok aipatzen du Viktor Klemperer-i buruzko erreportaje bat ikusi zuela ARTE katean, eta beste liburu bat aipatzen du 2006ko otsailean Frantzian argitaratu dena: Eric Hazanen La propagande du quotidien, “Bosgarren Errepublikaren mintzaira ikertuz, erkatuz, zulatuz” idatzia. Oharra hartzen dut Hazanen liburuarena, ez bainuen ezagutzen, baina Klemperer-i buruz, hori bai ongi ezagutzen baitut, esan behar dut haren LTI La lengua del Tercer Reich saioa –ez dakit frantsesera itzulia dagoenez, baina Itxarok alemanez irakurri ahal du– eta haren egunerokoa aspaldian irakurri ditudan libururik interesgarrienak direla joan den mendean Europa osoa hartu zuen erokeriarik handiena ulertzeko eta aztertzeko. Filologo baten lana da, eta hainbeste filologo daukagunez, ez legoke gaizki bi autore horien eredua aintzat hartzea, “gure astoaren latina bailitzan, ETAren garaiko euskararen analisiaren egiten hasteko”.

2007ko martxoaren 4an
Inazio Mujika
Dani Blanco
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
* * *

Jolaserako ote nagoen galdetzen dit Angelek, Bayard-en eta Lodge-ren liburuen harira, irakurri gabeko liburuen iruzkinak egiten hasteko eta huts egindako klasikoak hobetzen hasteko. Ez da atera zaharra gaztelaniaz 1.001 libros que hay que leer antes de morir, eta bertan ematen zaizkigu kontagintza unibertsaleko 1.001 libururen laburpen eta iruzkinak. Bide batez esan dezadan hiru euskal liburu behintzat irakurri behar genituzkeela liburu horren arabera hil aurretik: Otto Pette, Hamaika pauso eta Obabakoak. Ez dago gaizki. Nik ahalik eta gehien luzatu nahi nuke denen irakurketa, 1.001 horiek irakurri aurretik ez bainaiz hilko.
Baina, jolasean hasiko banintz, Angel, niri irakurri ditudan liburu gogoangarri batzuen ifrentzua irudikatzea gustatuko litzaidake. Esate baterako, nola ikusiko luke balea zuriak Akab kapitaina eta bere ontzia. Edo nola Ostiralek, Crusoe. Edota, gurera etorrita, nola ikusiko luke basurde zuriak Obaba?

* * *

Baina, bai, jolaserako nago, ifrentzuen bila nabil eta. Jolas, ordea, poesiarekin egin nahi dut, aprobetxatuz bi poetarekin ari naizela ttakunka. Nire inguru hurbilean, neska txiki bat jaio da, zazpigarrenez osaba egin nauena –barkatuko ahal dit anaiak eta koinatak beren ttikia denon ARGIAra honela ekartzea–. Horrelakorik gertatzen denean, bi poemez gogoratu ohi naiz beti eta zuekin partekatu nahi nituzke, Angel eta Itxaro.
 
Bata José Agustín Goytisolorena da eta izenburua Hitz batzuk Juliari eman dezakegu euskaraz; gogoratuko zarete: “Hesiturik sentituko zara, galdurik, bakarrik, beharbada ez jaio izana desio izango duzu. (…) Orduan beti gogora zaitez neuk egun batez idatzi nizun honetaz, gogoan zu zintudala”, eta abar. Paco Ibáñezen ahots erlatsa datorkit gogora oraindik ere gaztelaniako hitz doi itxaropenezkoak kantatzen.
 
Beste poema Robert Gravesena da: Luciari, jaiotzean. “Gizarte laborrizkora jaio zaren hau” esaten dio poetak alaba jaioberriari. Gerraren Nagusiek beren gerra-aroez neurtzen dute denbora gizarte laborrizko honetan. “Neur ezazu, bada, denbora zeu zarenarengatik, egiten duzunarengatik, ez haiek supizten dituzten gerra-aroengatik. Entzun haien orroa, ez jaramonik egin: Ez dira sekula aldatuko, begira alda ez zaitzaten”.
 
Aholku ederrak dira Luciak eta Juliak jaio berritan jaso zituztenak. Jolasa, Angel eta Itxaro, onartu nahi badidazue, honako hau da: zer erantzun ote zioten Luciak eta Juliak beren aita poetei handitu eta?

Azkenak
Eguneraketa berriak daude