Karlos Corbella
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Mendebaldeko zibilizazio industriala –bere jite kapitalista zein sozialista-erreala–, gai izan da inoizko aberastasun materialik handiena ekoizteko, hanka bikoon artean inoizko alderik handienak sortuz aldi berean. Ostera, beste dimentsioari dagokionez, zentro komertzialak tenplu bilakatu dituen munduan ez du ematen asetzen gaituztenik kontsumismoari lotutako prozesioek, liturgiek eta erritualek.
Betekada materiala eta anemia sinbolikoko garaiak. Behin gosearen azotea gaindituta, argal ditugu komunikazioa eta enpatia. Gose gaindituaren eztiak ez digu bestearen garratza gozatzen. Lennon-ek kantu bihurtu zuen: “Inongo ez den gizakia da bera, inon ez dagoen lurraldean kokatua, inorentzat eginez inora ez doazen planak”. Bitartekoetan perfekzioa eta helburuetan konfusioa. Horra, Mendebaldearen konfesioa.
Adagio sozialista zahar hura datorkit gogora: errazagoa da gizakia salbatzea, elikatzea baino. Ernst Bloch-ek buelta eman zion esapideari, gure gaurko existentziari dariona sinple seinalatuz: salbatzea baino errazagoa da gizakia elikatzea. Gonbidatu denak mahaian jesarrita daudenean eta guztiak ase, minak, gaixotasunak, zentzurik ezak eta heriotzak iraun egingo dute. Sufrimenduaren atal garrantzitsua saihestezina baita.
Kontua da mina elkarrekin baretu dugula luzaroan. Tximinoen antzera, bestearen atzamarrak geure buru-bizkarrean pausatu dira, zorri bila ibili bitartean abaildura larriagoak estaliz. Besarte beroari amaraun likatsu iritzita edo, bakardadean kiribilduta egotera pasa gara.
Jatekoa oso txarto banatzeaz gain, besarkada-gosera kondenatu gaitu sistemak, eskuak gibelean lotuta bagenitu bezala. Batean, merkatuak lapurtu digu bestearen ukimena (kapitalismoa); bestean, estatuak (sozialismo erreala). Biek ala biek menpeko bihurtu gaituzte, bestearen igurtziaz libratu baikaituzte.
Sagar mailatu lizunduaren antzera zegoela ospitalean, hil aurretxoan, Marcuse maisu iraultzaileak zera esan zion Habermas-i: “Ikusten? Orain badakit non oinarritzen diren gure balio-judiziorik funtsezkoenak: errukian, besteen minagatik nozitzen dugun sentimenduan, alegia”. Tasun hori ote dugun errakitikoegi.
Euri zaparrada eguraldi on izendatu eta eguzki izpiak gure susmo ilunenak pizten dituen mende berrian, 15 zm-en ingurukoa izango da eztabaida politiko munta ezin handiagokoa. Zenbat eta zelan hazi. Eta norantz, gorantz edo barruko geografiak aberasterantz.
Gurean, ETAren ziklo politikoa amaitu omen. Zailagoa egiten ote den ikustea hura bezain sententziatua dagoela orain arteko zibilizazio patroia. Ezkerrak ere, egokitzapenarekin eta errealismoarekin obsesionaturik, iraultzea sekula baino beharrezkoagoa dela ahaztu ote duen.