Net Hurbil: Atera ditzagun bioerregaien benetako kontuak

Javier Blas Expansion Madrilgo egunkari ekonomiazkoan erredaktore da. Merkatuan eta liberalismoan sinesten duen kronikagile izanik, bere jarreretatik oso urrun dauden beste idazleekin errespetuz eztabaidatzen du energiaren krisiari buruzko gaietan. Petrolio kontuetaz idazten du Expansionen. Blas duela gutxi bioerregaiez mintzatu da «Etanol: el rey maíz» izeneko artikuluan.

Hasierarako, The West Wing telesaileko (El Ala Oeste de la Casa Blanca gaztelaniaz, A la Maison Blanche frantsesez) elkarrizketa bat hautatu du. AEBetako lehendakaria bere gabineteburuarekin ari da Iowan egiteko hitzaldia prestatzen, eta eztabaidatzen dute ea arto-etanolarentzako diru-laguntzak eman ala ez. Hauteskunde bezperan dagoen presidenteak dio: «Kontua da etanolarekin aurrezten duguna baino petrolio gehiago xahutu behar dugula». Idazkaria urduri dago: «Ez duzu pentsatuko hitzaldia aldatzea?» Eta presidenteak: «Ez kezkatu, ez naiz suizida: diru-laguntzak igotzeko promesa egingo dut».

Javier Blasek uste du telesaileko eztabaida horixe dagoela Bushek oraintsu bere urteko hitzaldi nagusian egin duen promesaren sustraian. Alderdi barruko hauteskundeak 2008an izango dira AEBetan, eta Iowan jokatuko dira lehenbizi. Hemen artoa da errege («The King Corn»). Bushek urtarrilean agindu du 2017rako AEBek urtean 130.000 milioi litro etanol ekoitziko dituztela (gaurko 7 halako), arto, soja eta beste laborez eginak. Ahalegin handi hori, herritarrei atzerriko petrolioaren zama arintzeko.

Javier Blasek argudiatu duenez, jadanik hasi dira ikusten bioetanolaren aldeko apustuaren ondorioak. Artoa azken 10 urteotako preziorik altuenean pagatzen da, garia ere garestitu da, eta ekonomialariak hasi dira «etanoinflazioa» aipatzen. Mugaren beste aldean bizi diren mexikarrek dagoeneko igarri diote, beren «tortilla» (talo) beharrezkoen garestitzearekin. Hori, oraindik AEBetako artoaren %25a eramaten denean etanoletarako; portzentaiak %60ra iritsi behar badu, artoa urre bihurtuko da. Horrez gain, gaur artotarako darabiltzaten hektareak bi halakotu beharko dituzte yankiek, eta hori ezin da lortu soro gehiago horretara jarri eta are baso gehiago erauzi gabe.

Mereziko ote du horrek guztiak? Blasek aipatu du Energiaren Nazioarteko Agentzia. Honen kontuetan, bioerregai honek ematen duen energia artoa erein eta etanola lortu arteko bidean galtzen da %80an. Aurrerago ikusiko dugunez, beste aditu askok are errendimendu kaxkarragoa daukala diote: bioetanola egiteko berak daukana baino energia gehiago erabili behar izan dela.

Kontua da urteak daramatzatela etanola egiten, AEBetako Gobernuak orain aipatu dituen helburuak markatu baino lehenagotik. Nola liteke, bioetanola defizitarioa baldin bada? «Laguntza fiskalekin», erantzun du Javier Blasek. Etanol galoi bakoitzak (3,78 litro) 50 zentaboko diru-laguntza dauka aspalditik, eta honek helburu bakarra dauka: arto produkzioa era artifizialean sustatzea. Zeren eta kanpotik inportatutako etanolarekin alderantziz jokatzen baitu Washingtonek: galoiko 54 zentaboko zerga ezartzen dio.

Blasen iritzian, etanolarekin erregaien eskaintza nahi du hobetu estatuak, eta bere ustez katearen beste muturrean eragin behar da, erregai eskaria mugiarazi, aurreztera behartu. Bioerregaiengatik berriro herrialde txiroak dira pagatzaile, behar duten janaria atzerritik inportatzen dutelako.



Etanolak ez dauka hainbeste gradu

Beste ikuspegi batetik abiatuta, Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) argitaratzen duen Laborari aldizkaria antzeko ondorioetara iritsi da, joan den abenduan plazaratutako «Co»ts et efficacité des biocarburants» artikuluan. Frantzian ere gobernuak, batik bat petrolioaren garestitzeagatik, bioerregaiak garatzeko plana jarri du martxan.

Laborariren artikuluak daukan dohainetako bat da bioerregaiak ondo eta garbi bereiztea. Batetik daude landare-olioak, sukaldean erabili ditzakegunak bere horretan. Bigarrenik diesterrak: olioak prozesatzetik ateratzen dira eta petrolioarekin nahastuta erabiltzen. Hirugarren taldean etanolak daude: artoa, erremolatxa nahiz garia hartzitzearen poderioz eskuratzen den alkohola. Azkenik, etanola petrolioarekin sintetizatuta lortzen den ETBE delakoa dago.

Petrolioaren ordez landareetatik ekoiztutako erregaiekin bi helburu nagusi lortu nahi lituzkete estatuek: negutegi eragina daukaten gasak gutxitzea (Lurraren beroketa geldiarazteko) eta atzerriko petrolioarekiko menpekotasuna arintzea. Baina bioerregaiak hain ezberdinak direnez, bakoitzaren efikazia neurtu da bi parametro hauen arabera: batetik energi-efikazia, ea erretzean zenbat energia ematen duen alderatuta erregai hori sortzeko gastatu den energiarekin; eta bestetik, zenbat CO2 eragiten duen.

Bioerregai bakoitzak emaitza oso ezberdina ematen du, eta hori azaldu dute koadro garbi batean Laborarin. Denetan emaitzarik kaxkarrena hain zuzen bioetanolak ematen du, eskaintzen duena baino energia gehiago xahutzen du eta. Diesterrak performantagoak dira. Efikaziarik handiena olioak ematen du: 3,8 da bere efikazia indizea eta gasoilaren aldean %10 dira sortzen dituen gasak. Hala ere, emaitza horiekin, baditu arazo gaindiezinak bioerregaien industriak.

Industria honek errentagarri izateko diru-laguntzak behar ditu, eta hauek zergak arintzearen bidetik eskaintzen zaizkio. Eta kalkulatzen badugu zer gertatzen den Estatuak kobratu gabe uzten dituen zerga horiekin? Laborarik aipatutako adituek diote herritarrei bestelako zergak handitzea ekarriko diela, eta ordainetan lanposturik sortu gabe.

Beste arazo handia hondakinena da. Honetan gauza bitxia gertatzen da. Bioerregaien errentagarritasuna justifikatzen da horiek egiteko erabili diren laboreetatik (artoa, garia, koltza, eta beste) ganaduentzako janariak ere atera daitezkeelako. Baina hori egin ahal izateko, sekulako espazioa behar duten lantegiak sortu behar dira, eta gainera bolumen izugarri handiak erabili behar direnez, ez da ikusten nola eraman ahal izango diren bazka horiek prezio merkeetan 100 kilometro baino urrunago.

Laborariren azterketatik argi ateratzen dena da bioerregaietan zerbait izatekotan justifikagarri nekazariek beren traktoreetan berek sortutako landare-olioa erabiltzea dela. Horrela eginez gero, Frantziako traktore guztiak mugitzeko bertako soro guztien %12 beharko litzateke. Gainerakoan, bioerregaien kontuak gorrian.
ELBkoentzat dosier hau idatzi duen Olivier Cattenoz-ek honako oharra paratu du: «Nekazarien bokazio nagusia gizakiei janaria ematea da, ez dezagun ahantz». Norbaitek ahaztu du, eta berehala herritarrak autoekin hasi dira borrokan artoagatik.

----------------------------------------------------------------------------------
http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude