Valentzia: Octubre kultur gunea: oasia PPren desertuan

San Ferran kaleko 12.aren parean bi emakume geratu dira neoizko argiz betetako eraikinari begira. Urre koloreko hizkietan «Octubre» dago idatzita, baina azpian oraindik «El Siglo Valenciano» irakur daiteke. «Zer da hau?», galdetu du gazteak, eta zaharrenak ez dakiela erantzun dio, baina aspaldi «El Siglo» izeneko almazen ezagunak bertan zeudela. Sartu-ez sartu ibili dira. Tentazioa izan dute behintzat.

Octubrek duela aste gutxi zabaldu zituen ateak eta Centre de Cultura Contemporania du abizena. Carles Dolç, Maurici Ginés, Claret Serrahima eta Francesc Pla arkitektoek berritu dute Valentziako erdigunean dagoen eraikina. Patioaren inguruan bulego, ikasgela eta erakusketa, musika, zine eta antzerki areto mordoa atondu dituzte. Orotara, lau solairu eta 3.600 metro koadro Herrialde Katalanen kultura ikertu, bultzatu eta gizarteratzeari eskainiak. Bultzatzaileek garbi zuten horrelako proiektu batek Valentzian zuela zentzu gehien, Herrialde Katalanen barruan desnazionalizazio prozesurik gogorrena jasan duen zatia baita.


Eraikin berria, baina aspaldiko lana

Octubrek berri usaina du oraindik, baina biltzen dituen jardunak ez dira gaur goizeko kontua. Besteak beste Tres i Cuatre liburudenda eta El Temps aldizkariko Valentziako erredakzioa bertara mugitu dituzte.

Acció Cultural del País Valenci... (ACPV) elkarteak ere bertan du orain egoitza. 70eko hamarkadan sortu zen elkartea eta Valentziako ondare linguistiko, kultural eta naturala defendatu eta bultzatzea du xede. Acció Culturalek, bere baitan, gazteriari, hezkuntzari eta beste hainbat esparruri eskainitako atalak ditu. Eta Casals Jaume I izeneko tabernak kudeatzen ditu. Assemblea de Regidors delakoa -Herrialde Katalanen Udalbiltza modukoa- Joan Fuster Institutuak kudeatzen du eta hau ere Octubren dago. Baita Carles Salvador Zentroa ere; aspaldiko urteetan katalaneko eskolak eskaini ditu erakunde honek, alfabetatze ikastaroak bereziki.

Baina ez da katalana izango gune berrian irakatsiko den hizkuntza bakarra; aurki txinerazko eskolak ere emango dituzte, arduradunen esanetan, txinera «etorkizuneko hizkuntza» baita.

Josep Renau afitxa egile ezagunak bere obra ACPVri utzi zion eta hasiera batean margolariaren izena daraman fundazioarentzat egoitza berri bila zebiltzanean sortu zen El Sigloren eraikina erosteko aukera. Josep Renau Fundazioa bere obra bildu, gorde eta aztertzeaz arduratzen da eta eraikin berrian egoitza egokia topatu du. Haren alboan beste fundazio bat dago Ausiàs March izena daramana: azken 35 urteetan hainbat topaketa eta Octubre sarien banaketa ekitaldia antolatu ditu.


Kultura zentzu zabalean

Octubren, kulturaz ari direnean, kultura zentzu zabalenean ulertzen dute. Horregatik, hainbat diziplinatara bideratutako elkarteak ere bildu dituzte; Societat Valenciana de Ciències de la Salut Joan B. Peset-ek medikuntzako gaiak lantzen ditu eta Espai Ciència-n ikerketa zientifikoa bultzatzen da. Lurraldeari eskainitako bulego bat ere prestatzen ari dira, Valentzian egiten ari diren lurraldearen kudeaketa basatia zinez kezkatzekoa baita.

Ekonomiari ere garrantzia berezia ematen diote Institut Ignasi Villalonga d'Economia i Empresa-ren bidez. Institutu honen helburua arku mediterraneoa (hau da, Herrialde Katalanak) artikulatzea da. Gai hau joera guztietako pertsona eta erakundeentzat garrantzitsua zela frogatu zuten azken kongresuan: Valentzia, Katalunia eta Balear Uharteetako hiru Ekonomia kontseilariak biltzea lortu zuten -kontuan hartu behar da Valentziako eta Baleareetako kontseilariak PPkoak direla-.


Aurrera begira, baina iragana ahaztu gabe

Historiak ere toki garrantzitsua du kulturgunean. Ildo honetan, lana bi garai aztertzera bideratuko dute bereziki. Batetik, 36ko Gerra eta errepresio frankista aztertzeko, 10 historiagilez osatutako lan taldea dago. Egiaren Komisioa antolatu dute eta otsailaren 10ean egingo dute aurkezpen ekitaldia. Hasiera batean Valentziako kasua aztertuko dute eredu moduan. Ez da ahaztu behar Valentzia gune errepublikarra izan zela amaiera arte eta errepresioa inon gogorra izan bazen bertan izan zela. Iaz, esate baterako, 26.000 gorpu gordetzen dituen hobia aurkitu zuten. Baina aurrera begira, 36ko Gerra eta bere ondorioak beste lurralde batzuetan ere aztertzeko asmoa dute.

Aztertuko duten bigarren garaia duela 300 urteko Ondorengotza Gerra izango da, Herrialde Katalanei eta, bereziki, Valentziari hondamendia ekarri ziena. Octubretik, gainera, Elx-en dagoen Arxiu de la Memoria 300.000 dokumentuz osatutako agiritegia kudeatuko dute.

Bestalde, Institut Internacional d'Estudis Borgians delakoak ere bertan du egoitza. Izenak adierazten duen bezala, Borgia aita sainduen inguruko azterketak egiten ditu elkarte honek. Dagoeneko Vatikanotik Borgiatarren inguruko dokumentu guztien kopiak ekarri dituzte egoitza berrira, orotara 1.000 CD inguru.


Publiko guztientzat

Eliseu Climent proiektuaren bultzatzaile nagusiarentzat, lan ildo hain anitzak lantzea ezinbestekoa da: «Ekonomia lantzeak, esaterako, soilik hizkuntza edo kultura landuta iri-siko ez ginatekeen publiko batera iristea ahalbidetzen digu».

Eta publikoa beste gauza askotara hurbiltzen da OCCCra. Eraikin berritua espazio bizia izatea nahi dute eta gaur bizia ez zaio falta. Beheko solairuan jendea liburuen bila dabil liburu dendan, edo kafetegian berriketan. Lehen solairuan literaturari buruzko hitzaldia ematen ari dira eta aretoa beteta dago. Ganbarako aretoan ere ez dago ia aulki hutsik; Nobel sariei buruz hizketan ari dira bertan. Beste egun batean, musika esperimentala, antzerkia edo zine emanaldiak egokituko dira. Bezperan, esaterako, Carles Santosen Visca el Piano erakusketa inauguratu zuten eta 500 bat lagun hurbildu zen bertara. Eliseu Climent pertsona ezaguna da Valentzian baina, esan digunez,15-20 bat lagun baino ez zituen agurtu atzo: «Seinale ona da hori. Pozgarria da, betikoez gain, jende berria, sentsibilitate guztietako jendea biltzen dela ikustea».

Baina non dira proiektuaren aurkakoak? PP ingurukoek Octubre ez dute begi onez ikusten. Proiektua nola edo hala oztopatzen saiatu dira azken urteetan. Baina El Sigloren eraikin zaharrak bere aurpegi berria erakutsi duenetik isilik daude. Seguruenik, hitzaldia entzutera, liburu baten bila edo erakusketa bisitatzera hurbildu denari, edo, besterik gabe, jakin-minez sartu denari, «gorri separatisten kontuak» baino ez direla esango baliete, ez lukete sinestuko. Gauzak ondo egiten ari dira Octubren, aurkako ahotsak isiltzeraino.

Ezker nazionalistak aldaketarako zirrikitua zabal dezake
Altean gaude, Alacanteko kostaldean. Alteako hondartza harrizkoa da eta seguruenik horri esker, turismo masiboa eta zementuzko astakeriak ez dira bertara iritsi, alboan duen Benidormera bezala. Hondartza pareko jatetxe batean gaude. Hormak argazkiz beteta daude. Gure mahai pareko argazki batean hiru pertsona ageri dira. Erdikoa Miguel Ortiz Alteako alkatea dela esan didate (PPkoa), haren eskuinekoa jatetxeko nagusia omen da eta ezkerrekoak ez du aurkezpenik behar: Eduardo Zaplana da. Argazkiak inspiratuta-edo, Maica, Clara eta Carlota politikaz ari dira -katalanez; agian harrizko hondartzak horretan ere eragina izango du-.

Maicak ez du ia hitz egiten, «botoa PPri ematen diolako», salatu du Clarak. Maicak, eta Valentziako Erkidegoko boto emaileen gehiangoak; 2003ko autonomikoetan popularrek botoen %47,9 jaso zuten eta maiatzaren 27an ere inkestek PP jotzen dute garaile. Batetik, aspaldian alderdia zatituta dago Valentzian, Zaplana zaleen eta Camps zaleen artean (Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidentea da) eta CAM Caja de Ahorros del Mediterraneoko aferak bien arteko liskarra areagotu baino ez du egin. Bestetik, PPko karguen ustelkeria kasuak ugaltzen ari dira. Eta, hala ere, PPk mugiezina dirudi; boto intentzioan ez da popularrentzat galera nabarmenik aurreikusten.

«Ditxosozko %5a» du hizpide orain Alteako hirukoteak. Izan ere, Valentziako hauteskunde legearen arabera, hautagaitza batek botoen %5a lortu behar du gutxienez, Gorteetan ordezkaritza izateko. Ez Bloc Nacionalista Valencià, ez Valentziako Ezker Batua, ezta bestelako alderdi txikiak ere ez dira portzentaje horretara orain artean iritsi. Eta horrek esan nahi du hauteskundeak irabazten dituen alderdiak -azken legegintzaldietan, PPk- gehiengo absolutuz agintzen duela.

Bloc Nacionalista Valencià 1998an sortu zen hainbat alderdi batu ondoren: Unitat del Poble Valencià, Partit Valencià Nacionalista eta Nacionalistes d'Alcoi. Parlamentuan eserlekurik ez izan arren, 122 udaletan du ordezkaritza eta 20 alkatetza alderdiaren eskutan daude.

Maiatzeko autonomikoetara, ordea, Bloc ez da bakarrik aurkeztuko. «Aldaketa nahi dugu», dio Enric Morera Bloceko presidenteak, «eta aldaketa nahi badugu indarrak batzea beste erremediorik ez dugu». Esquerra Unidarekin eta Berdeekin (Els Verds del País Valencià eta Els Verds-Esquerra Ecologista) negoziaketa luzeak izan ondoren, guztiek hautagaitza bateratua aurkeztuko dute EU-Bloc-Verds: Compromis pel País Valencià izenarekin. Horrek %5a erraz gainditzea ekarriko die eta, hortaz, azkenean euren ordezkariak Gorteetan izango dira. Honek guztiak ez du PP Generalitatetik kentzea bermatzen, baina gutxienez horretarako aukera zabaltzen du, orain arte ezinezkoa zirudiena.

Talde horretan batzuek ERC faltan botatzen dute. Esquerraren inguruko hainbatek Valentziako Gorteetan ordezkaritza izateko aukera positibotzat joko luke. Baina alderdiak lerro independentista garbia markatu nahi izan du, koalizio horretan eskaera nazionalak diluituta geratzen direla argudiatuz.

Horren aurrean, Enric Morerak Blocen aukera defendatzen du: «Alderdia eta bere helburuak ez dira aldatu. Egoera politikoa interpretatu dugu eta horren arabera jarraitu beharreko taktika erabaki. Blocek alderdi nazionalista eta progresista izaten jarraitzen du. Baina PP gure demokraziarentzat, gure ekonomiarentzat, gure gizartearentzat eta herri bezala ditugun aukerentzat mehatxua da. Besterik gabe, maiatzetik aurrera eszenatoki berria bilatzen dugu».

Orain funtsezko galdera ondorengoa da: PSPV-PSOE eta EU-Bloc-Verds-en eserlekuak batuta, PPk baino ordezkari gehiago izango al dituzte? Autonomia Estatutuaren erreformaren ondorioz Valentziako Gorteek 99 eserleku izango dituzte maiatzetik aurrera (lehen baino 10 gehiago), hots, 50 beharko dira gehiengo absolutua lortzeko.

Bozka intentzioaren inguruko inkestek emaitza ezberdinak eskaintzen dituzte inkesta egin duen alderdiaren arabera. Alde batetik, sozialistek egindako galdeketaren arabera, PPk 47-48 eserleku lortuko lituzke (botoen %46,6), PSPVk 42 eta 44 artean (%40,5) eta EU-Bloc-Verds-ek 8 edo 9 (%8,6). Kopuru hauen arabera, PPk gehiengo absolutua galduko luke eta sozialistek hautagaitza bateratuko ordezkariekin koalizioan gobernua osatzeko aukera izango lukete.

PPk burututako inkestaren arabera aldiz, euren alderdiak botoen %50 inguru jasoko luke eta sozialistek %36 baino ez. Eu-Bloc Verds-eri, berriz, antzeko emaitza aurreikusten diote, %9 ingurukoa. Hirugarren inkesta batek, Sigma-Dos enpresak egindakoak, PPri 48-50 eserleku ematen dizkio. Hots, inkestek ez dute ezertxo ere argitzen.

Nahiko garbi ikusten da EU-Bloc-Verds osatzen duten alderdiei batzeak mesede egingo diela, ez ordezkaritzari dagokionez soilik, baita boto kopuruari dagokionez ere. Baina ikusteko dago igoera hori abstentziotik etorriko den ala azken hauteskundeetan PSOEri emandako boto erabilgarriari kenduko dioten.

Altean eszeptiko samar ageri dira aldaketaren aukeraren aurrean. Carlotak azaldu digu azken aurreko udal hauteskundeen ondoren Bloc-ek eta PSOEk bat egin zutela alkatetza PPri kentzeko. «Eta zer egin zuten? Ezertxo ere ez, elkarri mokoka aritu ziren. Azken udal hauteskundeetan PPk inoizko emaitzarik onena lortu zuen Altean».

Hala ere, PP oposiziora bidaltze hutsa positiboa da askorentzat. Gainera, gobernu anitza ere onuragarria izan daiteke. PSOEk ezingo du nahi duena egin, koaliziokideek lotuta, kontrolatuta egon liteke, nolabait. Baina horretarako, lehenago PPk 50 eserleku baino gutxiago lortu beharko ditu. Erantzuna maiatzaren 27an izango dugu.

Aragoiko erresuma zaharraren hizkuntza
Valentziako hizkuntza propioaz hitz egitean katalana edo valentziera hitza berdin erabil daitezke. Edo hobe esanda, biak berdin erabiliko lirateke, praktikan konnotazio berezirik ez balute. «Biak gauza bera dira» dio Vicent Pitarch filologoak, azalpen bera mila aldiz eman duenaren nekeaz, «hizkuntzalariok ez dugu inoiz zalantzan jarri valentziera katalana denik, Katalunian, Valentzian eta Baleareetan hizkuntza bera hitz egiten dutenik. Valentzian ez dago eztabaida linguistikorik, ez du inolako zentzurik, eztabaida faltsua da, erabat politikoa, interesen arabera tartean behin pizten dena».

Eta hala ere, katalan hitzak tabua dirudi, baita esparru akademikoetan ere, instituzioekin zerikusia dutenetan behintzat. 1998an sortu zen Acadèmia Valenciana de la Llengua (AVL) eta 2003an hizkuntzaren izenak «inolako eztabaida kultural, sozial edo politikorik» ez lukeela sortu behar adierazi zuen erakundeak. Baina akademiak berak halaxe definitzen du hizkuntza: «Valentziera, Valentziako Erkidegoko hizkuntz historiko eta propioa da. Aragoiko Erresuma zena osatzen duten lurralde hispanikoetako Autonomia Estatutuek berezkotzat jotzen duten sistema linguistikoaren parte da». Debekatutako hitza saihesteko formula korapilatsu hau erabiltzea hobetsi du AVLk.

2005ean Generalitateak kaleratutako azterketa baten arabera, biztanleen 77,6k ezagutzen du hizkuntza eta erabili, aldiz, %52k. Erabileran, 2001eko azterketekin alderatuta (%58), sei puntuko galera eman da lau urtetan. Portzentaje altuenak Valentziako probintziarenak dira. Ondoren datoz Alcoi-Gandia zonaldea, Castelló eta Valentzia hiria, hurrenez hurren. Valentzieraren ezagutza eta erabilera kopuru txikienak, aldiz, Alacantekoak dira. Generalitateak azpimarratzen du 1984an alfabetatuak %4 besterik ez ziren bitartean, 2005ean %79ra iritsi zirela.

Josep J. Conill hizkuntzalariak, ordea, Generalitateak argitaratutako datu eta azterketekin kontuz ibiltzeko esan digu: «Administrazio autonomikoak triunfalismo hutsa egiten du» dio Conillek, «alfabetatze datuak behin eta berriro erakusten ditu, euren politika linguistikoaren arrakasta zalantzan jar ez dadin». Horregatik, hizkuntzalari ez-instituzionalek (baliabide gutxirekin) egindako azterketen garrantzia azpimarratzen du, diagnosi errealagoa egiteaz gain, politika linguistiko egokiagoak bideratzeko ezinbestekoak direlako.

Azterketa hauen arabera, katalanak nabarmen egin du behera hirigune nagusietan, Alacanten eta Valentzian bereziki, eta Castellón neurri txikiagoan. Galera honen atzean, belaunaldien arteko transmisioaren etena legoke. Inmigrazioak ere eragina du datu negatibo hauetan.

Nekazal zonaldeetan aldiz mantendu egiten da katalanaren ezagutza eta erabilera. Baina, oro har, Conillen arabera, ordezkapen linguistikoa, hots, gazteleratzea, apurka baina etengabe aurrera ari da, eta politika linguistiko desegokiek ez diote Valentziako berezko hizkuntzari mesederik egiten.

Eliseu Climent, Octubreko sustatzailea: «Valentziako kultura katalana da berriro»
Tres i Cuatre argitaletxea, Acció Cultural del País Valencià, Josep Renau fundazioa eta Octubre sarien sortzaile eta Ausiàs March fundazioko eta Institució Cívica de Pensament Joan Fuster-eko presidente da Eliseu Climent. Besteak beste. Bere lan guztia biltzeak luzeegi joko luke. Esan dezagun gurdiari tiraka bide malkartsuan gora egiten aditua dela, oztopoak gainditzen zaildua. Beste titulu bat ipintzearren, Valentziako PPkoentzat pertsonarik gorrotatuenetakoa da. Baina horrek ez du kezkatzen. Laudorioek ere ez. Gustura, egindako lanaz harro, erakutsi digu Octubre zabaldu berria.

Urte mordoa pasa da egoitza berri baten bila hasi zinetenetik. Nola hasi zen abentura?
Orain gure garairik onenean ikusten gaituzu, baina orain arte 70eko hamarkadako alokairuko pisu txiki batzuetan pilatuta egin dugu lan, klandestinitate garaian bezala. Josep Renau Fundazioarentzat toki egoki baten bila hasi ginen. Niri ahaztu egin zitzaidan hau hemen zegoenik ere, hainbeste urtetan itxita egonda. Baina salgai ipini zutenean, aurrera egitea erabaki genuen. Herriaren alde egin daitekeen zer edo zer ikusten badut, egin egiten dut. Arazo handitan sartzen naiz, baina konpondu egiten ditut. Nire adinagatik lagun asko ditut eta iraultza zerga eske joaten natzaie.

Diru asko zen guretzat, baina lagun batzuk konbentzitu genituen, Jordi Pujol tartean. Horrelako proiektu nazional bat Valentzian kokatuta egotea funtsezkoa zela esan genien. Katalanen laguntza jaso genuen. Hemengo instituzioek, noski, ez ziguten batere lagundu. Alderantziz, Josep Renau fundazioaren izenean egin behar genuen erosketa baina, fundazioa izaki, Generalitateak erosketa debekatzeko aukera du, eta hala egin zuen.

Zer egin zenuten orduan?
Eraikina kudeatzen zutenengana jo nuen zuzenean. Jakin nuen gaztetan konprometitutako jendea zela eta esan nien eraikina nahi nuela haiek gaztetan zituzten proiektuak bertan kokatzeko. Azkenik elkarte bezala erosi ahal izan genuen, horrela Generalitateak eskua sartzerik ez baitzuen izango. Hori bai, diferentzia 70 milioi pezetakoa zen. Zigorra izan zen.

Baina hor ez ziren arazoak amaitu...
Eraikina deseginda zegoen. Bartzelonako, Mallorcako eta Valentziako arkitektoak aukeratu genituen berritze proiekturako, sinbolikoki garrantzitsua zen Herrialde Katalanetako gune ezberdinetako jendea proiektuaren barruan egotea. Hiru urtetik gora aritu gara berritze lanetan.

Gainera harresi arabearen arrastoak aurkitu genituen eta horrek arazo handiak ekarri zizkigun. Harresia azaldu eta ia egunero manifestazioak genituen hemen parean, eskuin espainoleko jendearenak. Gorteetan ere PPko diputatu batek eskatu zuen eraikina berreskuratu behar zela, ondare historikoa ez zela galtzen utzi behar. Haiei bost axola ondare historikoa, baina aitzakia bazuten gure lana oztopatzeko.

Eraikinak eta bere kokapenak garrantzi sinboliko handia omen du.
Hau Valentzia nazionalaren bihotzean kokatuta dago. Harresi arabearen gainean egoteaz gain, Merkatu Zentrala, Merkatarien Lonja, Micalet dorre ezaguna... Denak hemendik gertu daude eta denak katalanek eraiki zituzten.

Gainera El Siglo almazenen iragarkiak ere hala zioen garai batean: 'En el corazón de Valencia'. Merkatal gune garrantzitsua izan zen 60ko eta 70eko hamarkada arte eta hori psikologikoki garrantzitsua da. Valentziako jendearentzat eraikin enblematikoa da eta jendeak pena hartzen zuen eraikina hain egoera tamalgarrian ikusita. Eta hain justu katalanista separatista gaiztook izan gara berreskuratu dugunak. Katalan inperialistek Valentzian dena lapurtzen dutela esaten duten haiek isilik geratu dira. Hau hemen geratzen da, eta erortzear zena hiritarren zerbitzura ipini dugu.

Orduan, eskuin espainiarra, horrenbeste oztopo ipini ondoren, isilik geratu da azkenean?
Proiektuak beldur ematen zigun hemen eskuin espainiarraren nukleo oso gogorrak daudelako. Orain hemen behean dagoen Tres i Quatre liburu dendak bi atentatu jaso zituen iaz. Eta hemen denak espazio bakar batean biltzea bereziki arriskutsua izan zitekeen. Nik ez dakit hemendik aurrera zer gerta daitekeen, baina orain arte pintada bakar bat ere ez dute egin. Iruditzen zait hau handiegia dela haientzat. Eta jendeak oro har oso ondo hartu duela proiektua, onarpen zabalegia duela. Uste dut politikoki, afera nazioanala deskriminalizatzeko oso garrantzitsua izan dela. Hala ere, insitutuzioek ez digute ezertan lagundu, guk formalki laguntza guztiak eskatuta ere, inauguraziora ere ez dira azaldu.

Baina Camps presidenteak zoriontzeko mezu bat bidali omen zizuen...
Prentsak puztu egin zuen hura. Ez gintuen zoriondu, mezu bat bidali zigun esanez hau zabaldu genuela aintzat hartzen zuela. Harengandik etorrita asko iruditzen zait, hala ere.

Azalaz ari gara, eraikinaz, baina barruan lan ildo ugari bildu duzue.
Garrantzitsuena edukia da, hemen landuko diren lan ildo nazionalak. Esparru asko dagoeneko martxan dira aspaldi. Octubre urte askotako lanaren oinordeko da. Baina lan esparru horiek zabaldu egingo ditugu. Nolabait, Herrialde Katalan guztien jardunak artikulatuko dituen gunea izatea nahi dugu, ikuspuntu kultural eta sozialetik begiratuta, ez ikuspuntu politiko edo instituzionaletik, horiek dagoeneko beste batzuek betetzen baitituzte.

Valentzia bezalako hiri bat, 30 urtetako sarraski kulturalaren ondoren, abangoardiaren bitartez soilik errekupera dezakegula uste dugu. 60ko hamarkadan Fuster eta enparauek egindakoa errekuperatzeko bidea hori da. PSOE eta ondoren PPrekin hainbeste urtetan egonda, abangoardia hori desartikulatuta baitzegoen.

PSOErekin ere bai?
Ez zen PP bezalakoa, hori garbi dago. Ez zuen hainbesteko oztoporik jartzen, baina laguntzarik ere ez zuen ematen.

Zergatik Valentzian eta ez, adibidez, Bartzelonan?
Atzo Carles Santosen erakusketa inauguratu zen; lehen aldiz Kataluniako Generalitateak erakusketa bat inauguratu du Valentzian, horrek esan nahi du batasun nazionala oztopatzen zuten horma batzuk erortzen hasi direla. Eta adibide bat baino ez da. Aste gutxitan osmosi ikaragarria sortzen ari da. Osmosi hori unibertsitate mailan bazegoen, baina orain gizarteratzen ari gara. Gurea birnazionalizazio proiektua da.

PPren deskatalanizazio, deskulturalizazio kanpaina etengabeak zein eragin izan du? 15 urteren ondoren baikor izateko arrazoiak ba al daude?
PP boterera iritsi zenean gure funtsezko egiturak antolatuta zeuden. 15 urte lehenago iritsi izan balira tragedia izango litzateke. Esaterako, katalanezko hezkuntza erabat egituratuta zegoen. Egitura horiei esker, PPren erasoari aurre agin ahal izan diogu.

Hemen arazoa ez da PPren jarrera edo errepresio frankista bakarrik. Hemen XV. mendean Tirant Lo Blanc argitaratu zenetik, kultura gazteleraz egin da. Herri hau desagertzera kondenatua zegoen. Eta une honetan, Valentzian, kultura katalanak gaztelerazko kulturak baino pisu handiagoa du. Herri honetako kultura katalana da berriro, kultura katalana da erreferentzia. Herrialde katalanetan kulturalki gehien hazi dena Valentzia da, erabat deseginda geundelako. Noski PPk kalte egin duela, baina herri honek etorkizuna du. Hizkuntza behintzat salbatua dago, hori ziur.

Duela urte batzuk politika beste batzuentzat uzten zenuela zenioen, zuk kultura egiten zenuela.
Ni politikoa naiz. Eta klandestinitatean politikan aritu nintzen. Baina zirkunstantziek kulturara eraman ninduten. Herri honetan politika egiteko beharra zegoen, baina behar larriagoa zen jendea egituratzea, lan kultural eta soziala egitea. Behin hori egituratuta, gero etorriko zen politika, eta nolabait hori gertatu da. Aholku onak jaso nituen garai batean, Fusterrek, Pujolek, ez ninduten politika aktiboan sartzen utzi, eta segur aski arrazoi zuten esparru honetan emaitza hobeak emango nituela pentsatzean.


Aitaren negozioa utzita

«Aitak ardo negozioa zeukan eta nik, seme bakarra izaki, negozioarekin jarraituko nuela uste zuten denek. Baina herrigintzan arituko nintzela pentsatu nuen egun batean. 60ko hamarkadan erokeria zen hura. Gurditxo batekin hemendik gertu dagoen plaza batera joaten ginen katalanezko liburuak saltzera. Ez naiz damutzen, gustura nago egindako lanarekin. Noski, beti pentsatzen dut gehiago egin nezakeela, gauzak hobeto egin nitzakeela. Porrotak asko izan dira, baina merezi du».

Joan Fuster: identitate valentziarraren berpizkundea
Joan Fuster (1922-1992) idazleak hizkuntzalaritza, historia, turismoa eta filosofia landu zituen, besteak beste, bere obretan. Baina 1962an Nosaltres els valencians lana kaleratzeagatik egin zen ezagun. Liburua funtsezko- da Valentziako historia, kultura eta identitate nazionalaren arazoak ezagutzeko. Fuster nazionalismo valentziar garaikidearen aita bilakatu zen, eta bere obra Herrialde Katalanen definizioan giltzarria da.

60ko hamarkadan Valentziako gizarte inmobilista astindu zuen. 1963ko falletan bera irudikatzen zuen ninot bat erre zuten. Erasoen hasiera baino ez zen izan hura. Hainbat atentatu jasan zituen bizirik zela eta 1997an bere hilobia profanatu zuten. Baina gutxiengo batek, aurkako giroari muzin eginez, hark irekitako bideari jarraipena ematea erabaki zuen.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude